Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abuztuaren 13ko 132/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abuztua 13

Ogasuna

Gaia: Disconformidad con liquidación y sanción tributaria

Exp: 10/474/H

: 132

Ogasuna

AURREKARIAK

  1. 2010eko ekainaren 8an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan; haren bidez, kexa aurkeztu zuen Nafarroako Zerga Ogasunaren aurka, 2005eko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren likidazioagatik eta zehazpen bat ezartzeagatik.

    Interesdunak azaltzen duenez, 2009ko azaroan komunikazio bat jaso zuen, zeinean adierazten baitzitzaion bere 2005eko aitorpena berrikusi zutela eta kapital higiezineko zenbait diru-sarrera egotzi behar zitzaizkiola (etxebizitza alokatzeagatiko errenta). Komunikazioa jaso zuenean, interesdunak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen, zeinean adierazi baitzuen ez zirela kontuan hartu diru-sarreretatik kendu beharreko zenbait gastu eta erreferentziako epe horretan bera ez zela etxebizitzaren jabea. Halatan, interesdunak dio etxebizitza alokatu zenean bere ama zela haren jabea. Kontratua sinatu eta gutxira hil zen ama (2005ean), eta berak eta bere anai-arrebek ez zuten 2006a arte onartu jaraunspena. Hori dela-eta, [?] jaunak uste du alokairutik heldu diren diru-sarrerak ez zaizkiola bere 2005eko errentaren aitorpenari egotzi behar, ez zelako bera jabea.

    Halere, dioenez, Nafarroako Zerga Ogasunak diru-sarreren gutxiagotzeari buruzko alegazioa onartu zuen, baina ez zuen ezer erantzun pisuaren jabetza dela-eta esandakoari buruz. Hartara, interesdunari likidazioa igorri zitzaion, eta hark, dioenez, ordaindu eta auzia bukatutzat eman zuen.

    Ondoren, Nafarroako Zerga Ogasunak zehapen-espediente bat abiarazi zuen haren aurka, tributu arloko arau-hauste larri bat egin zuelakoan, eta adierazi zion zehapenaren zenbatekoa 750,56 eurokoa zela, baina ados egonez gero 450,34raino jaitsi zitekeela. Komunikazio hori ikusita, interesdunak azken zenbateko hori ordaindu zuen, nahiz eta haren ustez bidegabea izan inondik ere.

    Interesdunak dioenez, diru-sarrera gordinak 3.600 eurokoak izaki, 2.269,78 euro ordaindu behar izan dizkio Nafarroako Zerga Ogasunari, eta hori, haren ustez, guztiz bidegabea eta neurrigabea da. Berriz dio 2006ra arte ez zela etxebizitzaren jabe izan, orduan onartu baitzuen amaren herentzia, eta hori alegatu zuen, baino ez diote ezer erantzun.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

  3. 2010eko uztailaren 3an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:
“1. [?] jaunaren 2005eko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren likidazioari dagokionez, ondokoa adierazi beharra dago:

2006ko apirilaren 4an, Nafarroako Zerga Ogasunak 2005eko PFEZaren aitorpen-proposamena igorri zion [?] jaunari.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeko Testu Bategineko 85. artikuluan xedatuarekin bat (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua) eta Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 113. artikuluan xedatuarekin bat, 2005eko PFEZaren aitorpenari buruzko lidikazio-proposamena igorri zitzaion [?] jaunari.

Likidazio-proposamena posta bidez jakinarazi zitzaion, lehen saiakera batean, 2009ko azaroaren 10ean. Jakinarazpena interesdunak berak, [?] jaunak, sinatu zuen, 12:00etan.

Likidazio-proposamenean sartu ziren higiezinen kapitalaren etekin batzuk, Barañaingo [?] helbideko etxebizitza errentan ematetik heldu zirenak.

Likidazio-proposamenari erantzunez, zergadunak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen 2009ko azaroaren 23an, zeinean ondokoa eskatzen baitzuen:

  • Alokairuagatik 3.600 euroko diru-sarrera gordinak egotz zekizkiola, eta hori frogatze aldera errenta horiek sartzen ziren aurrezki-libretako mugimenduen kopia aurkeztu zuen.
  • Diru-sarrera gordinetatik kendu beharreko gastu gisa har zitezela erkidego-gastuengatik ordaindutako 728,36 euro eta arkitektura-oztopoak kentzeko obrengatik ordaindutako 2.256 euro.
  • Alokatutako etxebizitzaren jabea kontsulta-egilearen ama zela. Ama alokairu-kontratua formalizatu zen hilabete berean hil zen, 2005eko martxoan hain zuzen ere, eta, hortaz, aipatu higiezinaren jabetza ez zen kontsulta-egilearen jabetza izatera igaro 2006ra arte, orduan onartu baitzuen herentzia eta orduan erabaki baitzen jaraunspenaren banaketa. Hori frogatze aldera, jaraunspena esleitu eta onartzeko eskritura aurkeztu zuen.

Zergadunak aurkeztutako alegazioei erantzunez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Atalak 2005eko zerga-aitorpenaren behin-behineko likidazioa igorri zuen.

Behin-behineko likidazio-proposamena posta bidez jakinarazi zitzaion, lehen saiakera batean, 2010eko otsailaren 16an. Jakinarazpena 12:45ean sinatu zuen [?] jaunaren emazte [?] andreak.

Behin-behineko likidazioan hein batean onartu ziren alegazioak, eta hartara:

  1. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, aitortu beharreko alokairu bidezko sarrerek 4.140 euro egiten dute (460 euro hilean, bederatzi hilabeteko alokairuan).
  2. Alokairu bidezko sarreren gastu kengarri gisa onartzen dira erkidego-gastuak, baina ez arkitektura-oztopoak kentzeko obrak direla-eta ordaindutakoak, errentan emandako higiezinaren balioa handitzea dakarren hobekuntza bat delako.

Alokatutako etxebizitzaren titulartasunari buruz eta, horrenbestez, etxebizitza hori alokatzetik heldu den higiezinen kapitaleko etekinak egozteari edo bakoizteari buruz, berriz, ondokoa adierazi beharra dago:

Kexaren xede den kasu honetan, etxebizitza horren alokairu-kontratua 2005eko martxoaren 11n sinatu zen, eta etxebizitza horren jabea, [?] andrea, 2005eko martxoaren 13an hil zen. 2006ko urriaren 9an, jaraunspena partitu, onartu eta esleitzeko eskritura publikoan –[?] notarioaren 2006ko 1065 protokolo zenbakia baitu–, etxebizitzaren titulartasuna [?] jaunarena dela ezarri zen.
Horren ondorioetarako, PFEZari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legeko 11. artikulua ekarri behar da gogora, ondokoa ezartzen baitu jaraunspen jasogabeei buruz:
11. artikulua. Errenta egozpena.

“Sozietate zibilei dagozkien errentak, nortasun juridikoa izan ala ez, bai eta jaraunspen jasogabeei, ondasunen komunitateei eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatutako gainerako entitateei dagozkienak ere, ondokoei egotziko zaizkie hurrenez hurren: bazkide, oinorde, komunero edo partaideei, foru lege honen III. tituluko II. kapituluaren 5. ataleko 1. azpiatalean ezarritakoari jarraikiz.”

Manu horrekin bat, ama hil zenetik jaraunspena onartu arteko denbora horretan ez da geroratzen higiezinen kapitaleko etekinen tributazioa jaraunsleek jaraunspena onartzen duten unera; alta, heriotzaren egunetik aitzina etorkizuneko jaraunsleei egozten zaie, eta hori ez da oztopo izanen behin betiko zehaztapena behin-behinekoarekin bat ez etortzeko eta, ondorioz, egindako autolikidazioak erregularizatzeko.

Horrenbestez, kasu honetan, amaren heriotza 2005eko martxoaren 13an gertatu zenetik aitzina, etxebizitzaren alokairutik heldu diren diru-sarrerak [?] jaunari dagozkio.

Are gehiago, araudia zibileko ondoko manuak ekarri behar dira gogora:

Nafarroako Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren 315 Legeak ezartzen duenez, “jaraunsleak jaraunspena kausatzailea hiltzen denetik jaso duela ulertzen da”.

Kode Zibileko 989. artikuluak ezartzen duenez, berriz, “Onarpenaren eta arbuiatzearen ondoreak atzeraeraginezkoak dira beti, zein pertsonaren jarauntsia izan eta horren heriotza-unea arte.”

Likidazio prozedurari buruzko informazioa bukatutzat emateko, adierazi beharra dago Nafarroako Gobernuaren erregistroan ez dela jasota ageri interesdunak berraztertzeko errekurtsorik edo erreklamazio ekonomiko-administratiborik aurkeztu izana behin-behineko likidazioaren jakinarazpena egin zenetik hilabeteko epean.

2. Tributu arloko arau-hauste larriagatik [?] jaunari irekitako zehapen-espedientea dela-eta, bidezko da ondoko gertakariak eta zuzenbide-oinarriak zehaztea:

Zehapen-espedienteak 2005eko ekitaldiko PFEZaren likidazioan du jatorria. Likidazioa 2010eko otsailaren 16an jakinarazi zen, eta hartan sartu ziren aitortu gabeko higiezinen kapitaleko etekinak. Etekin horiek etxebizitza baten alokairutik heldu ziren. Zergadunak amaren jaraunspen bidez hartu zuen etxebizitza –ama 2005eko martxoan hil zen–, jaraunspena 2006an onartu zuenean. Ez da jasota ageri likidazioa errekurritu zuenik; hortaz, irmo bilakatu zen.

Honetara ezkero ohartarazi behar da 2006ko ekitaldiari buruzko PFEZaren aitorpenean ere ez zirela sartu etxebizitza horren alokairuaren 2006ko etekinak –urte horretan, interesdunak onartua zuen jaraunspena–. Beraz, Administrazio honek likidazioa egin eta zehapena ezarri zion.

Prozedura abiarazi izanari buruz, berriz, ondokoa adierazi behar da: 2010eko maiatzaren 2an, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 70.2 artikuluan ezarritako hiru hilabeteko epearen barruan, zehapen-espedientea abiarazi zen; halatan, Administrazio honek gutun bat igorri zuen, zeinean jakinarazi baitzen zehapen-espedientea abiarazi zitzaiola arau-haustearen ustezko egileari, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan Tributuei buruzko Foru Lege orokorraren xedapenak garatzen dituen ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretuko 28. arloan ezarritakoa betez.

Espedientea 153/2001 Foru Dekretuko 33. artikuluan ezarritako prozedura laburtuarekin bat izapidetu zenez gero, espedientea abiarazi izanaren jakinarazpenarekin batera egin zen zehapen-proposamena ere.

Zehazki, ondokoak jakinarazi zitzaizkion: espedientea abiaraztea eragin zuten gertakariak (tributu-zorraren zati bat epean ez ordaintzea), gertakarien kalifikazioa (arau-hauste larria, Tributuei buruzko Foru Lege orokorreko 68. artikuluan ezarritakoa) eta horri dagokion zehapena (Tributuei buruzko Foru Lege orokorreko 76.1 artikuluan ezarritakoa), zenbatekoa barne.

Orobat informatu zitzaion alegazioak aurkezteko eskubidea zuela, bere eskubideak aldezte aldera, bai eta eskubide hori baliatzeko epeaz ere. Ez zuen eskubide hori baliatu.

153/2001 Foru Dekretuak galdatzen duen bezala, zehapena ezartzeko proposamena ebazpena emateko organo eskudunak sinatu zuen, eta hartan jasotzen dira balia daitezkeen aurkaratze-baliabideak, epeak eta zein organotan aurkeztu behar diren ere, bai eta, zehapenarekin ados egonez gero, non, noiz eta nola ordaindu behar den ere. Espresuki ageri da jasota Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 71.3 artikuluan ezarritakoa; alegia, ados egonez gero murrizketa lor daitekeela.

Ez da jasota ageri zergadunak berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezteko eskubidea baliatu duenik, zehapena ezarri zion egintzaren aurrean.

Prozedura, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 70.4 artikuluak ezarritakoari jarraikiz, interesdunari zehapen-espedientea jakinarazi zitzaionetik hasita sei hilabeteko gehieneko epean ebatzi da.

AZTERKETA

  1. Adierazi bezala, kexa Nafarroako Zerga Ogasunaren aurkakoa da, 2005eko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren inguruko bi alderdi, bereizi beharreko bi alderdi, direla-eta: batetik, tributuaren likidazioa, eta, bestetik, zehapena.

    Jarduketa horien jatorria lotuta dago [?] jaunari higiezinen kapitaleko zenbait errenta, bere amarengandik jarauntsi zuen etxebizitza batenak, egoztearekin. Ama 2005eko martxoaren 13an hil zen, eta kexa-egileak eta gainerako jaraunsleek 2006an onartu zuten jaraunspena. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak igorritako txostenean aipatzen da jaraunspena partitu, onartu eta esleitzeko eskritura 2006ko urriaren 9an formalizatu zela zehazki.

  2. Tributuaren likidazio prozedura izapidetzeari dagokionez, interesduna kexu da; izan ere, aurkeztu zituen alegazioetako batean adierazten zuen 2005ean ez zela errentan jarritako pisuaren jabea –hortik heldu ziren, hain zuzen ere, diru-sarrerak–. Ama hil arte harena izan zen pisua, eta ekitaldiko ondorengo hilabeteetan jaraunspena jaso gabe zegoen. Nafarroako Zerga Ogasunak, berriz, ez zion alegazio horri erantzun.

    Horri dagokionez adierazi beharra dago administrazio prozeduretako arau orokorra dela espresuki ebaztea prozeduran planteatutako auzi guztiak, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 89. artikuluan xedatuarekin bat. Arau hori Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legeak ere jasotzen du; izan ere, 79. artikuluak xedatzen duenez, Tributu arloko Administrazioa behartua dago tributu arloko kudeaketa prozeduretan, ofizioz nahiz parte baten eskariz irekitzen diren horietan, planteatzen diren auzi guztiak espresuki ebaztera.

    Hortaz, interesdunak alegazio hori aurkeztu baldin bazuen, Nafarroako Zerga Ogasuna behartuta zegoen horri buruzko ebazpen espresa ematera likidazioaren egintzan berean, haren jarrera zeinahi ere zen, eta arrazoitzera zergatik egozten zion interesdunari kasuko errenta.

    Administrazio-espedientean (zehazki, alegazioak aurkeztu ostean interesdunari jakinarazitako likidazio egintzan) ez da ikusten alegazio horri buruzko ebazpen espresa eman zenik, eta aipatutako manuekin bat ebazpen espresa eman beharra zegoen, are gehiago auzia konplexu samarra zela ikusita.

    Hortaz, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gogorarazi behar zaio legez behartuta dagoela espresuki ebaztera izapidetzen diren tributu arloko kudeaketa prozeduretan subjektu pasiboek aurkeztutako auzi guzti-guztiak.

  3. Auziaren muinari dagokionez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, bere txostenean, gogora ekarri du zer xedatzen duen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeak jaraunspen jasogabeei aplikatu beharreko errenten esleipen-araubideari buruz (11. artikulua); departamentuaren ustez, legeria zibilak ere babesten du hartutako erabakia, jaraunspena onartzeak heriotza gertatu zen unetik aitzina izanen dituela ondorioak ezartzen baitu.

    Halatan, ama hil zenetik jaraunspena onartu arteko denbora horretan ez da geroratzen higiezinen kapitaleko etekinen tributazioa, eta errentak etorkizuneko jaraunsleei egozten zaizkie, nahiz eta hori ez den oztopo izanen egindako autolikidazioak erregularizatzeko.

    Likidazioaren xede den tributuaren sortzapen-egunean (2005eko abenduaren 31), bazen jaraunspen jasogabe bat, eta, ondasun-erkidego horren errentak sorrarazi zituenez 2005eko ekitaldian, horiek jaraunsleei egotzi behar zitzaizkien, arestian aipatutako esleipen-araubidearekin bat. Halere, lehen aipatutako 11. artikuluko azken lerrokadan aipatzen diren manuetan ezartzen da errenta horiek nola egotzi eta banatu behar diren interesdunen artean, eta aztergai dugun auzi honi dagokionez ezartzen du ezen “errentak bazkide, oinorde, komunero edo partaideei egotziko zaizkiela, kasu bakoitzean aplikagarri diren arau edo itunen arabera, eta horiek Tributu administrazioari modu fede-emailean agertzen ez bazaizkio, zati berdinetan egotziko direla”.

    Manu horretatik ondorioztatzen da, gure iritziz, jaraunspenean duten partaidetza-kuotaren arabera egotzi behar zaiela errenta jaraunsleei, eta errenta modu fede-emailean jasota ageri ezean, tributu-zama zati berdinetan egotziko dela.

    Aztergai dugun kasuan, erakunde honek ez du ezer aurkitzen pentsarazten digunik 2005ean jaraunspen jasogabeak eragindako diru-sarrerak kexa-egileari oso-osorik egotzi behar zaizkiola, banaketa jaraunsle guztien artean egiteko arau orokorra alde batera utzita. 2006ko urrian, jaraunspena onartu eta banatzeko ekitaldian, kexa-egileari esleitu zitzaion etekinak eragin zituen etxebizitzaren titulartasuna, baina hortik ezin da ondorioztatu banaketa guztien artean egin behar ez denik. Gure ustez, jaraunspeneko ondasunak zehazki nola banatzen diren ez da garrantzitsua aztergai dugunaren ondorioetarako –ondasun horietan sarturik egonen dira jaraunspen jasogabeak sortutako errentak, ekitaldi horretako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan tributatu beharrekoak–, eta jaraunspen horretako partaidetza-kuotaren araberakoa izan beharko du tributu-zamak.

    Are gehiago, kexa eragin duen likidazio-egintzako edukiaren balioa onartzen baldin bada (hartan, higiezina alokatzeagatiko etekin guzti-guztien zenbatekoari dagozkion berandutze-interesak ordainarazten dira, 2006ko uztailaren 4ko ondorioekin), ondoko ondoriora ailegatuko ginateke, gure ustez zeharo defendaezina dena: interesdunak, ondorioak ekidite aldera, banaketa egin baino lehen egotzi behar zion bere buruari, 2005eko ekitaldiko errentaren aitorpena egitean, etekin haien zenbateko osoa.

    Azken finean, erakunde honek ez du uste arauz kontrakoa denik Nafarroako Zerga Ogasunak kexa-egileari esleitzea jaraunspen jasogabeak 2005ean eragindako diru-sarreren zati bat –hori horrela da, lehen aipatutako errenta egozpenaren araubideari jarraikiz eta jaraunspeneko partaidetza-kuotaren arabera–, baina ez dugu ikusten oinarririk dagoenik etekin guztiak hari egozteko.

  4. Zehatzeko ahalmena baliatzeari dagokionez, ezer baino lehen adierazi beharra dago erabat ezberdinak direla ahalmen horren oinarriak eta tributu arloko kudeaketako ahalmenen oinarriak (tributuen likidazioa edo ordainarazpena). Zehapen arloan indarra du, zigor-ahalmena baliatzearen aurreko muga gisa, erruduntasunaren printzipioak, Zigor Zuzenbidetik ekarria eta administrazioaren arloan Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 130. artikuluak ezarria. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak ere aipatzen du, 66.1 artikuluan, printzipio hori –tributu administrazioari dagokio frogatzea tributu gaietako arau-hausteetan arau-hauslearen erruduntasuna finkatzen duten inguruabarrak gertatu direla–; hartaz, zergadunek fede onez jardun dutela ulertu behar da hasiera batean.

    Egia da foru lege horrek berak ezartzen duela tributu arloko arau-hausteak araua ez betetze hutsagatik ere ezartzen ahal direla, baina zehapen arloan baztertu egin beharrekoa da zergadunen erantzukizun objektiboa, halako moduz non arau-hauste gisa tipifikatutako egintza bat gertatzen den kasu orok ez duen justifikatzen zehapen ahalmena baliatzea, hain gutxi kontuan hartu gabe zein diren kasuaren inguruabarrak eta herritarraren jokabidea.

    Halatan, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak behin eta berriz ezarri duenez, “tributu arloko arau-hausteei dagokien auzi oro, administrazio-zehapenaren zuzenbidearen esparrukoa den aldetik, erruduntasunaren eta tipikotasunaren printzipioen ikuspegitik ebatzi behar da, zehapenak ezartzearen proskripzio osoz...” (Auzitegi Gorenaren epaiak, besteak beste ondokoak: 1997ko abenduaren 9koa, 1998ko uztailaren 18koa eta 2002ko martxoaren 16koa).

    Konstituzio Auzitegiak, berriz, ondokoa dio 2005eko ekainaren 20ko epaian: “Konstituzio Epaitegiaren apirilaren 26ko 76/1990 epaian adierazi bezala, tributu arloko arau-hausteen arloan ez da erantzukizun objektiboko araubiderik, eta indarra du erruduntasunaren printzipioak”. Auzitegi horrek ezartzen duenari jarraikiz, printzipio hortik heldu den ondorioa da ezin dela zehapenik ezarri dirua ez sartze hutsagatik, eta Administrazioari dagokiola iruzurra egiteko asmoa eta gutxieneko erruduntasuna frogatzeko ardura, eta hori berariaz arrazoitu beharra dagoela.

    Gure ustez, printzipio horren birtualtasunak berekin darama ondorioztatzea zehapen ahalmena baliatzea neurrigabea dela arauaren interpretazioa bera arazotsua edo eztabaidagarria gerta daitekeen kasuetan, jurisprudentziak ere ezarri baitu ezin dela herritar bat zigortu Administrazioak egiten duen interpretazioarekin bat ez datorren beste interpretazio bat, arrazoitua, egiteagatik.

    Auzi honetan, zehapen espedientea abiarazi zen jaraunspen jasogabe batek 2005ean sortutako etekinen zenbatekoa ez ordaintzeagatik. Kexa-egileari egotzi beharreko zenbatekoari dagokionez likidazio-egintzari buruz esandakoaren abstrakzioa eginez, ez dugu ikusten arrazoi nahiko dagoenik ez-egite horri zehapena ezartzeko. Errenta egozpenaren araubideko entitateen tributazioaren kasua –hori da, hain zuzen ere, jaraunspen jasogabearen kasua– konplexutasun handi samarrekoa da, eta herritar arruntarentzat ez da erraza araubide hori behar bezala ezagutzea. Hortaz, zehapen ahalmena salbuespenez baizik ezin da baliatu halako kasuetan, eta herritarrak fede onez jardun duela pentsatu behar da; kasua bada, berriz, espedientean arrazoitu egin behar da zerk justifikatzen duen gisa horretako espediente bat abiaraztea.

    Zenbait urte beranduago abiarazitako espedientean, herritarrak alegatu zuen pisua 2005ean ez zela bere jabetzakoa eta, hortaz, ez zegokiola berari tributatzea epe horretan sortutako errentak. Interesdunaren interpretazioa okerra izanda ere, ezin da ondorioztatu nabarmenki arrazoigabea zenik; horrenbestez, gure ustez, ez dago arrazoi nahikorik zehapena ezartzeko, nahiz eta horrek ez duen salbuesten tributu arloko betebeharrak betetzetik.

    Bestalde, ezin da ahantzi kexa-egileak eskatu zitzaion zenbatekoa ordaindu zuela –berandutze-interesak barne–, 2010ean tributuaren likidazio-egintza jakinarazi zitzaionean.

    Kasu honetan, bada, berandutze-interesak ere jasotzen dituen likidazio-egintzari 2005eko zerga ez ordaintzeagatiko zehapen-espediente bat gehitzen baldin bazaio, erakunde honen iritziz, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta, emaitza bidegabea da, eta erruduntasunaren printzipioarekin bateraezina, printzipio horren zigor-ahalmena mugatzen baitu.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela espresuki ebaztera tributu arloko kudeaketa prozeduretan aurkeztutako auzi guzti-guztiak.

  2. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gomendatzea 2005eko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga dela-eta kexa-egileak egindako likidazioa berrazter dezan, jaraunspen jasogabeak sortutako etekinak direla-eta egotzi zaion zenbatekoa doituta jaraunspen hartan izandako kuotari.

  3. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari gomendatzea ekitaldi horretako zerga dela-eta izapidetutako zehapen-espedientea baliogabe dezan.

  4. Bi hilabeteko epea ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  5. Interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia