Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 19ko 140/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] auzo elkarteko idazkari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abuztua 19

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Problemas de acceso a un municipio,cese del servicio de correos el corte del suministro de agua.

Exp: 09/720/O

: 140

Zerbitzu publikoak

AURREKARIAK

  1. 2010eko uztailaren 29an, [?] auzo elkarteko idazkari [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, herria berriz ere ur hornidurarik gabe gelditu zela salatzen zuen, eta hori dela-eta eskatzen zuen errefentziazko espedientea berrirekitzea.

    Azaltzen zuenez, horniduraren arduradun zuzenekin negoziatzeko zenbait saiakera egin arren, negoziazioen bidez ez zen ezer lortu, eta baja eman zitzaion herriko hornidura-sistemari korrontea ematen dion kontagailu elektrikoari.

    Zioenez, herrian bizi diren 30 pertsona daude kalteturik, besteak bese zenbait adingabe, eta oinarri-oinarrizko ondasun hori ez izateak eragiten dien egoera larria salatzen zuen.

  2. Idazki horrek agerian uzten du erreferentziazko espedientean ageri den auziaren beste atal bat –espedientean, sortutako egoerari buruzko zenbait txosten eskatu zitzaizkion Longidako Udalari–.

    Laburbilduz, Udalak ondokoa adierazi zuen:

    • 1980ko ekainaren 10eko “[?]-ko hiri lurzorua mugatzeko proiektuan” jasotako hirigintza-manuekin eta manu horiek garatzen dituzten xehetasun-azterlanekin bat, urbanizazio pribatu bat sustatu zen leku hartan, eta xedatu zen jabeek (sustatzaileek) ordainduko zutela proiektua egiteak berekin zekarren azpiegitura-zuzkidura, eta ezin zitzaiola eskatu udalari inolako etekinik ur-hornidurari zehazki zegokionez; halatan, sustatzaileek bere kabuz konpondu eta ordaindu beharko zuten horniduraren kostua, bai eta saneamendua, energia elektrikoaren hornidura, ibilgailu-sarbidea nahiz Hiriberriko Lurzorua Mugatzeko Proiektu horretatik hel zitekeen beste edozein zerbitzu ere.

    • Udalak hirigintza-tresna horiek onetsi zituen, eta hortik ondorioztatzen zen ukitutako lurzorua sustatzaileena ez beste inorena zela, eta, kasua bada, ondorengo erosleena. Horrenbestez, urbanizazioaren izaera pribatua zenez, onetsitako tresna guztietarako baldintza zen jabeen kontura eginen zirela egin beharreko azpiegitura guztiak.

    • Urbanizazioaren izaera pribatu hori orobat geratu zen jasota Jabekideen Erkidegoa eratzeko eskrituran, zeinetan orobat jaso baitzen, espresuki jaso ere, edateko uraren nahiz energia elektrikoaren hornidura salerosketako kasuko kontratuetan ezarritakoari jarraikiz eginen zela. Kontratu horietan, beraz, hori horrela dela zehazten da, eta klausula bat ageri da, sustatzailea ura hornitzera behartzen duena.

    • Ondorioz, azpiegituren eskasiari buruzko erreklamazioak obligaziodunei egin beharko litzaizkieke –salerosketa kontratuak formalizatu zituzten sustatzaileei–, ezen ez Udalari.

  3. Kexa-egileak ordezkatzen dituen bizilagunek uste dute, berriz, Udalak uraren hornidura ziurtatu beharko liekeela, zerbitzu horren gaineko eskumena duen entitate publikoa den aldetik, kontratua egin zutenen erantzukizuna gorabehera.

AZTERKETA

  1. Azaldutako aurrekarietatik ondorioztatzen den legez, espedientean planteatzen den arazoa heldu da ur horniduraren zerbitzua gaizki ematetik [?]-ko bizilagunei (toki hori Longidako udal mugapean dago).

    Auziaren berezitasuna ondokoan datza: ur horniduraren zerbitzua, kasu honetan, ez du ematen udalak edo zerbitzu-kudeaketako kontratu bten bidez hari atxikitako entitate batek, ezpada urabanizazioaren sustatzaileek; izan ere, urbanizazioa urbanizazio pribatu baten izaerarekin sortu eta onetsi zen, hau da, ez zen egin hirigintza-exekuzioan egin ohi den lur lagapenik. Halatan, urbanizazioaren izaera pribatuari erreparatuta, Udalak onetsitako tresnek, urbanizazioari babesa ematen ziotenek ezartzen zuten, kasu honi dagokionez, ur hornidura sustatzaileen kargura eginen zela.

    Gauzak horrela, urbanizazioa egin egin zen eta etxebizitzak saldu saldu ziren; hortaz, egia da akatsen erantzulea, erantzule nagusia behinik behin, hitzartutako obligazioa urratu duena dela, eta interesdunek, hortaz, haren aurka egin dezakete egoki iritziz gero.

  2. Hori horrela, erakunde honek ezarri behar duena da, ikusita bere eginkizun instituzionala dela herritarren eskubide konstituzionalen babes-maila aldeztu eta hobetzea, ea Udalak, urbanizazioaren izaera pribatuaren aitzakian, gisa honetako auzi batean esku hartzeari uko egin behar ote dion.

    Herrietako ur horniduraren zerbitzu publikoa berezia da legearen ikuspuntutik; izan ere, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 25. artikuluak ezartzen duenez gutxieneko eta nahitaezko izaera du udal guztientzat, eta lege bereko 86.3 artikuluak, berriz, toki entitateen aldeko erreserba egiten du. Aurreikuspen horien bidez, hortaz, eragingarri egin nahi da, itxura batean, herritar guztiek ondasun hori eskura izateko eskubidea dutela, baldin eta kontuan hartzen bada haren izaera oinarrizko eta funtsezkoa.

    Gisa honetako kasuetan –non, urbanizazio pribatu bat sustatu eta baimendu ostean oinarrizko zerbitzu bat partikularren esku gelditzen baita eta hala jasotzen baita kasuko hirigintza-tresnan– haren delegazio inplizitu bat, formalizatu gabea, gertatzen da de facto, eta ezin da udalaren esku-hartzea baztertu baldin etea zerbitzua ematean gabeziak gertatzen badira. Halatan, Auzitegi Gorenak, 1988ko martxoaren 1eko epaian dio (udal batek urbanizazio pribatu bateko ur horniduraren zerbitzua, ordura arte enpresa batek ematen zuena, bere gain hartzeari buruz) “edateko uraren hornidurako gabeziak iristen baldin badira hornidura hori ez ematera, horrek ukitu egiten du aipatu horniduraren osasun-bermea, halako moduan non justifikatuta baitago udalak esku hartzea."

    Antzeko erabakiak aurki daitezke beste erabaki judizial batzuetan ere, urbanizazio pribatuetako ur hornidurako gabezia kasuetan udalak esku hartzearen bidezkotasunaz denaz bezainbatean. Horrela, Auzitegi Gorenak ondokoa deklaratu zuen 1996ko martxoaren 29ko epaian:

    Salaren ustez, ordea, horrek ez du nahitaez adierazi nahi Auzitegian “a quo” aurkaratutako egintzak batere eraginik izan behar ez duenik, zeren, zalantzarik gabe, zuzenbidean oinarrituta egonen bailitzateke baldin eta Toki Araubideari buruzko Oinarrizko Legeko 21.1 artikuluko j) letrak alkateari aitortzen dizkion eskumenak baliatzeko aukera aipatu balitz, ezbehar kasuetan eskumen horiek baliatzen ahal ditu eta. Manu horren aipamenak esku emanen zion alkateari, Udalaren Osoko Bilkurari horren berri eman ostean, larrialdiko neurri bat hartzeko, ur hornidura berrezartze aldera, presako neurrien taulatik ezin baita baztertu ur horniduraren berehalako kontrol bat, aldi baterakoa, zerbitzua ziurtatzearren. Kontrol horrek kasuko konpentsazio ekonomikoa ekarri beharko zuen, pairatutako kalteak direla eta, baldin eta kaltea egiatan gertatu balitz (…) Konponbide hori bat etorriko zen premia-premiazko zerbitzuak ematea ziurtatze aldera udalaren eskumenak baliatzearekin, bai eta horiek aldi baterako bere gain hartzearekin ere, 1998ko martxoaren 1eko epaian deklaratu genuen legez.”

    Baleareetako Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 1995eko martxoaren 2ko epaiak ere, antzeko oinarriak baliatuta, edateko uraren hornidurarako instalazioen eta makinen “aldi baterako errekisa” justifikatzen du, baita beharrezkoak diren ur-bilketak ere, harik eta erabiltzaileek salatutako hornidura-arazoak egiatan konpondu arte. Epai horrek udalaren esku hartzea justifikatzen du, osasunerako eta ingurumen egokirako eskubideak, Konstituzioko 43. eta 45. artikuluetan aitortuak, babestu beharraren beharrez; eta espresuki ezartzen du “egoera ezohiko eta salbuespenezkoak gertatzen direnean ere baimentzen zaie udalei beharrezkoak diren neurriak har ditzaten, bizilagunei nahiz aldi baterako egoiliarrei edateko uraren hornidura ziurtatze aldera, hori baita hemen inporta duena…”

    Bestalde, emakida-loturarik gabeko partikularrek edateko uraren hornidura-zerbitzua emateari dagokionez, jurisprudentziak “zerbitzu publiko inpropio” gisa kalifikatu du jarduera hori, eta horrek justifikatzen du zerbitzu-aginduak eman ahal izatea zerbitzua ematen duenari, egiaztatze aldera zerbitzuak zerbitzu publiko baten oinarrizko determinazioak betetzen ote dituen, hala nola unibertsaltasuna, jarraitutasuna, erregulartasuna eta berdintasuna, baita osasun-kalitateari eta prezioei buruzkoak ere.

  3. Arestiko gogoeta guztiek garamatzate ondorioztatzera ezen, kexaren xede den kasu honetan, sustatzaileak direla urbanizazio pribatu horri ur horniduraren zerbitzua emateko betebehar nagusia dutenak, baina hori bezain egia dela ezen, oinarrizko zerbitzu hori emateko gabeziak agerian gelditu direnez –gabeziak behin eta berriro gertatu dira–, Udalak auzi honetan esku hartu beharko lukeela, ukitutako herritarrek ziurtatuta eduki dezaten edateko ura, jarraitutasunez, erregulartasunez eta osasun-baldintza egokietan eduki ere, eta hori ez dela eragozpen erantzuleei bidezkoak diren kostuak, gastuak edo kalte-ordainak erreklamatzeko.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Longidako Udalari iradokitzea zerbitzuaren prestazioan esku har dezan baldin eta gabeziek bere horretan jarraitzen badute, zerbitzuaren eskuragarritasuna, jarraitutasuna, erregulartasuna eta kalitate egokia ziurtatze aldera, horretarako baliatuz toki araubideari buruzko legediak bere eskura jartzen dituen tresnak, hori ez baita eragozpen dagokionari zerbitzua ematearen kostua, gastuak edo kalte-ordainak erreklamatzeko edo egozteko.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Longidako Udalari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Longidako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia