Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Inmisión en una parcela privada por ejecución de obras públicas
Exp: Expediente 09/290/O
Nº: 246
Herri lanak
2009ko apirilaren 28an Lizarrako Udalaren jarduketa bati buruzko kexa bat sartu zen Erakunde honetan, Eztandeta-Ibarrako [?] poligonoko [?] zenbakiko katastro-lurzatiaren gainontzeko jabekideek aurkeztua.
Diotenez, lurzati horrek bide bat du mugakide, eta bideak, berriz, harri-lubeta bat, [?] poligonoko [?] zenbakiko katastro-lurzatian sartuta dagoen betegarri-eremu bat indartzen duena. Lurzatian familia bakarreko 15 etxebizitza eraiki berriren eremu komunak daude.
2007ko apirilaren 17an, udal arkitektoak, betegarri-eremua mendebalderantz nabarmen mugitu zela egiaztatu ondoren, adierazi zuen premiazko lehen jarduketa bat egin beharra zegoela, eremuan pilatutako urak drainatze aldera, itxura batean hori baitzen lerradura nabarmen horren arrazoia.
Bestelako izapiderik gabe, jabekideei ezer jakinarazi gabe eta haien baimenik gabe, [?] enpresaren makinak bertan sartu ziren eta [?] lurzatiaren lursailetan drainatze-zanga bat hasi ziren eraikitzen.
Jabeak lurzatian azaldu ziren, eta udal arkitektoak adierazi zien [?] lurzatian presako jarduketa egitea baimentzen zuen administrazio-erabakia emanen zitzaiela; interesdunek behin-behinekoz baimendu zuten jarduketa.
Halere, egun batzuk igarota, lurzatiaren jabekideei ez zitzaienez ezer jakinarazi, Udalera jo eta espedientearen kopia eskatu zuten. Udal bulegoetara joan eta interesdunek egiaztatu zuten ez zegoela emanda inolako administrazio-egintzarik jarduketa zela eta, baina arkitektoaren 2007ko apirilaren 20ko txosten bat eman zitzaien, agerian jartzen zuena lerraduraren ondorioz etxebizitza batean kalteak gertatu izana. Orobat adierazi zieten proiektu tekniko bat egin zezan eskatu ziotela enpresa espezializatu bati, arazoa konpontze aldera.
2007ko maiatzaren 14an, aipatu enpresak txosten geotekniko baten zirriborroa eta lerraduraren egonkortzeari buruzko balioespen-oroitidazkia igorri zituen; egun batzuk geroago, Lizarrako alkateak proiektu teknikoa idazteko kontratazioa ebatzi zuen, pertsonentzako nahiz ondasunentzako berehalako arriskua zegoela iritzita. Alta, ez zen ezer erabaki [?] lurzatian egiaz sortutako egoerari buruz, ordurako eginak baitziren drainatze lanak, eta lan horiek kaltetu egiten zuten titularren jabetza-eskubidea.
Kexa-egileek diote ez zitzaiela inolako azalpen argirik eman haien lurzatian egindako jarduketen lege-babesari buruz, ez eta haien jabetza-eskubidea zer egoera juridikotan gelditzen zen argitzeko ere, nahiz eta joan-etorri ugari egin Udalera auziari buruzko informazioa eskatzera eta jabekideetako batek informazioa idatziz eskatu.
2007ko urrian, Alkatetzaren dekretu bidez herritarren segurtasunerako arrisku handiko eremu deklaratu zen, proiektu teknikoan jasotzen ziren larrialdiko ohiz kanpoko neurriak hartzeko agindu zen, erantzukizunak eskatzeko espediente berezitua abiaraztea aurreikusi zen eta laguntza eskatu zitzaion Foru Komunitateko Administrazioari.
2008an eta 2009an zehar obrak egin dira eremuan, eta zenbait lurzati ukitu dituzte, besteak beste [?] zenbakikoa. Obren eraginez –kexa aurkeztu den unean bukatu gabe daude– lurzatiaren azaleraren zati handi bat aldatu da, lehendik zegoen landaredia eta arboladia desagertu da eta drainatze-hodiak sartu dira lurzatiaren lur-azpian.
Obren eraginez, lurzati horren jabekideek ezin izan dituzte baliatu jabetza-eskubideari datxezkion eskumenak, galarazi egin baitzaie denboraldi luze batean, are gaur egun ere, lurzatiaren erabilera eta luperketa, eta ez dute inolako azalpen asegarririk jaso obrak bukatutakoan finkak izanen duen egoerari buruz.
Salatzen dute erabateko ziurgabetasun juridikoa dutela lurzatian fisikoki egindako jarduketei dagokienez eta finkari etorkizunean ematen ahal zaizkion erabileretan jarduketa horiek izan ditzaketen ondorio praktikoei eta are juridikoei dagokienez.
Azkenik, adierazten dute haiek direla, hain zuzen ere, Lizarrako Udalari 1994tik hasita ohartarazi diotenak lurren ezegonkortasunaz eta lerradurak gertatzeko arriskuaz, eta azkenean lerradura gertatu dela, baina Udalak, orain arte, ez duela auzi honi buruzko inolako neurririk hartu.
Kexa-egileek uste dute Lizarrako Udalak auzi honetan izan duen jokabideak haien jabetza-eskubidea urratzea ekarri duela, egiteagatik nahiz ez-egiteagatik, lursail baten lerradurari dagokionez, lursailaren ezegonkortasunari buruzko salaketa 1994an jasota baitago.
Lehen txosten batean –2009ko maiatzaren 15ean jaso genuen–, Udalak, laburbilduz, ondokoa zioen:
“Auzi honetako alderik aipagarriena da larrialdia sortu zela [?] jaunak, Donostiako etorbideko etxebizitza baten jabeak (toki horri buruz ari gara hemen) behin eta berriro salaketa jarri ondoren, bere etxea osorik ari baitzen lerratzen, eta horren eraginez pitzadurak ari baitziren azaltzen lurzati osoan, murruetan, zolatetan, zoruan, etxebizitzetan eta abar.
Udalak hori guztia egiaztatu eta gero ondorioztatu genuen berehala esku hartu behar zela, baldin eta etxebizitza guztiz hondoratzea ekidin nahi bazen.
Gaur egun egonkortze-prozesuan dagoen hegalaren gain-gainean dauden 15 etxebizitzen multzoan oso denbora gutxian hasi ziren azaltzen pitzadurak, lur-korritzeak eta abar. Gure ustez, etxebizitzen multzo hori ez zen kolapsoan sartu, seguruena, pilote gaineko zimenduen sistema duelako.
Gertakari horiei buruzko aholkua eskatu zitzaien Nafarroako Gobernuko Geologia Departamentuari eta Udal honek deitutako geologoari.
Horren guztiaren ondorioz eta azaldutako gorabeherak ikusita, pertsonentzako nahiz ondasunentzako arriskua benetakoa eta berehalakoa zenez gero, Lizarrako alkateak agindu zuen LARRIALDIKO esku-hartzea has zedila, eta, halatan, [?] enpresari agindu zion hegaleko lurrak kentzeko hasierako lanen ardura, hegalaren gaineko presioa arintze aldera,, eta hasierako drainatze-lanena, pilatutako ur guztia ateratze aldera.
Aldi berean, Nafarroako Gobernuarekin zuzemenak egiten hasi ginen, munta handiagoko esku-hartze bat (1,5 milioi eurokoa) –ezponda zeharo egonkortzea– abiarazte aldera. Lan hori bukatuta dago.
Lizarrako Udalak azken urteotan eginikoaren laburpen gisa esan daiteke ohiz kanpokoa izan dela egitekoa; izan ere:
Erakunde honetan 2009ko urriaren 30ean sartu zen bigarren txosten batean ondokoa ageri da jasota:
“2007ko apirilaren 16an, [?]-ren errekerimenduz, [?]-i eskatu zitzaion bisita tekniko bat egin ahal izatea, gizon horrek Lizarrako Puy aldean duen etxebizitza bat dela kausa.
Egindako bisita teknikoan, etxebizitzak patologiak zituela konturatu ginen: pitzadurak, etxebizitzaren lerradurak, murruaren mugimenduak eta abar. Egoera, gure ustez, oso larria zen. Lauzak hausten entzuteraino iritsi zen egoera, eta, etxebizitzaren jabearen arabera, mugimendua egun batzuk lehenago hasi zen.
Azterketa lan bat egin zen –ezegonkortasun zantzuak bilatu ziren etxebizitzaren inguruetan nahiz etxebizitzan bertan–, mugimendua zerk eragiten zuen jakiteko.
Ikusitakotik, ondoko ondorioak atera ziren:
Udalari horri guztiari buruzko informazioa eman ondoren, Udalak erabaki zuen [?] enpresari bi lan egiteko agintzea, hegal osoari buruzko azterlan geologiko bat batetik eta proiektu bat bestetik, behin proiektua exekutatuta hegal osoaren egonkortasuna, eta horrenbestez bertako etxebizitza guztiena, bermatu ahal izateko.
2009ko urrian, berriz, nik, [?]-k, lehen txosten horri buruzko beste txosten bat egin nuen udalarentzat, une hartako egoeraren ebaluazioa eginez. Txostenean ondokoa esaten da gutxi gorabehera:
Azkenean, presako obra bat egin zen, Udalak eskatuta. Ondoko hiru jarduketa zehatz hauek egin ziren:
Hiru jarduketa horiek presako prozedurarekin egin ziren, eta nik neuk zuzendu nituen, Udalak aginduta, [?] zerbitzu-enpresak egindako obrak.
Obra horiek egin aurretik, bizilagunen eskura –lurzatien jabeen eskura– jarri zen Lizarrako Udalean aipatu dudan informazio guztia, bai arazo teknikoei bai egin beharreko obrei buruzkoa. Bizilagunek, oro har, nahiko ondo onartu zutela ikusi genuen. Ni neu haietako batzuekin elkartu nintzen haien lurzatietan bertan, gertatzen ari zenaren aurrean deus egin ezean izan zitezkeen ondorioak azaltzeko. Bizilagunen batek ez zigun haren lurzatian sartzen utzi, eta haren arrebarekin hitz egiten saiatu ginen, bera ere jabea zenez gero, berari baimena eskatzeko. Alegia, egin zitezkeen urrats guztiak egin ziren, lanean hasteko zegoen presa gorabehera, eta egoera ikusita eman zitezkeen azalpen guztiak eman ziren.
Handik hilabete batzuetara, Lizarrako Udalak lortua zuen obra agintzeko behar zuen finantzaketa. Hona, letra etzanez, Udalak onetsi zuen erabakia:
Honen bidez jakinarazten dizut ezen, Lizarrako Udaleko alkateak, 2008ko ekainaren 18an, ondoko erabakia hartu zuela:
ALKATEAREN 378/2008 DEKRETUA
Hona ebazpen honen xedea: Donostiako etorbidean –Puy aldean– dagoen hegalaren egungo egoera fisikoa eta bertan hartu beharreko presako neurri ez-ohikoak aztertzea; neurri horien bidez zuzendu egin nahi dira gertatzen ari diren lerradurak, inguruko etxebizitzei zuzenean eragiten dietenak (arrisku handia dago etxebizitzak behera etortzeko), eta ezponda egonkortu nahi da.
Ebazpen hau hartzean kontuan izan dira, besteak beste:
Aipatu txosten horien arabera, hegalak arrisku handia du inguruko herritarren segurtasunari eta osasungarritasunari begira; izan ere, lurren lerradura erabatekoa gerta daiteke, eta inguru horretako etxebizitzak erori.
Hortaz, agerikoa da azkar eta presaz esku hartu beharra dagoela hegal horretan, bestelako kalterik edo katastrofe handiago bat ekiditeko; izan ere, hegala orain dagoen bezala mantentzen bada eta txosten teknikoetan gomendatzen diren presako neurriak geroko uzten badira, epe labur-laburrean ezinbestez eroriko dira inguruan kaltetutako etxebizitzak.
Hori horrela, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 10/1994 Foru Legeko 328. artikuluak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 21.1.m) 84.1 eta 2 artikuluek, Toki entitateen antolamendu, funtzionamendu eta araubide juridikoari buruzko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 24. artikuluak eta Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretuko 1.1 artikuluak alkate honi eta Udalari esleitzen dizkieten eskumenen arabera eta araudiak ezartzen dituen bestelako kontrol eta jarraipen neurriak ezertan eragotzi gabe, ERABAKI DUT:
Lizarran, 2008ko irailaren 19an.
Nire aurrean,
Idazkaria,
Obrak 2008ko udan hasi ziren gutxi gorabehera, eta orain dela gutxi bukatu, 2009ko udan. Urtebete iraun dute gutxi gorabehera eta, logikoa denez, proiektuarekin bat egin dira.
Nabarmendu beharra dago inguruko lurzatiak kili-kolo zeudela egonkortasunaren ikuspuntutik, eta gaur egun egonkorrak dira. Lurzatien forma ezinbestean aldatu da obren eraginez, baina orobat aldatu da haien egoera; izan ere, obrak egin aurretik erabilgaitzak ziren edozein ikuspuntutatik begiratuta, eta gaur egun aukera dago lurzati horiek duten kalifikazioaren araberako jarduerak egiteko.
Gure ikuspuntu teknikotik, eta arazoaren bilakaera nahiz konponbidea gertutik jarraitu dugunez gero, nabarmendu beharra dago Lizarrako Udalak arduraz eta modu profesionalean jardun duela, arazoa askoz ere larriagoa izatera irits zitekeelako, pertsonen bizitza arriskuan jartzeraino, azkar esku hartu izan ez balitz.
Uste dut une oro eman zaiela informazioa lurzatien jabeei eta jabeen jabetza beti errespetatu izan dela, eta hori ez dela oztopo izan ikuspegi zabalago bat baliatuta jarduteko, Lizarrako biztanle guztien onurari eman baitzaio lehentasuna.”
Aurkeztutako kexa nahiz Lizarrako Udalak eman digun informazio oparoa ikusita, lehenengo eta behin adierazi behar dugu espediente honetako eztabaidagaia ez dela erreferentziako lur hori egonkortzeko esku-hartze publikoaren premia, ez eta esku-hartzearen larritasuna edo urgentzia ere (ez dago auzitan esku-hartzea beharrezkoa zen ala ez), baizik eta kexaren egileen jabetza eskubidearen ustezko urraketa; izan ere, jabeek diotenez, babes juridikorik gabe okupatu zuten haien lurzatia, denbora luzez okupatu ere, egin behar zituzten jarduketen gaineko behar adina informazio eman gabe.
Halatan, kexaren idazkian azaltzen zenez, obrak eragotzi egin zien jabeei jabetza eskubideari datxekion erabiltzeko eta gozatzeko ahalmena denbora luze batez baliatzea, eta ez zuten azalpen asegarririk jaso, jakite aldera nola geldituko zen haien lurzatia, zeinean jarduketa materialak egiten ari baitziren. Interesdunek ziotenez, agerikoa zen ziurgabetasun juridikoa pairatzen ari zirela.
Erakunde honek ez du auzitan jartzen, txosten teknikoetan jasota ageri diren inguruabarrak ikusita, Lizarrako Udalak esku hartu behar izatea, ez eta, egindako obren ondorioz, jabeen lurren egoera fisikoa hobetu izana ere.
Halere, ezin dugu esan gabe utzi ezen, gure ustez, jabetza partikularreko lurrak okupatzeko baliatu zen prozedura nahitaezko desjabetzeei buruzko legedian ezarritako baldintzen arabera egin behar izan zela (egiaz gertatu da aldi batez ukatu dela jabetza eskubideari datxekion erabiltzeko eta gozatzeko ahalmena).
Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legea aplikatzekoa da “jabetza pribatuaren nahiz ondare eskubide edo interes bidezkoen kentze singular orori, horien jabeak zeinahi pertsona edo entitate ere diren, baldin eta erabakia agindu bidez hartu bada eta berekin baldin badakar hura saltzea, trukatzea, alokatzea, aldi baterako okupatzea edo jarduna etetea”.
Udalaren txostenetan azaltzen den premia eta larrialdi egoerak, zeinaren arabera beharrezkoa baitzen aipatutako hegala egonkortzeko lanak premiaz egitea, Udalaren esku-hartzea justifikatzen zuen, baina jabetza partikularreko lurren okupazioa nahitaezko desjabetzeari buruzko legediaren babesarekin egin beharko zen, aldi baterako okupazioko espedientea izapidetuta betiere, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeko 108. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz, are gehiago aipatu lanak eta horien ondoriozko okupazioa horrenbeste denbora luzatu denean; izan ere, legez ezarritako prozedura betetzea berme bat da jabeentzat, eta errespetatu egin behar da betiere.
Hortaz, gure iritziz, Udalak kexaren egileekin lurrak okupatzeko baldintzak hitzartu ezean, nahitaez abiatu behar zen, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legean ezarritakoari jarraikiz, aldi baterako okupazioko prozedura, hartara babes juridikoa emanen baitzitzaion jabetza eskubideari.
Finean, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeak (120. artikulua) orobat ezartzen du larrialdi kasuetarako aldi baterako okupazio mota bat, ordenako edo segurtasun publikoko arrazoi larriak gertatzen diren kasuetarako; halakoetan, izan ere, alde batera utz daitezke prozedura arruntetan bete beharreko formalitateak, eta hori ez da oztopo izanen interesdunek, aurrerago, kasuan kasuko kalte-ordaina erreklamatu ahal izateko. Dena den, kasu honetan, hala egoeraren balorazioa nola neurriaren aplikazioa administrazio aginteak egin behar du eta, logikoa denez, ukituei jakinarazi behar die, eta haiek horren kontra azaltzen ahal dira eta, horretarako arrazoirik badagoela pentsatuz gero, kasuko kalte-ordaina erreklamatu.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Lizarrako Udalari gogoraraztea nahitaezko desjabetzeei buruzko legeetan ezarritako prozedurak bete behar dituela jabetza partikularreko lursailak okupatzen diren kasu guztietan, non eta ez duen jabeekin berariazko akordio bat lortzen.
Bi hilabeteko epea ematea Lizarrako Udalari gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia