Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Remisión a un Ayuntamiento del Plan de Formacion del I.N.A.P. solo en castellano
Exp: 09/626/C
Nº: 266
Elebitasuna
[?]ko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, hizkuntza-eskubideen arloko kexa bat aurkezten du.
Azaltzen du aurtengo maiatzean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak Arantzako Udalera 2009ko bigarren seihilekoari zegokion Prestakuntza Plana igorri zuela.
Azaltzen du titulua kenduta, gainerako informazioa gaztelaniaz zegoela, eskualde euskalduneko herritarrei zuzenduta izan arren.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari azaldutako gaiari buruz.
Igorritako txostenean, honakoa ageri da:
“Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 5.1.a) artikuluan, Arantzako udal dermioa Nafarroako Foru Komunitateko eremu euskaldunean sartzen du.
Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuak, 16.3 artikuluan, dio Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko zerbitzu nagusiek biztanle guztientzat egiten dituzten informazio foiletoak, kanpainetako material grafikoa, argitalpenak edo antzeko idazkiak gaztelania hutsean, edo edizio bakar elebidunean, edo gaztelania eta euskarazko edizio bereizietan idatzita egon ahalko direla.
Arau hori aplikatuz eta NAPIk aurrera eramandako beste jarduera batzuekin bat eginez –izan ere aukera ematen du ikastaroetan bide telematikoa erabiliz izena emateko bai gaztelaniaz eta bai euskaraz, eta prestakuntza ikastaro batzuk euskara hutsez ematen ditu–, egokitzat jo genuen NAPIren prestakuntza-eskaintzari buruz informazioa ematen duten foileto zabalgarrien euskarazko edizio bat egitea, Nafarroako eremu euskalduneko udalentzat eta langileentzat.
Hala eta guztiz ere, ezin izan da proiektu hori aurrera eraman NAPIk 2010ko lehen seihilekoan eskainiko dituen ikastaroei buruzko informazio-kanpainarako, denboraz larri ibili garelako eta aurrekontuan murrizketa handiak daudelako. Hori dela eta, Prestakuntza Zerbitzuak geroratu behar izan du euskarazko informazio-foiletoaren argitalpena aurtengo bigarren seihilekoko prestakuntza-kanpainarako –2010eko udaberrian eginen da–, eta une horretan gauzatuko du”.
Azaldu den bezala, aurkeztutako kexaren arrazoia da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eremu euskalduneko udal bati gaztelania hutsez idatzitako dokumentu bat (NAPIren Prestakuntza Plana) igorri izana.
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak igorritako txostenean adierazten da, 29/2003 Foru Dekretuko 16.3 artikuluan xedatutakoa aipatuz (Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko zerbitzu nagusiek biztanle guztientzat egiten dituzten informazio foiletoak, kanpainetako material grafikoa, argitalpenak edo antzeko idazkiak) dokumentua euskaraz idaztea ez dela derrigorrezkoa; hala eta guztiz ere, egokitzat jo zen NAPIren prestakuntza eskaintzari buruzko informazioa ematen duten foileto zabalgarrien euskarazko edizio bat egitea, eremu euskalduneko udal eta langileentzat. Hala eta guztiz ere, denborazko larritasunarengatik eta aurrekontu-arrazoiengatik, ezin izan omen da hori egin 2010eko lehen seihilekoko ikastaroekin.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak euskararen ofizialtasuna aitortzen du eremu euskaldunean (II. kapitulua eremu horretako erabilera ofizialari buruzkoa da). 11. artikuluak ezartzen du administrazio publikoen organoek parte hartzen duten ekintza guztiak, baita administrazio jakinarazpen eta adierazpenak ere, bi hizkuntzetan idatzi beharko direla.
Nafarroako Auzitegi Gorenaren 2004ko maiatzaren 20ko epaiak aurreko arauan ezarritakoa interpretatzen du, 29/2003 Foru Dekretuko 15.1 artikuluan adierazitakoarekin lotuz (“Egoitza eremu mistoan duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzuetatik eremu euskalduneko pertsona fisiko nahiz juridikoei igortzen zaizkien komunikazio eta jakinarazpenak gaztelaniaz eginen dira...”), eta hura dela eta honakoa ezarri zuen: “argi dago eremu euskaldunean bizi diren herritarrei dagokienez, legeak exijitzen duela komunikazioak eta jakinarazpenak elebitan egitea... Bada, jakinarazpen edo komunikazioen hizkuntza zehazteko, ez zaio begiratu behar organo administratiboaren egoitzako tokian dagoen araubideari, baizik eta hartzailearen bizitokiari...”
Aurrekoarekin bat eta dokumentuaren jatorriaz nahiz izaeraz harantzago (kasu honetan, informatiboa da), Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuetatik eremu euskaldunean bizitokia duten pertsona fisiko nahiz juridikoei igortzen zaizkien komunikazio guztiak, oro har, eta interesdun hartzaileek kontrakorik erabakitzen ez duten bitartean, bi hizkuntzetan, gaztelaniaz eta euskaraz, igorri beharko dira.
Eta kexa eragin zuen kasuan (NAPIk Arantzako Udalera igorritako Prestakuntza Plana), ondorioztatu beharra daukagu aurreko irizpidea dela nahitaez nagusitu behar dena, zeren eta Foru Komunitateko Administrazioak eremu euskalduneko pertsona edo entitateei (udalari eta bertako langileei) igorritako komunikazio bati buruz ari baikara.
Horrenbestez, aurkeztutako kexak oinarririk badu, zeren eta txostenean aipatzen diren arrazoi praktikoak gorabehera, egiaz dokumentua gaztelania hutsez igorri zen, eta hori Euskarari buruzko Foru Legean ezarritakoaren aurkakoa da, hari buruz aipatu dugun interpretazioari jarraituz.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez gaztelaniaz eta euskaraz idatzi behar dituela eremu euskaldunean bizitokia duten pertsona fisiko nahiz juridikoei igortzen dizkien komunikazio guztiak.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela eta hura dela eta zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia