Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Contaminación acústica por los ruidos provenientes de un bar
Exp: 09/792/M
Nº: 273
Ingurumena
Aurtengo azaroaren 17an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, bere etxearen azpian dagoen taberna batek eragiten dizkion eragozpenak direla-eta.
Azaltzen du bere etxearen azpian –Burlatako [?] plazako [?] zenbakian–, “[?]” taberna dagoela, eta sortzen dituen zaratengatik eragozpenak eragiten dizkiola. Lokala ireki zutenetik, eragozpenak pairatzen aritu dira etxekoak, musika altu jartzen dutelako, mahaietako eta tabernako barrako kolpeak entzuten direlako, aulkiak eta zerbeza-kupelak arrastatzen direlako eta bezeroen oihu eta kantuengatik; eta hori guztia 10 urtez pairatu dute. Hori dela eta, uste dute tabernak ez dituela betetzen nahitaezko intsonorizazioa dela eta legez ezarrita dagoena.
Azaltzen du 10 urteko seme bat duela, tabernaren gain-gainean dagoen logela batean lo egiten duena, eta arestian aipatutako eragozpenengatik askotan ezin dela lokartu.
Hori dela eta, askotan Burlatako Udaltzaingora deitu behar izan du, behar ziren neurriak har zitzan, eta udaltzainek haurraren logelan sonometriak egin dituztela; horietatik bitan legez ezarritako gehienekoa gainditu da. Gainera, horrelakoetan arazoak izan dituzte beti, zeren eta udaltzainak iristen direnean, gehienetan, tabernatik ikusten baitituzte, taberna bera eta eraikineko ataria oso hurbil daudelako. Hori dela eta, udaltzainak ikusi bezain pronto, zarata gutxitzen dute, eta neurketak negatibo ateratzen dira.
Gehitzen du ezarritako mugak gainditu zituen azken sonometriaren ondorioz, 2009ko azaroaren 7tik 8rako gauean, eraso bat pairatu zutela gau beranduan; hain zuzen ere, zotz bat sartu zieten atezain automatikoan, eta horren eraginez txirrinak etengabe jotzen egon zen. Hori zela eta, Udaltzaingoari hots egin zioten, eta udaltzainek zotza atera eta egitateak polizia-etxean jasota utzi zituzten.
Halaber, Burlatako Udaleko Hirigintza Departamentuari ere egoeraren berri eman zioten. Departamentura joan zirenean, ordea, ez zegoen bertan horrelako gaiez arduratzen den pertsona; hori dela eta, datuak eskatu zizkieten. Gaur arte, ez dute inongo deirik jaso egoerari buruzko informazioa eskatzeko.
Hori guztia dela eta, kexa-egileak eskatzen du irekitzeko lizentzia berrazter dadin eta behar diren sonometriak egin daitezen, aztertzeko ea tabernak legea betetzen duen. Behar den guztirako, beren etxea eskaintzen du kexa-egileak. Eta eskatzen du, halaber, lokal horrek baimenduta daukan ordutegia berrazter dadin. Izan ere, dauzkan ezaugarriengatik ardandegi txiki baten antzekoa da, eta ez taberna-jatetxe baten antzekoa edo kopetarako taberna baten antzekoa.
Kexa jasota, Burlatako Udalera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2009ko abenduaren 21ean, honako testua, hitzez hitz, dakarren txostena jaso genuen erakunde honetan:
“(...) udal honetatik jakinarazten dizuegu lokal horretako jabeei eskatuko zaiela justifika dezaten 1999tik egiten aritu diren jarduera justifika dezaten; izan ere, urte hartan, irekitzeko lizentzia eman zitzaien. Hain zuzen ere, egiaztatu beharra dago ea tabernak bere garaian lizentzia emateko oinarri gisa hartu ziren baldintza akustikoak betetzen jarraitzen duen. Hala ez bada, akats akustikoak konpon ditzan eskatuko zaio, horri buruz indarra duten arauak betetze aldera”.
Udaleko arkitekto teknikoaren txostena erantsi da. Horren bidez, ebatzi egiten ditu erakunde honek konponbidea emateko premiatutako hirigintza-arazoak:
“[?] plazako [?] zenbakiko etxabean dagoen tabernak irekitzeko lizentzia dauka, taberna-kafetegia jarduerarako. 1999ko martxoaren 4an udal batzordeak eginiko saioan eman zitzaion, [?] arkitekto teknikoak idatzitako eta sinaturiko ziurtagirietan eta obra amaierako planoetan oinarrituta. Bisatuaren data 1999ko otsailaren 24koa da.
Horrelako jardueren ordutegia Ikuskizun Publikoei eta Josteta Jarduerei buruzko irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretuan araututa dago –urriaren 27ko 656/2003 Foru Dekretuaz aldatu zen gero–. Izan ere, dekretuko 2. artikuluan, honakoa ezartzen da:
Larunbatetan eta jai-egunetan B, D eta F taldeetan sarturiko establezimenduetan, ordu erdiz atzeratu ahalko da aurreko atalean itxiera dela-eta ezarritako ordutegia.
Bukatzeko edo ixteko ezarritako ordutik aurrera, musika, ekitaldi edo joko oro bukatu beharko da; ezin izanen da kontsumiziorik zerbitzatu; argi guztiak piztuko dira eta ez zaio jende gehiagori lokalera sartzen utziko. Lokalak ordu erdi baten buruan jendez hustuta egon beharko du.
B taldeko establezimenduetan, larunbat eta jai-egunetan ezin izanen da musikarik jarri 11:00ak arte.
Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).
Besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 16/2004 epaiak eskubide horiek erasan direla aitortzen du. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean. ”
Jarraitzeko, honakoa gogorarazten du: “Gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi kalitatearen etengabeko asaldu iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).” ”
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Konstituzio Auzitegiaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela beraiekin ekartzen Konstituzio Auzitegiaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da".
Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatua izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke".
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.
Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).
Aztergai dugun gaian, toki entitateek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.
Hori dela eta, hemen aztergai dugunaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.
Aztertzen ari garen kasu zehatzean, behar diren baimen eta lizentziak dituen arren, behin eta berriz soinu-mailak bete ez dituen jarduera bati buruz ari gara. Espedientean horixe egiaztatzen duten hiru sonometria jasota daude.
Burlatako Udalak udaleko arkitekto teknikoak eginiko txostena igorri zuen. Hartan, adierazitako hirigintza-gai jakin batzuk aipatu ondoren, aipatzen du jada udaltzainek eginiko bi neurketa jasota daudenez, lokaleko jabeei eskatuko diela neurketa bat eta lokalaren isolamendu akustikoari buruzko informazioa aurkez dezaten.
Hala eta guztiz ere, ezer ere ez du aipatzen jarduerako jabeari ez-betetzeengatik zehapen bat ezartzeari buruz. Horri buruz, adierazi beharra dago zehapen araubidearen xede nagusia ez dela zehapenak ezartzea, baizik eta legezkotasuna eta herritarren eskubideak babestea. Hori dela eta, zehapenek arau-hauslea uzkurtzeko eragina izan dezakete, legez kanpoko jarduera saihestera bultzatzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Burlatako Udalari gogoraraztea legez zaindu behar duela kasuko jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen ari direla, bereziki zarata-mailak gainditzeari dagokionez, eta arauaren balizko ez-betetzeengatik zehapenak ezarri behar dituela.
Bi hilabeteko epea ematea Burlatako Udalari legezko betebeharren gogorarazpen honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia