Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 26ko 166/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abuztua 26

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Falta de suministro de electricidad en una vivienda

Exp: 09/341/O

: 166

Herri lanak

AURREKARIAK

  1. 2009ko maiatzaren 18an, [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten dute etxebizitzan argi-hornidurarik ez izateagatik.

    Azaltzen dute ezin dutela bizi diren etxean, [?] kaleko [?] zenbakian, argia behin betiko moduan izan, eta horren ondorioz zenbait kalte eta galera nozitzen ari direla. Adierazten dute etxea eraikitzerakoan argirako eta telefonorako kableei eusteko zutoin bat jarri zutela, behin-behineko moduan, kalearen urbanizazioa, alkateak esandakoaren arabera, epe laburrean egin behar zelako.

    Adierazten dute eskabide bat aurkeztu zutela Barillasko Udalean 2007ko azaroaren 20an, eta etxebizitzan argia eduki ahal izateko behar ziren kudeaketak eta ekintzak egin zitezen eskatu zutela. Eskabide horri ez zaio inolako erantzunik eman. Halaber, esaten dute kableei eusteko zutoina kokatuta dagoen tokiarengatik eta haren egoerarengatik ezin dutela beren lursaila itxi, ez eta hartaz egoki baliatu ere; ezin dute, ezta ere, lursaila erosterakoan udalak berak hura ixteko ezarritako klausula bete. Bestalde, zutoinaren egoera dela eta, zurkaiztu egin behar izan dute, eta eroriko eta kalte pertsonal edo materialak sortuko dituen beldur direla.

    Azkenik, eransten dute bizi diren kalean argiteria publikorik ez dagoela, eta, horrenbestez, eskatzen dute gutxienez ere farola bat jar dezaten.

  2. 2009ko ekainaren 30ean, idazki bat igorri genuen Barillasko Alkatetzara, eta informazioa eskatu genuen. Emandako epean, ordea, ez genuen erantzunik jaso. Gero, 2009ko abuztuaren 5ean, informazioa berriz ere eskatu genuen. Eskari horren erantzunik ere ez zaigu heldu, emandako epean.

AZTERKETA

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.

Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Ulertzen dugu [?] jaunaren eta [?] andrearen eskubidea urratu egin dela, zeren eta Barillasko Udalak ez baitu kontrakoa egiaztatu.

  2. Barillasko Udalari gogoraraztea legez beti bete behar duela Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.

  3. Barillasko Udalari urbanizazioak exekutatzearen arloan dauzkan legezko betebeharrak gogoraraztea, eta zehazki, urbanizazioetan aurreikusitako argindarren lineak exekutatzeko betebeharra, indarreko hirigintza planeamenduari jarraituz, eta, nolanahi ere, badauden edo egiteko eta exekutatzeko dauden urbanizazio proiektuen arabera.

  4. Barillasko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  5. Nabarmentzea Barillasko Udalak laguntzarik ez emateko jarrera izan duela, 2009ko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako, eta halaber, udal hori Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartzea, eta sartze horren berri ematea erakundearen webgunean, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.

  6. Ebazpen hau Barillasko Udaleko alkateari eta kexa-egileei jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia