Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 13ko 133/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abuztua 13

Justizia

Gaia: Actuación policial desproporcionada (cacheo con bajada de pantalones en la vía pública)

Exp: 10/513/I

: 133

Barnea

AURREKARIAK

  1. 2010eko ekainaren 23an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Foruzaingoaren jokabidea dela eta. Azaltzen zuenez, 2009ko urriaren 17an, [?] bere seme adingabea eserita zegoen beste mutiko batekin eta bi neskarekin Castejongo Ramòn y Cajal kaleko etxebizitza sail bateko atari batean. Denak ziren adingabeak. Adierazten zuenez, Foruzaingoaren patruila batek –600 eta 834 zenbakiko foruzainek osatuak– 3,1 gramo marihuanaz betetako kutxa metaliko bat aurkitu zion.

    Kexan dioenez, Foruzaingoko agenteen jokabidea neurrigabea eta adingabearen eskubideen aurkakoa izan zen. Horri buruz azaltzen zuen foruzainek adingabeak identifikatu zituztela eta, semea gainetik miatu ondoren, prakak jaitsarazi zizkiotela bide publikoan, eta esku-argi batekin barruko arropan argi eman zutela.

    Kexan ez zituen auzitan jartzen bere semearen aurka abiarazitako salaketa eta zehapen espedientea, baina, bere ustez, uneko inguruabarrak ikusita, poliziaren jokabidea neurrigabea izan zen. Haren esanetan, ikusita gertakariak zer lekutan eta zer ordutan gertatu ziren eta kontuan hartuta adingabeek zer jarrera izan zuten, ez zen herritarren segurtasunaren aurkako inolako arriskurik behin ere izan, eta ezerk ere ez zuen justifikatzen poliziak gisa hartako jokabidea izatea.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txostena egiteko eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

  3. 2010eko uztailaren 20an, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txostena jaso genuen. Bertan, ondokoa ageri da jasota:

“2010eko ekainaren 28an, Nafarroako Arartekoaren idazki bat jaso genuen posta elektroniko bidez Foruzaingoan; haren bidez, informazioa eskatzen zigun [?] jaunak erakunde horretan aurkeztutako kexa eragin zuten gertakariei buruz; alegia, Foruzaingoaren patruila batek Castejonen 2009ko urriaren 17an bere semearekin izandako jokabideari buruz.

Horren ondorioz, [?] jaunaren kexa eragin zuten gertakariei buruzko idatzizko informazioa eskatu zitzaien ukitutako foruzainei, eta ohartu ginen foruzain horietako bati buruzko informazioa ez zela zuzena; izan ere, Nafarroako Arartekoaren idazkian jasotzen denaz bestela, egun hartan esku hartu zuen foruzaina ez zen izan 834 zenbakiko foruzaina, baizik eta 874. zenbakia duena. Akats hori zuzenduta, auzi honetako foruzain interesdunen txosten bana jaso zen DRIren bulegoetan.

Gertakariei dagokienez, hala da: 600 eta 874 zenbakiko foruzainak zerbitzua ematen ari ziren, arratsaldeko txandan, 2009ko urriaren 17an, bere espezialitatekoa den Herritarren Segurtasunaren alorrean. Ikerketa honetan inplikatutako foruzainen txostenetan jasota ageri denez, 16:45ean gutxi gorabehera Castejonen ari ziren patruilatzen, eta ohartu ziren gazte talde bat itxura batean zigarreta-porruak erretzen ari zirela Ramón y Cajal kalean. Poliziak han zirela ohartu zirenean, gazteek lurrera bota zuten esku artean zerabiltena, eta zigarreta-porruak eta inguruko bestelako objektu batzuk ezkutatzen saiatu ziren.

Gazteen jokabideak eragin zuen, hain zuzen ere, foruzainek esku hartzea; halatan, otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa aplikatuta, bertan zirenak identifikatu zituzten; izan ere, lege horrek ezarritakoari jarraikiz, Segurtasun Indar eta Kidegoetako agenteek kontrolak egin ditzakete bide, toki eta establezimendu publikoetan, eta haietatik dabiltzan pertsonak identifika ditzakete, ibilgailuen erregistroa egin dezakete eta norberaren gauzen kontrola egin dezakete, ikerketa edo prebentzio zereginen barruan.

Zigarreta-porruak eduki eta kontsumitzen zutela ikustean, eta bertan bildutakoen jarrera ikustean, esku hartu zuten agenteek susmatu zuten substantzia toxiko, sorgorgarri edo psikotropiko gehiago eduki zitzaketela, eta, horrenbestez, gazteak miatzeari ekin zioten. Jokabide polizial horrek jurisprudentzia zabal baten abala du, miaketak eta katxeoak legearen eta Konstituzioaren araberakoak direla berretsi duena.

Agente interesdunek egindako txostenetan diote katxeoan gainetik erregistratu zituztela gazteak eta haien ondasunak; zehazki, gizonezkoen jaken eta praken kanpoaldeko poltsikoak eta emakumezkoen poltsak hustu eta begiratu zituzten. Bi agenteek ukatzen dute inor behartu izana bide publikoan prakak jaistera, errekerimendu hori 1/1992 Lege Organikoan jasotako azaleko erregistroaz askoz ere haratago doalako.

Agenteek orobat diote Segurtasuneko Estatu Idazkariaren irailaren 12ko 11/2007 Jarraibidearen berri dutela, zeinaren bidez onetsi baitzen Adingabeekiko Esku-hartze Polizialerako Protokoloa, modu sistematizatuan jasotzen dituena adingabeekiko esku-hartze polizial orori buruzko prozedura izapide eta manu guztiak; alegia, hemezortzi urte bete ez dutenekikoa, hala babesaren arloan nola arau-hausteak, baita delituak eta falta penalak ere, ikertzearen arloan. Eta, esku hartu zuten agenteek diotenez, adingabeekiko esku-hartze polizialari aplikatu beharreko arau eta prozedura guztiak zorrotz bete ziren orain ikertzen ari den 2009ko urriaren 17ko esku-hartzean.

[?] jaunaren arabera bere semeak pairatu zuen miaketa sakonagoan erabilitako esku-argiari dagokionez, esku hartu zuten agenteek diote haiek oroitzen dutenez hura egun eguzkitsua izan zela, erabat oskarbi zegoela eta bero egiten zuela. Jasota utzi nahi izan dute, halaber, zegoen eguraldia ikusita eta kontuan hartuta esku-hartzea 16:45ean izan zela, ez zela inolako esku-argirik ezertarako ere erabili behar izan.

Azkenik, adierazi beharra dago agenteen esku-hartzearen ondorioz bi salaketa-orri egin zirela, substantzia toxiko, sorgorgarri edo psikotropikoak edukitzeagatik, [?] jaunaren semeari 3,1 gramo marihuana harrapatu zizkiotelako, eta beste bati, berriz, 13,6 gramo marihuana.

Hortaz, hori guztia ikusita, [?] jaunak aurkeztutako kexari dagokionez –Foruzaingoko patruila batek iragan 2009ko urriaren 17an Castejonen bere semarekin izandako jokabideak eragindakoari dagokionez–, uste dugu ez dela egon inolako jarduketarik edo jokabiderik Foruzaingoko agenteek esleiturik dituzten eginkizunekiko arrotz edo irregulartzat har daitekeenik. Beraz, gure iritziz, agenteen jokabidea zilegia, egokia eta arrazoizkoa izan zen.”

AZTERKETA

  1. Konstituzioak herritarren eskubideak eta askatasunak babestu eta herritarren segurtasuna bermatzeko eginkizuna esleitzen die poliziei, eta horien jarduketak arautzen dituen legediak, berriz, jarduketa horiek proportzionaltasunaren eta arrazoizkotasunaren printzipioei jarraikiz eginen direla berresten du (hor dira, besteak bese, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legeko 3. artikulua eta Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 4. artikulua).

    Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ere aipatzen du printzipio horiek bete beharra –printzipio horiek, izan ere, poliziaren jarduna bideratzeaz gain, poliziaren esku-hartzeak ukitzen dituen herritarren eskubideen berme ere badira–, eta katxeo-eginbideei buruz berariaz adierazten du horiek “ukitua poliziaren arauen mendean jartzea dakartela, baina ez Konstituzioak aitortzen dien intimitaterako eskubidearen urraketa, baldin eta poliziaren esku-hartzea justifikatuta badago eta proportzionaltasun-printzipioarekiko errespetuaren barruan egiten bada.”

    Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legeko 4. artikuluak, berriz, poliziak behartzen ditu herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatzera beti, oinarrizko jarduketa-printzipio horrek polizien esku-hartze guztiei eragiten baitie.

  2. Espediente honetan, desadostasuna ez da printzipio horien indarraldiari edo norainokoari buruzkoa, baizik eta kexan azaltzen diren gertakari horietan poliziaren esku-hartzea gertatu zen moduari buruzkoa. Halatan, kexan adierazten denez, agenteek prakak jaitsarazi zizkioten bide publikoan [?]-ri, eta esku-argi batekin argi eman; agenteek, berriz, bertsio hori ukatzen dute, eta katxeoa azalekoa bakarrik izan zela diote.

    Gisa honetako egoeretan, non gertakariei buruzko bi bertsio ezberdin eta dibergente ematen baitira, erakunde honek, zeina ez baitzen gertakarien lekuan eta unean egon, poliziari gogorarazten dio legez behartuta dagoela herritarrekiko harremanetan tratu egokia eta arretatsua ematera uneoro, eta atxilotuta nahiz haien zaintzapean dauden pertsonen duintasuna eta ohorea errespetatzera.

    Legezko betebehar horiek espresuki daude jasota Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 4. artikuluan, eta Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen jardunaren printzipio orokor eta oinarrizkoak dira.

    Gogorarazpen honek ez ditu gertakariak aurretiaz epaitzen, eta ez ditu erantzukizunak egozten, esku hartzen duen polizia kidegoaren jarduna gainbegiratzearen esparruan egiten baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Foruzaingoari gogoraraztea legez behartuta dagoela proportzionaltasun printzipioaren arabera jokatzera eta herritarrekiko harremanetan tratu egokia eta arretatsua ematera uneoro, eta haien esku-hartzeen mendean dauden pertsonen ohorea eta duintasuna errespetatzera.

  2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko legezko betebeharren gogorarazpen hau onartzen duen edo bera ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, eta adieraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia