Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Inactividad municipal ante obra realizada por su vecino carente de la preceptiva licencia
Exp: 10/845/U
Nº: 212
Hirigintza
Aurtengo azaroaren 4an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, haren ustez Berriozarko Udalak ez zuelako deus ere egin lizentziarik gabe egindako obra bat dela eta.
Kexa-idazkian azaltzen zuenez, Berriozarko [?] kalean bizi da, [?] zenbakian, eta haren etxebizitzaren ondokoan obrak egin dituzte, inolako prozedurarik bete gabe egin ere. Zehazki, etxeko portxea aldatu dute, halako moduan non, altueraren eta zabaleraren neurriak gainditu direnez, interesdunaren portxea “ahokatua” gelditu baita.
Zioenez, obra horiek eragin dioten kalte estetikoaz gain –izan ere, urbanizazioaren uniformetasuna hausten dute–, bere jabetzari ere eragin diote zuzen-zuzenean, argia eta intimitatea kendu diotelako.
Kexan zioen martxoan jada telefono bidez eman ziola horren berri Berriozarko Udalari, zeinak onartu baitzion obra horiek lizentziarik gabe eginak zirela. Abuztuan, Udalak inolako neurririk hartzen ez zuenez gero, idazki bat aurkeztu zuen. Kexa aurkeztu zuen egunean, erantzunik jaso gabe zegoen oraindik.
Hori dela-eta eskatzen zuen “Udalak auzian esku har dezan eta hartu beharreko neurriak har ditzan, portxea obrak egin aurretik zegoen bezala gera dadin.”
2010eko abenduaren 1ean, Berriozarko Udalaren txostena sartu zen erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:
“[?] andrearen etxebizitzaren aldameneko etxebizitzaren jabeak lizentzia eskatu zuen 2010eko apirilean, bere etxebizitzaren perimetroko zoladura aldatzeko, ezen ez portxea egiteko.
Portxea eraikitzen hasi zenean, [?] andreak kexa bat aurkeztu zuen udalean, udaltzaingoak hura ikuskatu zuen, akta egin zuen eta obra geldiarazi zen.
Ekainean, jabe horrek berak lizentzia osagarria eskatu zuen, bere bizilagunen portxeen ezaugarri berekiko portxe bat egiteko.
Udal teknikariek obra egitearen aldeko txostena egin zuten, baldin eta baldintza zehatz batzuk betetzen bazituen eta dokumentazio osagarria aurkezten bazuen. Abuztuaren 10ean kasuko errekerimendua egin zen, hartu-agirian jasota ageri denez.
Bitartean, Udaltzaingoak ikasi zuen lizentziarik gabe egiten ari zirela obrak, nahiz eta lehendik geldiarazita egon.
Abuztuaren 12an, [?] andreak lehen aldiz aurkeztu zuen kexa idatzia.
Ondoren, auzia Hirigintza Batzordera joan zen, eta txosten bat prestatu zen Batzordeak ezarritako irizpideekin bat, lizentzia-eskatzaileak bete beharrekoa.
Irailaren 20an, abuztuaren 10ean jasotako errekerimenduari buruzko dokumentazioa aurkeztu zuen eskatzaileak.
Azaroaren 25ean, zerbitzu teknikoek txostena egin zuten. Haren arabera, aurkeztutako dokumentazioa ez zen aski, eta eskatzaileari errekerimendua egin zitzaion, dokumentazio hori aurkez zezan.
Azaldutakotik ondorioztatzen denez, Udala ez da ezer egin gabe egon, eta bete beharreko prozedura betetzen ari da. Gehienez ere, kexa-egileak pentsa lezake ez dela berak nahiko lukeen bezain azkar jardun.
Prozedura abian da. Lizentzia eskatu duenak egin zaizkion errekerimenduak betetzen baldin baditu, eskatutako lizentzia emanen zaio. Ez baldin baditu betetzen, aldiz, lizentzia ukatuko zaio eta zuzenbideari jarraikiz hartu beharreko neurriak hartuko dira.”
Azaldu den legez, kexa-egileak salatu du Berriozarko Udalak ez duela ezer egin portxe bat legez kanpo eraiki izanari buruz jarritako salaketa bat dela eta.
Udalak igorritako txostena aztertuta egiaztatu denez, gertakarien berri izan zuen unean berean, Udalak obra ikuskatu zuen eta obra geldiarazteko agindua eman zuen. Geroztik, obra egiten ari zenak portxe bat eraikitzeko lizentzia osagarria eskatu zuenean, Udalak birritan egin dio errekerimendua dokumentazio zehatza aurkez dezan, aurkeztutakoa ez baita aski.
Hortik ondorioztatzen da Berriozarko Udala hirigintza arloko berrezarpen-ahalmena betetzen ari dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 197. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.
Horri dagokionez gogorarazi beharra dago Administrazio Publikora zerbait egin dezan eskatzeko jotzen duen herritar orok eskubidea duela, gutxienez ere, bide beretik erantzun bat jasotzeko, alde batera utzita erantzun hori baiezkoa edo ezezkoa den. Hori heldu da herritar guztiek beren gaien administrazio egokirako duten eskubidetik, zeina Europar Batasunean jaso zen eta barneko antolamendu juridikoan sartu zen eskubidea baita. Eta hala ondorioztatzen da, zehazki, Herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legetik ere; izan ere, lege horrek aurkeztutako eskabide guztiak berariaz ebazteko betebeharra jasotzen du.
Horri berari buruz, egoki da gogoraraztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen duela toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Bestalde, Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak aitortzen du pertsona guztiek eskubidea dutela hirigintzaren arloko informazioa jasotzeko, bai eta legedia eta planeamendua bete daitezen exijitzeko ere (8. eta 9. artikuluak), halako moduan non, oraingo kasuan bezala, herritar batek udal batera jo eta informazioa eskatzen badu jarduera bat legez kanpokoa dela uste duelako, Administrazioak erantzun formal eta berariazkoa eman beharko baitio, bide beretik, erantzuna baiezkoa ala ezezkoa den alde batera utzita.
Horrenbestez, Erakunde hau arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Berriozarko Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egileak aurkeztutako eskabideari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.
Bi hilabeteko epea ematea Berriozarko Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, zehazki kexa-egileari erantzun bat eman diezaion, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren idatz-zatian ezarritako moduan.
Francisco Javier Enériz Olaechea
Nafarroako Arartekoa
Partekatu edukia