Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 27ko 168/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abuztua 27

Función Pública

Gaia: Disconformidad con la remisión de la nómina vía electrónica con supresión de la remisión en soporte papel

Exp: 09/382/F

: 168

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko ekainaren 2an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez, kexa bat agertzen du Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka, nomina paperean ez bidaltzeagatik.

    Azaltzen zuen Ospitale Psikiatrikoko biltegian kontratatuta dagoela eta 2009ko apirilaren 20an Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eskatu ziola nominak paperean bidaltzeko, baina ez diotela inolako erantzunik eman eta Internet bidez kontsultatu behar izaten dituela.

    Gehitzen du ez duela ez ezagutzarik ez bitartekorik Internetera sartzeko eta Administrazioak ez duela inguruabar hori kontuan hartzen. Hori dela eta, eskatzen du hileko nominak paperean jakinarazten jarraitzeko.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko abuztuaren 14an, eskatutako txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
    “Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak nomina paperean ez bidaltzeagatik [?] andreak –Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan kontratatuta dago– Nafarroako Arartekoari aurkeztutako kexa (09/382/F espedientea) dela eta, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak honako gogoetak agertu nahi ditu:
    1. Neurri hau Foru Komunitateko Administrazioak eraman du aurrera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, administrazio elektroniko bat pixkanaka ezartzen joateko beste urrats baten moduan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko aurreikuspenei jarraituz.

      Jardunean diren langileei dagokienez, nomina interneten bidez kontsultatu ahal izateko aukera eman da sinistuta langile horiek guztiek dutela, norberaren egoera pertsonala zein ere den, ordenagailu bat erabiltzeko aukera Foru Komunitateko Administrazioko beren lanpostuan, gutxienez ere noizean behin, beren nominaren ordainagiria Internet bidez kontsultatu ahal izateko.

      Gogoratu beharra dago nomina internet bidez kontsultatzeko sistemak pribatutasuna ziurtatzeko adinako segurtasuna eskaintzen duela, eta hala adierazi zaie, iragan otsaileko nominarekin igorritako idazkian, langile guztiei. Aplikaziora sartzeko beharrezkoak diren identifikazio pertsonalari buruzko datuak (IFZa eta PINeko azken lau digituak) ez dira ez grabatzen ez inon gordetzen kontsulta bat egiten denean; hori dela eta, behin kontsulta egin eta ondoren Interneteko nabigatzailea ixten denez, ez dago inongo eragozpenik beste langile bati esleitutako ordenagailu pertsonala erabiltzeko.

    2. Joan den martxoan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eman beharreko jarraibideak eman dizkie, oro har, Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztiei, lantoki eta unitate guztietan hartu beharreko neurriak eta abiarazi beharreko ekimenak hartu eta abiarazi daitezen, langile guztiek izate aldera ordenagailu bat zuzenean eta pertsonalki erabiltzeko aukera, nomina internet bidez kontsultatu ahal izateko; eta ordenagailu pertsonal bat ez duten langileen kasuan jakinaraz dakien nola egin kontsulta hori.

      Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokionez, eta kontuan izanda haren barne-antolaketa eta dauzkan langileen bolumen handia, eginkizun hori zentro edo unitate bakoitzeko langileen zuzendaritzen edo burutzen esku utzi da.

    3. Zuzendaritza nagusi honek errekerimendu hori joan den ekainean ere berretsi die gai honi buruz langile batzuek aurkeztutako idazkiek ukitutako departamentu eta erakunde autonomoei, besteak beste Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari. ”

AZTERKETA

  1. Bi dira interesdunaren kexan ageri diren gaiak. Lehenengoa, Administrazioak ez ziola inongo erantzunik eman 2009ko apirilaren 20an Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari aurkeztutako eskabideari. Bigarrena, hileko nomina paperean ez bidaltzea.
  2. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskabide, eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute behar den moduan eta epean prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori beti bete beharko da, eta Administrazioa ezin izanen dio ebazteari ezezkoa eman, aitzakiatzat hartuta kasuari aplikatzekoak zaizkion legezko arauen isiltasuna, iluntasuna edo behar adinakoak ez izatea.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

    Kexaren xedea den kasuan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.

  3. Langile publikoek paperean jasotzen zituzten hileko nominak. Alabaina, administrazio elektronikoaren ezarpenak –berez desiragarria den zerbait– exijitzen du barneko eta kanpoko harremanetan teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak pixkanaka sartzen joatea. Ezarpen horrek berarekin ekarri du Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hileroko nominak Internet bidez ematea, paperezko hileroko komunikazioa bidaltzeari utzita.

    Erakunde honek, ekainaren 16ko 117/2009 Ebazpenean, aukera izan zuen gai horri buruz bere iritzia emateko erretiratuen nominak direla eta, eta adierazi zuen idatzizko jakinarazpenaren bitartekoaren ordez jakinarazpen elektronikoa erabiltzeak eskatzen duela, Foru Administrazioaren menpekotasun funtzional edo organikorik ez duten herritarrekiko kanpoko harremanetan, interesdun bakoitzak berariazko adierazpen edo onarpen bat egitea organo publikoak eginiko proposamenari buruz. Hala adierazita dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko 13.1 artikuluan: “Jakinarazpen administratibo elektronikoak egin ahalko dira soilik hartzaileak espresuki hala egiteko esan duenean edo onartzen duenean, kasuan kasuko organoak edo erakunde publikoak proposaturik”.

    Hala eta guztiz ere, beste konponbide bat ere bila daiteke, Administrazioaren eta bere langileen arteko barne harremanen kasuan. Izan ere, aipatutako legeko 23.2 artikuluak salbuespen bat aurreikusten du bide elektronikoen bidezko harremanen borondatezkotasunari buruzko arau orokorrerako, prozedura elektroniko jakin batzuk erabiltzeko betebeharra edo komunikazioak soilik bide elektronikoetatik egiteko betebeharra ezartzen baitu, langileek behar diren baliabide teknologikoak erabili eta eskura izateko aukera bermaturik dutenenean, beren lanbideagatik edo beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak foru dekretuz nahiz foru aginduz hori ezartzen baldin badu.

    Pertsonen edo kolektiboen multzo horretan sar litezke, erakunde honen iritziz, langile publikoak, hain zuzen ere beren lanbidearengatik, zeinak berarekin ekartzen baitu Administrazioarekiko lotura berezia eta Administrazioarekiko harreman profesionala edukitzea; lotura bereziko harreman horrek elkarrekiko eskubide eta betebeharren sare bat sortzen du, eta ahalmen edo gaitasun handiagoak aitortzen dizkio administrazio publikoari lotura bereziko harreman horren menpeko pertsonekiko. Gainera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia ezarritako neurri horren ondorioz aurrera eramaten ari den jardueren arabera, langile publikoek oso erraz izanen dute ordenagailuak erabiltzea, eta haietaz baliatu ahal izanen dira beren lanpostuan bertan nahiz beste postu batzuetan, beren hileroko nominak puntualtasunez eta ohikotasunez ezagutzeko. Beraz, nekez atzeman daiteke bazterkeriarik gertatzen denik langile horiek bide elektronikoak erabiltzera behartzeagatik, haiek eskura baitituzte eta haiek erabiltzeko bidea –berriz diogu– erraza eta erosoa baita.

    Hala eta guztiz ere, neurri hori ezartzeko, adierazi dugun bezala, foru dekretua edo foru agindua erabili behar dira bide gisa, eta egia da, ordea, egitateen bidetik ezarri dela, inongo araurik erabili gabe.

    Orduan, neurria arau bidez egoki erregulatzen ez den bitartean, ezin zaie neurri horren nahitaezkotasuna ezarri langile publikoei. Kexa-egileak bezala neurria beren borondatez onartzen ez dutenek eskubidea dute hileroko nominak paper-euskarrian jasotzen jarraitzeko.

 

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

 

EBATZI DUT:

 

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egileak adierazitakoari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.

     

  2. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko 23,2 artikuluan ezarritakoa betetzeko legezko betebeharra duela.

     

  3. Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

     

  4. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, eta adieraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.

 

Nafarroako Arartekoa

 

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia