Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 29ko 267/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, Barañaingo Udalaren “[?]” haur eskolako gurasoen elkarteko lehendakari [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa

2009 abendua 29

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Proponiendo modificación del art. 18 del Decreto Foral que regula la Educación en las Escuelas Infantiles 0 a 3 años,de la Comunidad Foral

Exp: 09/752/E

: 267

Hezkuntza eta irakaskuntza

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 2an, Barañaingo Udalaren “[?]” haur eskolako gurasoen elkarteko lehendakari [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurka, eta proposatzen zuen Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuko 18. artikulua aldatzea.

    Azaltzen du Barañaingo haur eskoletan ez dela betetzen foru dekretuaren xedea, alegia, “haurren garapen fisiko, afektibo, sozial eta intelektuala lortzen laguntzea”. Ez-betetze hori heldu da unitate bakoitzeko haurren kopurua/profesionalen kopurua ratioa (foru dekretuko 18. artikulua) zorrotz aplikatzearen ondorioz.

    Kexa-egileak kexa-idazkiari 2009ko urriaren 1ean departamentuan aurkeztutako eskabidea gehitzen dio. Eskabide horretan, atzemandako gabeziak aipatzen ditu, bai eta foru dekretuaren aplikazio zorrotzak edozein eskola-egunetan eragiten dituen edo eragin ditzakeen kasu desegokiak eta ustekabekoak ere. Eduki hori emantzat jotzen dut; beraz, ez dut errepikatuko hemen.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. Kontseilariaren txostena abenduaren 4an sartu zen, eta bertan honakoa azaltzen da:
    • “1. Elkarte horrek Hezkuntza Departamentuan 2009ko urriaren 1ean aurkeztu zuen eskabidean, eskatzen zen Barañaingo II. Haur Eskolan ikuskapen bat egin zedin, batetik atzemandako gabeziengatik eta, bestetik, foru dekretu horren aplikazio zorrotzak eragiten dituen edo eragin ditzakeen egoera desegoki eta ustekabekoengatik. Edukia ikusita, Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuak Hezkuntza Ikuskapenaren Zerbitzura igorri zuen idazkia, egokitzat jotzen zituen jarduerak egin zitzan. Jarduera horiek egin ondoren, elkarteak Hezkuntza Ikuskapenaren Zerbitzuaren erantzuna jaso zuen, halako irregulartasunik ez zegoela egiaztatu ondoren.
    • 2. Hezkuntza Ikuskapenaren Zerbitzuaren aipatutako jarduerez gainera, Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuari atxikitako Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren Atalak, 2009an zehar, zenbait jarduera eraman ditu aurrera. Hona jarduera horiek:
      • 2.1. 2009ko urriaren 5ean, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren Ataleko buruak Barañaingo [?] Haur Eskolako gurasoen elkarteko ordezkariak hartu zituen. Bilera horretan, atalari jakinarazi zitzaion nolako kezka eta nahigabea dagoen haur eskolaren funtzionamenduarengatik, eta zentroa ikuskatzeko eskabide bat aurkeztu zitzaion, elkarteko lehendakariak sinatua.
      • 2.2. Barañaingo II. Haur Eskola Hezkuntza Departamentuak eta Barañaingo Udalak 2009ko ekainaren 15ean sinaturiko hitzarmenetik heldu den zentro bat da. Horrenbestez, zentro hori Hezkuntza Departamentuko zentroen erregistroan izena emanda dago. Hura sortzeko, toki entitateak dokumentazio bat aurkeztu zuen, non egiaztatzen baitzuen zentroak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituela. Hezkuntza Departamentuaren zerbitzu teknikoek zentroaren ezaugarriak egiaztatu eta behar ziren txostenak eman zituzten; honakoak hain zuzen:
        • Instalazioen egokitasunari buruzkoa.
        • Altzari eta ekipamenduaren egokitasunari eta nahikotasunari buruzkoa.
        • Plantillen egokitasunari eta profesionalen titulazioari buruzkoa.
        • Aurreikusitako unitate-eskaintzaren planifikazioaren eta beharren azterlanaren egokitasunari buruzkoa.
      • 2.3. Hezkuntza proiektuaren, kudeaketa-proiektuaren eta ikastetxearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauen egokitasunari buruzko txostena eginen da dokumentu horiek aurkezten direnean. Horretarako, ikasturte bat egonen da, ikastetxea sortzen denetik. Une hauetan, ikastetxeko zuzendaria “Haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako hezkuntza-proiektua prestatzea” izeneko mintegian parte hartzen ari da. Mintegi hori Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren Atalak antolatu du.
      • 2.4. Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren Atalak bai gurasoen elkarteari, bai Haur Eskolako zuzendariari jakinarazi die zentroaren ratioak ez direla arau indardunen araberakoak eta ikastetxeko hezitzaileen kopurua unitateen kopurua gehi bi dela. Arau indardunetan ezartzen da aldi berean arituko diren langileen kopurua izanen dela aldi bereko funtzionamendua duten unitateen kopurua gehi bat, gutxienez ere. Halaber, zentroko zuzendaritzari jakinarazi zaio atalean langile batzuk badaudela aholkua eman dezaketenak, baldintza pedagogikoak hobetze aldera.
      • 2.5. Ikastetxearen ezaugarri arkitektonikoei buruzko alderdiei dagokienez, Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren Atalak obra-proiektuaren jarraipenaz arduratzen den obren ataleko teknikariarengana jo zuen, eta gurasoen elkarteko ordezkarien kexak jakinarazi zizkion. Horri dagokionez, teknikariak baieztatu zuen zentroak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuan ezarritako baldintza fisikoak betetzen dituela, eta horixe jakinarazi zuela ikastetxea sortzeko egin zuen txostenean.
    • 3. Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezartzen dituen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuko 18. artikuluan ageri diren ratioak, irizpide tekniko kontrastatuei jarraituz ezarri ziren, eta behar bezala aplikatzen ari dira Nafarroan Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasten den ikastetxeetan. Ikastetxeek egokientzat jotzen dituzten ratioak erabili ahal dituzte neska-mutikoak artatzeko, betiere arauetan unitate bakoitzeko ezarritako gehieneko haurren kopuruak errespetatuta. Alabaina, kasu horretan, Hezkuntza Departamentuak, udalekin izenpetzen dituen hitzarmenei jarraituz, ez ditu bere gain hartzen ezarritako urteko moduluaz goitiko kostuak. Horrenbestez, ez dugu egokitzat jotzen une hauetan 28/2007 Foru Dekretua aldatzea, eskatutakoaren bidetik”.

AZTERKETA

  1. Erakunde honek ongi daki Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezartzen dituen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren aldarrikapena aurrerapen handi bat izan zela barreiu zeuden gisa askotako ordenantzak batu eta arrazionalizatzeko, hezkuntzan kalitate hobea lortze aldera; hain zuzen ere, desberdintasun pertsonal, kultural eta sozialak konpentsatuko zituen hezkuntza.

    Halaber, gizatiarra, arrazoizkoa eta legitimoa da kexa-egileak, haurren gurasoen izenean, prestazio hobeak eskatzea, bai instalazioei, bai langileei dagokienez.

    Alabaina, kexan azaldutako arazoaren azterketa erakundearen eskumenen ikuspuntutik egin behar da. Hau da, gure eginkizun nagusia ez da gastu publikoari buruzko politiketan lehentasunak ezartzea, ez eta erakundeak premiatzea arauak alda ditzaten, zaharkiturik ez badaude, kontraesanean ez badaude, beren xedeetarako kaltegarriak ez badira edo herritarren eskubideak urratzen ez badituzte. Baina, gure eginkizuna bada herritarrak babestea Administrazioaren balizko gehiegikerietatik eta utzikerietatik.

    Aztertzen ari garen kasuan, eta soilik eskuartean daukagun dokumentazioa kontuan izanda –dokumentazio hori, neurri handi batean, aurreko atalean azaldu dugu–, Hezkuntza Departamentuaren Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuak, erakunde honen iritziz, arrazoizko jarraibideen arabera jokatu du, haur eskola baten jaiotza edo sorrera gidatuz eta ikuskatuz eta hartarako aholkua emanez.

    Hori dela eta, ez dugu atzeman herritarren eskubideak urratzen dituen jokabide administratiborik egon denik, hain zuzen ere gomendiorik edo legezko betebeharren gogorarazpenik bidali behar izateko.

  2. Egia bada ere ez dela atzeman aplikatzekoa den arauaren xedapenen atalaren edo artikuluen urraketarik (martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua), bai egiaztatzen da haur eskolaren hezkuntza ereduaz baliatzen diren ikasleen gurasoen inplikazioa ez datorrela bat foru dekretuaren filosofiarekin edo azalpen-atalarekin, zeinak ezartzen baititu haurraren nortasuna eta gaitasunak garatzeko jarraibideak, ongizatearen eta segurtasunaren esparruan, eta familiekiko lankidetzaren bitartez.

    Hezkuntza baliabideak ongi administratzeak eskatzen du, erakunde honen irizpidearen arabera, ideien, proposamenen eta akordioen trukea ekarriko dituen elkarrizketa bat, Hezkuntza Departamentuaren, Barañaingo Udalaren eta ikasleen gurasoen artekoa.

    Hori dela eta, egokitzat jotzen dugu Hezkuntza Departamentuari iradokitzea, bera baita giza baliabide eta baliabide pertsonal gehien dituena, ezen egoerari aurrea har diezaion, administrazioen eta familien arteko lankidetza ahalbidetuko dituzten oinarriak finkatzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari iradokitzea behar diren ekimenak bultza ditzan departamentuaren, Barañaingo Udalaren eta Barañaingo Udalaren [?] Haur Eskolako Gurasoen Elkartearen artean lankidetza eraginkorra lor dadin.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia