Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: No reconocimiento de la asistencia sanitaria gratuita
Exp: 10/579/S
Nº: 135
Osasuna
2010eko uztailaren 19an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, doako osasun laguntza publikoa jasotzeko eskubidea ukatzeagatik.
Azaltzen zuenez, 2010eko ekainean Ermitagañako anbulatoriora joan zen, familia-medikuarekin hitzordua eskatzeko, eta esan zioten ez zeukala medikurik eta bere izena ez zela dagoneko ageri anbulatorioko gaixoen erregistroan, ez zegoelako Gizarte Segurantzaren barruan.
Adierazten zuenez, senarrarengandik dibortziatu zen, eta haren heriotzak ez dio pentsioa jasotzeko eskubidea sortu, eta ez dagoenez Gizarte Segurantzan alta emandako inoren mende, Gizarte Segurantzatik kanpo gelditu da erabat. Haren ustez, hori da, antza denez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko gaixoari laguntza emateko zerbitzuek baliatu duten arrazoia hari esateko ez duela jadanik osasun-estaldurarik eta zerbitzu edo ospitale publiko batera osasun laguntza jasotzera joanez gero berak ordaindu beharko lukeela. Azaroaren 18ko 640/1996 Foru Dekretuan aurreikusitako asegurua egiteko aukera eskaini diote.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txostena egiteko eskatu zitzaion Nafarroako Osasun Departamentuari.
“[?] andreak norbanakoaren osasun-txartela eskatu zion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari, Behar adina baliabide ekonomikorik ez duten pertsonentzako osasun-laguntzari buruzko irailaren 8ko 1088/1989 Errege Dekretuaren babesean.
2010eko ekainaren 24an, [?] andreari jakinarazi zitzaion Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren Probintziako Zuzendaritzak ezezko ebazpena eman zuela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren proposamenari jarraikiz, bere diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak izateagatik, eta adierazi zitzaion ebazpen haren aurka lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioa aurkez zezakeela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak izapidetu eta ebatz zezan, apirilaren 7ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Lan Prozedurari buruzko Legeko Testu Bategineko 69. artikuluari dagokionez Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 125. artikuluan ezarritako moduan hain zuzen ere.
Orobat informatu zitzaion ezen, Nafarroako Osasun Publikoaren bidezko mediku-asegurua eduki nahi baldin bazuen, azaroaren 18ko 640/1996 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitatean Osasun-laguntza Publikoa Ororenganatzeko araubideko prestazioen prozedura eta baldintzak ezartzen dituenean, ezarritako laguntza-prestazioak eska zitzakeela.
[?] andreak ez du aipatu ebazpenaren aurkako inolako erreklamaziorik aurkeztu, eta uztailaren 1ean eskatu zuen Nafarroako Foru Komunitatean Osasun-laguntza Publikoa Ororenganatzeko araubideko prestazioen prozedura eta baldintzak ezartzen dituen azaroaren 18ko 640/1996 Foru Dekretuan jasotako laguntza-prestazioak jasotzea. Eskabidea izapidetze-fasean dago une honetan.
Alegia, [?] andreak ez du frogatu osasun-laguntza publikoaren sisteman sartzeko eskubidea duenik; zehazki, ezin du baliatu behar adinako baliabide ekonomikorik ez duten pertsonentzako sarbidea, bere diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak dira eta. Azkenik, interesdunak eskatu zuen lehen aipatutako 640/1996 Foru Dekretuak eskaintzen dituen osasun-prestazio publikoak jasotzea.”
Osasun-laguntzaren unibertsalizazioaren ideia 1978ko Espainiako Kontsituzioan dago jasota. Izan ere, 43. artikuluak ezartzen du herritarrek osasunaren babeserako eskubidea dutela, eta hortik botere publikoentzako agindu bat heldu da, biztanle guztientzako osasun-laguntzako zerbitzu publiko bat, diskriminaziorik edo ezberdintasunik gabekoa, ezar dezaten; hau da, osasun-laguntzaren unibertsalizazioa ezar dezaten.
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Espainiako Konstituzioko 43. artikuluan ezarritako agindu horrekin bat, osasun-laguntzaren unibertsalizaziorako oinarriak ezarri zituen. Halatan, 1.2 artikuluan ezartzen denez, “osasuna babestua izateko eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak dira Espainiako eta atzerriko herritar guztiak, egoitza nazioko lurraldean dutenak”, eta 3.1 artikuluan ezartzen denez, berriz, “osasun-laguntza publikoa Espainiako biztanle guztiengana hedatuko da. Osasun-prestazioak egiazko berdintasun baldintzetan emanen dira.”
Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak ere azpimarra jartzen du osasun-laguntzaren unibertsalizazioan. 2. artikuluko b) letran ezartzen da Legearen printzipioetako bat dela Estatuak laguntza publiko eta unibertsala ematea, eta 3.1 artikuluan ezartzen da, berriz, zein diren osasunaren babeserako eskubidearen eta osasun-laguntza jasotzeko eskubidearen titularrak, Osasunari buruzko Lege Orokorreko 1.2 artikuluan ezarritako modu bertsuan hain zuzen ere, baina Espainiako atzerritarren eskubideak eta libertateak arautzen dituen Lege Organikoaren aipamena ere egiten da, bai eta Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalak ere.
Bestalde, uztailaren 15eko 24/1997 Legeak ezarri zuen Gizarte Segurantzaren kotizaziorik gabeko prestazioa dela osasun-laguntza, eta, horrenbestez, Estatuko aurrekontu orokorren kargura finantzatuko zela oso-osorik. Autonomia Erkidegoak Finantzatzeko Sistema Berriari buruzko abenduaren 27ko 21/2001 Legeak izaera hori berretsi zuen, xedatu baitzuen osasuna aurrekontu orokorren bidez finantzatuko zela, Gizarte Segurantzari eginiko kotizazioen bidezko finantzaketa guztiz baztertuta.
Aipatu legezko manu horiekin bat, osasun-laguntzarako eskubidea autonomoa da, eta horregatik herritarrari dagokio, besterik gabe, alde batera utzita aseguru-sistema publikoren batean afiliatuta dagoen edo ez dagoen; eta pertsonala da, ez baita heldu familia edo gizarte baldintza jakin batetik. Hori dela eta, adingabeak ere eskubide horien zuzeneko titularrak dira.
Foru legeriak ere aldarrikatzen du osasun-laguntzaren unibertsalizazioa. Horri dagokionez, azpimarratu beharra dago maiatzaren 25eko 2/2000 Foru Legearen bidez Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 3. artikulua aldatu zela, eta hartara “Foru Komunitateko lurraldearen barrenean osasun-laguntza publikoa Nafarroako edozein udaletan bizi direnengana zabalduko dela, zein ere den haien lege nahiz administrazio egoera.”
Legezko manuak bizilagunak aipatzen ditu, ezen ez erroldatuak, eta Auzitegi Gorenak honela zehaztu du bizilekuaren kontzeptua (Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2009ko azaroaren 11ko epaia, 8294/2003 –RJ/2009/7991– kasazio-errekurtsokoa, besteak beste):
“Komeni da argi uztea “bizilekuaren” kontzeptua eta horren norainokoa. Batetik, osagai espiritual bat eskatzen du, leku jakin batean bizitzeko “asmoa”. Bestetik, osagai material bat behar da “egiazko bizilekua”.
1. zenbakiko Salaren auzi honi buruzko doktrinak zalantza egin du osagai subjektiboari ala objektiboari garrantzia ematearen artean. 1978ko legegilearen ustez, zerga arloan ez dago zalantzarik: osagai garrantzitsua osagai objektiboa da. Seigarren artikuluak horregatik aipatzen du “egonaldiaren” osagai objektiboa, bizilekua definitzen duen bereizgarri gisa. Bigarren idatz-zatiak orobat ezartzen du bizileku-presuntzio bat, baldin eta ez-egotea gertatzen den kasuetan ondoriozta badaiteke ez-egotea ez dela hiru urtetik gora luzatuko (horren ondorioz uste izan daiteke badela “egoteko asmo bat”).”
Osasunari buruzko Foru Legeko hirugarren artikulu berriaren testu zehatzari erreparatuta, hau da, hitzen zentzu berekiari erreparatuta, nabarmendu beharra dago norainoko zabalekoa dela; izan ere, zein ere den haien lege nahiz administrazio egoera esapidearen bitartez onartzen da espainiarrek osasun-laguntza publikoa jasotzeko eskubidea dutela, Gizarte Segurantzari buruzko legeriaren arabera osasun-laguntzarako eskubidea izateko baldintzak edo inguruabarrak bete ala ez, eta beste horrenbeste atzerritarrek, Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei buruzko eta Atzerritar horiek Gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan ezarritakoa baino modu zabalagoan hain zuzen, zeinak erroldan izena emandako atzerritarrei aitortzen baitie osasun-laguntza jasotzeko eskubidea, espainiarrek bete beharreko baldintza beretan aitortu ere, eta horrek berekin dakar titulu zehatzen bat edukitzea: Gizarte Segurantzaren afiliatua, minusbaliatua, eta abar. Finean, foru legeak Nafarroan bizi diren pertsona guztiei aitortzen die eskubidea, eta horretarako aski dute bai legezko bai legez kanpoko etorkinek nahiz espainiarrek bizilekua bertan izatea; alegia, Auzitegi Gorenak ezarritakoari jarraikiz bizilekua egiatan bertan edukitzea, halako moduan non ez den ezinbestekoa Nafarroako udalerri bateko erroldan izena ematea.
Irakurketa horren arabera, maiatzaren 25eko 2/000 Foru Legeak osasun-laguntzaren unibertsalizazioari buruzko otsailaren 21eko 71/1991 Foru Dekretua eta azaroaren 18ko 640/1996 Foru Dekretua baliogabetzen dituela ulertu beharra dago, espresuki baliogabetzen ez dituen arren, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko hirugarren artikuluari eman zaion testu berriarekin bateraezinak direlako.
Osasun-laguntzarako eskubidea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aitortu behar du, eta ez Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak. Baieztapen horrek oinarri sendoa du osasunari buruzko estatuko legerian, zehazki Osasunari buruzko Lege Orokorreko 1. artikuluan, zeinak aitortzen baitu osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak direla espainiar guztiak eta lurralde nazionalean bizilekua ezarria duten atzerritarrak; Osasun Sistema Nazionalaren Kalitateari eta Kohesioari buruzko Legeko 57. artikuluan, zeinak ezartzen baitu norbanakoaren osasun-txartelaren bidez emanen zaizkiela herritarrei Osasun Sistema Naziolanal ematen dituen osasun-prestazioak, eta urtarrilaren 30eko 183/2004 Errege Dekretuko 2. artikuluan, zeinak ezartzen baitu autonomia erkidegoetako osasun-administrazioei eta Osasun Kudeaketako Institutu Nazionalari dagokiela, zeini bere lurralde esparruan, norbanakoaren osasun-txartela ematea.
Ulertu beharra dago estatuko araudi horrek Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren egitura organikoari eta eginkizunei buruzko abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuko 1.2.a) artikulua baliogabetzen duela, zeinak ezartzen baitzuen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari dagokiola autonomia erkidegoek ematen duten osasun-laguntzarako eskubidea aitortzea.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Osasun Departamentuari gomendatzea kexa-egileari aitor diezaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak osasun-laguntza emateko eskubidea, eta norbanakoaren osasun-txartela eman diezaion, osasun-laguntzaren unibertsalizazioari buruzko azaroaren 18ko 640/4996 Foru Dekretuak ezarritako araubidea betetzera behartu gabe ere.
Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia