Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 19ko 163/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan herritar bati arretarik egin ez izanaren gainean aurkeztutako kexa bati buruzkoa.

2009 abuztua 19

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Cierre anticipado de las dependencias del Departamento de Vivienda y Ordenación del Territorio

Exp: 09/485/D

: 163

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko uztailaren 3an, idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurka, herritar bati arretarik ez egiteagatik.

    Kexa-egileak azaltzen du uztailaren 3an, 13:05ean, departamentuko egoitzara joan zela, arreta egin ziezaioten. Hala eta guztiz ere, atea itxita aurkitu zuen, eta hartan kartel bat ageri zen, non aditzera ematen baitzuen bulegoak 13:00etan itxiko zirela. Barruan, itxura batean, janaurreko bat egiten ari ziren.

    Interesdunak azaltzen du adierazitako eguna, ondorio guztietarako egun balioduna zela. Horrenbestez, ez du administrazio-jardueraren arrazoia ulertzen, hain zuzen ere zerbitzua ohiko ordua baino lehen bukatutzat jotzeari dagokionez.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

2009ko abuztuaren 10ean, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:

“Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak herritarrek administrazioaren jarduera dela-eta izanen dituzten gutxieneko bermeak finkatu zituen. Lege horren ekarpena da, hain zuzen ere, herritarrek administrazio publikoekiko harremanetan izanen dituzten eskubideak finkatzea. Eskubide horien artean nabarmentzekoak dira informazioa eta orientabidea jasotzea, eskubideez baliatzeko eta betebeharrak betetzeko erraztasunak ematea eta idazkiak, eskabideak eta komunikazioak aurkeztea.

Ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen ditu; herritarrek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulegoetan eskabideak eta agiriak aurkezteko eskubidea bermatze aldera, ezartzen du bulego horiek lanegun guztietan irekita egonen direla 8:00etatik 14:30era arte.

Hala eta guztiz ere, gerta daiteke barne funtzionamenduko arrazoiengatik, lanegun batean administrazio-egoitzak guztiz edo hein batean jendearentzat itxita egon behar izatea. Horixe gertatu zen kexa-egileak adierazitako egunean Armadaren etorbideko 1. zenbakian dauden bulegoetan.

Eta horri dagokionez, ulertzen dugu kasu honetan (oro har, zeren eta ez baita datu pertsonalik ematen, eta ez da bestelako inguruabar zehatzik aipatzen), ez zitzaiola kexa-egileari babesgabetasunik eragin, zeren eta bere idazkiak handik hurbil zegoen beste edozein erregistrotan aurkezteko aukera baitzuen (Gizarte Gaietako Departamentuaren erregistroa, Yanguas y Miranda kaleko 27. zenbakian, eta Landa Garapeneko Departamentuaren erregistroa, Tuterako kaleko 20. zenbakian, 200 metroko distantzian daude, baina jasota dagoenaren arabera, kexa-egilea Karlos III.a etorbideko erregistro orokorreraino joan zen. Eta herritarrari arreta emateari dagokionez (informazioa eta aholkua nahi baldin baditu), funtzio hori emateko hiru bide egon daitezke eta jasota daude: bertatik bertarakoa, telefono bidezkoa eta telematikoa. Horri dagokionez, herritarrak bilatzen duena informazio espezializatuagoa denean, aholku teknikoa barne dela, lanaren antolamenduak eskatzen du aldez aurretik zita bat hitzartzea aholkua emateko eskuduna den teknikariarekin (ez dago jasota kexa-egileak zita zuenik); nahi dena informazio orokorra denean, berriz, informazio hori bertatik bertarakoaz gainerako beste bideetatik lor daiteke. Horri dagokionez, egun berean, eta herritarrak kexa aurkezteko jo zuen erakunde horretatik eginiko deiaren bitartez, kexa-egileari aukera eman zitzaion telefono bidezko informazioa lortzeko, baina aukera horri uko egin zion.

Hala eta guztiz ere, egia da ulertzekoa dela etsipengarri gertatuko zela herritarrarentzat bulegoa itxita aurkitzea, eta, era berean, argi dago ez zela nahikoa izan aurreko aste osoan administrazio-egoitzaren atarian jarritako kartel baten bidez eginiko iragarpen publikoa ((kartelak adierazten zuen egun hartan bulegoak 13:00etatik itxita egonen zirela)”.

AZTERKETA

  1. Herritarrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan dauzkaten eskubideen araubidea zehazteko, kontuan hartu behar da, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeak ezarritakoaz gainera (arau hori Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak igorritako txostenean aipatzen da), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa.

    Aipatu foru legeak, 6. artikuluan, aitortzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin harreman bat ezartzen duen herritar orori arreta adeitsua, arduratsua eta isilpekoa eman behar zaiola.

    Bestalde, eta aurrekoarekin lotuta, foru legeak zerbitzu publikoak erabiltzeko eskubidea aitortzen du, bai eta tratu pertsonalizatu eta egokia jasotzeko eskubidea ere (13. artikulua).

    Aipatutako eskubideek beraiekin dakarte, korrelatu moduan, Administrazioak uneoro zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta bermatzeko betebeharra duela, herritarrei ohiko bideetatik eta propio ezarritako ordutegian arreta eman ahal izateko. Aipatutako hori eskubide haien eraginkortasun logikoaren ondorio bat baizik ez da, eta haren adierazpen bat Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitateari buruzko Foru Legean bertan dago; izan ere, foru lege horretan jendeari arreta emateko ordutegiak eta tokiak aipatzen dira Nafarroako administrazio publikoek onetsi beharreko zerbitzuen zorroan sartu beharreko alderdi gisa.

  2. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak igorritako txostenaren edukia ikusita, esan beharra daukagu ezen alde batera utzita herritarrak bere asmoa betetzeko, asmo hori edozein dela ere (idazki bat aurkeztu, kontsulta bat egin eta abar), agian modu desberdin bat edo aukerako bide bat erabili duela, horrek ez duela inongo garrantzirik hemen interesatzen zaizkigun eraginetarako. Lehenbizi, idazkiak aurkezteko tokiaren edo kontsultak formulatzeko bidea herritarrak hautatzen dituelako, eta ez Administrazioak. Eta, funtsean, hemen zehaztu nahi duguna delako ea departamentuaren jarduna, alegia, egoitza jenderentzako ixtea ohikoa den ordua baino lehenago, bateragarria den ala ez den aurreko atalean aipatu ditugun eskubideekin.

    Gure iritziz, zerbitzu publikoaren funtzionamendu normalaren aldaketa bat onartzeko (herritarrei egoitza publikoetara sartzeko eta haiei ohiko ordutegian arreta emateko aukera kentzea), arrazoizko justifikazio bat azaldu beharko da. Bestela esanda: litekeena da inguruabar jakin batzuetan, zinez inguruabar apartekoak betiere, egoitza administratiboak herritarrentzat ixteko justifikazioa egotea, eta, horrenbestez, normalean ematen diren zerbitzuak denboran murriztu ahal izatea, baina, horretarako, noski, ez du edozein arrazoik balio eta, nolanahi ere, Administrazioak arrazoi hori jakinarazi egin beharko du.

  3. Hemen aztergai dugun kasu zehatzean, uztailaren 3an, bulegoak 13:00etan itxi ziren, ohikoa dena baino lehenago, eta inguruabar hori aurreko astean jarritako kartel batekin iragarri zen. Horrenbestez, herritarra egoitza horretara joan zenean, arreta jasotzeko aukerarik ez zuen izan, eta inguruabar horrek –berriz diogu– behar bezala justifikatzen ez bada, arreta egokia jasotzeko eta zerbitzu publikoak erabiltzeko eskubideak urratzen ditu.

    Txostenean, ez dira berariaz aipatzen erabakia justifikatu zuten arrazoiak (barne funtzionamenduko arrazoiak aipatzen dira, eta esamolde horrek, oro har, ez du hura justifikatzeko balio), eta kexan aipatzen den balizko arrazoia, berriz, ez da, inolaz ere, nahikoa zerbitzu publikoa denboran murriztea justifikatzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gogoraraztea herritarrek arreta egokia jasotzeko eta zerbitzu publikoak erabiltzeko dauzkan eskubideak eraginkor egiteko behar diren neurriak hartzeko legezko betebeharra duela, eta uneoro zerbitzu horien funtzionamendu arrunta bermatu behar duela, justifikatutako aparteko arrazoiren bat tartean ez bada.

  2. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia