Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Imposibilidad de formalizar inscripción en euskera en máster de Educación Secundaria
Exp: 09/643/C
Nº: 268
Elebitasuna
2009ko irailaren 17an [?]ko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, hizkuntza-eskubideen arloko kexa bat aurkezten du.
Azaltzen du pertsona batek Bigarren Hezkuntzako masterrean izena eman nahi izan zuela Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunearen bitartez, eta bere eskabidea euskaraz egin nahi izan zuela. Ezin izan zuen halakorik lortu, erabilitako programa informatikoari egoztekoak diren arrazoiengatik.
Zehazki, aipatzen du programa horrek bi hizkuntza erabiltzeko aukera ematen duela: gaztelania eta katalana (azken bertsio horretan, hura izan baitzen lehen unean aukeratu zuena, datuak euskaraz sartzeko aukera ematen da). Azaltzen du bere izena sartu nahi izan zuela, baina programak datua atzera botatzen zuela. Horrenbestez, telefono bidezko kontsulta egin zuen, baina ez zuen konforme geratzeko moduko erantzunik jaso.
Dioenaren arabera, eskabidea bi aldiz euskaraz egiten saiatu ondoren, halakorik lortu gabe, gaztelaniazko bertsioa erabili behar izan zuen, eta kasu horretan ez zuen inongo arazorik izan.
Abenduaren 15ko 18/1986 Foru Legeak, zeinak euskararen erabilera arautzen baitu, Nafarroako herritar guztiei aitortzen die hizkuntza hori erabiliz Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko eskubidea. Halaxe ezarrita dago 10. artikuluan (eremu euskalduna), 17. artikuluan (eremu mistoa) eta 18. artikuluan (eremu ez euskalduna).
Ondorio berera irits daiteke Nafarroako Unibertsitate Publikoaren araudia bera aztertuta: horri dagokionez, unibertsitate horretako estatutuak onesten dituen maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak ezartzen du gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza berekiak direla (118.1 artikulua), eta unibertsitate-erkidegoko kide guztiei aitortzen die unibertsitateko gobernu-organoei eta zerbitzu administratiboei foru erkidegoko hizkuntza berekietatik edozein erabiliz zuzentzeko eskubidea (119.1 artikuluko a) letra).
Bestalde, Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 70.4 artikuluak ezartzen du administrazio publikoek eskabide-eredu eta -sistema normalizatuak ezarriko dituztela, prozeduren izaeraren arabera hala behar denean. Betebehar hori, bistan denez, herritarrek administrazio publikoei zuzentzeko duten eskubidea errazteko dago pentsatuta.
Testuinguru horretan, ulertzen dugu interesdunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari zuzentzeko daukaten eskubidea erraztuko duen sistema normalizatu orok bidea eman behar duela komunikazioa bai gaztelaniaz bai euskaraz gauzatzeko.
Igorritako txostena ikusita, atzematen dugu horrelako aukerarik ez dela eskaintzen masterretan bide elektronikoen bitartez izena emateari dagokionez (alderdi horri buruzkoa da kexa, hain zuzen). Horrenbestez, igorritako txostenean erabiltzen diren argudioak ulertzen ditugun arren, eta alderdi hori datorren ikasturtean zuzenduko dela iragartzen den arren, adierazi behar dugu aurkeztutako kexak oinarria baduela eta egokia dela, beraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoari legezko betebeharren behar den gogorarazpena igortzea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Unibertsitate Publikoari gogoraraztea interesdun guztiek hari zuzentzerakoan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko daukaten eskubidea eraginkor egiteko behar diren neurriak hartzeko legezko betebeharra duela, edozein dela ere eskatzen den zerbitzua edo egin nahi den izapidea (oraingoan, masterretan izena ematea).
Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia