Partekatu edukia
Datuen babesa
Gaia: Igualdad jurídica de parejas estables
Exp: P50/09
Nº: 274
2009ko azaroaren 19an, […] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Hartan adierazten du berari eta bere bikotekideari ezinezkoa izan zaiela Nafarroan bikote egonkorren erregistro publiko batean izena ematea.
Proposamenaren egileak Nafarroako auzotasun zibila dauka, baina Zaragozan dago erroldatuta, bertan bizi baita bere bikotekidearekin orain dela lau urtetik. Inguruabar hori dela eta, ezinezko zaio Nafarroan izena ematea bikote egonkor moduan, zeren eta xede horretarako sorturiko erregistro bat duten Nafarroako udalek eskatzaileei exijitzen baitiete kasuko udalean erroldatuta egotea.
Aurrekoaren ondorioz eta kontuan izanda Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeko xedapen gehigarri bakarrak aukera bat aurreikusten duela Nafarroako Gobernuak bikote egonkorren erregistro bat sortzeko, hain zuzen ere bikote horien eraketa frogatu ahal izateko, Iriarte jaunak bere idazkiaren amaieran eskatzen du Nafarroako Gobernuak erregistro hori sor dezan, halako moduan non bidea emanen baita erregistro berekirik kudeatzen ez duten Nafarroako udaletan erroldatuta egon eta beste autonomia erkidego bateko herri batean bizi diren pertsonek Nafarroako bikote egonkorren erregistro publiko batean izena emateko.
Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak, haren zioen azalpenean adierazitakoaren arabera, bilatzen duena da legedian dirauen bazterkeria desagerraraztea, hau da, gure inguru sozialean kulturalki onartzen diren familia-forma ugariak kontuan hartuta, familia hori osatzen dutenen egoera pertsonal edo soziala dela-eta legeetan dirauen bazterkeria desagerraraztea; orobat, foru legeak nahi du familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren arau garapena burutu –babes hori Konstituzioaren printzipioetako bat dela hartu behar da kontuan–. Hori egiteko, araudia egokitu egin behar da gaur egungo gizartearen errealitatera.
2.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, foru legea bikote egonkorrei aplikatuko zaie, bikote egonkorreko kideetako batek gutxienez Nafarroako auzotasun zibila baldin badu. Horrenbestez, foru auzotasun zibilari eusten dioten baina Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo bizi diren pertsonei aplikatzekoa zaie; proposamena egin duen Iriarte jaunari, esate baterako.
Lege testu bereko 2.2 artikuluan esaten da elkartzea egonkortzat joko dela bikoteko kideak etenik gabe gutxienez ere urtebetez elkarrekin ezkonduta bailiran bizi izan badira; hala ere, bien arteko seme-alabarik badute, nahikoa izanen da elkarrekin bizitzea. Betiere, elkartzea egonkortzat jotzeko nahikoa izanen da bikotea eratzeko borondatea agiri publiko bidez adieraztea.
Kode Zibileko 1216. artikuluan ezarritakoaren arabera, agiri publikoak dira notarioak edo enplegatu publiko eskudunak legeak agindutako solemnitateekin eskuesten dituenak.
Aurrekoa ikusita, ondoriozta daiteke egiaz Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak ez duela exijitzen bikote egonkorra eratzeko erregistro administratibo batean izena ematea; hori, halere, ez da oztopoa aitortzeko izen emate hori bikote egonkorra eratzeari buruzko proba-elementu pribilegiatu bat dela, zeinak izugarri errazten baitie foru legearen aplikazioa bai administrazio publikoei, bai herritarrei berei ere, zeren eta bikote egonkorrek aurkitu ohi duten oztopo handienetako bat baita haien izatea frogatzeko izaten duten zailtasuna.
Nafarroan, bikote egonkorrek izena emateko udal erregistroak sortu dira. Hala eta guztiz ere, bikoteak izena emateko exijitzen diren baldintzak aztertuz gero (nahikoa da Iruñeko Udalaren menpeko bikote egonkorrentzako udal erregistroari erreparatzea), egiaztatuko dugu exijitzen dela gutxienez ere eskatzaileetako bat kasuko udalean erroldatuta egotea. Horrek, izan ere, eragozten du bai Nafarroako auzotasun zibila izan eta Nafarroako Foru Komunitatean bizi ez diren pertsonek, bai erregistrorik sortu ez duen Nafarroako udalen batean bizi diren pertsonek erregistro batean izena eman ahal izatea, erregistro berekia duten Nafarroako udaletan bizi direnen baldintza berdinetan.
Bikote egonkorra eratzeak eragin juridiko garrantzitsuak ditu arlo zibilean eta esparru sozialean nahiz fiskalean. Hori dela eta, bikote egonkorren izatearen froga errazte aldera, Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak aurreikusten du Nafarroako Gobernuak eta udalek erregistroak sortzea. Horren bidez, legegileak nahi izan du –bikote egonkorren eratzea errazteaz gainera, beren borondatea berariaz adieraztearen bidez– froga fede-emailea edukitzeko bitarteko bat eskaintzea, halako moduan non bide arin eta froga-zamarik gabeko baten bitartez, bikote egonkorrak aukera edukiko duen Nafarroako Foru Komunitateak bere herritar guztiei eskaintzen dizkien onurak eskuratzeko.
Bikote egonkor baten eratzeari buruzko frogagiria, gainera, notario batek baimendutako agiri publiko batean berariazko adierazpena eginez gauzatu ahal izateak ez dakar berarekin Nafarroako Foru Komunitateak bikote egonkorren erregistro administratibo bat sortu behar ez izatea edo ezin sortzea, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 3. artikuluaren indarrez haren jarduera eta funtzionamendua gidatu behar duten printzipio orokorrak betetzeko (eraginkortasuna, fede ona, konfiantza legitimoa, zerbitzu efektiboa eta Administrazioa herritarrengandik hurbil egotea, administrazioaren jardunaren gardentasuna eta publizitatea eta abar), betiere nahi duten herritarrek bertan izena eman ahal dezaten.
Azaldutakoaren ildotik, Politika publikoen eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeak azpimarra berezia egiten du Nafarroako administrazio publikoen jardueraren buruan egon behar duen hobekuntza jarraituan, administrazioek herritarrei ematen dizkieten zerbitzuei dagokienez, eta hobekuntza jarraitu hori gauzatu beharra dago administrazioak bere akatsak atzemateko metodoak praktikan jarriz eta akats horiek zuzenduz, bai eta herritarrei zerbitzuak gero eta modu efiziente, eraginkor, ekonomiko, parte-hartzaile eta azkarrago batez emanez ere.
Bestalde, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak 2004ko uztailean onetsitako administrazio jokabide zuzenen orientabideen kodeak, bere azalpen zatian jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateak arduratsua izan nahi duela herritarrentzako zerbitzu publikoen prestazioan maila altua lortzeko. Horrek berarekin dakar, izan ere, bere praktika administratiboan gidatzea botere legegileak onetsitako lege-arauetako aurreikuspen zehatz eta puntualez eta hark ematen dituen arau-xedapenez ez ezik, antolamendu juridiko-administratiboa osatzen duten printzipio eta arauez ere, zeinek egungo Zuzenbide Publikoaren printzipio orokorrak eratzen baitituzte.
Azaldutakoa dela eta, eta ikusita Nafarroako Gobernuak bikote egonkorrentzako erregistro bat sortuaz Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen menpeko bikote egonkorrei beren eratzeari buruzko froga modu arin, eraginkor eta fede-emaile moduan ematen dela, gure ustez egokia da Nafarroako Gobernuak gara dezan aipatu foru legeko xedapen gehigarri bakarrean jasotako gaikuntza.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
EBATZI DUT:
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia