Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 18ko 161/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abuztua 18

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Falta de aprobación de un proyecto de reparcelación de una unidad incluída en un PGOU

Exp: 08/330/U

: 161

Hirigintza eta etxebizitza

AURREKARIAK

  1. 2009ko uztailaren 9an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Hartan Burlatako Udalaren egite eta ez-egite batzuk zerrendatzen zituen; egitate horiek, azken batean, beraiekin ekarri dute joan den urteko urrian itxi genuen kexa bat –udalak erakunde honen irailaren 3ko 111/20008 Ebazpena onartu baitzuen– berriz ireki behar izatea.
  2. Kexa-egileak honakoa zioen bere idazkian:
    1. Lehena.- 2008ko azaroaren 27an, idazki bat aurkeztu zuen udal erregistroan, non informazioa eskatzen baitzuen Udaleko Gobernu Batzarraren 2008ko urriaren 8ko erabakiari buruz. Izan ere, erabaki haren bitartez “HAPO indarduneko N-12 Exekuzio Unitateko Birzatitze Proiektuko laguntza teknikoa” adjudikatzeko kontratazio-erabakia izapidetzen zen. Gaur arte, orde, ez da inongo erantzunik jaso.

    2. Bigarrena.- Gaur-gaurkoz, ez da aurreko puntuan aipaturiko laguntza teknikoa adjudikatu, nahiz eta udalak birzatitze proiektua egiteko derrigortuta egon, hain zuzen ere Administrazioarekiko Auzien Salaren otsailaren 27ko 147/2006 epaiaren bitartez.

    3. Hirugarrena.- Udalak ez dio inongo edukirik eman gogorarazpena onartzeko konpromisoari. Gogorarazpena erakunde honek egina zen, eta “behar ez den atzerapenik gabe epai eta erabaki judizialak betetzeari buruzkoa zen, hain zuzen ere haietan jasotako modu eta terminoetan”. Epaiak, hitzez hitz, honakoa dio: “beste proiektu bat behar da, aurrekoa baliogabetzeko bi arrazoiak deuseztatuko dituena: planari egokituko zaio eta exekuzio-egileari benetan jarri duen azalera aitortuko dio”.
    4. Laugarrena.- Udalak ezezkoa ematen dio, kexa-egileak idazkiak behin eta berriz aurkeztu dituen arren, bide judizialean deuseztatutako birzatitze proiektutik ateratako lursailak aldatzeari. Horrek berarekin dakar ez dela hiri kontribuzioaren kuota jatorrizko egoerara ekarri, eta udala modu zuzengabean aberastu dela.

      Inguruabar hori dela eta, kexa-egileak Nafarroako Administrazio Auzitegira jo zuen, eta auzitegi horrek, 2009ko maiatzaren 18ko 2899 zenbakiko epaian, likidazioaren eta diru-bilketaren prozedura deuseztatu zuen, zuzenbidearekin bat ez zetorrelako udalak behar ziren aldaketak egiteari ezezkoa ematea, hain zuzen ere katastroa deuseztatutako birzatitze proiektuaren aurreko egoerara berriz ekartzeko.

      Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Burlatako Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. 2009ko abuztuaren 10ean, Burlatako alkatearen txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

    2009ko uztailaren 16an idazki bat aurkeztu zenuen (08/330/U espedientea, udalean 2009ko uztailaren 21ean sartu zena eta Erregistro Orokorreko 4.185 zenbakia duena), non jakitera ematen baituzu [?] jaunak aurkeztutako kexa berriz ireki dela. Bada, aditzera ematen dizut ezen, 2008ko urriaren 14an alkatetza honen idazki batez adierazi genizunari jarraituz, eta udal honetako Tokiko Gobernu Batzarrak joan den urteko urriaren 8an HAPO indarduneko N-12 exekuzio unitateko birzatitze proiektua idazteko laguntza teknikorako kontratazio espedientearen onarpena dela-eta hartutako erabakia garatuz, 2008ko abenduaren 2an sinatu zela HAPO indarduneko N-12 exekuzio unitateko birzatitze proiektua idazteko laguntza teknikoaren kontratua, hain zuzen ere [?] jaunarekin, zeinak [?]-n baitu helbidea, [?] plazako [?] zenbakiko [?] bulegoan.
    Gaurkoz, udal hau [?] jaunak aurreko atalean aipatutako birzatitze proiektua entregatzearen zain dago.

AZTERKETA

  1. Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

    Kexaren xedea den kasuan, Burlatako Udalak ez dio kexa-egileak, 2008ko azaroaren 27ko idazkiaren bitartez, egindako informazio-eskariari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.

    Azken batean, udalak ez dio idazki horri inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.

  2. Ez da bidezkoa administrazioarekiko auzien jurisdikzioan emandako epaiari atxikitako inskripzioen aldaketa berriz aipatzea, zeren eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2009ko maiatzaren 18an, 2008ko bigarren hiruhilekoko hiri kontribuzioaren likidazioa eta diru-bilketa deuseztatu baititu –ados gaude erabaki horrekin–.
  3. Birzatitze proiektu berria onesterakoan berandutzeari buruz, udalari gogorarazi behar zaio Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren irailaren 3ko 111/2008 Ebazpena onartu zuela, eta hartan gogorarazten zitzaiola epai eta erabaki judizialak beraietan ezarritako moduan eta terminoetan exekutatzeko legezko betebeharra duela (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legeko 103.2 artikulua).

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Burlatako Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela eta, horrenbestez, kexa-egilearen idazkiari erantzun behar diola.

  2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Burlatako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia