Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 17ko 137/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, (...)-k aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abuztua 24

Función Pública

Gaia: Acoso laboral a dos profesores de la Escuela Municipal de Música

Exp: 10/550/F

: 137

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. Aurtengo uztailaren 5ean, (...)-k kexa bat aurkeztu zuen, Lizarrako Udaleko langileak pairatzen ari diren laneko jazarpenari dagokionez udalak agertzen zuen pasibotasuna dela eta.

    Azaltzen zuenez, legegintzaldi honen aurretik Lizarrako udaleko gaita-jotzaileak eta udalaren musika eskolako gaita eta danbor irakasleak ziren. Legegintzaldi honen hasieran, Kulturako zinegotziak halako moduz presionatu eta jazarri zien non udalarentzat jotzeari utzi behar izan baitzioten. Presioa eta jazarpena udalaren musika eskolaraino hedatu zen, eta, hori dela-eta, eskolako irakasleen klaustroak idazki bat igorri zion Lizarrako alkateari, Musika Patronatuko lehendakaria den aldetik, zeinean bere kezka azaldu baitzuen “eskola honetako irakasleen aurkako doako erasoak ikusita”; izan ere, “eskolakoa ez den pertsona batek eskolaren funtzionamenduari buruzko informazioa eskatu baitzuen, bereziki gaita-diziplinari buruzkoa, esanez Udalaren izenean zetorrela, eta (haren hitzetatik ondoriozta daitekeenez) helburu bakarrarekin: irakasgai horretako irakasleak beren lanpostuetatik iraiztea.”

    Azaltzen zutenez, Udaleko Kulturako zinegotziak erregelamendu bat onestea sustatu du, zeinak ez baitu inolako argudio pedagogikorik eta irakasleei debekatzen baitie ikasleei lagun egitea, ohituren kontra, tresna guztietan eta mundu guztian egiten denaren kontra. Erregelamendu horrek bere lana egitea eragozten die, Udalaren musika eskolako ikasleen ekitaldi publiko orotatik kanpo uzten dituelako.

    Horri gehitzen zioten zentzugabekeria horrek musika eskolako zuzendaria behartu duela idazki bat igortzera, 2010eko ekainaren 18an, Lizarrako Udaleko Kulturako zinegotziari, (...)-ri, zeinetan kezkatuta agertzen baita erregelamendua indarrean sartzeagatik, “ustez debekatuko baita irakasleek tutore lana egitea ikasleen zenbait ekitalditan. Tutoretza edo musikako lagun-egitea tresna pedagogiko oso baliotsua da ikasleek jendaurrean jotzen ikas dezaten, irakaslea ondoan izateak ematen duen babesarekin eta konfiantzarekin.”

    Bukatzeko, honela laburbiltzen zuten udalaren jokabidea, kexa hau aurkeztea eragin baitu:

    1. Udalaren gaita-jotzaile lanpostua utzarazi zaie.

       

    2. Udalaren Musika eskolako irakasle lanpostutik iraizten saiatu dira.

       

    3. Iraitzi ezin izan dituztenez, haien lanbidean aritzea eragozteko erregelamendu bat prestatzen ari dira.
  2. Kexa jasota, Lizarrako Udalera jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.

    2010eko ekainaren 30ean, Udalak egindako txostena jaso genuen erakunde honetan. Hauxe dio, hitzez hitz:

    1. Kexa-egileek azaltzen dutenez, “legegintzaldi honen hasieran, Kulturako zinegotziak halako moduz presionatu eta jazarri zien non udalarentzat jotzeari utzi behar izan zioten”. Horri buruz adierazi beharra dago Udalak, legegintzaldiaren hasieran, informazioa bildu zuela herriko festetako musika-emanaldiak direla-eta gaita-jotzaileen taldeen artean gertatzen ari ziren tirabirei buruz. Tirabira horiek urtero-urtero eta legegintzaldiz legegintzaldi gertatzen dira.

      Auzia konpontzeko asmoz, Kulturako zinegotzia behin eta berriro elkartu zen ukitutako gaita-jotzaileekin, besteak beste interesdunekin. Denen iritzia entzun ostean, Kultura Batzordeak aho batez erabaki zuen emanaldien egutegi bat prestatzea 2008ko herriko festei begira, zeinaren arabera bikote parte-hartzaile guztiek txandaka eta berdin joko baitzuten, halako moduz non egutegi horrek gaita-jotzaile ofizialek proposatutako egutegia ordeztuko baitzuen, eta hala jakinarazi zitzaien denei. Erabaki hori hartzeko arrazoia izan zen Udalak antolatzen dituen emanaldietan parte hartu ohi duten herriko gaita-jotzaileen bikote guztiek berdin-berdin parte hartu ahal izatea eta parte-hartze hori arautzea; izan ere, musika-tresna horrek –gaitak– garrantzi handia duenez herriko kulturan, Udalak gaita jotzen ikastea sustatzen eta bultzatzen du, eta hori dela-eta, aukera eman beharra dago musika-tresna hori jendaurrean jotzeko gaitasuna lortu dutenek ahalik eta gehien parte har dezaten.

      Egutegi hori onestean ez zen inondik ere auzitan jartzen kexa-egileak “udalaren gaita-jotzaile” izatea.

      Aipatutako egutegia banatu zitzaienean, erreklamazioa aurkeztu duen gaita-jotzaileen bikotea hartutako erabakiaren aurka azaldu zen, eta idazki bat aurkeztu zuen erregistroan 2008ko uztailaren 30ean, zeinetan adierazi baitzuten “Udalarekin sinatutako hitzarmeneko bosgarren klausulari jarraikiz, hitzarmen hori salatzen dugu, hitzarmenaren 3.3 atala urratu delakoan, ez baitzaigu uzten herriko festetako egutegia taxutzean parte hartzen eta aholku ematen. Hitzarmeneko 4.5 artikuluan adierazitakoa ere urratu da, hartan xedatzen baita gure bikoteak lehentasuna duela esparru guztietan. Hortaz, kontratu hau deuseztatzen dugu, eta kontratu horretatik heldu den betebehar orotatik salbuetsita geratzen gara.”

      Kultura Batzordeak egutegi berria igortzeko erabakia hartu aurretik, udal idazkariak txostena egin zuen 2008ko uztailaren 18an; hartan ondorioztatu zuen, sinatutako hitzarmena aztertu ondotik, Asociación Civil Gaiteros de Estella-Lizarrako Gaiteroak elkarteaaren betebeharra dela Udalari aholku ematea, baina horrek ez ditu udal ordezkariak behartzen elkarteak proposatutakoa erabakitzera.

      Azpimarratu beharra dago, ikusita gaita-jotzaileek noiz erabaki zuten hitzarmena deuseztatzea, auzia larria dela; izan ere, herriko festak hasi baino bi egun lehenago hartu zuten erabakia, eta, ondorioz, Udalak ez zeukan ia ezer egiteko aukerarik, gaita-jotzaile haiekin ezarritako betebeharrak beste gaita-jotzaile batzuekin bete nahi izanez gero.

      Une horretan, betebehar orotatik salbuetsita geratzeko erabakia onartu behar zuen Udalak ezinbestean, eta, hori dela-eta, beste gaita-jotzaileen bikote batekin harremanetan jarri zen, 2008ko herriko festetarako aurreikusita zeuden emanaldietan besteak ordezkatzeko.

      Finean, Udalak, handik aurrera –aurkeztutako ukoaren ondorioz– ez zuen (...)-k osatutako bikotea aintzat hartu hurrengo urteetako gaita-egutegiak prestatzerakoan, baina, esaten dutenaren kontra, ez da inolaz ere auzitan jarri musika eskolako irakasle diren aldetik egindako lana, eta irakasle izaten jarraitzen duten han.

    2. (...) eskolakoa ez den pertsona batek informazioa eskatu izanari buruz, udalak ez du halakorik gertatu izanaren berri, eta jakina, Udalak ez ditu bere funtzioak sekula ere delegatu, ez pertsona horrengan ez entitatekoa ez den beste inorengan ere, eskolaren funtzionamenduari buruzko informazioa biltzeko. Udalak badu, ordea, erreklamazioa egin duen bikotearen eta haien idazkian aipatzen duten pertsonaren artean izandako tirabiren berri.
    3. Aipatzen duten erregelamenduari dagokionez –horren arabera, diotenez, debekatu egiten zaie ikasleekin joatea eta haien lana egitea–, adierazi beharra dago, lehenik eta behin, erregelamendu hori taxutze-fasean dagoela eta hasi gabe dagoela oraindik hura onesteko izapidea; eta, bigarrenik, lantzen ari den testuan esaten da akademiek bete beharrekoak soil-soilik egin ahalko dituztela musika arloko prestakuntzarik handiena duten ikasleek eta ikasle-ohiek eta, duten mailari erreparatuta, betebehar horiek bere gain hartzeko gai direnek. Neurri horren bidez gaitaren etorkizuna ziurtatu nahi da, gaita-jotzaileen bikote berriei bide ematea; hartara, ikasleek akademietan jasotzen duten prestakuntzarekiko konfiantza erakusten du Udalak bidenabar. Argi dago atal hori Udalarekiko betebeharretan sarturiko emanaldiei buruzkoa dela, Udalak antolatzen dituen egutegiei buruzkoa soil-soilik.

      Erregelamendu berri hori prestatu da, hain zuzen ere, erreklamazio-egileek bere borondatez uko egin diotelako 1989ko ekainaren 10ean sinatutako hitzarmenari. Halatan, aipamen berezia behar du bigarren klausulak, ondokoa dioena: “Hitzarmen honek hogeita hamar urteko iraupena (30 urtekoa) izanen du. Epe hori iragandakoan, hitzarmena urtez urte luzatuko da, automatikoki luzatu ere, baldin eta aldeetakoren batek salatzen ez badu; hitzarmena salatzekotan, idatziz egin beharko da Udalaren Erregistro Orokorrean.

      Hitzarmena indarrean den bitartean, Udalak (...) elkarteko gaita-jotzaile kualifikatuenak kontratatu beharko ditu Musika Kontserbatorioko Gaita Akademiarako.”

      Klausula hori kontuan hartuta, interesdunek aurkeztutako ukoak berekin dakar hitzarmenaren indarraldia bukatzea, eta, hortaz, entitate honek hitzarmen horren karietara bere gain hartutako betebeharrena.

      Hori guztia gorabehera, udalarenak diren ekitaldietan gaita-jotzaileen emanaldiak arautu nahi izan ditu Udalak, eta ez du inolaz ere auzitan jarri erreklamazio-egileek Musika Eskolako irakasle izaten jarraitu behar duten ala ez.

      Laburbilduz, kexa-egileei dagokienez Udalak honela jokatu du:

      1. Udalak ez zituen inolaz ere behartu udalaren gaita-jotzaile lanpostua uztera, haien borondatez egin baitzioten uko, eta horrek eragozpenak baizik ez zizkion eragin entitate honi herriko festen atarian.
      2. Udalak ez du inoiz ere aintzat hartu haiek Musika Eskolako irakasle lanpostutik iraizteko aukera, non lehen zituzten lan-baldintza beretan jarraitzen baitute lan egiten. Hartara, gure ustez, ez da gertatu inolako lan-jazarpenik, Musika Eskolan egiten duten lana ez baitu inoiz ere auzitan jarri Udal honetako ezein organo kolegiatuk.
      3. Lizarrako Udalarentzako gaita emanaldiak arautzeko erregelamendua egin da –taxutze-fasean da– Kulturako zinegotziari eta, finean, korporazio osoari interesatzen zaiolako arau orokorrak eta prozedurak ezartzea, Lizarrako gaita-jotzaileen talde guztiek bete ahal izan ditzaten, ahalik eta modurik bidezkoenean, Udalak eskatzen dituen eginkizunak, eta etorkizuneko funtzionamenduari begira sinatu eta onets dadin. Erregelamendu horrek ez du eragozten gaita-jotzailearen lanbidean aritzea, ez erreklamazio-egileei ez beste inori ere.

        Azkenik, Udalak berriz dio entitate horrekiko betebeharretan parte hartzeari uko egiteko erabakia kexa-egileek, ez beste inork, hartu zutela. Udala harrituta dago, berriz, laneko jazarpena pairatzen ari direlako salaketa larria egiten dutela ikusita. Bitxia da, orobat, aurkeztutako kexaren xede izatea ustezko laneko jazarpen hori dela-eta Udalak pasibotasunez jokatu izana; areago ikusita, aurkeztutako idazkiaren hasieran azaltzen den bezala, interesdunek ez dutela behin ere entitate horretan halakorik adierazi eta horrek ezinezkoa egiten duela hori dela-eta ezer egitea. Halatan, entitate honen ustez, eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 23. artikuluan xedatuarekin bat, aurkeztutako kexa atzera bota beharra dago.

AZTERKETA

  1. Kexa aztertzean eta ebaztean bereizi behar dira ondoko lau ataletan jorratzen diren lau auziak:
  • Lehena.- Erakunde hau arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 21.1 artikuluak urtebeteko epea ezartzen du, kexaren xede diren gertakarien berri izan zenetik aitzina, Nafarroako Arartekoak administrazio jardulearen gaineko ikuskapen-eskumena baliatzeko. Kasu honetan, hain zuzen ere, hori gertatzen da; izan ere, (...)-ek udalaren gaita-jotzaileari izateari utzi ziotenetik –2008ko uztaila– kexa aurkeztu zuten arte urtebete baino gehiago igaro delako.

    Ulergarria da kexa-egileek interesa izatea udalaren gaita-jotzaile izatetik kentzeko arrazoiak azter daitezen, baina lehen adierazi dugu arrazoiak –igarotako denbora– eragozten du erakunde honek auzian sartu ahal izatea.

  • Bigarrena.- Udalaren izenean ari zela zioen eta musika eskolakoa ez den pertsona baten jokabideari dagokionez –hartara, eskolako lan arloko auzien erdian sartu zen–, udalaren txostenak dio “ez duela halakorik gertatu izanaren berri, eta ez diola inolako eginkizunik esleitu pertsona horri.” Udalak baieztatzen duena ikusita, eta (...) jaunak bere kabuz jokatu zuenez, udalaren gomendioei edo aginduei jarraiki gabe hain zuzen ere, ez dugu ikusten Lizarrako Udalaren jardunak eskubide konstituzionalen urraketa ekarri duenik.

    Halere, Udalari gomendatu behar zaio etorkizunean gertuagotik egin dezan musika eskolatik heldu diren oharren edo salaketen jarraipena; izan ere, 2008an Musika Eskolako irakasleen klaustroaren idazki bat jaso zen Lizarrako Udalaren Erregistroan (5643 zk.), zeinean alkate andreari adierazten baitzitzaion, Musika Patronatuko Lehendakaria den aldetik, (...) jaunaren jokabideak musika eskolaren ohiko jarduera akademikoa eta lana nahasarazi zituela.

  • Hirugarrena.- Prestatzen ari diren erregelamenduari dagokionez, ez dago udalaren jarduna ikuskatzerik, ez dakigulako zein den erregelamenduaren behin betiko testua.

    Halere, Lizarrako Udalari gomendatu behar zaio aintzat har dezan, igorlea nor den ikusita, Udalaren Musika Eskolako zuzendariak Lizarrako Udaleko kulturako zinegotziari 2010eko ekainaren 18an bidalitako idazkia, zeinetan bere kezka azaltzen baitu Erregelamendua indarrean sartzeagatik, “ustez debekatuko baita irakasleen tutoretza ikasleen emanaldi jakin batzuetan. Tutoretza edo lagun-egite musikal hori tresna pedagogiko oso baliotsua da ikasleek jendaurrean jotzen ikas dezaten, irakaslearen gertutasunak ematen duen euskarriarekin eta konfiantzarekin.”

  • Laugarrena.- Kexa-egileek salatzen duten laneko jazarpenari dagokionez, gertakariak eta inguruabarrak aztertuta, erakunde honek ez du ikusten Lizarrako Udaleko ezein organok laneko jazarpentzat jotzen ahal den jokabidea izan duenik. Edozein modutan, jasota geratu da Lizarrako Udalarekiko tirabira handiak gertatu izana, baina ezin dira laneko jazarpentzat hartu, horren zentzu juridikoari erreparatuz gero.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Lizarrako Udalari gomendatzea administrazioaren organoen arteko lankidetzaren eta eraginkortasunaren printzipioari jarraikiz, honela joka dezan Udalaren musika eskolarekiko harremanetan:
    • Lehena.- Musika eskolatik antolamenduari eta arlo akademikoari buruz heltzen diren oharren eta salaketen jarraipena egin dezan.

       

    • Bigarrena.- Gaita emanaldiak arautzeko erregelamendua prestatzen duenean aintzat har daitezen udalaren musika eskolako zuzendariaren ekarpenak eta iradokizunak, haren kualifikazioari eta posizio akademikoari erreparatuta.

       

  2. Lizarrako Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinaraz diezaion ebazpen hau onartu duen jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

     

  3. Ebazpen hau kexa-egileei eta Lizarrako Udalari jakinaraztea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia