Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Denegación de apoyo adicional para niño con necesidades especiales
Exp: 10/818/E
Nº: 213
Hezkuntza eta irakaskuntza
2010eko urriaren 26an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Hezkuntza Departamentuaren aurkako kexa bat aurkezten zuen, bere semea, [?] jauna, hezkuntza premia berezietako modulu batean ez sartzeagatik, Berriogoitiko Haur Eskolan hezitzaile laguntzaile baten laguntza izan zezan.
Kexan hitz batean azaltzen zuenez, haurrak, orain zazpi hilabete baititu, besoko perlesia obstetrikoa du, eta 2010eko uztailean operatu zuten. Gaitz horren ondorioz zenbait jarraibide gorde behar ditu, eta ohikoa baino laguntza handiagoa behar du. Hortaz, gurasoek Berriogoitiko Haur Eskolan eskolatuta jarrai dezan nahi dutenez, laguntzako hezitzaile izan dezan eskatzen zuten.
Hezkuntza Departamentuak, ordea, ez zuen eskaera hori onartu.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, txosten bana eskatu zien Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eta Berriogoitiko Haur Eskolari.
Udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa eta ekipamendua finantzatzeko asmoz, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak sinatzeko oinarriak ezartzen dituen ekainaren 29ko 107/2010 Foru Aginduko 7. artikuluak ezartzen duenez, berriz, hezkuntza premia bereziak dituzten haurrak zuzenean sartuko dira eta hezkuntza-laguntzarako langileen arreta eduki dezakete.
Horrelako kasuetan, indarreko araudiak ezarritako ratioaren gainetik kontatuko dira. Hezkuntza Departamentuak haurren eta hezkuntza-laguntzarako langileen banaketa eta kokapen geografikoa antolatuko ditu. Langile bakoitzak gehienez hiru haurri emanen die arreta. Haurrei arreta emateko hezkuntza baliabideen balorazioa eta horien finantzaketa Hezkuntza Departamentuaren esku egonen da.
Ondokoa da hezkuntza premia bereziak dituzten haurrei laguntzako hezitzaileak esleitzeko prozedura:
Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko Laguntza Goiztiarreko Ekipoak ezartzen du zer baliabide behar diren Haur Eskolan haurrari laguntza emateko, eskabidea egitean familiak aurkeztutako txostenak ikusi ondoren eta, beharrezkoa den kasuetan, balorazioa eskolako testuinguruan egin ondoren.
Laguntzako hezitzailea behar izanez gero, Laguntza Goiztiarreko Ekipoak eskabidea egiten dio Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko Atalari, horretarako ezarritako epean.
Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko Atalak, Laguntza Goiztiarreko Ekipoak eginiko eskabidea jasotzen duenean, langile horien finantzaketa izapidetzen du, Haur Hezkuntzako lehen zikloko zentroa finantzatze aldera Hezkuntza Departamentuak zentroaren titulartasuna duen entitatearekin sinatzen duen lankidetza hitzarmenean sartzen dena.
[?] haurraren kasuan, 2010eko maiatzean, familiak aurkeztutako txosten medikoak ikusita eta beste iturri batzuek ere emandako informazioa ikusita, Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko Laguntza Goiztiarreko Ekipoak erabaki zuen [?] haurrak zentroaren baliabide berekiekin has zezakeela ikasturtea Berriogoitiko Haur Eskolan. Hezkuntza Departamentuak familiari jakinarazi zion ez zuela laguntzako langilerik jartzea onartu eta ebaluazio bat eginen zuela egokitzeko aldia bukatutakoan.
Egokitzeko aldia bukatuta, urriaren 14an, Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko Laguntza Goiztiarreko Ekipoak [?]-ren ebaluazioa egin zuen, kontuan hartuta kirurgia-operaziotik suspertzeko prozesua nahiz Haur Eskolaren testuingurua.
Haur Hezkuntzako lehen zikloko zentroetan eskolatutako haurren hezkuntza premiak ezartzeko erabiltzen den protokoloari jarraikiz, Laguntza Goiztiarreko Ekipoak uste du zentroaren baliabide berekiekin eman dakiokeela laguntza [?] haurrari Berriogoitiko Haur Eskolan. Hortaz, ekipo horrek egindako txostena kontuan hartuta, ez da bidezkoa [?]-ri laguntza emateko hezitzaile laguntzaile bat esleitzea.
Halere, zehaztu beharra dago ezen, kontuan hartuta [?]-ren adina –sei hilabete ditu–, espezialistek daramaten errehabilitazio prozesua eta haur eskolako egonaldiaren laburra, proposamen hori berrikusiko dela baldin eta haurraren beharrizanak eta egoera aldatzen badira.
Arartekoaren eskaerari jarraikiz, honekin batera doaz orobat:
Espedientean jasota dagoen dokumentazioaren kopia osoa.
2010eko urriaren 14an egindako ebaluazioari buruzko informazioa eta egindako jarduketen azalpena.
Bukatzeko, txosten honetan azaltzen dira Hezkuntza Departamentuaren iritzia, haurra hezkuntza premia bereziekiko ikasle gisa hartu behar ote den eta ondorioz laguntzako hezitzailea behar ote duen, bai eta iritzi hori zertan oinarritzen den ere.”
2010eko azaroaren 24an, Berriogoitiko Haur Eskolako zuzendariaren txostena jaso zen erakunde honetan; hartan, ondokoa adierazten da:
“Lehenik eta behin, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloari buruz indarrean den araudia aipatu beharra dago, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak eta urtarrilaren 19ko 8/2010 Ebazpenak ezartzen dutenez gero:
8 haur egonen da gehienez ere urtebetetik beheitiko haurrentzako unitate bakoitzean.
Hezkuntza premia bereziak dituzten haurrek Hezkuntza Departamentuaren aldeko txostena beharko dute, eskabidean aurkezten dituzten txostenak gorabehera.
Hezkuntza Departamentuak, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan, beharrezkoak diren prozedura eta baliabideak ezarriko ditu berariazko laguntzaren beharra lehenbailehen identifikatzeko.
2010eko urriaren 14an, Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko Laguntza Goiztiarreko Ekipoak [?]-ren balizko beharrizan berariazkoak identifikatzeari eta baloratzeari ekin zion. Hurrengo egunetan, balorazio hori oinarri, Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zigun [?]-k ez zeukala laguntzako hezitzaile baten premiarik.
Irailaren hasieran, [?] zaintzeaz eta artatzeaz arduratzen ziren hezkuntza-langileek bilera bat egin zuten familiarekin, haiei azaltze aldera zer den besoko perlesia obstetriko osoa eta jarrera-higieneari dagokionez kasu zehatz horretan kontuan hartu beharreko zenbait gomendio emate aldera. Eskolak, ondoren, horien berri eman zion Laguntza Goiztiarreko Ekipoari. Hona gomendio horietako batzuk:
Ukondoaren jarrera bortxatuak ekiditea mugitzerakoan eta janzterakoan.
Jarrera egokian dagoela begiratzea; alegia, ukitutako besoa ez dadila immobilizatuta edo/eta jarrera txarrean egon.
Besoak jarreraren mugimendu naturalari jarraitzen diola laguntzea. Kontu handiz mugitzea arropa aldatzean, bainua hartzean... beti jarrera naturala duela begiratzea.
Ahal den neurrian, estimuluak eskuineko aldetik jasotzeko moduan paratzea.
Arlo psikomotorrari dagokionez, iraulketaren fasean dago, eta, hortaz, kontu bereziarekin ibili behar da ukitutako besoaren azken jarrerari begira; izan ere, bere gorputzaren pisuak harrapatuta gera daiteke, eta heldu baten laguntza behar du besoa askatzeko; eta kontu bereziarekin ibili behar da, oraingoz ezin delako denbora gehiegi ahuspez egon eta inork zaindu gabe, jarrera okerra ekidite aldera.
Gaur egun, ezarritako ratioarekin bat, [?] bularreko haurren gelan dago beste zazpi umerekin batera, hezitzaile baten kargura. Ikasturteak aurrera egin ahala eta gelakideak gelan barrena mugitzen hasten direnean, ukitutako besoa zapaltzeko eta golpeak eta ostikoak hartzeko arriskua handituko da segur aski.
Ikastetxe honetako zuzendaria naizen aldetik, niri dagokit haurrentzako ingurune seguru bat ziurtatzea, eta zehazki, [?]-ren kasuan, segurtasuna ziurtatuko bada hezitzaile batek etengabe zaindu behar du. Halere, kontuan hartuta haur-talde osoa eta egunerokotasuneko zenbait une, hala nola jantokia, siesta edo/eta bainugela zaintzea, ezin dugu haren segurtasuna ziurtatu egun osoan zehar eta ikasturteko egun guztietan zehar.
Azkenik, adierazi beharra dago Eskolak familiari nahiz Laguntza Goiztiarreko Ekipoari eman diela arestiko horren guztiaren gaineko informazioa.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 71. artikuluak ezartzen duenez, ikasle guztiek ahalik eta garapen pertsonal, intelektual, sozial eta emozional handiena eta Lege honetan ezarritako helburu orokorrak lortzeko beharrezkoak diren baliabideak jarriko dituzte hezkuntza-administrazioek.
Halaber, hezkuntza-administrazioek beharrezko diren baliabide guztiak ziurtatu behar dituzte, hezkuntza-premia bereziak izateagatik, ikasteko aparteko zailtasunak izateagatik, adimen-gaitasun handiak izateagatik, hezkuntza-sisteman berandu sartzeagatik, egoera pertsonalak edo eskolako historialak hala eskatzeagatik, arruntaz bestelako hezkuntza-arreta behar duten ikasleek beren gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatu ahal izan ditzaten eta, nolanahi ere, ikasle guztientzat ezarritako helburu orokorrak lortu ahal izan ditzaten.
Deklarazio orokor bat da honako hau, hezkuntzarako eskubide oinarrizkoaren irudikapen zehatza zerbitzuen alorraz denaz bezainbatean (Konstituzioko 27. artikulua), bai eta berdintasun materialaren printzipioarena ere (Konstituzioko 9.2 artikulua).
Argi dago legegilearen asmoa dela Administrazio publikoak hartu behar diren neurriak har ditzan ikasle guztien aukera berdintasuna ziurtatzeko, arreta berezia jarrita edozein arrazoi dela medio hezkuntza-laguntzari dagokionez premia berezia duten ikasleei.
Eta laguntza-premia berezi hori baloratu behar da, aipatutako manu horretatik ondorioztatzen den bezala, ikaslea betezen ari den hezkuntza-etapan lortu nahi diren helburuei erreparatuta. Haur hezkuntzako ikasleen kasuan, oro har, arauak (13. artikuluak) ondoko helburuak ezartzen ditu, besteak beste: norbere gorputzaren ezagutza eta ekintzarako aukerak, eguneroko jardueretan apurka-apurka autonomia lortzea eta mugimendu, keinu eta erritmo arloan lehen urratsak egitea.
Kexa-egilearen semeak zazpi hilabete ditu, eta egin diren mediku-txostenen arabera besoko perlesia obstetrikoa dauka; gaixotasun hori, zientzia medikoaren arabera, besoko sarearen lesio mekaniko batek sortua da, eta berekin dakar defizita izatea zentzumenen eta mugimenduen arloan. Lesio hori dela-eta kirurgia-operazioa egin behar izan zitzaion orain dela zenbait hilabete, eta errehabilitazio-tratamendua egiten ari da oraindik.
Gaixotasunaren ezaugarriak eta ondorioak horiek baldin badira, eta arestian aipatutako helburuak haur hezkuntzaren helburuak baldin badira, erakunde honek nekez onar dezake [?]-ri eman beharreko hezkuntza-arreta ohikoa izan daitekeenik, edo, bestela esanda, iksatetxean bere kideei emandakoaren laguntzaren osagarri bat behar ez duenik.
Espedientetik ondorioztatzen denez, badira jarraibide berariazko batzuk, haur horrek duen gaixotasunari erreparatuta jarraitu behar direnak eta laguntza nahiz arreta “plus” bat dakartenak bere adineko haurrei emandakoaren aldean. Behar duen laguntza kualifikatu hori hezkuntza premia berezi gisa kalifika daiteke etapa horretako hezkuntza-hleburuen eta bularreko haurren jarduera berekien esparruan, eta Administrazio publikoak erantzun berezia eman behar dio horri.
Areago, Haur Eskolak egindako txostenak agerian uzten du kexa-egilearen semea dagoen taldeari ohiko laguntza emateak (1/8 ratioa) arriskua eragin dezakeela, eta guk, betiere, arriskua ekiditeko gomendioa egiten dugu.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea laguntzako hezitzaile bat jartzeko baimena eman dezan kasu honetan.
Hezkuntza Departamentuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta adierazitakoa betetze aldera neurri egokiak hartzen dituen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Francisco Javier Enériz Olaechea
Nafarroako Arartekoa
Partekatu edukia