Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ruidos procedentes de un bar situado en los bajos de la vivienda
Exp: 09/452/M
Nº: 162
Ingurumena
2009ko ekainaren 30ean, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Mendabiako Udalaren aurka, Foruen Plazako taberna batetik heldu diren zaratak direla eta.
Azaltzen du bere etxearen azpian “[?]” taberna dagoela. Establezimendu horretatik heldu diren zaratek, asteburuetan bereziki handiak izaten direnek, atsedena hartzea eta bere gaixotasunaren eta adinaren araberako bizi-kalitatea edukitzea eragozten diote.
Halaber, adierazten du zenbait erreklamazio aurkeztu dizkiola udalari zaratak kontrola ditzan, baina ez duela 2008ko martxoaren 26ko eta apirilaren 14ko eta 20ko idazkiei udal organoak emaniko inongo erantzunik jaso.
Azkenik eskatzen du udalak behar diren neurriak har ditzan tabernatik heldu diren zaratak gerarazteko, bai eta aurkeztutako erreklamazioak erantzuteko ere.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Mendabiako Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
2009ko abuztuaren 10ean, Burlatako alkatearen txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Udalak [?] jaunaren idazkiak jaso zituen, “[?]” tabernan sorturiko zaratei buruzkoak. Idazki horiek Herritartasunaren Lantaldean aztertu ziren eta aguazilei, Foruzaingoari eta guardia zibilari egoeraren berri eman zitzaien; halaber, bilera bat egin zen herriko tabernetako titularrekin. Erreklamazio-egileari ez zitzaion jarduera horien berri eman.
2009ko uztailaren 23an, 232 Ebazpena eman zen. Hauxe dio, hitzez hitz:
[?] jaunak aurkeztutako idazkiaren berri ematen da. Hartan proposatzen da behar diren kudeaketak egin daitezen [?] ostalaritzako lokalak sorturiko zaratak kontrolatze aldera , behin Herritartasunaren Lantaldeak gaia aztertu ondoren eta lantalde horren irizpena ikusi ondoren.
[?] jaunari jakinaraztea herri honetako alkateak bilera bat egin zuela, orain dela 15 egun, herriko ostalaritza lokaletako titular guztiekin, eta hartan jakitera eman zien asteburuetan ixteko ordua 4:30ean dela.
Interesdunak uste baldin badu ordu horretara arte sortutako zaratek legeak baimendutako dezibelioen zenbatekoa gainditzen dutela, salaketa bat aurkeztu beharko du Nafarroako Foruzaingoan, zaratak neur ditzaten. Hortik aurrera, udalak behar diren jarduerak abiatu ahal izanen ditu.
Auzitegi Konstituzionalak ere argi eta garbi esan du zaratek urratu egiten dituztela intimitaterako, osotasun fisikorako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubide oinarrizkoak –119/2001 zenbakiko epaia, besteak beste–, eta ezarri du ezen partikular batek arlo honetan beste bati sortutako lesioak Konstituzioaren babesa eragin dezakeela baldin eta administrazio eskudunak ez badu behar bezala jardun (culpa in vigilando).
Gehiegizko zaratek, nahiz eta legezko jarduerek sortuak izan, legezko izateari uzten diote maila jakin batzuk gainditzen dituztenean, eta kanpoko eraso asaldatzaile bihurtzen dira, eta kaltetuak ez du haiek pairatzeko betebeharrik. Immisio horiek oso kaltegarriak dira pertsonari bere etxebizitzan eragiten diotenean, eta etxeko intimitaterako oinarrizko eskubidearen aurkako eraso bat dira (Konstituzio Auzitegiaren 431/2003 epaia).
Udalek funtsezko eginkizun bat dute herritarren eskubide horien babesean. Hala ondorioztatzen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.f) eta h) artikuluetan esleitzen zaizkien eskumenetatik –lege hori Ingurumena babesteari eta osasungarritasun publikoaren arloko eskumenei buruzko apirilaren 21eko 11/1999 Legeaz aldatu zen–. Horri gehitu behar zaio lege bereko 84.1 b) artikuluan ezarritakoa –1955eko ekainaren 17ko dekretuaren bidez onetsitako Toki Korporazioetako Zerbitzuen Erregelamenduko 1.1 artikuluarekin lotuta dago hori–. Izan ere, biek ematen dute administratuen jarduera pribatuetan esku hartzeko ahalmena, arestian aipatutako babes juridikoa jasotzen ahal duten ondasunak edo interesak babeste aldera.
Nafarroako Foru Komunitateko araudiari dagokionez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 34.1.b) artikuluak osasun publikoaren arloko eskumenak esleitzen dizkie udalei, horien artean zarataren nahiz bibrazioen osasun-kontrola.
Udalaren jarduera eza, Auzitegi Goreneko 3. Salaren 2003ko maiatzaren 29ko epaiak dioen bezala, utzikeriaz jokatzea da, Estatuko arauek udalei esleitutako ingurumenaren arloko eskumenei eta erantzukizunei dagokienez.
Organo administratiboen eskumenari ezin zaio uko egin (Administrazio eta Prozedura 30/1992 Legeko 12. artikulua), eta eskumen hori eraginkortasunez eta legea eta zuzenbidea guztiz betez gauzatu beharra dago, Konstituzioaren testuak berak ezarri bezala (Espainiako Konstituzioko 103. artikulua).
Horrenbestez, gure ustez udalaren jarduera ezak urratu ditu kexa-egileak, herritarra den aldetik, dauzkan honako oinarrizko eskubideak: Norbere eta familiaren intimitatea izateko eskubidea (E.K. 18.1. artikulua).
Ingurumen egokiaz gozatzeko eta bizi kalitaterako eskubidea (E.K. 45. artikulua).
Osasuna babesteko eskubidea (E.K. 43. artikulua).
Kexaren xedea zen, halaber, aurkeztutako idazkien erantzunik jaso ez izana. Mendabiako Udalak, aurkezten zaizkion eskabideei erantzuteko arauetan ezarritako epea zabal gainditu ondoren, azkenean eskabide horiek ebatzi eta jakinarazi egin ditu.
Horrenbestez, gure ustez, kexaren arrazoi hori (ez erantzutea) konpondu egin da eta, beraz ez da bidezkoa kexaren zati hori baloratzen hastea.
Aurreko guztia dela eta
Mendabiako Udalari gogoraztea ingurumenaren arloko eskumenak eta erantzukizunak betetzeko legezko betebeharra duela.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia