Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 28ko 169/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abuztua 28

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Desea que sus hijas vayan a un centro concertado cercano a su domicilio. Disconformidad con criterio complementario " hijo de antiguo alumno".

Exp: 09/439/E

: 169

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. Ekainaren 25ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat azaltzen zuen [?] eta [?] alaben eskolatzea dela-eta pairatzen ari den kalte larriarengatik.

    Azaltzen du apirilaren 20an idazki bat aurkeztu zuela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eskolatze Batzordean. Haren bidez azaltzen zuen hirugarren urtez alaben ikastetxea aldatzeko eskatu behar izan duela, eta berriz ere ezezko erantzuna eman diotela.

    Agertzen du eskatu zuela 2009-2010 ikasturterako alabak [?], [?] edo [?] ikastetxeetan hartzeko, eta ezezkoa eman diotela. Gaurko egunez, alabak eskola-garraiorik ez duen eta bere etxetik urrun dagoen ikastetxe batean eskolatuta daude, eta horrek kalte ekonomiko handia eragiten dio.

    Halaber, zuzenbide konstituzionala aipatzen du, beren alaben hezkuntza hautatzeko gurasoak baitira. Nabarmendu nahi du, gainera, tokirik ez dagoela esaten diotela, baina gero postu horien % 10 gordetzen dela ikastetxean berandu hasten diren ikasleentzat. Gehitzen du zuzengabekeria bat iruditzen zaiola gaur egun ikastetxe askotako eskolatze prozesuetan ikasle bat onartzeko, kontuan hartzea gurasoak ikastetxeko ikasle ohiak izatearena.

    Hori dela eta, amaitzeko, eskatzen du bere alabei toki bat eman dakien bizi diren eremuko ikastetxe itunduren batean edo, bestela, eskola-garraioa duen batean, nahiz urrutiago egon.

  2. Kexa aztertuta planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Hezkuntza Departamentuari. Txosten hori berriki sartu da. Honakoa dio, hitzez hitz:
    1. “Hezkuntza Departamentuak urtero ikasleak onartzeko arauak argitaratzen ditu, 31/2007 Foru Dekretuari jarraituz; izan ere, foru dekretu horrek ezartzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak (NAO 2007/04/27).
    2. [?] familiak toki bat eskatu zuen alaba [?] eta Nerearentzat, zenbait ikastetxetan –-[?], [?] eta [?]–, goian aipaturiko arauetan ezarritako epeetan.
    3. Arau horiek betez, ikastetxeek ezarritako irizpideak aplikatzen dituzte maila eta etapa bakoitzean dauden postuak betetzeko.
    4. Arestian aipaturiko foru dekretuko 20. artikuluko 2. idatz-zatiak honakoa ezartzen du: “Departamentuak baimena eman ahalko du gela bakoitzeko baimendutako ikasle kopurua %10 igo dadin, gehienez, berandu sartutako ikasleen eskolatze beharrei erantzun ahal izateko.”
    5. Hala eta guztiz ere, Eskolatze Batzorde Orokorrak talde bakoitzeko 25 ikasle onartzen ditu eta ratio hori zabaltzeko baimena ematen du baldin eta ikastetxeak eskatzen badu, baina horrek ez du esan nahi horrekin berandu sartzen diren ikasleentzat gordetako bi postuak betetzen direnik.
    6. Bestalde, Hezkuntza Departamentuak onartua du ikasle ohi baten seme-alaba izateagatiko puntua ikastetxeek eskatutako irizpide osagarrien artean; betiere, ikastetxeko organo eskudunak justifikatuta hartu beharko dira irizpide horiek aintzat, objektibotasunez.
    7. Hala eta guztiz ere, ikasleak onartzeko aurreinskripzioko epe arrunta bakarra denez eta irailean berriz ezin eska daitekeenez, hori berandu sartzen diren ikasleentzako aparteko epea baita, batzorde honek epe arruntean egindako eskariak hartzen ditu aintzat, bajaren bat geratuz gero. Kasu horietan, ikastetxeek berek jakinarazten diote hori departamentuari, eta aurreinskripzioko zerrenda baremoduna agertzen den hurrenkeran, baimena ematen du ikasleak onartzeko, eta behar diren jakinarazpenak igortzen dizkie ukitutakoei.”

AZTERKETA

  1. Hiru dira interesdunak azaldutako gaiak: gurasoek beren seme-alabentzako nahi duten hezkuntza-mota hautatzeko duten konstituzio-eskubidea; ikasle ohi baten seme-alaba izateagatik ikastetxe itundu askok ematen duten puntua; eta, azkenik, ados ez egotea dauden postuetatik % 10 berandu sartzen diren ikasleentzat gordetzearekin.
  2. Lehenbiziko gaiari dagokionez, gurasoek beren seme-alabentzako hezkuntza mota hautatzeko duten eskubidea, hasteko esan behar dugu egiazki Konstituzioak, 27. artikuluan, hezkuntzarako eskubidea aitortzen duela, eta eskubide horren barruan dagoela gurasoek ikastetxea libreki hautatzeko daukaten eskubidea. Baina, beste eskubide guztiekin gertatzen den bezala, argi dago hori ezin dela mugarik gabeko eskubide baten gisara ulertu. Horri buruz, Auzitegi Gorenak honakoa du deklaratua: “oro har, onar daiteke gurasoek edo tutoreek beren seme-alabentzako edo ardurapekoentzako ikastetxea hautatzeko eskubidea dutela eta eskubide hori hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen osagai bat dela, baina komenentzia didaktikoen aurka jotzen duenean, eskubide horretaz lehentasunaren agerpen gisa baino ezin izanen da baliatu” (Auzitegi Gorenaren 1993ko martxoaren 29ko epaia).

    Antzeko eran, Konstituzio Auzitegiak uste du “onarpen” irizpideak egoteak ez duela hautapen librerako eskubidea urratzen, “zeren eta aurreikusitako irizpideak ez baitira ikasleak ikastetxe jakin batzuetara atxikitzeko edo derrigor eramateko, baizik eta postu falta dagoenean hautapena egin ahal izateko; saihestezina da, horrenbestez”.

  3. Muga horren jakitun, legegileak arautu du ikasleak ikastetxe publikoetan eta itundutako ikastetxe pribatuetan onartzeko bidea. Horrela, Hezkuntzari buruzko martxoaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 84. artikuluan ezarritakoaren arabera, hezkuntza-administrazioei exijitzen zaie ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko modua arautu dezatela, betiere honakoak bermatuz: hezkuntzarako eskubidea, berdintasun baldintzetan sartzea eta gurasoek edo tutoreek ikastetxeak hautatzeko askatasuna.

    Berdintasunerako berme hori islatzen da, sartzeko eskabideek dauden postuen kopurua gainditzen dutenean, lehentasunezko irizpide batzuk ezartzean: ikastetxean matrikulatutako seme-alabak edukitzea edo ikastetxean lan egiten duten gurasoak edo legezko tutoreak; etxetik edo gurasoren baten nahiz legezko tutoreen lantokitik hurbil egotea; familia unitatearen errentak; ikaslea ezgaitua izatea, eta abar.

  4. Nafarroako Foru Komunitateak emaniko arauetan, lehentasunezko irizpide horiek jasotzen dira, hain zuzen ere Unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta itundutako ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko arauak ezarri zituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan. Foru dekretu horrek ez du irizpide osagarririk ezartzen ikasleak ikastetxeetan onartzeko. Hala eta guztiz ere, harrigarriki, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan aurreikusitako Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokiko eskolatze batzordeak sortzeari buruzko apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuan, onartzen da irizpide osagarri horiek badaudela; irizpide horien arteko bat, “ikastetxe askok proposatutakoa eta Eskolatze Batzorde Nagusiak onartutakoa, “ikasle ohiaren seme-alaba” izatearena da.
  5. Erakunde honek jada bere iritzia eman izan du irizpide osagarri horri buruz. Zehazki, martxoaren 11ko 30/2008 Ebazpenean adierazten genuen “ikasle ohiaren seme-alaba” izatearen irizpidea inguruabar pertsonal eta familiar bat dela eta halakoa den neurrian ez dela arrazoi edo justifikazio nahikoa inongo bazterkeria baliozkotzat emateko. Gainera, ez gaude irizpide objektibo baten aurrean, demostratzen erraza izanda ere, baizik eta irizpide subjektibo baten aurrean. Horri dagokionez, ezin dugu ahaztu ahaidetasuneko erlazioa irizpide subjektibo bat dela, zeren eta subjektuak aipatzen baititu. Irizpide subjektibo horrek ez du, berez, justifikazio objektiborik edo arrazoizkorik. Hura erabiltzeak berarekin dakar baztertzea bere garaian, orain dela zenbait urte, ikastetxe batera sartzerik izan ez zuten edo sartu nahi izan ez zuten familiak, hain zuzen ere Konstituzioak babestutako hezkuntzarako askatasunaz baliatuta. Azken batean, tratamendu subjektibo, arbitrario eta “intuitu personae” gisako baten aurrean gaude; bazterkeria eragiten duten tratamendu baten aurrean, beraz. Gehitzen genuen onarpenerako irizpide hori ezartzeak ondorio negatiboak dakartzala, zeren eta eragotzi egiten baitu beste erregio edo nazionalitate batzuetako herritar espainiarrak ikastetxe batzuetara sartzea, eta horrekin Konstituzioko 139.2 artikulua urratzen ari da –artikulu horrek entitate guztiei debekatzen die zeharka zirkulatzeko askatasuna eta egoitza finkatzeko askatasuna oztopatzen (edo zehatzen) dituzten neurriak–. Izan ere, Europar Batasuneko kideak diren beste estatu batzuetatik iritsitako herritarrei oztopoak jartzen zaizkie, eta horrekin Europako Erkidegoa Eratzeko Ituneko 18. artikulua urratzen ari da –artikulu horrek Batasuneko herritar guztiei aitortzen die kideak diren estatuetako lurraldean libreki zirkulatzeko eta bizitzeko eskubidea, horregatik inongo ondorio negatiborik pairatu behar izan gabe–. Azkenik, Espainiako Atzerritarren Eskubide eta Libertateei buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoko 9.12 artikulua urratzen du. Izan ere, artikulu horrek hemezortzi urtez beherako atzerritar guztiei hezkuntzarako eskubidea aitortzen die, espainiarrek dituzten “baldintza berdinetan”.

    Ondorio horiek, izan ere, beraiekin dakarte familien artean horma artifizial bat eraikitzea eta, azkenean, jatorri horren araberako ikastetxeak sortzeko arriskua izatea, hain zuzen ere Konstituzioak debekatzen duen zerbait.

  6. Azkenik, eta ikastetxera berandu sartzen diren ikasleentzako postuen kopurua handitzeari dagokionez, aurreikuspen hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 157. artikuluko a) atalean jasota dago. Izan ere, bertan ezartzen da hezkuntza administrazioei dagokiela behar diren baliabideak jartzea, legea garatzeko prozesuan, hain zuzen ere ondokoa bermatzeko: ikasgela bakoitzeko ikasleen gehieneko kopuru bat, derrigorrezko hezkuntzan 25 ikaslekoa izanen dena [...]”. Aurrekoa gorabehera, hezkuntza administrazioek ehuneko 10eraino handitu ahal izanen dute ikasgela bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua eskolatze eremu bereko ikastetxe publiko eta pribatuetan, berandu sartzen diren ikasleak eskolatzeko berehalako premiei erantzuteko.

    Hori bera dio apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak 20. artikuluko 2. idatz-zatian.

    Berandu sartzen diren ikasleentzat ikasgela bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua ehuneko hamarreraino handitzeko baimena eman ahal izateak –betiere, berandu sartze hori justifikatzen den bitartean–, erakunde honen iritziz, ez du antolamendu juridikoak aitorturiko inongo eskubide urratzen.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea ikastetxeetan ikasleak onartzeko irizpide osagarri gisa “ikasle ohiaren semea edo alaba” izatearena kentzeko, baztergarritzat jotzen delako. Eta egokitzat irizten badio Hezkuntzaren Lege Organikoak ezarritako lehentasunezko irizpideen irizpide osagarriak ezartzeari, foru legez edo foru dekretuz ezar ditzala, betiere arrazoi objektibo eta justifikatuei jarraituz.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari erakunde honi jakinaraz diezaion azaldutakoaren bidetik neurri egokia hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

  3. Hezkuntza Departamentuari eta interesdunari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia