Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 17ko 136/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abuztua 17

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a solicitudes de información

Exp: 10/330/D

: 136

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko maiatzaren 12an, goian aipatutako kexa-espedientea artxibatu zuen erakunde honek; izan ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak igorritako informazioaren arabera, ingurumenari buruz bere garaian eskatutako informazioa eman zitzaion kexa-egileari, [?] jaunari.

  2. Geroztik, 2010eko maiatzaren 18an, [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen erakunde honetan, esanez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Arartekoari emandako informazioa faltsua zela. Honakoa zioen, zehazki:

    1. Zikoina-habiak egokitzeko laguntzei buruzko eta parte-hartze organoek 2006tik 2009ra bitarte egindako bileren aktei buruzko eskabideei ez zitzaien 2010eko apirilaren 30ean erantzun. Alta, 2010eko maiatzaren 5ean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bi bidalketa elektroniko jaso zituzten, hemen azaldutako eskabideei buruzkoak.

    2. Ez zitzaien igorri zikoina-habiak egokitzeko laguntzei buruzko eskabideak direla-eta eskatutako dokumentazioa, ezpada idazki bat, eta hartan jasotzen diren baieztapen guztiak, diotenez, faltsuak dira, eta halaxe jakinarazi zioten Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idazki batean, zeinean berriz ere eskatu baitzioten hasieran eskatutakoaren araberako egiazko informazioa eman ziezaien. Zioenez, informazio hori jasotzeko zain zegoen oraindik.

  3. Idazkia aztertuta, erakunde honek kexa-espedientea berrabiarazi zuen, eta esku hartzeko zer aukera zuen ezartze aldera, 2010eko maiatzaren 12an Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eskatu zitzaion Gurelur elkarteari posta elektroniko bidez apirilaren 30ean edo beste edozein datatan igorritako informazio guztiaren kopia bidal zezala –otsailaren 5ean, otsailaren 19an eta martxoaren 4an ingurumenari buruz eginiko informazio-eskaerari erantzunez igorritakoarena–, bai eta kexa-egileak eginiko faltsutasun-salaketei buruz egoki iritzitako argibideak edo txostena ere. Kexa-egileari, berriz, igorritako eta jasotako dokumentazio guztiaren kopia bidal zezala eskatu zitzaion.

    2010eko maiatzaren 28an, kexa-egilearen idazkia jaso zen erakunde honetan, eta, harekin batera, eskatutako dokumentazioaren kopia ere bai.

    2010eko ekainaren 18an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren idazkia jaso zen erakunde honetan, eta, harekin batera, eskatutako dokumentazioaren kopia ere bai.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak planteatzen duen lehen arazoa da, Departamentuak dioenaren aurka, 2010eko apirilaren 30ean ez zitzaiela erantzun zikoina-habiak egokitzeko laguntzei buruzko eta parte-hartze organoek 2006tik 2009ra bitarte egindako bileren aktei buruzko eskabideei, eta, aldiz, 2010eko maiatzaren 5ean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bi bidalketa elektroniko jaso zituztela, hemen azaldutako eskabideei buruzkoak.

    Horri buruz adierazi beharra dago Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak igorritako dokumentazioaren artean posta elektronikoko bi mezuren kopiak ageri direla:

    bata, Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak 2010eko apirilaren 30ean, 13:04an, [?]-ri bidalia, zeinaren bidez adierazten baitzaie Nafarroako parte-hartze sozialeko organoek azken lau urteetan egindako bileren aktak igortzen zaizkiela, zehaztuz bitarte horretan ez zirela bildu ez Nafarroako Uraren Kontseilua, ez Nafarroako Oihangintzako Kontseilu Aholku-emailea ez Urbasa-Andiako Natur Parkeko Patronatua ere.

    Bestea, Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak 2010eko apirilaren 30ean, 13:12an, [?]-ri bidalia, zeinaren bidez azaltzen baitira zikoina-habiak egokitze aldera 2009an egindako laguntza ekonomikoen deialdien karietara egindako jarduketak.

    Beraz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak frogatu du, 2010eko maiatzaren 11ko txostenean adierazi zuen bezala, 2010eko apirilaren 30ean [?]-ren posta-helbidera igorri zuela kexa-egileak eskatutako informazioa.

  2. Planteatutako bigarren auzian, kexa-egileak dio gezurra direla zikoina-habiak egokitze aldera 2009an egindako laguntza ekonomikoen deialdia dela-eta igorritako idazkian jasotzen diren baieztapen guztiak, eta hala jakinarazi ziotela Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idazki batean, zeinaren bidez berriro eskatu baitzioten hasieran eskatutakoaren araberako egiazko informazioa igor ziezaien. Orobat dio oraindik ez dutela idazki horri buruzko informaziorik jaso.

    Eta hala da, kexa-egileak aurkeztutako dokumentazioaren eskabide baten kopia bat ageri da, Departamentuko sarrera-erregistroaren data ageri duena (2010eko maiatzaren 13a, 2010/239787 dokumentu zenbakiarekin). Eskabide haren bidez, idazki horren faltsutasuna salatzen da, eta okerra zuzentzeko eskatzen da, bai eta egiazko informazioa emateko ere.

    Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ez du idazki horri buruzko informaziorik eman, eta ez du frogatu erantzunik eman izana.

  3. Bigarren auzi horri dagokionez, hots, 2010eko maiatzaren 13an aurkeztutako eskabideari erantzun ez izanari dagokionez, adierazi beharra dago Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera utzita erantzun hori baiezkoa edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du; eta halaxe jasotzen da orobat Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea.

    Azken finean, Administrazioa legez behartuta dago eskabide guztiei erantzutera, idatziz normalean, eta epearen barruan betiere.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan, zehazki kexa-egileak 2010eko maiatzaren 13an aurkeztutako eskabideari.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Ebazpen hau kexa-egileari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinaraztea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia