Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 7ko 211/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abendua 07

Osasuna

Gaia: Demora en el tratamiento de fertilidad, incumpliendo la fecha prometida

Exp: 10/800/S

: 211

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2010eko urriaren 21ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Osasun Departamentuaren aurka, ugalkortasun-tratamendu baterako zitazioa atzeratzeagatik.

    Azaltzen zuenez, 2009ko ekainean, Prestazio eta Itun Zerbitzuak Donostiako [?] klinikara joateko itxaronzerrenda batean sartu zituen bera eta bere emazte [?] andrea; adierazi zietenez, tratamendua 2010eko azken egunetan edo 2011ko urtarrilean hasiko zen.

    Zioenez, Prestazio eta Itun Zerbitzuak 2010eko urriaren 21ean jakinarazi die tratamendua ez dela 2011ko urtarrilean hasiko, eta ez dakitela noiz deituko dieten, badirelako lehentasuna duten beste kasu batzuk.

    Orobat zioen bere emazteak laster beteko dituela 35 urte eta hiru urte eta erdi baino gehiago daramatzatela ugalkortasun-arazoekin.

    Bukatzeko eskatzen zuen tratamendua hasteko data errespeta dadila, 2011ko urtarrilean hasi ahal izan dezaten.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri genuen Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentura, kexan planteaturiko gaiari buruz informa zezan.

2010eko azaroaren 18an, Hezkuntza Departamentuaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

“Ondokoak dira ugalkortasun-tratamenduak lehenesteko irizpideak:

Emakumearen adina: 37 eta 39 urte bitarte.

Endometriosi-maila: III eta IV.

Obulutegi-erreserba gutxitua.

[?] jaunaren eta [?] andrearen ugalkortasun-tratamendua ezin da lehenetsi, ez delako arestiko egoera horietako batean sartzen; hortaz, itxaronzerrendaren arabera dagokienean bideratuko da.”

AZTERKETA

  1. Osasunaren babeserako eskubidea —Konstituzioko 43. artikuluak eta horrekin lotutakoek aitortua— eraginkorra izanen bada, botere publikoek herritarrei bermatu behar diete sendatze nahiz prebentzio alorretan beharrezkoa duten laguntza jasoko dutela, eta hori bermatzeko hainbat prestazio emanen ditu Osasun Sistema Nazionalak. Prestazio berberak emanen ditu lurralde nazional osoan, zerbitzua ematen duen autonomia erkidegoa zein ere den.

    Gure zuzenbide positiboak herritarren osasunaren babeserako eskubidea aitortzen du Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren bitartez, eta gure lurraldean, berriz, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen bitartez.

    Bi lege horietan aitortzen da eskubidea dugula osasun prestazioak jasotzeko baldin eta osasunak huts egiten badigu, Osasunaren Munduko Erakundeak emandako definizio zabalari jarraikiz hain zuzen ere; alegia, osasuna ez da soil-soilik gaitzik edo gaixotasunik ez izatea, ezpada ongizate fisiko, mental eta sozial osoa izatea.

    Osasunaren galera gertatzen da, besteak beste, ugalketa prozesu naturalaren ondorioz fruiturik —seme-alabarik, alegia— izaten ez denean, nahiz eta seme-alabak eduki nahi, hainbat arrazoi nahiz jatorri ezberdineko anomalia direla medio. Hori dela-eta, Osasun Sistema Nazionalak, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zehazki, hainbat baliabide dituzte halako kasuei erantzun terapeutikoa emateko eta tratamendu egokia emateko giza ugalketarekin zerikusia duten arazoei.

    Halatan, antzutasunaren tratamendua aurreikusita dago Osasun Sistema Nazionalaren osasun prestazioak antolatzeari buruzko urtarrilaren 20ko 63/1995 Errege Dekretuan, zeinaren bidez Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa eta hura gaurkotzeko prozedura ezarri baitziren, baina horri erantzuteko modua prestazioaren edukiak berak nahiz baliabideen erabilgarritasunak baldintza dezakete, eta beste horrenbeste gertatzen da gainontzeko tratamendu medikoekin, baliabideak mugatuak baitira. Errege dekretu horretako III. eranskineko 5.3.8 artikuluan esaten denez, osasun-laguntza espezializatuaren barruan sartzen da “giza ugalketa lagundua antzutasunaren diagnosia dagoenean edo agindu klinikoa dagoenean, betiere osasun zerbitzu bakoitzaren programen arabera:intseminazio artifiziala; in vitro ernalketa eta espermatozoideen txerto intrazitoplasmatikoa, norberaren gametoekin nahiz emaile baten gametoekin eta enbrioien transferentziarekin; gametoen transferentzia intratubarikoa.”

  2. Kexa honetan planteatutako arazoa sortu da berandu deitzeagatik ugalkortasun-tratamendu baterako eta tratamendu-hartzaileek ez dutelako informazio fidagarririk tratamendu hori egiteko falta den gutxi gorabeherako denborari buruz.

    Hortaz, kexa honek berriz ere jartzen digu mahai gainean osasun publikoak duen arazo bat; alegia, baliabide materialak eta giza baliabideak erabiltzaileen beharrizanetara egokitu beharra, zeinak zailtasun handiak baititu, izan ere baliabide horiekin egiten ahal den osasun-eskaintza mugatua baita, eta eskaria, aldiz, etengabe igotzen ari baita. Hortik heldu da, hain zuzen ere, itxaronzerrendak egotea eta horiek justifikatzea.

    Testuinguru honetan, “itxaronzerrenda” Zuzenbideak onartutako errealitate bat da, zenbait alderdiri dagokionez araututa dagoena. Hori ondorioztatzen da Estatuko oinarrizko arauditik nahiz autonomia erkidegoek onetsitakotik.

    Halere, ezin dira begiak itxi itxaronzerrendek osasun-zerbitzuaren kalitatearen aldetik sortzen duten kalitate arazoaren aurrean, batez ere gaixoei dagokienez; izan ere, osasun-arazo bat bideratzeko atzerapen hutsak antsietatea eta babesgabetasun-sentsazioa eragiten dizkio gaixoari, baita gaixotasuna larria ez denean ere, eta horrek haren bizi-kalitateari eragiten dio. Itxaronzerrenda bat dagoela-eta osasun-prestazioa atzerapenarekin ematen baldin bada, gerta liteke osasun-laguntza jasotzeko eskubidea eta eskatutako osasun-prestazioa jasotzeko eskubidea bertan behera gelditzea egiazki.

    Hortaz, Administrazio Publikoak behartuta daude behar adina baliabide jartzera eskaintza eta eskaria egokitzeko, eta horri dagokionez azpimarratu beharra dago bereziki garrantzitsuak direla antolamendu-neurriak; izan ere, sarri, laguntza medikoaren arloko atzerapenak gertatzen dira sistemaren zalutasun ezarengatik, aurreikuspen ezarengatik edo besterik gabeko koordinazio ezarengatik edo efizientzia ezarengatik.

  3. Horren guztiaren ondorioz, kexa-idazkian adierazitakoa aztertuta, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatu behar diogu, egoki iritzitako neurriak har ditzan, antzutasun kasu guztietan tratamendu bat ziurtatze aldera, laguntzaren ikuspuntutik arrazoizkoak diren epeetan hain zuzen ere, gaur egungo informazio-sistema hobetuz, herritarrek jakin ahal izan dezaten zenbat denbora aurreikusten den itxaron beharko dutela osasun-prestazio hori jaso arte. Hori, halere, ez da eragozpen ugalkortasun-tratamenduak egiteko hurrenkeran leheneste eta bideratze irizpideak, beharrezkoak direnak, betetzen jarraitzeko.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatzea hartu beharreko neurriak har ditzan, antzutasun kasuetan tratamendu bat ziurtatze aldera, laguntzaren ikuspuntutik arrazoizkoak diren epeetan hain zuzen ere, herritarrek jakin ahal izan dezaten zenbat denbora aurreikusten den itxaron beharko dutela osasun-prestazio hori jaso arte.

  2. Osasun Departamentuari gomendatzea, kasu zehatz honi dagokionez, hasieran aurreikusitako data –2011ko urtarrila– errespeta dezan, edo, bestela, data zehatzago bat eman diezaion kexa-egileari, bere emazte [?] andreak tratamendua egiteko.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendioa onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan, eta hori ez dela oztopo izanen Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen arabera hartzen ahal diren neurriak hartzeko.

  4. Interesdunari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Francisco Javier Enériz Olaechea

Nafarroako Arartekoa

Partekatu edukia