Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Error en la comunicación verbal de las calificaciones escolares
Exp: Expediente 09/688/E
Nº: 245
Hezkuntza eta irakaskuntza
Aurtengo urriaren 6an, [?] andreak kexa bat aurkeztu zuen, bere alaba [?]-k, Zizur Nagusiko Bigarren Hezkuntzako Institutuko Batxilergoko 1. mailako ikasleak lortutako emaitzak jakinarazteko baliatutako prozedura dela eta.
Azaltzen zuenez, ekainean, alabaren ingeleseko irakasleak deitu zion, irakasgaia ez zuela gainditu esateko. Handik egun batzuetara, tutoreak etxera deitu zion alabari, baina alaba ez zegoenez, berarekin hitz egin zuen; adierazi zionez, zorionak emateko deitu zuen, azkenean irakasgai guztiak gainditu zituelako. Hori entzutean, interesdunak eskatu zion, arren, esandakoa egiaztatzeko, alabak suspenditu zuela esana ziolako ingeleseko irakasleak. Tutoreak egiaztatu beharrekoak egiaztatu zituen, eta irakasgaia gaindituta zeukala baieztatu zion.
Ondoren, ama eta alaba institutura joan ziren zenbait zuzemen egitera. [?] gelara joan zen, eta tutoreak emaitzak banatu zizkion; haietan jasota ageri zen 5 bat atera zuela ingeleseko irakasgaian. Gelatik bueltan, [?]-k ingeleseko irakaslearekin topo egin zuen, eta hark, ustekabean, akats bat egon zela eta ingelesa gainditu gabe zeukala esan zion.
Orduan bertan bilera bat egin zuten tutorearekin, irakaslearekin eta ikasketa buruarekin, eta akats informatiko bat egon zela adierazi zieten. Orobat adierazi zieten ingeleseko irakaslearen akta sinatu gabe zegoela oraindik. Bileraren ostean, interesdunak etxera itzuli ziren, inork barkamena eskatu gabe edo azalpen gehiago eman gabe itzuli ere.
Irailaren 9an, interesdunak emaitzak jaso zituen gutun ziurtatu baten bidez, eta haietan jasota ageri zen ez zela aurkeztu iraileko deialdira. Institutuarekin harremanetan jarri zen, eta adierazi zioten uztaila amaierako bileran eman zizkioten emaitzetan jasota ageri zela irakasgaia ez zuela gainditu. Interesdunak dio hori ez dela egia, ez zizkietela emaitzak eman eta, berez, gainditutako irakasgaien emaitzak soilik zituztela. Hori ikusita, zuzendariak adierazi zion orri hori gurasoei informazioa ematekoa baizik ez dela, eta balio duena aktan ageri dena dela.
Egoera horren aurrean, irailaren 14an idazki bat aurkeztu zuen institutuan, beste deialdi bat eskatuz. Kexa aurkeztu zuen egunera arte ez zuen erantzunik jaso. Interesduna kezkatuta zegoen, egoera horretan bere alabak arazoak izan zitzakeelako ikasketa-beka bat eskatzeko. Beka eskatzeko epea urriaren 30ean bukatu zen.
Azaldutakoarekin bat eta aplikatzekoa den araudiarekin bat, Hezkuntzako ikuskatzaileak
Uste du
Ezen, ikasleari emaitzen berri ematean gertatutako akats tamalgarria gorabehera, ikasleari ez zaiola bestelako kalterik eragin; izan ere, iraileko deialdira aurkezteko aukera izan du eta gainditu ez izana behar bezala jakinaraziz gero izanen zuen denbora bera izan duela bere burua prestatzeko.
Ezen, informazioa ematerakoan izandako akatsa gorabehera, ikastetxeko kideen jokabidea, bai irakaslearena bai Zuzendaritzarena, zuzena izan dela eta behar bezala artatu dituztela ikaslea eta haren familia”.
Espedientea aztertuta eta igorri zaigun txostena aztertu ondoren, Erakunde honek ikusi du egia dela ekainean akats bat gertatu zela [?]-ren ingeleseko emaitzaren transkripzioan, Administrazioak berak ere onartu duenez.
Akatsaz ohartuta, ikastetxearekin izandako bilera batean antza denez, ahoz jakinarazi zitzaien irakasgaiko emaitza gutxiegi zela.
Hezkuntza Departamentuak igorritako txostenean adierazten da amarekin eta alabarekin izandako bileran emaitza zuzenak ematen saiatu zirela, baina uko egin ziotela emaitzak hartzeari. Halere, Mª Jesús andreak Erakunde honi adierazi zion berak zeukan informazio bakarraren arabera irakasgaia gaindituta zegoela.
Erakunde honek ezin du jakin emaitza zuzenak eman zitzaizkien ala ez eta interesdunek emaitzak hartzeari uko egin zioten ala ez. Edozein modutan, aurkeztutako kexa nahiz igorritako txostena bat datoz esatean ezen ekainean adierazi zitzaiela interesdunei akats bat gertatu zela emaitzetan eta, horrenbestez, irakasgaia gainditu gabe zegoela.
Erakunde honen jardunbidearen ikuspegitik, eta kexaren funtsa ulertzen badugu ere, ezin dugu onartu Hezkuntza Departamentuaren jokabideak ikaslearen eskubideak urratu dituela, emaitza transkribatzeko akatsa gorabehera, hori Administrazioak berak onartu baitu.
Halatan, iraileko deialdira ez aurkezteko erabakia ezin zaio Administrazioaren informazio-ezari egotzi; izan ere, ekainean berean jakinarazi zitzaien, ahoz behintzat, emaitza zuzena. Hortaz, erabakia interesdunari edo haren alabari egotz dakieke bakar-bakarrik. Gauzak horrela, ezin diogu gomendatu Administrazioari deialdi berezi bat egiteko.
Hori guztia gorabehera, uste dugu beharrezkoa dela Hezkuntza Departamentuari gomendatzea, ez dadin berriz halakorik gertatu, ikastetxeek hartu beharreko neurriak har ditzaten, irakasle bakoitzak prestatzen dituen aktak hitzez hitz transkribatze aldera ikasleei ematen zaizkien emaitzen orrietara eta ez dakien horiei buruzko ahozko informaziorik eman aldez aurretik.
Izan ere, emaitzen orriak zuzen islatu behar du ikasle bakoitzaren emaitza, irakasleen arteko gaizki-ulertuengatik nahasbiderako beta eman gabe.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Hezkuntza Departamentuari gomendatzea ikastetxeek hartu beharreko neurriak har ditzaten, irakasle bakoitzak prestatzen dituen aktak hitzez hitz transkribatze aldera ikasleei ematen zaizkien emaitzen orrietara eta ez dakien horiei buruzko ahozko informaziorik eman aldez aurretik.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia