Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Demora en la resolución de procedimiento de responsabilidad patrimonial de la Administración Pública
Exp: 10/347/O
Nº: 128
Zerbitzu publikoak
2010eko apirilaren 28an, [?] andreak aurkeztutako kexa bat sartu zen erakunde honetan. Tuterako bide publikoan gertaturiko eroriko baten ondorioz pairatutako ondare-erantzukizuneko erreklamazio bati ez erantzuteari buruzkoa da kexa.
Azaltzen du 2009ko maiatzaren 21ean, Tuterako Monreal aldapako eskaileretan erori egin zela, eremu publiko horren egoera txarraren ondorioz. 2009ko ekainaren 15ean, eskabide bat aurkeztu zitzaion Tuterako Udalari. Haren ondorioz, ondare-erantzukizuneko espediente bat izapidetu zen.
Interesdunak kexan baieztatzen zuenaren arabera, udaletik jasotako azken idatzia 2009ko abuztuaren 14koa zen. Haren bidez, izan ere, entzunaldiaren izapidea zabaldu egiten zela jakinarazten zitzaion. Ordutik ez du inongo jakinarazpenik jaso, eta ez da ondare-erantzukizuneko espedientearen ebazpen espresik eman.
Eskari horri erantzuteko, gaiari buruzko txosten bat igorri zaio erakunde honi, bai eta espediente administratiboko zenbait dokumentu ere.
Informazio horren aurrean, esan daiteke ezen, amaieran, kexa eta Nafarroako Auzitegi Nagusian aurkeztutako gora jotze errekurtsoa aurkeztu eta gero, Tuterako Udalak ebazpen espresa eman zuela, eta erreklamazioa ezetsi egin zuela, zerbitzu publikoen funtzionamendu okerraren eta pairatutako kaltearen arteko kausazko loturarik egiaztatu ez zelakoan.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.
Horri berari buruz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318,1. artikuluak ezartzen du toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Legezko betebehar hori, gainera, gehieneko epe baten barruan egiaztatu beharra dago. Epe hori kasuko prozedura arautzen duen arauak finkatzen du, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko arestian aipatutako 42. artikuluko bigarren idatz-zatiaren arabera.
Ondare-erantzukizuneko prozeduren kasuan, ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, Administrazio publikoen ondare-erantzukizunaren arloko prozeduren erregelamendua onetsi zuen martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuko 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Horrenbestez, nabarmena da Pérez Tejero andrearen kexa, errekurtsoa jartzeko unean erantzunik ez emateari dagokionean, guztiz oinarrituta dagoela, zeren eta Tuterako Udalak prozeduraren ebazpena gehienez ere sei hileko epean jakinarazia behar baitzuen. Hori, halere, ez da oztopo interesdunak ulertzeko bere eskabidea ezetsia izan dela eta behar den errekurtsoa aurkezteko –horixe egin zuen, amaieran–, zeren eta gauza jakina baita isiltasuna administratiboa legez soilik herritarraren alde sortua baitago, erantzun eza arintzeko “konponbide” prozesal baten gisara, Administrazioari hura betetzeko legezko betebeharra ezertan ere kendu gabe.
Espedienteak izapidetu eta ebazterakoan gehiegi luzatzeak herritarrek beren gaien gaineko administrazio egokia edukitzeko daukaten eskubidea urratzen du; eskubide horrek, bestalde, bere baitan hartzen du legez ezarritako epean erantzun bat lortzeko eskubidea; izan ere, Administrazio Publikoak behar diren bitartekoak jarri behar ditu eskubide hori eraginkor egiteko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Tuterako Udalari gogorarazte legez behar den epean ebatzi eta jakinarazi behar dituela izapidetzen dituen ondare-erantzukizuneko prozedurak, eta behar diren neurriak ezarri behar dituela eraginkor egiteko herritarrek beren gaien administrazio egokia izateko daukaten eskubidea.
Bi hilabeteko epea ematea Tuterako Udalari gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia