Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 30eko 271/2009 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?]ko zuzendari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 30

Euskara

Gaia: Redacción del recibo de la biblioteca solo en castellano

Exp: 09/622/C

: 271

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko irailaren 17an, Hizkuntza Eskubideen [?]ko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, hizkuntza-eskubideen arloko kexa bat aurkezten zuen.

    Azaltzen zuen maiatzaren 12an herritar batek liburu bat maileguan hartu zuela Yamaguchiko liburutegi publikoan. Liburutegian eman zioten agiria gaztelania hutsez idatzita zegoen; ez zegoen hitz bat bera ere euskaraz.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Iruñeko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Udal horrek honakoa dioen txostena igorri zuen:

    “Kexan aipatzen den liburuen maileguari buruzko agiria liburutegi bakoitzak funtseko mailegu bat gauzatzeko orduan ematen duen agiria da, eta eskatzen duenari zuzenduta dago; horrenbestez, ez dago modu orokorrean herritar guztiei zuzenduta.

    Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren artean Iruñeko liburutegi publikoak kudeatzeko izenpetutako hitzarmenaren arabera, agiri hori Absynet liburutegiak kudeatzeko sistema automatizatuaren bitartez sortzen da. Sistema horren lizentziak Nafarroako Gobernuak kontratatzen ditu.

    Iruñeko Udaleko Kultura Alorreko zuzendaritza harremanetan dago Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuko zuzendaritzarekin, agiri horren emisioa Iruñean euskararen erabilera arautzen duen araudiaren araberakoa izateko dauden aukera teknikoak aztertzeko.”

AZTERKETA

  1. Iruñeko Udalaren esparruan euskara erabiltzeari eta sustatzeari buruzko ordenantzak, 8. artikuluan, honakoa ezartzen du: “Iruñeko Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu hiritarrei orokorrean egiten dienean. Hartara, elebitan eginen dira: f) Udalak hiritarren eskura jartzen dituen agiriak eta ereduak, administrazio prozedura guztiez argibideak eman beharrez.” Ordenantza bereko 9. artikuluak dio afixetako elementu guztiak elebikoak izanen direla.

  2. Iruñeko Udalak adierazi duen arren Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri dela liburuen maileguari buruzko agiria Iruñean euskararen erabilera erregulatzen duen araudiaren araberakoa izan dadin, esan beharra dago kasu honetan ez zela bete ordenantzan bertan araututakoa, herritarrei. oro har, gaztelaniaz eta euskaraz zuzentzeari dagokionean. Egoera zehatz hori gertaturik, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, bidezkoa baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea euskara erabiltzeari eta sustatzeari buruzko ordenantzan bertan ezarritakoaren arabera jarduteko legezko betebeharra duela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari erakunde honi jakinaraz diezaion azaldutakoaren bidetik neurri egokiren bat hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia