Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Falta de resolución de reclamación de daños producidos en actividad escolar
Exp: 10/834/O
Nº: 221
Zerbitzu publikoak
2010eko azaroaren 2an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, aurkeztutako erreklamazio bati erantzunik ez emateagatik.
Azaltzen zuenez, 2008ko otsailean, bere alaba [?]-k, Zizur Nagusiko BHIko DBHko 1. mailako ikaslea baitzen, ezbeharra izan zuen Gorputz Hezkuntzako eskolan, soka-saltoko ariketak egiten ari zela, eta betaurrekoak hautsi zitzaizkion.
Azaltzen zuenez, ikastetxean adierazi zioten gisa horretako istripuetarako aseguru bat zeukatela, eta erreklamazio bat aurkeztu behar zuela idatziz Hezkuntza Departamentuan.
Zioenez, Hezkuntza Departamentuaaren Idazkaritza Tekniko Orokorrak emandako aholkuarekin bat, erreklamazio bat aurkeztu zuen 2008ko martxoaren 14an (2008/122349 dok.), betaurrekoen kostua ordain ziezaioten, horretarako faktura bat aurkeztuta.
Harrezkero zenbait alditan deitu behar izan du Hezkuntza Departamentura auzia zertan zen ikaste aldera, eta aldiro esan diote jasoko zuela erantzun bat, baina ahoz adierazi zioten Administrazio Publikoak ez zeukala erantzukizunik.
Kexa-egileak zioen bi urte eta erdi igarota Hezkuntza Departamentuak ebatzi gabe zeukala bere erreklamazioa.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.
Kexa-egileak salatzen zuen Hezkuntza Departamentuak ebatzi gabe zeukala azaldutako gertakariak direla-eta aurkeztutako erreklamazioa (haren bidez, Gorputz Hezkuntzako eskola batean hautsitako betaurrekoen kostua ordain ziezaioten eskatu zuen), nahiz eta bi urte eta erdi igaro erreklamazioa aurkeztu zuenetik.
4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta errekurtsoak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betekizun hori epe jakin batean bete behar da, eta epe hori, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan ondare-erantzukizuneko erreklamazioa aurkezten den kasuetan, sei hilekoa da (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 82.2 artikulua).
Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea dutela, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eremuan, betebehar hori berretsi zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodeak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren urtarrilaren 25eko 46/2010 Foru Aginduaren bidez onetsitakoak.
Aztergai dugun kasu honetan, argi dago Hezkuntza Departamentuak legezko betebehar hori urratu duela; izan ere, erreklamazioa 2008ko martxoaren 14an aurkeztu zen, baina ez zen ebatzi 2010eko azaroaren 12ra arte; alegia, bi urte eta ia zortzi hilabete igaro arte. Atzerapen hori gehiegizkoa da eta Hezkuntza Departamentuak zabarkeriaz jardun izanaren erakusgarri da inondik ere, eta herritarrak bere auziak ongi administratzeko duen eskubidea urratzen du.
Horrenbestez, erakunde honek arrazoizkotzat jo behar du auzi horri buruzko kexa, eta Hezkuntza Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpena egin behar dio, hartu beharreko neurriak har ditzan ondare-erantzukizuneko erreklamazioak legeak ezarritako epean ebatz ditzan, arestian aipatutako legezko xedapenek ezartzen duten moduan eta administrazio egokia izateari dagokionez legegileak herritarrei aitortzen dien eskubideak exijitzen duen moduan.
Erreklamazioan planteatzen den auziaren mamia da ea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa den interesdunaren alabak izandako kaltearen erantzulea; izan ere, espedientean jasota ageri denez, Gorputz Hezkuntzako eskola batean soka-saltoan ari zelarik hautsi zitzaizkion betaurrekoak.
Konstituzioko 106. artikuluak eta manu hori garatzen duten legeek (kasu honi dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legek) aitortzen dute herri-administrazioek ordaindu egin behar dizkietela herritarrei, ezinbesteko kasuetan izan ezik, beren ondasun eta eskubideetan eragindako kalteak, beti ere, izandako kaltea zerbitzu publikoen jardueraren ondorioz sortu bada.
Administrazioaren erantzukizuna gerta dadin, beharrezkoa da, hortaz, beste zenbait baldintzaren artean, kaltea edo lesioa zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren ondorio izatea –dela egiteagatik, dela ez-egiteagatik–, hau da, kausa-ondorio harremana egotea.
Halatan, jurisprudentzia ugari dago adierazi duena “Administrazioak zerbitzu publiko jakin bat emateak eta zerbitzu hori emateko azpiegitura materialaren titulartasuna Administrazioarena izateak ez duela esan nahi Administrazio publikoen ondare-erantzukizun objektiboko sistema indardunaren arabera administrazioak arrisku guztien aseguratzaile unibertsalak direnik, herritarren edozein gertakari kaltegarri prebenitze aldera, administrazioaren jarduna zein ere den; izan ere, hori horrela balitz, sistema probidentzialista bihurtuko litzateke, eta gure antolamendu juridikoak ez du halakorik jasotzen” (Auzitegi Gorenaren 1998ko ekainaren 5eko epaia, erreklamazioa ezesten duen foru aginduan ere aipatzen dena).
Doktrina horrekin bat, Administrazioak ordaindu beharra ezartzeko ez da aski zerbitzu publiko bat ematearen esparruan kalte bat gertatzea, baizik eta administrazioaren egitez edo ez-egitez gertatzea kaltea. Hartara esan ohi da gertakari bat kaltearen kausatzat hartu ahal izateko, beharrezkoa dela berez aproposa izatea hura sorrarazteko, esperientzia komunaren arabera; hau da, bereziki gai izatea lesio-eragina sorrarazteko (kausazio egokiaren teoria, Auzitegi Gorenak apliaktu ohi duena).
Kexaren kasuan, administrazio-egintza da Gorputz Hezkuntzako irakasgaiko ariketa natural eta berezkoa antolatzea, eta gertatu zena –betaurrekoak ezustean apurtzea–, nahiz eta esparru horretan gertatu, “arrisku orokor” gisa hartu behar da ezinbestean, adin horretako ikasle baten eguneroko bizitzako beste esparru eta jarduera batzuetan ere gerta daitekeena. Hortaz, ezin da esan kausa-ondorio harremana dagoenik zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren eta gertatutako kaltearen artean, kaltea ezin zaiolako egotzi jarduera publiko bati, ezpada zoritxarrari.
Beraz, espedientea ebazten izandako atzerapen onartezinari buruz arestian esandakoa gorabehera, erakunde honek ezin du ondorioztatu ondare-erantzukizuneko erreklamazioa ezestea legearen aurkakoa denik edo Konstituzioak aitortutako eskubideak urratzen dituenik.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen Foru Legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkeztutako ondare-erantzukizuneko erreklamazioak ebaztera eta ebazpenak jakinaraztera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak ezarritako sei hilabeteko epean betiere, herritarrek dagozkien auziak ongi administratzeko duten eskubidea baliagarria egite aldera hartu beharreko neurriak hartuz.
Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia