Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Deficiente actuación de la Junta Municipal de Aguas en la reparación de una fuga de agua y disconformidad con la facturación del consumo de agua
Exp: 09/426/O
Nº: 157
Herrilanak eta zerbitzuak
2009ko ekainaren 22an, erakunde honetan [?] jaunaren idazki bat sartu zen. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Tuterako Uren Udal Batzarraren aurka, uraren kontsumoa dela eta eginiko likidazioarengatik.
Azaltzen du 2008ko irailaren hasieran atzeman zuela ur-presioa falta zuela bere etxebizitzako kaniletan, eta horri buruz ohartarazi ziola Uren Udal Batzarrari. Batzar horrek teknikari bat igorri zuen (2008ko irailaren 11n), baina ezin izan zuen arazoa zein zen zehaztu, ez eta konponbidea aurkitu ere.
Beste abisu bat egin ondoren, batzarrak beste teknikari bat igorri zuen (irailaren 25ean). Hark ohartarazi zuen litekeena zela ur-ihes bat egotea, kontagailua oso azkar mugitzen zelako.
2008ko urriaren 8an, interesdunak 6.169,33 euroko faktura bat jaso zuen, 5.293 m3ko kontsumoari zegokiona. Faktura hori argi eta garbi desproportzionatua da, zeren eta kontsumo arrunta 20 m3koa izaten baita hiruhileko bakoitzeko.
Interesdunak adierazten du fakturatutako kontsumoak agertzera eman zuela matxura bat zegoela; matxura hori, batzarrak berak ulertu zuen bezala, kontagailuaren arketan gertatu zen, hain zuzen ere kontagailuaz beste aldean.
Kontuan izanda arketa kalean dagoela eta, gainera, batzarreko langileek beste inork ezin duela erabili, kexa-egileak dio ezin izan zuela arazoa atzeman (ez zen hezetasunik edo bestelako seinalerik izan bere etxebizitzan), are gutxiago hari konponbidea eman. Azken batean, kexa-egileak dio gehiegizko faktura bat igorri diotela, bai kontsumoaren kontzeptuarengatik, bai saneamenduaren kanonarengatik ere.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Tuterako Udalari.
2009ko uztailaren 23an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta harekin batera, zenbait dokumentu osagarri. Igorritako txostenean, honakoa ageri da:
“Uren batzar hau, zeina Tuterako Udalaren erakunde autonomoa baita, uraren ziklo integralarekin loturiko zerbitzuak ematen dituen entitatea da. Gaur egun, honako udalei ematen die zerbitzua: Tutera, Fontellas, Cabanillas, Fustiñana eta Castejón.
Batzarreko zerbitzu teknikoek, [?] jaunak esan zuenean bere etxebizitzan ur presio txikia zegoela, haren instalazioaren barrenean ur-ihesen bat zegoela egiaztatu zuten, eta une hartan bertan jakinarazi zioten [?] jaunari.
Aurrerago, errekurtso-egileak kontrataturiko iturgina (zehazki [?] jauna), [?] jaunaren etxebizitza-aseguruak bidalitakoa, izan zen ur-ihesa konpontzeari ekin ziona. Ihes hori hazbeteko diametroa duen polietilenozko hodian zegoen: 5 cm inguruko pitzadura bat zen, eta handik ur kopuru handia ateratzen zen. Ur hori, hain zuzen ere, hodi horren ondoan dagoen hustubidearen arketarantz joaten zen.
Horregatik ur-kontsumo handia erregistratu zen etxebizitzako kontagailuan, nahiz eta ur-ihesak inongo kalterik sortu ez; izan ere, ura ez zen lur-azpitik zabaltzen, zuzenetan hustubidera joaten baitzen.
Kontuan izanda ur-ihesa [?] jaunaren higiezinaren barruan gertatutakoa zela, hain zuzen ere barneko instalazioan, eta kontagailuak zuzen funtzionatzen duela, Uren Batzarrak egin zuen gauza bakarra izan zen neurketa-ekipoak ur kontsumoari buruz erregistraturiko metro kubikoen kopurua fakturatzea, eta fakturazio horri gehitzea urtero Nafarroako Gobernuak finkatzen duen saneamendu-kanona, zeina nahitaez fakturatutako metro kubiko guztien gainean aplikatu behar baita.
Uren Batzarrak bere betebeharrak erabateko eraginkortasunaz bete zituen; are gehiago, [?] jaunaren finkara bi teknikari joan ziren, ur-ihesen bat ba ote zegoen egiaztatzera eta haren kokapena zehaztera.
Baina funtsezkoa dena da ihesa finkaren barrenean zegoela, hain zuzen ere etxeko leihoaren ondoan (familia bakarreko etxebizitza independentea da, guztira 400 m2 dituena, haietatik 280 m2 lurra dira), hau da, Uren Batzarrak ez eskumenik, ez erantzukizunik ez duen toki batean. Izan ere, finkaren barreneko instalazioak jabearenak dira, ez beste inorenak.
Honako dokumentuen kopia erantsi ditugu: zerbitzu teknikoen txostena, Tuterako Uren Udal Batzarreko lehendakariordearen 2009ko martxoaren 4ko Ebazpena eta [?] jaunak aurkeztutako 3012/09 gora jotzeko errekurtsoa dela-eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari igorritako txostena”.
Kexa-espedientea dator [?] jaunari guztiz gehiegizkoa den ur kontsumo baten fakturazioa iritsi izatetik (5.293 m3, hiruhileko baten kontsumo gutxi gorabehera 20 m3-koa izaten zuenean; 6.000 euro baino gehiagoko faktura ekarri du kontsumo horrek).
Egindako txosten teknikoetan ageri den moduan, hainbesteko fakturazioaren arrazoia izan zen interesdunaren jabetzan, ur-hodietako instalazioan, matxura bat –ihes bat– egotea.
Hori dela eta, Tuterako Uren Udal Batzarrak, behin kontagailuak zuzen funtzionatzen zuela egiaztatu ondoren, erregistraturiko kontsumoa fakturatu besterik ez zuen egin, guztiz gehiegizkoa zen kontsumo hura sorrarazi zuen matxuran erantzukizunik ez edukitzeagatik.
Kexa-egileak, bere aldetik, dio etxebizitzan ihesaren ageriko seinalerik ez zegoenez, ez hezetasunik, ez filtraziorik ez zelako izan, anomalia bat (ur-presio txikia) zegoela atzeman bezain pronto, Batzarrari jakinarazi ziola, eta ezin izan zuela beste ezer egin arazoa atzemateko, are gutxiago hura konpontzeko, zeren eta, gainera, ezin baitu eskurik sartu kontagailua dagoen tokian, horretara Batzarreko langileez beste inor ezin baita sartu.
Kexa-egilearen eta Uren Udal Batzarraren artean finkatu den harreman juridikoa zerbitzu publiko bati dagokiona da, eta funtsean udal arauetan beretan ezarritakoaren araberakoa da (uraren ziklo integrala kudeatzeari buruzko ordenantza eta hornidurarako tarifak ezartzen duen araudia).
Espedientean, araudi horretan ezarritakoa aipatzen da, estimazioaren araberako kontsumoaren egozketa ez aplikatzea justifikatzeko, zeren eta hori determinatzen duena baita kontagailuaren funtzionamenduan akatsen bat egotea. Kasu honetan, ordea, “kontsumitutako” ur kopurua instalazio partikularrean zegoen ihes bat izan da.
Gure iritziz, udal arau indardunen aplikazio zorrotz eta hitzez hitzekoa egin bada ere, lortutako emaitza –haren bidez, interesdunari ohikoa dena baino ia hirurehun aldiz handiagoa den ur kontsumoa egozten zaio, eta argi dago egiaz ez duela kopuru hori kontsumitu– prestazioen eta kontraprestazioen proportzionaltasuna eta oreka bezalako printzipioen aurkakoa da. Izan ere, horiek dira Administrazioa eta herritarrak lotzen dituen zerbitzu publikoaren harreman juridikoaren buruan egon behar duten printzipioak.
Egia da jabetza partikularreko instalazioen mantentzea jabearen eginbeharra dela, eta, horrenbestez, jabe horrek instalazioen egoera ona zaindu behar duela. Dena den, ez dugu uste horrek ezinbestez ekarri behar duenik kasu honetan gertatu dena bezalako emaitza bat, zeinak berarekin ekarri baitu guztiz gehiegizkoa den kontsumo bat egoztea dilijentziaz jokatu duenari, hain zuzen ere arazoa atzemateko ahal bezain arin erreakzionatu zuenari. Nolanahi ere neurketa-aparatuak erregistraturiko kopurua egozteak, erabiltzailearen jokabideari buruzko gogoeta guztiak alde batera utzita, ondorio bidegabe eta kaltegarriak ekar diezazkieke interesdunei.
Horri denaz bezainbatean, adierazi behar dugu kasu honetan aplikatutakoaren antzekoak diren ordenantza batzuk badaudela, halako kasuak aurreikusten dituztenak. Horien abiapuntua da fakturazio automatikoak halako babesgabetasun bat eragin diezaiokeela erabiltzaileari, eta bidea ematen dute instalazio partikularretan matxuraren ondoriozko “birfakturatzea” egiteko, baldin eta proportziorik gabeko zenbatekoaren arrazoiak –gehiegikeria justifikatzen dutenak; besteak beste hodiak haustea– objektiboak badira eta jabearen borondateaz kanpokoak eta akatsa zuzentzeko neurriak hartzea justifikatuta badago, antzeko egoera berriz gerta ez daitezen.
Esate baterako, Oviedoko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren otsailaren 26ko 93/2997 epaian jotzen da bidezkoa dela faktura arintzea, ur horniduraren zerbitzua emateko tasari buruzko ordenantza fiskalean xedatutakoa betetzen baita; izan ere, ordenantza horretan tasa bat ezartzen da proportziorik gabeko kontsumoetarako, hain zuzen ere probatuta dauden eta kontagailutik aurrera sortu diren ihes edo matxurek eragindakoetarako (horrenbestez, erabiltzailearen kargura izatekoak ziren), baldin eta azterlanak egin eta ondoren ikusten bada erabiltzaileak behar den dilijentziarekin jokatu duela matxura atzeman eta konpontzeko garaian.
Erakunde honek herritarren konstituzio-eskubideak zaindu behar ditu ikuspuntu materialetik, eta saihestu behar du arauen hitzez hitzeko aplikazio hutsak emaitza bidegabe eta kaltegarriak eragitea, batez ere erregelamendu-arauen kasuan.
Gure iritziz, aurkeztutako kasuan, bidezkoa da fakturazioa zuzentzea, zeren eta erabiltzaileak arrazoizko dilijentziaz jokatu baitu, anomalia atzeman bezain arin hura jakinarazi duelako eta matxura berehala konpondu duelako. Egotzi zaion kontsumoa, bestalde, guztiz gehiegizkoa eta proportziorik gabea da, eta, horrenbestez, Administrazioaren eta herritarren arteko harremanen buruan egon behar dute printzipioen aurkakoa.
Gomendatzen dugu udal arauetan aipatutakoak bezalako aurreikuspenak sartzea, baina uste dugu konponbidea aurreikuspen horiek sartu gabe ere aplika daitekeela, zeren eta hura fede ona, proportzionaltasuna eta prestazioen eta kontraprestazioen oreka bezalako printzipioen ondorioa besterik ez baita.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Tuterako Udalari iradokitzea azter dezan udal arauetan sartzea instalazioetako matxuren ondoriozko gehiegizko kontsumoen kasuetarako fakturazioa arinduko duten aurreikuspenak.
Kasu jakin honetan, gomendatzea kexa-egileari eginiko fakturazioa berrazter dadin, eta erreferentziako aldian erabiltzailearen urteko gainerako hiruhilekoetako batez besteko kontsumoa edo ohiko kontsumoa aplika dadin.
Tuterako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia