Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Ayuntamiento cesa en su puesto de trabajo a contratada administrativa
Exp: 09/463/F
Nº: 160
Funtzio publikoa
2009ko uztailaren 2an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Burlatako Udalaren aurka, udalean lanpostutik kendu dutelako.
Azaltzen du lau urtez udalean administrari laguntzaile gisa lan egin ondoren, lanpostua amortizatzeko erabakia hartu zela, hain zuzen ere 2009ko maiatzaren 31tik aurrerako eraginekin.
Hori dela eta, hautaproba batzuetan parte hartu zuen, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko administrari laguntzailea izateko lanpostu batean aldi baterako aritzeko. Hautaprobak gainditu ondoren, 2009ko ekainaren 9an, lanpostu huts bat aldi baterako betetzeko administrazio kontratu bat sinatu zuen.
2009ko ekainaren 25ean, Udalaren Kirol Patronatuak jakinarazi zion udalarekiko zuen lan-harremana eten eginen zela 2009ko ekainaren 27tik aurrerako eraginekin, probaldia ez gainditzeagatik.
2009ko abuztuaren 7an, Burlatako alkatearen txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“[?] andrearekin sinatutako kontratuan, zazpigarren klausulan, probaldi bat ezartzen da. Probaldi hori lan hitzarmenaren araberakoa izanen da, eta kontratua sinatzen denetik hasiko da. Probaldi horretan, bi aldeetako edozeinek kontratua deuseztatu ahalko du. Probaldia 30 egun naturalekoa izanen da.
Udalaren Kirol Patronatuko gerentziak baloratu zuen aipatutako langileak kasuko lanpostuan zuen errendimendua ez zela behar adinakoa.
Emaitzak onak ez direnez eta aurre-abisurako aginduzko epea bete ondoren, kontratua deuseztatu egin zen”.
Udal txostenarekin batera, Burlatako Udalean eta haren erakunde autonomoetan (Udalaren Kirol Patronatua) lan egiten duten kontratupeko langileen lan baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren kopia igorri zen. Hitzarmena 2004ko abenduaren 31koa da eta 2005eko uztailaren 1eko 78. NAOn argitaratu zen.
Hitzarmena igorri zen hain zuzen ere erakunde honek udalari eskatu ziolako udalaren eta Burlatako Udalaren Kirol Patronatuan administrari laguntzailearen lanpostuan ari diren langileen arteko lan harremana arautzen duen hitzarmen osoaren kopia bidaltzeko.
Kexa-egileak eta Burlatako Udaleko alkateak Udalaren Kirol Patronatuan zerbitzuak emateko administrari laguntzailea izateko lanpostu bat betetzeko 2009ko ekainaren 9an sinatu zuten kontratuaren azalpen-zatian, zehazki esaten da kontratazioa aldi baterakoa dela administrazio-araubidean. Hori berretsi egiten da hamaikagarren klausulan, non baieztatzen baita “kontratuak administrazio-izaera duela”.
Burlatako Udalaren aldi baterako administrazio-kontratuak egiterakoan, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko 88. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari –estatutu hori abuztuaren 30eko 261/1993 Legegintzazko Foru Dekretuaren bidez onetsi zen– eta hura garatzeko arauei jarraitzen zaie, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduko 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoei –erregelamendu hori ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaz onetsi zen–.
Arauak betetzeari buruzko erreferentzia egiten dugu “a sensu contrario” justifikatzeko “Burlatako Udala” enpresako lan hitzarmen kolektiboa eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 17/1995 Legegintzazko Errege Dekretua –soilik lan kontratupeko langileen baldintzak ezartzen ditu– ezin zaizkiela aplikatu administrazio-araubideko aldi baterako kontratuei.
Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen Legeko 14. artikuluan araututako probaldia, zeina, arestian adierazi dugun bezala, ezin baitzaie aplikatu administrazio araubideko kontratudunei, oker sartu zen aztertzen ari garen Burlatako Udaleko administrari laguntzailea izateko lanpostuaren deialdiaren baldintzetako 7.9 oinarrian, honako testuarekin: ”Langile batek ez badu gainditzen legez ezarritako probaldia”
Halaber, alkate jaunak eta kexa-egileak 2009ko ekainaren 9an lanpostu hutsa aldi baterako betetzeko sinaturiko administrazio kontratuko zazpigarren klausulan, honakoa esaten zen, hitzez hitz: “Probaldi bat ezartzen da, HITZARMENARI JARRAITUZ, eta kontratua sinatzen den unetik hasiko da. Probaldi horretan, bi aldeetako edozeinek kontratua deuseztatu ahalko du.
Probaldia ez gainditzeagatik lanpostutik kentzea ez dago araututa aldi baterako administrazio kontratudunei aplikatu beharreko araudian. Izan ere, haiek zerbitzutik kentzeko soilik Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen diziplina araubidea ezartzen duen Erregelamenduan ezarritako prozedura erabil daiteke. Erregelamendu hori ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen eta administrazio-kontratudunei aplikatzekoa zaie aipatu berri dugun diziplina erregelamenduaren bigarren xedapen iragankorrari ezarritakoari jarraituz.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko 93. artikuluak honakoa ezarri zuen: “Administrazio araubidean kontratatutako langileak erregelamenduz ezartzen diren xedapenen eta kasuko kontratuan ezarritakoaren arabera arautuko dira”.
Kasua bada, Estatutuko 93. artikuluaren interpretazio zabala egin daiteke, eta defendatu Administrazioak kontratu bidez kontratazio araubide berezi bat finka dezakeela, kontratudunak banakako eskubideei uko egitea suposatzen ez duen bitartean, betiere kontuan izanda kontratatuak mendekotasun egoeran dagoela sinatutako hitzarmenean.
Administrazioak lan araubidearen figura administrazio kontratuetan sartu nahi badu, probaldian esate baterako, jurisprudentziak figura horretarako –hau da, “probaldirako”– ezarritako hedapen eta interpretazioaren arabera jokatu beharko du. Bada, Auzitegi Nagusiak, 1987ko urtarrilaren 25eko epaian (RJ1987/122) honakoa deklaratu zuen: “Langileen Estatutuko 14. artikuluak eta azaroaren 21eko 2104/84 Errege Dekretuko 7. artikuluak onartzen baldin badute ere probaldi bat ezar daitekeela, nahiz eta argi egon alde bakoitzak ongi ezagutzen dituela beste aldearen nolakotasunak, esan behar da probaldi hori ezartzea ez dela beharrezkoa eta aldeen artean dagoen harreman luzea dela eta..., ezin du elkar ezagutzeko behar hori bete, hori lehendik ere badagoelako, zerbitzuak eman dituen aldiarengatik... hori dela eta onartu beharra dago Langileen Estatutuko 14. artikulua urratu zela”.
Aztergai dugun kasuan, kexa-egileak Burlatako Udalean administrari laguntzaile moduan lan egin zuen 2005eko urritik 2009ko maiatzera.
Lan egindako denboran, hiru urte baino gehiago, udalak aukera izan zuen [?] andrearen aukerak eta gaitasunak nahikoa eta sobra ezagutzeko, betetako lanpostuen arteko analogia ikusita; hori dela eta, ez luke arrazoizko justifikaziorik izanen probaldi bat ezartzeak. Argudio horrek Auzitegi Nagusiaren 1988ko irailaren 29ko epaiak markatutako ildoari jarraitzen dio (RJ 1988/7146).
Horrela bada, Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiko Gizarte gaietako Salaren martxoaren 22ko 210/2004 epaian adierazi bezala, jurisprudentziaren aurreko doktrina aztergai dugun kasuan aplika daiteke.“
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Burlatako Udalari gogoratzea langileak administrazio-araubidean kontratatzeko jarduera Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko edukiari egokitu behar zaiola, eta lan kontratuak Auzitegi Nagusiaren jurisprudentziaren arabera interpretatu behar dituela.
Halaber, udala premiatzen dugu kexa-egileak bere lanpostuan berriz hartua izateko daukan eskubidea eraginkor egiteko, eta, kasua bada, lanpostutik kendu zutenetik edo kanporatu zutenetik jaso gabeko soldata ordain dakion.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia