Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Deniegan a minusválida la adaptación necesaria para la realización de prueba de informática en ejercicio de oposición.
Exp: 09/602/B
Nº: 272
Gizarte ongizatea
2009ko irailaren 16an, [?] andreak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurka aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen gure erakundean. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko administrari laguntzaileko 164 lanpostu betetzeko deialdiko proba batean ez zizkioten behar ziren egokitzapenak egin. Deialdia Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 20ko 185/2008 Ebazpenaren bitartez onetsi zen.
Azaltzen du % 68ko minusbaliotasuna duela (hemiparesia; hemianopsia eskuineko aldean; arazo kognitiboak; memoria, arreta eta kontzentrazioa murriztuak). Hori dela eta eskatu zuen –eta eman egin zitzaion– lehen ariketako bi probak eta bigarren ariketako mekanografia proba egokitzeko. Horretaz gainera, ezezkoa eman zitzaion bigarren ariketako informatika proba egokitzeari.
Kexa-egileak adierazten du lehen ariketak egokitzeko nahikoa izan zela minusbaliotasunaren ziurtagiria aurkeztea. Bigarren ariketaren aurretik, ordea, minusbaliatu bakoitzari balorazio-proba bat egin zitzaion, eta balorazio horren ondorioz baiezkoa eman zitzaion mekanografia proba egokitzeari eta ezezkoa, berriz, informatika proba egokitzeari. Telefono bidez Balorazio Zerbitzuarekin hitz egin ondoren, jakinarazi zitzaion oposizioko epaimahaiak erabakia zuela oposizio-egile minusbaliatuei inongo egokitzapenik ez egitea informatika probarako.
Gehitzen du informatika ariketa hasi aurretik, oposizioko epaimahaiak bi oposizio-egile bereizi zituela eta % 100 denbora gehiago eman ziela informatika proba egiteko.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
Informazio-eskari hori 2009ko azaroaren 10eko idazkiaren bitartez berretsi zen.
“Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 20ko 185/2008 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrari laguntzailea izateko 164 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.
Deialdia 2008ko urriaren 31ko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Urtarrilaren 30eko 7/2009 Ebazpenaren bidez –2009ko otsailaren 9ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen–, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak aipatutako deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsi zen. Zerrenda horretan, [?] ageri da ezgaitasunen bat duten pertsonen txanda murrizturako onartutako izangai gisa.
Interesduna txanda horretan onartutako izangai gisa sartzea, behin betiko izaeraz, hautapen probetan parte hartzeko, Sarrerako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 4ko 13/2009 Ebazpenaren bidez egin zen. Ebazpen hori 2009ko martxoaren 13ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
2009ko irailaren 3an, [?] andreak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen epaimahai kalifikatzailearen 2009ko abuztuaren 14ko erabakiaren aurka; izan ere, erabaki horren bitartez hautapen prozesuko bigarren ariketako behin betiko emaitzak onetsi ziren.
Gora jotzeko errekurtso hori 2009k irailaren 4an jaso zuen Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak (NAPI), bera baita hura izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna.
2009ko irailaren 29an, NAPIko Kudeaketaren eta Araubide Juridikoaren Ataleko buruak epaimahai kalifikatzaileko idazkariari eskatu zion aurkeztutako errekurtsoaren xehetasunei buruzko behar zen txostena igor zezan.
Txosten hori gaur egun egiten ari da, eta ez zaio oraindik igorri Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari (NAPI).
Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 115.2 artikuluak dio gora jotzeko errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen dela gehienez. Epe hori, prozedura honetan, 2009ko abenduaren 3an bukatzen da.
Kontuan izanda [?] andreak Nafarroako Arartekoari aurkeztutako kexak aipatutako gora jotzeko errekurtsoa berriz ematen duela, epaimahai kalifikatzaileak oraindik ere ez du kasuari buruzko txostena eman, eta oraindik ere hura ebazteko legezko epearen barrenean gaude; gure ustez, bada, une honetan egin daitekeen gauza bakarra da jakinaraztea izapidetzea zein puntutan dagoen. Nolanahi ere, behin epaimahai kalifikatzailearen txostena eduki ondoren, haren araberako erantzuna emanen zaie bai Nafarroako Arartekoari bai interesdunaren gora jotzeko errekurtsoari ere”.
20009ko abenduaren 15ean, eskatutakoarekin loturarik ez duen txosten bat igorri zuen departamentuak; izan ere, Nafarroako Mendetasunaren Agentziako Balorazio eta Orientazio Taldeak eginiko txostenaren hitzez hitzeko kopia igorri zuen –txostena kexa-egileak oposizioko bigarren ariketako bigarren proba egokitzeko eginiko eskariari buruzkoa da, hain zuzen ere mekanografiako probari zegokiona–, bai eta oposizioko epaimahaiak kexa-egileari pertsonalki bigarren ariketako bigarren proba egokitzeko eskaria baietsi dela jakinarazteko idazkiaren hitzez hitzeko kopia ere –hau da, mekanografiko probari zegokiona–, non esaten baita bigarren proban exijitzen ziren minutuko pultsazioen % 45 eskatuko zitzaizkiola.
Departamentuak zehazki eskatu zaionaz beste dokumentazio bat igortzeak berekin ekarri du erakunde honek kexa-espedientea ebaztea, erantzunik jaso ez duen bigarren eskariari dagokion atalean, soilik kexa-egileak aurkeztutako datuekin.
Konstituzioko 49. artikuluaren arabera, botere publikoek aurreikuspen, tratamendu, errehabilitazio eta gizarteratze politika eginen dute gutxitu fisiko, sentsorial eta psikikoei dagokienez; beharrezkoa duten laguntza espezializatua emanen diete eta bereziki babestuko dituzte I. tituluak herritarrei ematen dizkien eskubideak gozatu ahal izan ditzaten. Herritarren eskubide horien artean, Espainiako Konstituzioak, 35. artikuluan, espainiar guztiek lanerako eskubidea dutela ezartzen du.
Halaber, ezgaituen gizarteratzea lortzeko oinarrizko bideetako bat haien laneratzea da, zalantzarik gabe.
Minusbaliatuak gizarteratzeko Konstituzioak emandako agindua zenbait arauren bitartez garatzen da Nafarroako Foru Komunitatean. Enplegu publikoetan sartzeari dagokionez, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bategineko zazpigarren xedapen gehigarriak, bigarren lerrokadan –abenduaren 24ko 2/2008 Foru Legeak emaniko testuaren arabera–, ezartzen du ezen, besteak beste, beharrezkoak eta zentzuzkoak diren egokitzapenak eta denbora- eta baliabide-doikuntzak eginen direla ezgaitasuna duten pertsonek baldintza berdinetan parte har dezaten, ariketaren mamia aldatu gabe, betiere.
Kexa-egileak % 68ko minusbaliotasuna du; beraz, administrari laguntzaile lanposturako oposizioaren deialdiko 2.1.3. oinarrian baldintza gisa exijitutakotik gora, aztertzen ari garen kexaren kasuan. Horrenbestez, deialdian parte hartu ahal izateko aurkeztutako eskabidean, denboraren eta bitartekoen arloko behar ziren egokitzapenak eskatu zituen, ariketak egin ahal izateko, betiere deialdiko 3.2. oinarrian ezarritakoaren arabera.
Egokitzapen hori lehen ariketako bi probetan egin zen, minusbaliotasunari buruz aurkeztutako ziurtagiriari jarraituz; bai eta bigarren ariketako bigarren proban ere (mekanografiari buruzkoan), Nafarroako Mendetasunaren Agentziak ebaluazioa egin ondoren. Oposizioko epaimahaiko idazkariak erabaki hori eta egin beharreko egokitzapena behar bezala jakinarazi zituen. Alabaina, denbora eta bitartekoak minusbaliotasun-egoeraren arabera egokitzea ez zen gauzatu bigarren ariketako lehenengo proban (informatika); horrenbestez, ez zuen behar adina denbora izan proba hori egiteko.
Kexa-egileak informatikako proba egiteko bere minusbaliotasunaren arabera behar zuen egokitzapena dela-eta, epaimahaiak eskatutakoari –behar ziren arrazoiekin– baiezkoa nahiz ezezkoa emateari buruzko jakinarazpenik jaso ez zuenez, Nafarroako Mendetasunaren Agentziarekin jarri zen harremanetan, eta bertatik adierazi zioten oposizioko epaimahai kalifikatzaileak erabakia zuela minusbaliatuei ez egokitzea edo luzatzea proba hori egiteko denbora.
Informatikako proba hasteko unean, oposizioko epaimahaiak, horixe baita probak kalifikatu behar zituen organoak, bi minusbaliaturi % 100 denbora gehiago eman zien proba egiteko; gainerako minusbaliatuei, berriz, ez zitzaien denboraren egokitzapen hori egin.
Erakunde honen iritziz, oposizioko epaimahaiak ez zegozkion eginkizun batzuk hartu zituen bere gain, gainera haietarako prestakuntza teknikorik eduki gabe. Ez da hautapen-prozesuko epaimahaia izan ezgaituen talde bakoitzari bere mugen arabera eman behar zaion denbora kalkulatu duena; izan ere, Nafarroako Mendetasunaren Agentzia –hautapen-prozesutik kanpo dagoena– da hura ezarri behar duena, minusbaliotasun desberdinen balorazio pertsonalizatuen araberako irizpide banakatuak erabiliz. Denboren eta bitartekoen egokitzapena egitea Nafarroako Mendetasunaren Agentziari dagokio, mekanografiako proban egin den bezala; edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen arloan ezgaituen laneratzea sustatzeko Askotariko Batzordeari. Izan ere, batzorde hori uztailaren 31ko 53/2006 Foru Dekretuaz sortu zen, eta testu horren hirugarren artikuluko b) letraren arabera honako eginkizuna izanen du: “Lan enplegu publikoan sartzeko hautaprobetako egokitzapenek bete beharreko irizpide orokorrak ezartzea, ezintasunak dituzten izangaiek eskatzen dituzten kasuetarako”.
Erakunde honen ustez, ondoriozta daiteke oposizioko epaimahai kalifikatzaileak ez zuela kontuan hartu Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko Testu Bategineko zazpigarren xedapen gehigarriko bigarren lerrokadan ezarritakoa –abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua–, ez baitzituen denboretan eta banakako bitarteko zehatzetan behar ziren egokitzapenak egin, organo eskudunetatik heldutako irizpide teknikoekin, minusbaliatuek informatikako proba gainerako oposizio-egileen baldintza beretan egin zezaten; horrenbestez, ez zuen aintzat hartu Espainiako Konstituzioko 14. artikuluan legearen aurreko berdintasunari buruz ezarritako printzipioa.
Aurrekoaren ildo beretik, berdintasunaren printzipioa, bere aldetik, saihestu egin zen oposizioko epaimahaiak erabaki zuelako, behar adinako irizpide teknikorik eduki gabe, % 100 denbora gehiago ematea bi minusbaliaturi informatikako proba egiteko, nahiz eta gainerako ezgaituei laguntzarik ez eman, horretan ere irizpide teknikorik eduki gabe; gainera, denboretan eta bitartekoetan egokitzapenak egiteko eskaerari erantzun ere ez zieten egin.
Halaber, erakunde honek uste du aurreko arrazoibideetatik ondorioztatzen dela bidezkoa dela oposizioko epaimahaiak, organo tekniko eskudunaren aldez aurretiko txostena eduki ondoren, bitartekoak eta denborak egokitzea, oposizio-egile minusbaliatuek berriz ere informatikako proba egin dezaten; izan ere, horrela gainerako lehiatzaileekiko lehiaren eta berdintasunaren oreka berrezarriko da hautapen-proban.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea administrari laguntzailea izateko 164 lanpostu oposizio bidez betetzeko epaimahai kalifikatzailearen jarduera –deialdia Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 20ko 185/2008 Ebazpenaz onetsi zen– egokitu behar dela Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko Testu Bategineko zazpigarren xedapen gehigarriko bigarren lerrokadan ezarritakoaren arabera –abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua–, bai eta legearen aurreko berdintasunari buruzko printzipio konstituzionalaren arabera ere. Horrenbestez, informatikako proba berriz egin dezan gomendatzen diogu, betiere ebazpen honetan ezarritako moduan.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia