Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 20ko 165/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak eta beste batzuek aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abuztua 20

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Disconformidad con la modificación del Plan Parcial

Exp: 09/162/U

: 165

Hirigintza

AURREKARIAK

  1. 2009ko otsailaren 27an, [?] andreak eta beste batzuek aurkeztutako kexa-idazkia sartu zen gure erakundean. Kexa Arrotxapeako Plan Partzialaren aldaketari buruzkoa da, P-9a Poligonoko 6., 7. eta 14. blokeei dagokienez.

    Azaltzen dute 2009ko urtarrilaren 27an, Iruñeko Udaleko Toki Gobernu batzordeak erabaki zuela Arrotxapeako Plan Partzialeko aldaketa bat hasiera batean onestea. Aldaketa [?]k sustatu zuen, eta P-9A poligonoak, P-9E A2 eta A3· poligonoa eta P-9a poligonoko 6., 7. eta 14. blokeak hartzen zituen, eta erabileren araubidea zabaltzea eta eraikinen koroapen-altuera handitzea ekarri zituen.

    Argudiatzen dute ez dela kontuan hartu plan indarduneko batasun arkitektonikoaren irizpidea, zeren eta poligonoaren estetika guztiz aldatuko baita –izan ere, aurreko eraikinetan irizpide horiek bete behar izan dira–. Beraz, aldaketak urratu egiten ditu gainerako interesdunek bete behar izan dituzten ratioak. Horrenbestez, Oblaten zubitik hasi eta Runaren Parkeraino doazen eraikinen altueran bost solairuko lerro uniformea izan behar zuena hautsi eta eraikin berrietan zazpi solairu egonen dira, eraikinen altuera nabarmen handituz.

    Aldaketa horrek eremuko ikuspegia, argia eta estetika aldarazten ditu, eta Arrotxapea auzoaren berriztatzearen eta biziberritzearen irudia kaltetzen du.

    Egunkari batean [?] jaunak, arkitektoa denak eta Iruñeko Udal Plana idatzi zuenak, idatzitako artikulu bat eransten dute, eta hartatik honako lerrokada nabarmentzen dute: “Hala eta guztiz ere, okerrena ez da eraikin batean bi solairu gehiago egitea, baizik eta horrek erakusten duen zorroztasun falta, alegia, oinarrizko gai kultural baten erlatibizatzea, eta interes orokorra abiapuntu duen hiriaren eraikuntza ordenatua eta hiri-diseinuko prozesu intelektual bat –alderdi moralak ere badituena– ordeztea eta jarrera guztiz pragmatiko eta oportunistak gailentzea. Azken batean, hiriaren diseinuaren oinarrian dauden ideiekiko errespetuari buruz ari Gara, printzipioen kontu bati buruz”.

    Bukatzeko, tamalgarritzat jotzen zuten plan partziala adierazitakoaren bidetik aldatzeak, eremu berdeak gutxitzeko udalak aurretik hartu dituen beste erabaki batzuekin batera (Domingotarren ikastetxeari eginiko lagapena; Sanferminetako barrakak; eskortak eta haien ondoko aparkalekuak), ekar dezakeela auzoa “bigarren mailako toki”·bilakatzea, hain zuzen ere Iruña osoarentzat zazpi solairuko eraikinen atzean ezkutatutako toki bat.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, 2009ko martxoaren 2an Iruñeko Udaleko Alkatetzara idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko apirilaren 2an, Iruñeko Udaleko Alkatetzak idazki bat igorri zigun, eta bertan eskatzen zuen erantzuna emateko eta txostena igortzeko epea luzatzeko. Horretarako nahikoa arrazoi zegoela jota, 2009ko apirilaren 24an, txostena igortzeko epea hogeita hamar egun baliodunetan luzatu zen.

    2009ko ekainaren 15ean, Iruñeko Udalaren txostena jaso genuen. Txostenak Hirigintzako Gerentziaren Kontseiluaren 2009ko ekainaren 10eko erabakia transkribatu besterik ez du egiten. Izan ere, erabaki haren bidez Plan Partziala aldatzeko proiektuaren hasierako onespenari aurkezturiko alegazioen gaineko txostena onetsi zen.

    Azkenik, erakunde honek eskatuta, 2009ko uztailaren 24an, txostena osatu zen, eta Arrotxapeako Plan Partziala aldatzeko espedientearen kopia osoa igorri zitzaigun.

AZTERKETA

  1. Kexaren xede diren hirigintza zehaztapenen edukia eta norainokoa behar bezala identifikatu arren, eta, horrenbestez, gure analisia hobeki egiteko, hasteko Plan Partzialean Arrotxapearako diseinatutako hirigintza eredua eta plan horren aldaketarekin bilatzen diren aldaketak edo alterazioak labur deskribatuko ditugu.

    Arrotxapeako Plan Partzialaren funtsezko helburuetako bat da hiri-eremu handi bat definitzea. Hiri eremu hori gune berde zabal batek mugatuko luke (Runako Parkea eta Arga ibaia) eta aurre eginen lieke harresiei eta Iruñeko alde zaharrari, hartara auzo periferiko bat Iruñeko hiriaren erdigunearen zati bilakatuz. Hiri eremu horren funtsezko elementua auzoaren hegoaldean eginiko eraikinen frontea da, Arga ibaia kaleak mugatua eta hiri zaharraren profilari irekia. Alde historikoaren eta haren harresien aurrez aurre egonik, protagonismo nabarmena hartzen du Arrotxapea auzo osoaren hirigintza eredua identifikatu eta definitzeko. Horrenbestez, plangintza-egileek, Iruñeko irudirako izanen zuen garrantziaz jabeturik, eraikinen ertz zuzen bat planeatu zuten, hegoaldera orientatua; eta zorrotz ezarri zituzten lerrokadurak, solairuak (B+ 5 altuera), koroapen-altuerak eta eraikinen estalkiak, Iruñeko irudi bat osatzeko, hain zuzen ere Gune Historikoaren aurrez aurreko ibai parkeko eraikinen hurrenkera zorrotz batean finkatua. Azken batean, ibaiaren eta harresien ingurunean hiri eremu handi bat osatu nahi zen, eta espazio horrek Iruñeko irudi nagusietako bat osa zezala lortu nahi zen. Horrenbestez, garrantzi handiagoa edukiko luke hiri-hurrenkera orokorrak hiri eremu horretan dauden edo egonen diren eraikinen eta haien erabileren inguruabar partikularrek baino. Izan ere, orain arte hegoaldeko frontean egindako eraikin guztiek Plan Partzialean finkaturiko bolumetria, estetika eta ezaugarriak zorrotz bete dituzte.

    Azter dezagun aurkeztu zaigun Plan Partzialaren aldaketak –P-9a Poligonoko 6. 7. eta 14. blokeetan eragina du, hain zuzen ere hegoaldeko frontean kokatutakoetan, Arga Ibaia kalean– helburu du, alde batetik, bideratzea 6. blokean egoitza komunitarioko eta laguntzako erabilera dotazionalaren erabilerak onartzea, Plan Partzialaren arabera bulegoetako erabilera zehatz-zehatza duten lursailetan, eta, erabilera dotazionala emandako bloke horietan solairuen kopurua handitzea; bestetik, lursailetako erakinen koroapen-altuera ere igo nahi da; izan ere, Plan Partzialean 22,10 metrotan ezarrita dago, aldaketaren hasierako onespenaren arabera 26,10 metrokoa izanen da eta aldaketaren behin betiko onespenaren arabera, azkenik, 24 metrokoa izanen da.

    Nabarmendu beharra dago bloke horiek hartzen duten protagonismoa, harresien eta gune historikoaren aurrez aurre daudelako eta Arrotxapeako bulebarraren burua direlako, Runako Parketik hartara iristeko bideko leku nagusi batean.

  2. Kexa-egileek protesta egiten dute Plan Partzialaren aldaketan, hasierako onespenaren arabera, islatzen diren aldaketekin. Zehazki, altuera gehiagoko –4 metro– hiru erakin egitearen aurka daude, 22,10 metrotik 26,10 metrora pasatuko liratekeelako, eta bulegoen erabilera aldatu eta egoitza-erabilera dotazionala ezartzen den eraikinetan bi solairu gehiago egitearen aurka daude, zeren eta uste baitute Arrotxapea auzoaren hegoaldeko frontearen estatika guztiz aldatuko dela eta Plan Partziala guztiz itxuragabetuko dela. Eta hori, gainera, laido bat da eraiki ziren gainerako erakinentzat, zeren eta haietan zorrotz bete behar izan baitziren Plan Partzialak finkaturiko eraikuntza-parametroak.
  3. Gaia azaldutako terminoetan zentratuta, ondoren kexan planteaturiko gaiak banan-banan aztertuko ditugu.

    Iruñeko Udalaren 2009ko uztailaren 2ko Osoko Bilkuraren erabakitik azkenean ateratzen den hirigintza plangintzak indarrik gabe uzten du kexaren zati handi bat. Izan ere, haren bidez, aldaketa-espedienteari buruz aurkeztutako alegazioen txostena onesten da, partzialki onesten dira aurkeztutako alegazioak eta behin betiko onespena ematen zaio Arrotxapeako Plan Partzialaren aldaketari. Zehazki, koroapen-altueraren handitzea ken zedin eta Plan Partzialean finkatutako altuerari eusteko eskatzen zuten alegazioak onesteari buruz ari gara.

    Izan ere, hasiera batean 6. eta 7. blokeetako eraikinetarako aurreikusitako altueraren aldaketa 4 metrokoa zen (22,10 metrokoak izatetik 26,10 metrokoak izatera pasatzen ziren), eta 14. blokerako aldaketa 5 metrokoa zen (21,10 metrokoa izatetik 26,10 metrokoa izatera pasatzen zen); baina, azkenean, aurkeztutako alegazioen onespen partzialaren indarrez, 6. eta 7. blokeetarako altueraren igoera metro betekoa izanen da (22,10 metrotik 23,10 metrora) eta 14. blokerako, berriz, koroapen-altuera, zeina 21,10 metrokoa baitzen, azkenean bere horretan geratuko da, aldaketaren behin betiko onespenaren indarrez.

    Horrenbestez, kexaren arrazoi hori jada jasota dago eta positiboki ebatzi da ia osorik, Udalbatzak bere egin dituelako alegazio-egileek Plan Partzialaren aldaketari alegazioak aurkezteko fasean azaldutako argudioak.

    Azkenik, koroapen-altueraren igoera metro betera murriztu da. Baina, txikia bada ere, Plan Partzialaren aldaketa bat badago, eta berez, justifikazioren bat behar da horretarako. Izan ere, oroitidazkiak nahikoa justifikatzen du erabaki hori, berriki onetsitako Eraikinetarako Kode Teknikoak bulegoen erabilerarako ezartzen dituen betebehar tekniko handiagoen karietara, bulego-jardueraren funtzionamendu zuzenerako behar diren zerbitzuetako instalazioen zama handiagoak direla eta (klimatizazioa, suteen kontrako babesa, segurtasuna, domotika eta abar); instalazio horiek, izan ere, zoruan edo sabaian –sabai faltsuan– sartu behar dira, eta horrek berarekin dakar forjatuen artean altuera handiagoa egotea Plan Partzialean aurreikusitakoa baino. Aldaketari buruzko dokumentazioari ingeniarien hiru txosten erantsi zaizkio, hain zuzen ere hori egiaztatzen dutenak.

    Bestalde, koroapen-altuera metro betean igotzea, hirigintzaren estetikaren ikuspuntutik aztertuta, aldaketa txikia denez, nekez atzeman daiteke Arrotxapearen hirigunea eta Plan Partzialean finkaturiko helburuak aldarazi direla. Auzoaren eta hegoaldeko frontearen egitura arkitektonikoak, zalantzarik gabe, gauza dira aldaketa txiki hori barneratzeko ez bilatzen zen fisonomia, ez irudia aldatu gabe.

  4. Aitzitik, kexak indarra edukitzen jarraitzen du eraikinen solairu-kopuruari dagokionez, zeren eta eraikinek, edozein erabileratakoak izanda ere, solairuen kopuru bera (B+5) izatera zuzendutako alegazioak ezetsi egin baitziren. Izan ere, Plan Partzialaren behin betiko onespenak baimena ematen du egoitza komunitarioko erabilera dotazional berria duten eraikinetan beste bi solairu egin ahal izateko (erdisotoa eta seigarren solairua).

    Oroitidazkiak, bai hasierako onespena emateko aurkeztutako dokumentuarenak, bai behin betiko onespenarenak honako azalpena ematen dute determinazio berri horretarako: erabilera-aldaketarekin, aukera ematen da lursail berean bi erabilera egon daitezen, hain zuzen ere altuera-premia desberdinak dituztenak, zeren eta laguntzako egoitza komunitarioko erabilerarako behar den altuera egoitza-erabilerarako behar denaren antzekoa baita, eta txikiagoa da bulego-erabilerarako behar dena baino. Orduan, altueren uniformetasunari eusteko, aukera ematen da, egoitza-erabilera komunitarioaren kasuan, solairuen kopurua handitzeko. Deigarria da horixe dela Plan Partzialaren aldaketari buruzko espediente osoan ematen den azalpen bakarra. Oroitidazkian, laburki, honakoa esaten da hitzez hitz: “altueretan uniformetasuna lortzeko, proposatzen dugu solairuen kopurua handitzea laguntzako egoitza-erabilera komunitarioan.

    Aitzitik, solairu berriek sorturiko hirigintza-aprobetxamenduari buruzko gaia bai aztertzen da eta zehazki ebazten da aldaketa-espedientean. Izan ere, solairu gehiago egiteak berarekin dakar, hasteko, lursailen hirigintza-aprobetxamendua handitzea, eta horrek, gure kasuan, alde txar bat dauka, unitatearen birzatitzea guztiz egina dagoelako eta jada zamen eta onuren beste banaketarik egiteko aukerarik dagoelako. Eragozpen hori gainditzeko eta lursailari dagokion hirigintza-aprobetxamendua ez gainditzeko, sustatzaileak planteatzen du etxe-sailetan patioak sortzeko derrigorrezkotasuna aldatzeko, eta ikusita Udal Planeko arauen arabera patioen azalerak ez duela eraikigarritasunik kontsumitzen, hasierako hirigintza-aprobetxamenduari eusten zaio, solairu berriengatik aprobetxamendu gehigarririk sortu gabe. Hain zuzen ere Iruñeko Udal Planeko Araudi Orokorreko 35. artikuluaren arabera, etxe-sailetako patioak ez dira kontuan hartzen aprobetxamendua neurtzeko moduan, eta, aldi berean, 77. artikuluak zehazten du etxe-sailetako patiotzat hartuko direla planeamenduan ezarritako barneko lerrokadurak dituztenak. Aldaketarekin onetsi den hirigintza-arau berriak patio horiek aurreikusten ditu, beren lerrokadurekin. Determinazio hori, berriz, ez dago jasota Plan Partzialaren arauetan. Emandako konponbidea, ikuspuntu juridikotik eta urbanistikotik, legezkoa eta posiblea da.

    Alabaina, aprobetxamendu gehiago sortu gabe solairu gehiago egin ahal izateko eman den konponbidea hirigintzaren arloko legezkotasunaren aplikazioaren ikuspuntutik onargarria izateko, nabarmendu beharra dago, ez aldaketari buruzko oroitidazkiak, ez alegazioei buruzko txostenak, ez behin betiko onespenari buruzko erabakiak ez dutela justifikaziorik edo arrazoirik ematen solairu gehiago egiteko premia edo komenigarritasuna azaltzeko. Oroitidazkian ageri den azalpen laburrak agian zentzuren bat izan dezake hasierako onespenaren testuinguruan, hau da, bulegoetarako eraikinen altueraren igoera lau metrokoa zenean, baina ez du inolako zentzurik behin betiko onespenarekin, altuera metro betean handitzea baizik ez duelako aurreikusten. Hala eta guztiz ere, behin betiko onespenean azalpen edo justifikazio bera ematen da. Ez da ezer kentzen eta ez da ezer eransten.

    Baina, ohartarazi dugun bezala, justifikazio hori indarrik gabe gelditzen da hasieran aurreikusitako altuera jaistearekin. Gainera, argi dago erabileraren aldaketak eta horren ondorioz forjatuak altuera gehiago edo gutxiago izateak ez dutela berez justifikatzen beste bi solairu egitea, ez hasierako onespenean aurreikusitako altuera handiagoekin, ez behin betiko onespeneko altuerekin ere. Guztiz posiblea da egoitza-erabilerako dotazio komunitario bat egitea B+5 solairu dituen eraikin batean. Bestela esanda, eraikin baten koroapen altuerari eusteko, ez dago zertan solairu gehiago egin, nahikoa da bakoitzari behar den altuera ematearekin. Eta hori ez da alferreko gai bat, zeren eta komeni baita gogoraraztea Plan Partzialak bereziki zaintzen dituela batasun arkitektonikoa eta Arrotxapea auzoko hegoaldeko frontearen estetika, auzoaren eta hiriaren irudia identifikatzeko elementu nagusia izatea bilatzen baita. Eta, noski, batasun arkitektonikoak eta eraikinen fatxadetako estatikak huts egiten dute eraikin horien solairu-kopurua handitzen bada. Azken batean, hegoaldeko fronteak uniformetasuna galtzen du.

    Horrenbestez, horrelako funtsezko aldaketa batek exijitzen du motibazio berariazkoa eta nahikoa ematea, hasierako onespenean eskainitakoaz bestelakoa, hark ere ez baitzuen balio. Eta Plan Partziala aldatzeko oroitidazkiak ez du motibazio edo justifikazio hori jasotzen.

    Erakunde honek ongi daki planeamenduaren ahalmena guztiz diskrezionala dela (Auzitegi Gorenaren 1990eko urriaren 30eko epaia –RJ 8428–, beste batzuen artean), eta planak errealitatearen baldintza aldakorren arabera egokitu behar izateak ius variandi delakoa justifikatzen duela, hain zuzen ere hirigintzaren arloko administrazioari arlo honetan aitortzen zaiona (Auzitegi Gorenaren 1992ko martxoaren 24ko epaia –RJ 3385–). Baina hain zuzen ere ahalmen horietaz –diskrezionaliatea eta ius variadi delakoa– baliatzeak ahalbidetzen duten jarduera-tarte zabal-zabalarengatik, egindako hautua behar adina motibatu beharko da. Auzitegi Gorenak behin eta berriz azpimarratua du hori.

    Esate baterako, Auzitegi Gorenaren 2006ko uztailaren 11ko epaiak –RJ 5148– hirigintza-erabaki bat deuseztatzen du planeamenduan behar adinako justifikaziorik ez jasotzeagatik, eta honako argudioak ematen ditu: “Espainiako Konstituzioko 9.3, 103.1 eta 106.1 artikuluetan oinarrituta (izan ere, ondoz ondo botere publikoen arbitrariotasunaren interdikzioa aldarrikatzen dute, eta Administrazio Publikoaren objektibotasunak interes orokorrei zerbitzatu behar die, legearen eta Zuzenbidearen menpe egon behar du, eta jarduerak xede diren helburuen araberakoa izan beharko du) edo Planeamenduaren Erregelamenduko 38., 58., 74.1.a), 75., 77., 95.1, 96.1 eta 97.1 artikuluetan oinarrituta (betebehar orokor bat adierazten baitute, planeamenduko tresnak betetzekoa, balizko aukerak aztertzekoa eta hautatzen diren determinazioak justifikatzekoa), ongi errotutako jurisprudentzia bat sortu da, eta haren erakusgarri dira, besteak beste, Auzitegi Gorenaren 1983ko apirilaren 27ko epaia, 1990eko abenduaren 22ko epaia, 1992ko maiatzaren 18ko epaia, 1993ko martxoaren 15eko eta irailaren 21eko epaia eta abar. Izan ere, haietan, arreta handia jartzen bada ere nabarmentzeko kontrol jurisdikzionala dela-eta ezin dela sartu erabakiaren egokitasuna baloratzera, planeamenduaren arrazoizkotasuna bermatzera jotzen da; horrela, erantzuna ematen zaio jarduteko ideia jakin bati, zeinaren arabera ahalmen diskrezional baten araberako jardunari –eta, horrenbestez, ius variandi delakoa– legitimazioa ematen zaio erabakia determinatzen duten arrazoiak arrazionaltasun irizpideekin zehaztuz; eta, azken batean, planeamenduaren diskrezionalitate sakona gorabehera, aukera ematen du justifikatu gabekoak izateagatik planeko egilearen borondate hutsean, apeta hutsean ere bai batzuetan, oinarritutako erabakiak deuseztatzeko.
    Azken batean, ius variandi ahalmenak ez ditu justifikatzen justifikaziorik ez duten hirigintza determinazioak.

  5. Bulego-erabileraren ordez, egoitza-erabilera dotazional komunitarioa ezartzeari dagokionez, kexa-egileek ez dute gaia aztertzen. Erakunde honek ere ez du oztoporik ikusten, zeren eta erabilera hori asko eskatzen baita, zeren eta gaur egun, menpetasunari arreta emateko programa berriak ezartzearen ondorioz, egoitzetako plaza komunitarioen defizita baitago. Haiei bidea ematea, berriz, ezinbestekoa eta presakoa da. Azken batean, zalantzarik gabe laguntzarako egoitzek, pribatuak izanda ere, garrantzi handia dute gizartean eta Arrotxapean ere bai. Azken horrek, gainera, bizitoki-izaera du bereziki, eta, horrenbestez, horrelako dotazioetarako toki guztiz egokia da.
  6. Azkenik, adierazi beharra dago, era berean, Plan Partzialak bloke horietarako fatxadaren diseinuari buruzko baldintzak ere ezartzen zituela. Izan ere, Hirigintza Arau Partikularren 28. eta 31. artikuluek zehaztasunez eta goitik behera ezartzen zituzten estaldurarako erabili beharreko osagaiak eta materialak, bai bulebarrera jotzen duten fatxadetan, bai parkera eta zehar-kaleetara jotzen duten fatxadetan ere. Horrekin, izan ere, bulebarraren eta hegoaldeko frontearen uniformetasuna arkitektonikoa bermatu nahi zen.

    Hala eta guztiz ere, Plan Partzialaren aldaketak bloke horietan askatasuna bideratzen du Plan Partzialak fatxadetarako ezarritako diseinu-baldintzei dagokienez. Orain, honakoa ezartzen da: “Eraikineko fatxada guztien osaera arkitektonikoa, zer erabilera duen alde batera utzita, librea izanen da. Ez da aplikatzekoa plan partzial honetako Araudi Orokorra, osaera arkitektonikoari eta materialei dagokienez.
    Kexa-egileek, beren kritikekin, erregulazio falta hori ere nabarmentzen dute.

    Bada, kontua da oroitidazkian aldaketa horretarako arrazoia ere ez dela ematen. Udalak alegazioei buruz egindako txostenean, honakoa irakur daiteke: “aldaketaren bidez proposatzen da proiektuetan fatxadak diseinatzeko -askatasuna egon dadin, arkitektura berezi bat eskaini ahal izateko hiri-eremu iradokitzaile batean. Horrek bidea ematen die proiektu-egileei formazko baliabide gehiago erabiltzeko, alderdi hori dela eta.
    Egia da arkitekto eta proiektu-egileei diseinua dela-eta ematen zaien askatasunak konposizioetarako konponbide iradokitzaileak ekar ditzakeela, are ederrak ere, auzoaren ingurune arkitektonikoa nabarmentzeko eta bereizteko. Baina, arrazoi ekonomikoak edo bestelakoak direla medio, guztiz kontrakoa ere gerta daiteke, eta horrek, amaieran, ondorio larri eta okerragoak eragin litzake auzoaren irudirako, egindako beste aldaketek baino (koroapen altuera handiagoa eta solairu gehiago). Hori dela eta, erakunde honen irizpidearen arabera, Iruñeko Udalak adi egon beharra dauka egiten diren diseinuak direla eta, eta zorrotz jokatu behar du eraikinetarako kasuko proiektu arkitektonikoak onesteko garaian.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez hirigintza planek eta haien aldaketek behar den oroitidazkia eduki behar dutela, eta oroitidazkian haietan jasotako erabaki eta lege-determinazio guztiak behar adina arrazoitu behar direla, bereziki lehenagotik planeatutakoa funtsean aldatzea suposatzen dutenak.

  2. Iruñeko Udalari gomendatzea arreta handiz azter ditzan aldaketaren xede diren eraikinen fatxadetarako egiten diren diseinuak eta oso zorrotza izan dadila eraikin horietarako kasuko proiektu arkitektonikoak onesteko garaian.

  3. Iruñeko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Interesdunei eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia