Partekatu edukia
Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa
Gaia: Denegacion del abono de subvención concedida por falta de presentación de documentación justificativa
Exp: 09/434/A
Nº: 170
Industria
2009ko ekainaren 24an, idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten da Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren aurka, [?] jaunari leihoak aldatzeko emandako diru-laguntza baten ordainketari ezezkoa emateagatik.
Adierazi digutenaren arabera, diru-laguntza Enpresa zuzendari nagusiaren ekainaren 18ko 2026/2008 Ebazpenaren bitartez eman zitzaion interesdunari. Diru-laguntzak 901,03 euro egiten zuen, hain zuzen ere aurrekontuaren % 20.
2008ko ekainaren 24an, interesdunaren emazteak eskabide bat aurkeztu zuen departamentuko erregistroan. Harekin batera, diru-laguntza kobratzeko eskatzen zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen, horren barne dela leihoen kostuari dagokion faktura.
Enpresa zuzendari nagusiaren azaroaren 19ko 3418/2008 Ebazpenaren bitartez, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdua zutela deklaratu zen, behar ziren egiaztagiriak –zehazki, eginiko inbertsioaren faktura– ez aurkezteagatik.
Kexan adierazten da baieztapen hori okerra dela, zeren eta faktura esandako egunean aurkeztu baitzen, departamentuak erregistraturiko eskabidearekin batera. Gainera, hori guztia berretsi egin daiteke, zeren eta CEIN erakundetik eginiko telefono-dei baten bitartez diru-laguntzaren kudeaketan esku hartzen zuen pertsona batek interesdunaren emazteari azaldu baitzion “alde bat zegoela fakturako kopuruen eta bankuan eginiko ordainketaren artean”.
Diru-laguntzaren ordainketari ezezkoa eman ondoren, gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuten interesdunek, baina ezetsi egin da.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari.
2009ko abuztuaren 10ean, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da: “
Ekainaren 26an, departamentu honetan Arartekoaren jakinarazpen bat jaso genuen, 09/434/A espedienteari dagokiona. [?] jaunak aurkeztutako kexa bati buruzkoa da, hain zuzen ere 2007ko deialdian isolamendu termikoa hobetzeko emandako diru-laguntza bat ez ordaintzeari buruzkoa.
Errekerimendu hori dela eta, Enpresen Sustapenerako Zerbitzuak 2008ko abenduaren 26an interesdunak aurkeztutako errekurtsoa ebazteko prestatutako txostena erantsi du. Hartan adierazten da, izan ere, espedientean ageri den dokumentazioan (interesdunak aurkeztutakoan) ez dagoela leihoei dagokien fakturarik; bai, ordea, horri buruzko aurrekontu bat. Diru-laguntza horiek emateko arauak ezartzen duenez diru-laguntza ordaindu ahal izateko faktura 2008ko irailaren 6a baino lehen aurkeztu beharra dagoela, Enpresen Sustapenerako Zerbitzuak galdutzat deklaratu zuen diru-laguntza kobratzeko eskubidea.
Interesdunak Arartekoari aurkeztutako idazkian aipatzen duen ustezko telefono-deiari dagokionez, hari buruzko argibideak gora jotzeko errekurtsoa ebazteko eginiko txostenean ematen dira.
Honakoen kopia erantsi dugu:
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-laguntzak, lehenbizi, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren menpean daude.
Arau horretan, diru-laguntzaren dinamikari dagokionez, ondoz ondoko prozedura eta ekintza administratibo batzuk ezartzen dira (deialdia onestea, diru-laguntzak ematea, haiek ordaintzea). Ekintza horiek gastu publikoak exekutatzeko faseei dagozkie.
Hemen aztergai dugun kasuan, gatazka diru-laguntza ordaintzeko edo abonatzeko fasean gertatzen da. Diru-laguntza, berriz, ekainaren 18ko 2026/2008 Ebazpenaren bitartez eman zen. Izan ere, Administrazioak jotzen du onuradunak ez zuela bete behar ziren egiaztagiriak 2008ko irailaren 7a baino lehenago aurkezteko zeukan betebeharra, eta horregatik kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratzen du.
Esan beharra dago Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak, diru-laguntza ematearekin –hau da, eskubidea aitortzearekin– amaitzen den prozedura xehetasun nahikoarekin arautzen duela, baina ez duela gauza bera egiten hura ordaintzeko prozedurari dagokionez.
Hala eta guztiz ere, administrazio prozedurari dagokionez, berariazko arauak bat etorri beharko du Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako xedapen orokorrekin, bai eta haren printzipio orokorrekin ere.
Hasierako zehaztapen horiek eginda, aurre egin behar diogun arazo zehatza da determinatzea ea kasuko inguruabarrak ikusita zuzena ote zen, ikuspuntu juridikotik, deklaratzea, egiaztagiriak aurkezteko epea iraganda eta beste inongo izapiderik egin gabe, interesdunak eskubidea galdua zuela.
Administrazioaren ustez, diru-laguntzaren onuradunak ez zuen bete egiaztagiriak aurkezteko zeukan betebeharra; aitzitik, kexa-egileak, interesdunaren emazteak, baieztatzen du eskatutako dokumentazioa –eta zehazki leihoen kostuari zegokion faktura– aurkeztu egin zuela.
Izan ere egia da egiaztatuta dagoela 2008ko uztailaren 24an agiri bat aurkeztu zela (2008/340116), eta bertan honakoa adierazten dela:
“Leihoak aldatzeari buruzko diru-laguntzarako dokumentazioa aurkezten dut.
Erantsitako dokumentuak:
Ordainketaren bankuko egiaztagiria.
Leihoen faktura.
Agiri hori erregistratu zen arren, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak dio faktura ez zela aurkeztu (zehazki, esaten da banku-egiaztagiri bat eta aurrekontuaren kopia bat aurkeztu zirela, baina ez faktura), eta horregatik deklaratu zuela diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdua zuela.
Argi dago ezin dugula ebatzi espedientean planteatzen den desadostasun faktikoa, erakunde honek ez baitaki agiria falta izatea interesdunari (zeinak, agian, ez zuen faktura erantsi) ala administrazio jarduleari (faktura, agian, galdu egin zen) egotzi behar zaion.
Nolanahi ere, bai iruditzen zaigu exijitzekoa dela inguruabar horietan aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko izapide bat zabaltzea, interesdunak diru-laguntzarako eskubidea galdua zuela “automatikoki” deklaratu beharrean. Interesdunak eginiko jarduerak zuzentzea –horri buruzko adierazpen espresak daude Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 71. artikuluan (eskabideak) eta 76. artikuluan (interesdunek bete beharreko izapideak)– pro actione printzipiotik heldu den betebehar bat da, eta organo administratiboen jarduera inspiratu behar du prozeduren izapidetzean. Horrekin, bilatu nahi da ahal den guztian bermatzea, zailtasun formalez harantzago, prozeduraren xede den gaiaren edukiari buruzko erabakia har dadin.
Egiaztagiri bat ez aurkeztearen ondoriozko akatsa zuzentzea arazorik gabe onartu izan da behin eta berriz jurisprudentzian. Horixe atzeman daiteke Auzitegi Gorenaren 2003ko otsailaren 4ko epaiaren laugarren oinarri juridikoan, non jotzen baita ezin zaiola begiratu legegileak bilatzen zuen borondatearen aurkako irizpide formalista zorrotz bati. Are gehiago, aipatu epaitik ondorioztatzen denez, zuzenketa bidezkotzat jo da baita norgehiagoka araubidearen arabera izapidetutako prozeduretan ere, non, gerta daitezkeen interes desberdinengatik, zailtasun handiagoak egon baitaitezke irizpide hori onartzeko.
Zehazki, zuzentzeko araua aplikatzekoa da, era berean, hemen aztergai dugun izapidean (diru-laguntzak ordaintzeko egiaztagiriak aurkeztea), Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiaren urriaren 10eko 225/2008 epaian atzeman daitekeen bezala –Auzitegi Gorenaren 2007ko ekainaren 6ko epaia aipatzen du, bidenabar–.
Kexaren xedea den kasuan, kexa-egileak –bere senar eta diru-laguntzaren onuraduna ordezkatuz– Administraziora jo zuen, egiaztagiriak aurkezteko epearen barrenean, eta eskabidea (zeina ordaintzeko eskari baten moduan sailka litekeen) eta hari erantsitako dokumentazioa aurkeztu zituen.
Litekeena da egiaztatzeko betebeharraren betetzea okerra izatea (ontzat joz gero akatsa interesdunari egotz zekiokeela), baina, hori aintzat hartuta ere, aukera eman behar izan zitzaion okerra zuzentzeko, pro actione printzipioak eskatzen duen bezala, eta ez dago inolako arazorik Herri-administrazioaren araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 71. artikulua aplikatzeko, arestian aipatutako jurisprudentziatik ondorioztatzen den bezala.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari gomendatzea jarduerak atzera ekar ditzan eta interesdunari aukera eman diezaion aurkeztutako ziurtagiriak zuzentzeko, eta ondoren behar den erabakia har dezala diru-laguntza ordaintzeari dagokionez.
Bi hilabeteko epea ematea Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia