Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 17ko 139/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abuztua 17

Gizarte ongizatea

Gaia: Demora en la concesión de ayuda por dependencia

Exp: 10/389/B

: 139

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2010eko maiatzaren 20an, [?] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurkako kexa bat aurkeztu zuen, bere aitarentzako, [?] jaunarentzako laguntza-espediente bat ebazten atzeratzeagatik.

    [?] jaunak azaltzen zuenez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietarako Departamentuak aitortuak dizkio mendekotasun egoera (mendekotasun larria, 2. mailakoa) nahiz minusbaliotasun fisikoa eta mentala.

    Zioenez, 2009ko apirilean lehen kontaktu bat izan zuen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin, mendekotasuna izateagatiko laguntza jasotze aldera. Halere, urtebete baino gehiago igaro arren, ez du oraindik Nafarroako Mendekotasunaren Agentziaren erantzunik jaso.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.
  3. 2010eko abuztuaren 16an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa ageri da jasota:

    “Mendekotasuna baloratu eta aitortzeko eta Mendekotasuna duten pertsonendako Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautzen dituen otsailaren 9ko 6/2009 Foru Dekretuan ezarritako prozedurarekin bat, interesdunak aipatzen duen espedienteak ondoko faseak bete behar ditu:

    • Mendekotasun egoera aitortzea.
    • Banakakoaren Arreta Programa ebaztea.
    • Banakakoaren Arreta Programan proposatutako eta onartutako baliabideak ebaztea.

Halatan, foru dekretuak berak hiru hilabeteko gehieneko epea ezartzen du mendekotasun egoera ebazteko eta jakinarazteko, eta beste hiru hilabetekoa Banakakoaren Arreta Programa ebazteko eta jakinarazteko.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuko I. eranskineko B letran, berriz, bost hilabeteko gehieneko epea ezartzen da mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta zaintzaileei laguntzeko diru-laguntza emateko.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailearen uztailaren 19ko 1967/2010 Ebazpenaren bidez, [?] jaunaren balorazioa 2009ko ekainaren 17an egin zen, eta 1. mailako mendekotasun larria aitortu zitzaion behin-behinekoz; orobat ezarri zen balorazioa 2010eko uztailaren 17an berrikusiko zela.

Hartara, iragan uztailaren 17an, Nafarroako Mendekotasunaren Agentziako balorazio-ekipoak berriz egin zuen, haren etxean, [?] jaunaren balorazioa. Azterketa horri buruzko ebazpena emateke dago.

Banakakoaren Arreta Programa ebazteari dagokionez, adierazi beharra dago bereziki zaila izan dela programa ezartzea, eta nahi baino askoz beranduago onetsi dela. Atzerapen horiek 2010ean zuzendu dira.

Une honetan, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta zaintzaileei laguntzeko diru-laguntza izapidetzen ari da interesdunaren alde, kontratupeko zaintzaile motalitatekoa hain zuzen ere. Lehengo prozeduran gertatu den atzerapenaz jabetzen garenez, ahalik eta azkarrena ordainduko dugu laguntza hori.”

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluak ezartzen duenez, administrazio publikoak behartuta daude herritarrek hasitako prozedurak espresuki ebaztera, hartutako erabakiak jakinaraztera eta hori dena antolamendu indardunak ezarritako gehieneko epean egitera.

    Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kasuan, betebehar hori berretsi zuen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak; izan ere, 7. artikuluan aitortzen denez, herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea dute, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.

  2. Kasu honetan, kexa-egileak salatu du atzerapenez izapidetzen ari dela mendekotasuna izateagatiko prestazio ekonomikoa jasotzeko espedientea. Halatan, azaltzen zuenez, kexa aurkezteko unean urtebete baino gehiago zen Oinarrizko Gizarte Zerbitzura prestazio eske joan zela, baina Nafarroako Mendekotasunaren Agentziak ez zion oraindik erantzunik eman.

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak egindako txostenak gisa horretako espediente batek bete beharreko faseak aipatzen ditu (mendekotasuna aitortzea, banakako arreta programa onestea eta kasuan kasuko zerbitzua edo laguntza ordaintzea), eta horri buruz dio berrikitan [?] jaunari balorazioa egin zaiola, onartzen du atzerapena gertatu dela Banakako Arreta Programa izapidetzearen zailtasunaren erruz, eta azkenik dio ahal den azkarrena ordainduko zaiola laguntza.

  3. Erakunde honek, espedientean jasota ageri diren datuak ikusita, kexa arrazoizkoa dela adierazi behar du –halere, hori ez da eragozpen mendekotasun sistema ezartzearen konplexutasuna onartzeko–; izan ere, espedientea izapidetu eta ebazteko itxaron behar izandako denbora ez dator bat aplikatzekoa den araudian ezarritako gehieneko epeekin, eta, hortaz, herritarrak administrazio egokia izateko eskubidearen aurkakoa da, legegileak eskubide hori aitortzen baitie herritarrei.

    Administrazio publikoaren betebeharra da hartu beharreko neurriak hartzea herritarrek aurkzten dituzten eskabideak epean izapidetu eta ebatz daitezen, bai eta egoki diren giza baliabideak eta baliabide materialak ezartzea ere, eta, kasua bada, baliabide horiek komeni den moduan antolatzea ere.

    Espedienteak izapidetzeko eta ebazteko gehiegizko atzerapena ekidin beharra dago administrazio publikoaren jarduera-esparru orotan. Egonezin berezia eragiten du mendekotasuna bezalako arloetan, estu lotuta dagoena egoera behartsuenean dauden herritarren beharrizan larrienak asetzearekin.

    Ondorioz, erakunde honek legezko betebeharren gogorarazpena egin behar dio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, mendekotasun egoeran dauden pertsonei prestazioak emateko espedienteak bizkortasun-printzipioarekin bat izapidetu eta ebatz daitezen, eta, betiere, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan eta Mendekotasuna baloratu eta aitortzeko eta Mendekotasuna duten pertsonendako Banakakoaren Arreta Programa prestatzeko prozedurak arautzen dituen otsailaren 9ko 6/2009 Foru Dekretuan ezarritako epeen barruan.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela mendekotasun egoeran dauden pertsonei prestazioak emateko espedienteak bizkortasun-printzipioarekin bat izapidetu eta ebaztera eta araudia indardunean ezarritako gehieneko epeak betetzera betiere, horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuta.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia