Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 7ko 210/2010 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abendua 07

Osasuna

Gaia: No le reintegran los gastos producidos por la adquisición de medicamentos prescritos por facultativos del Sevicio Navarro de Salud

Exp: 10/836/S

: 210

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2010eko azaroaren 3an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Osasun Departamentuaren aurka, preskribatutako sendagai baten finantziazioari ezezkoa emategatik.

    Azaltzen du bere senarrak tratamendu mediko bat jarraitze duela, eta haren ondorioz “Clopidogrel” hartu behar izaten duela. Hasiera batean, medikazio hori Nafarroako Klinika Unibetsitarioko espezialista batek preskribatu zion, baina gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kardiologo batek preskribatu zion sendagai hori.

    Adierazten du Prestazio eta Itunen Zerbitzuari eskatu izan diola sendagaiaren kontua ordaintzeko, baina ezezkoa eman izan diotela, zeren eta “Nafarroako Klinika Unibertsitarioan jarritako tratamendu medikoa bere kabuz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak deribatu gabe– hautatu zuen zentro pribatu batean emandako laguntzaren ondoriozko tratamendu bat baita.

    Gehitzen du bere ordainketa-eskaria dagokiela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kardiologoak egindako preskripzioari, hau da, Osasun Sistema Nazionalari lotutako profesional batek ezarritako tratamenduari.

    Amaitzeko, eskatzen du senargaiak betiko hartu behar dituen sendagaien kostua ordain diezaioten, hain zuzen ere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko sendagileek preskribatutakoak.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri nion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentura, kexan planteaturiko gaiari buruz informa zezan.

    2010eko azaroaren 18an, aipatu departamentuaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

    “Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorreko 17. artikuluak printzipio nagusi gisa ezartzen du “administrazio publikoak ez daudela behartuta herritarrei gastuak ordaintzera baldin eta dagozkien zerbitzu medikoez beste baliatzen badituzte”.

    Halaber, irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak, zeinak Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezartzen baitu, V. eranskinean prestazio farmazeutikoa arautzen du eta ezartzen du ezen, lege indardunen arabera, sendagileak, farmazialariak eta legez gaitutako gainerako osasun profesionalak direla, Osasun Sistema Nazionalari lotutako lanbide-jarduketaz baliatzen direnean, tratamenduak adierazi, preskribatu, eman edo jarraitzen dituztenak, dosi zehatzetan eta aldi egokian, gaixo bakoitzaren egoera klinikoaren arabera.

    Jotzen da ezen ez dela bidezkoa eskatutako sendagaiaren finantziazio publikoa, zeren eta osasun zentro pribatu batean emandako osasun-laguntzatik etorri den tratamendua baita, eta zentro horretara gaixoa bere kabuz joan zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hartara deribatu gabe.

    Bestalde, ez da nahikoa Osasun Sistema Nazionalari lotutako espezialista baten indikazioa alegatzea, zeren eta indikazio horrek soilik bilatzen baitu errezeta bat bisatzea, eta txosten medikotik ondorioztatzen baita fakultatibo hori ez dagoela inplikaturik gaixoaren prozesu patologikoan, ez eta indikazio kirurgikoan eta geroko jarraipenean ere”.

AZTERKETA

  1. Osasuna babesteko eskubidea, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1985 Legean eta harekin bat datozen legeetan araututakoak, berarekin botere publikoen betebehar korrelatiboa dakar, hain zuzen ere Espainiako populazio osoari osasun laguntza ematekoa (Osasunari buruzko Lege Orokorreko 3.2 artikulua).

    Aztertu dugun kasuan, osasun sistema publikoaren onuradunak, [?] jaunak, bere garaian, erabaki zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaz kanpoko baliabideak –Nafarroako Klinika Unibertsitariokoak– erabiltzea ebakuntza kirurgiko jakin bat egiteko.

    Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa ezartzen duen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuko 4.3 artikuluan aurreikusitako bizi-arriskuko egoera gertatzen ez zenez, ez da bidezkoa egindako gastuak ordaintzea. Horixe ulertu zuen kexa-egileak berak ere eta, horrenbestez, inoiz ere ez zuen ordainketa hori eskatu.

  2. Hala eta guztiz ere, erakunde honen iritziz, kexaren xede diren egitateek bestelako gai bat planteatzen dute. Ebakuntza kirurgikoa egin eta ebakuntza ondoko aldia iragan ondoren, diagnostikatu zioten, hasiera batean Klinika Unibertsitarioko sendagileek, [?] jaunak betiko “Clopidogrel” tratamendua hartu behar zuela.

    Kexa-egileak, Osasun Sistema Publikoko onuradun gisa, familiako sendagilearengana jo zuen, zeina Berriozarko osasun etxean lan egiten duen doktorea baita. Hark baloratu zuen bidezkoa zela gaixotasuna tratatzea hartarako dagoen sendagai bakarrarekin, “Clopidogrel” deitutakoarekin, zeina Osasun Sistema Nazionaleko prestazio farmazeutikoen zerrendan baitago; hau da, ez zegoen bestelako sendagai generikorik edo kostu txikiagokorik gaixoaren gaitza tratatzeko preskriba zitekeenik; horrenbestez, doktoreak behar zen errezeta medikoa eman zion.

    Halaber, doktoreak kexa-egileari eskatu zion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Vianako Printzea Kontsultategiko espezialista batengana joan zedin, eta hark, osasun sistema publikoaren barrenean bigarren aldiz, gaixoaren gaitzari zegokion tratamendua erabaki zuen, hain zuzen ere “Clopidogrel” deitutakoa.

  3. Kexa-egileak eskubidea du “osasuna sustatzeko, zaintzeko edo lehengoratzeko behar dituen sendagaiak eta osasun produktuak lortzeko, erabilera arrazionalari buruzko oinarrizko irizpideei jarraituz, betiere Medikamentuen eta osasun produktuen bermeei eta erabilera arrazionalari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legean ezarritako moduan”, horixe ezarri baitu berriki Nafarroako Foru Komunitateko osasun arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 8k 17/2010 Foru Legeko 15. artikuluak. Eskubide hori, foru lege berrian jasota dagoen arren, jada aitortuta zegoen osasunari buruzko aurreko legedian, eta exijitzekoa zen kexa eragin zuten egitateak gertatu ziren unean.

    Aplikatzekoa den legedian ez dago inongo erregulaziorik “etorkizunerako” baztertzen duenik osasun sistema publikoaren prestazioen esparrutik une jakin batzuetan osasun publikotik kanpoko zentro batera jo duten pertsonak. Gastuaren itzulketa baztertzea, kexaren kasu zehatzean, laguntza kirurgikoaren kostuari eta Nafarroako Klinika Unibertsitarioko sendagileek preskribatutako sendagaien kostuari dagokie, baina ez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboek berek preskribatutako sendagaiei, medikuntza pribatuan preskribatutakoen bat datozen ala ez datozen alde batera utzita.

  4. Ebakuntza kirurgikoaren ondoren, gaixoa familiako sendagilearen kontsultara joan zen egunetik aurrera, horrek jada laguntza medikoaren erantzukizuna hartu zuen bererekin, eta, horrenbestez, gaixoaren prozesu patologikoan eta gaixoaren geroko jarraipenean inplikatu zen; eta jarraipen horretan gertatzen da, beste neurri batzuen artean, “Clopidogrel” sendagaiaren preskripzioa.

    Azken batean, erakunde honen iritziz, [?] jaunak eskubidea du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kargura “Clopidogrel” sendagaia eman dakion, zeren eta horretarako ezarritako baldintzak betetzen baititu.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatzea eraginkor bihur dezala [?] jaunak daukan eskubidea, hain zuzen ere bere familiako sendagileak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko espezialistak –hartara bideratu baitzuten osasun etxetik– preskribatutako sendagaiak eskuratzekoa, eta sendagai horri dagozkion gastuak itzul diezazkioten.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela ebazpen honen kontrako errekurtsorik jarri.

Francisco Javier Enériz Olaechea

Nafarroako Arartekoa

Partekatu edukia