Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Situación discriminatoria por razón de maternidad en el cómputo de servicios prestados, en relación con la participación en concursos-oposición en el ámbito docente
Exp: 09/454/F
Nº: 159
Funtzio publikoa
2009ko ekainaren 30ean, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du irakasle-lanaren esperientziaren kontaketa dela eta, arlo horretarako lanpostuak betetzeko deitutako oposizio-lehiaketetan.
Interesdunak azaltzen du bigarren hezkuntzako behin-behineko irakaslea dela, eta duela zenbait urtetatik hona kontratuak kateatzen joan dela. Horrezaz gainera, oposizio-egilea da. Gaur egun, haurdun dago. Erditzerako aurreikusi dioten eguna irailaren 1a da.
Adierazten du jada lanpostua hautatua duela datorren ikasturterako, eta, jakinarazi diotenaren arabera, kontratua abuztuaren 20tik 31ra bitartean izenpetuko du; kontratuak irailaren 10etik aurrera izanen du indarra.
Azaltzen du erditzearen eguna zein den, emandako zerbitzuak kontatuko dizkiotela ala ez dizkiotela kontatuko datozen oposizio-lehiaketetarako deialdietan. Puntuazio hori, noski, erabakigarria izaten da lanpostuak lortzeko. Horri dagokionez, azaltzen du irailaren 10etik aurrera erditzen bada, ez duela inolako arazorik izanen, zeren eta kontratuak jada indarra izanen baitu, eta orduan zerbitzuak kontatu eginen dizkiote. Haurra egun hori baino lehen jaiotzen bada, berriz, ez du inolako puntuaziorik izanen aipatu kontzeptuarengatik.
Uste du haurdun egoteak eta egun batean edo bestean erditzeak ez liokeela inongo kalterik ekarri beharko beste oposizio-egile batzuen aldean, eta azaltzen du amatasun-bajaz gozatuz gero nahitaezkoa den aldian, puntuak galduko dituela (are puntu gehiago lizentziaren iraupen posible guztiaz baliatzen bada).
Adierazten du arazo horretarako konponbideren bat bilatu beharko litzatekeela, zeren eta ama oposizio-egileen aukera-berdintasunean eragina baitu.
2009ko abuztuaren 3an, Hezkuntza Departamentuaren erantzuna sartu zen erakunde honetan. Honakoaren berri ematen zuen:
“[?] andrea Hezkuntza Departamentuko Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa kontratatutako langilea da, Fisika eta Kimika espezialitatean. 2008-2009 ikasturtean, Iruñeko Iturrama BHIan izan du lanpostua. Halaber, 2009-2010 ikasturterako lanpostuen adjudikaziorako ekitaldi publikoan, [?] andreari Fisika eta Kimika espezialitateko Bigarren Hezkuntzako irakaslea izateko kontratu bat esleitu zitzaion Iruñeko Iturrama BHIan. Kontratu horrek 2009ko irailaren 10ean hartuko du indarra.
Hala eta guztiz ere, interesdunak adierazten du haurdun dagoela, eta erditzea 2009ko irailaren 1erako aurreikusita dagoela, eta erditzearen eguna zein den, emandako zerbitzuak kontatuko dizkiotela ala ez dizkiotela kontatuko irakasleen kidegokoan sartzeko hurrengo oposizio-lehiaketetarako deialdietan. Adierazten duenaren arabera, irailaren 10etik aurrera erditzen bada, ez du arazorik izanen, zeren eta kontratu berriak jada indarra izanen baitu, eta amatasun bajaren denbora emandako zerbitzutzat hartuko baitzaio. Irailaren 10a baino lehenago erditzen bada, berriz, amatasun bajaren aldia irakasle-esperientzia gisa kontatuko zaio, irakasleen kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketetako merezimenduen baremoko irakasle-esperientziaren atalean.
Interesdunak uste du haurdun egoteak eta egun batean zein bestean erditzeak ez liokeela kalterik ekarri behar gainerako oposizio-egileen aldean. Izan ere, egoera horrek eragina du ama oposizio-egileen aukera berdintasunean.
Irakasleen aldi baterako kontratazioa Hezkuntza kontseilariaren maiatzaren 8ko 60/2009 Foru Aginduaren bidez arautu zen. Agindu horrek onesten du zer arauren bidez kudeatu behar diren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangai zerrendak. [?] andreak planteaturiko gaiari dagokionez, arau horrek, 13.2.b) artikuluan jasotzen du, lanaldi osoko edo lanaldi erdiko edo gehiagoko kontratu baten eskaintzari bidezko arrazoiengatik uko egiteko arrazoietako bat honakoa dela: “Erditze, adopzio edo harrerarengatik lizentzia egoeran egotea”. Halaber, idatz-zati horrek honako aurreikuspena jasotzen du:
“Aldi baterako kontrataziorako izangai bat erditze, adopzio edo harreragatik lizentzian baldin badago, soldata hartuz nahiz hartu gabe, eskubidea izanen du deitu zaionean tokatzen zitzaion lanpostua erreserba dakion, eta lizentzialdia bukatzen denean hartu beharko du lanpostu hori. Erreserbatu zaion lanpostua hartzen ez badu, ukoa justifikatutzat hartuko da”.
Hau da, interesdunak amatasun bajan baldin badago zerbitzuak ematen hasteko unean, 2009-2010 ikasturterako kontratu berri baten indarrez, arauak bideratzen duena da kontratu horren erreserba egitea harik eta amatasun-bajaren egoera bukatu arte. Izan ere, une horretatik aurrera, kontratua sinatu eta adjudikatutako lanpostuan benetan hasi ahal izanen da. Hala eta guztiz ere, interesduna amatasun-bajaren egoeran dagoen bitartean ezin du kontratua sinatu, eta, horregatik, ezin izanen da aldi hori kontatu zerbitzuak emandako alditzat, zeren eta hartan ez baitago kontratu indardun bat, interesdunak bilatzen dituen eraginetarako. ”
Kexaren egileak, Bigarren Hezkuntzako behin-behineko irakaslea eta Hezkuntza Departamentuak aldizka deitzen dituen lanpostu mota horretarako oposizio-egilea denak, amatasun-egoeraren ondorioz paira dezakeen desabantaila salatzen du.
Erreferentziako hautapen prozesuetan, lanpostuak oposizio-lehiaketaren bitartez betetzen dira. Haietan, Emandako zerbitzuak dira baloratu beharreko alderdietako bat, eta kasu batzuetan, adjudikazioa determinatzen duena ere bada. Bada, hori suposaturik, interesdunak, haurdun dagoenak eta erditzeko data irailaren hasierarako aurreikusia duenak, azaltzen du jaiotza gertatzen den egunaren arabera, galera bat pairatuko duela jabetzapean lortu nahi duen lanpostua eskuratzeko. Azaltzen du kontratuak indarra hartu aurretik erdituz gero (irailaren 10erako aurreikusita dago), ez dituela metatuko amatasunaren lizentziak irauten duen denboran emandako zerbitzuak. Aitzitik, kontratua sinatu eta berehala egiten badu, amatasun-bajaren egoerara pasatuko da, baina emandako zerbitzuak bai kontatuko zaizkio.
Hezkuntza Departamentuak eginiko txostenean, indarra duen araubidea azaltzen da, hain zuzen ere maiatzaren 8ko 60/2009 Foru Aginduaren aurreikuspenetatik heldu dena. Izan ere, foru agindu horren bidez onetsi ziren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak. Agindu horrek berariazko arau bat aurreikusten du amatasun egoeran egon eta deituak izateko eskubidea duten emakumeei buruz: erreserba bat egonen da, eta haren bidez kontratua sinatu eta behin amatasun bajaren aldia bukatzen denean hasi ahalko dira lanean.
Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Departamentuak emaniko txostenetik ondorioztatzen da litekeena dela interesdunak salatzen duen egoera gertatzea. Izan ere, emandako zerbitzuen kontaketa soilik hasten baita kontratu batek indarra duen bitartean; horrenbestez, jaiotza lehenago gertatzen bada, interesdunak erreserba-eskubide bat izanen du, baina ezin izanen zaizkio kontatu amatasun bajak irauten duen bitarteko aldiari dagozkion zerbitzuak.
Horrenbestez, interesdunak azaldutakotik ondorioztatzen da amatasunaren arrazoi soilarengatik, eta ez beste ezergatik, kalteturik suerta daitekeela etorkizuneko prozeduretan, beste izangai batzuk –deituta izateko eskubide bera izan eta zerbitzuan sartzeko ezintasuna ez duten izangaiak– baino egoera okerragoan egoteagatik.
Inguruabar hori, gure ustez, otsailaren 9ko 1976/207/CEE zuzentarauaren aurkakoa da –profesionalek enplegura eskuratzeko, prestakuntzarako eta sustapena lortzeko gizonen eta emakumeen tratu berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa eta lan baldintzei buruzkoa da–, bai eta Gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren aurkakoa ere.
Hemen interesatzen zaigunerako, zuzentarau horrek eta lege organikoak enplegu publikoa lortzeko egiazko aukeren berdintasuna bilatzen dute, eta amatasuna bezalako inguruabarrak ezin dira oztopo edo desabantaila izan beste izangai batzuekin alderatuta.
Europako Erkidegoetako Auzitegiak, 2006ko otsailaren 16ko epaian (Madrilgo Osasun Institutuaren aurkako [?] kasua), adierazi zuen Europako zuzentaraua “amatasun baimenarekin dagoen langile bati hautapen prozedura bera gainditu duten beste izangai batzuei aitortzen zaizkien eskubide berak aitortzen ez dizkion araudi nazionalaren aurka dagoela, funtzio publikoan sartzeko baldintzei dagokienez; gainera, langile horrek lanpostu hartzeko unea atzeratzen da amatasunarengatiko baimena bukatzen den arte, baimen horren iraupena antzinatasunaren kontaketarako kontuan izan gabe”.
Epaian aipatzen den kasua ez da hemen aztergai dugunaren berdina (izendatu berria zen funtzionario baten kasua zen, amatasun arrazoiengatik bere jabetza-hartzea atzeratu behar zuena; Administrazioak antzinatasuna jabetza-hartzearen unetik kontatzen zion, nazio mailako araudian hala ezarrita zegoelako; hori gizonen eta emakumeen egiazko berdintasunaren printzipioaren aurkakotzat jo zen), baina lotura argia dauka harekin, zeren eta azpian dagoen ideia baita amari hautaprobak gainditu dituzten gainerako izangaiei ematen zaien tratamendu bera ematea, amatasunarengatik lanpostuan berandu sartzeak inongo kalterik eragin gabe.
Azken batean, gure ustez, kexa-egileak eskubidea baldin badu aldi baterako kontratu bat izenpetzeko, irakasle gisa, ez du inongo desabantailarik pairatu behar amatasunaren ondorioz, deituta dauden eta lanean hasteko moduan dauden gainerako izangaiekin alderatuta. Izan ere, emandako zerbitzuak kontatu beharko lirateke lanpostuan egiaz hasteko unea atzeratu izan ez balitz bezala. Hala egiten ez bada, desabantailako egoera bat ontzat jotzen ariko ginen, hain zuzen ere amatasunak eragindako desabantaila bat, gainerako behin-behineko langileen eta oposizio-egileen aldean. Hori onartezina da berdintasunaren printzipioari eta arestian aipatutako erkidegoko eta estatuko arauei erreparatuta.
Horrenbestez, gomendatzen dugu irizpide hori ezar dadin, bai interpretazioaren bidean (gure ustez aurkako konponbideak goragoko maila batekoak diren printzipioak urratzen ditu), bai hura berariaz txertatuz horri buruzko arauetan. Betiere, deitzen zaion unean amatasun egoeran dagoenari bermatuko zaizkio ez soilik kontratuaren erreserbarako eskubidea, baita lanpostura sartzea atzeratu behar den denborari dagozkion zerbitzuen kontaketa ere.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea behar diren neurriak har ditzan bermatzeko aldi baterako kontratatzeko deituak izateko eskubidea duten emakumeek ez dezaten inongo desabantailarik pairatu amatasun bajan egoteagatik. Hori dela eta, etorkizuneko hautapen prozesuei begira, kontatu eginen zaizkie lanpostuan egiaz lanean hasi arte geroratzen den aldiari dagokion denbora.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia