Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 24ko 263/2009 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?]ko zuzendari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 24

Euskara

Gaia: Falta de atención telefónica en euskera

Exp: 09/618/C

: 263

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko irailaren 17an, [?]ko zuzendari [?] jaunaren kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. Hezkuntza Departamentuan telefono-arreta euskaraz ez emateari buruzkoa zen kexa.

    Azaltzen zuen maiatzaren 19an, 13:20an, herritar batek Hezkuntza Departamentuaren telefono zenbakira hots egin zuela (848 42 65 00) eta arreta eman zion pertsonak euskaraz ez zekiela. Hori zela eta, euskaraz zekien norbaitekin pasatzeko eskatu zuen. Hala eta guztiz ere, ezinezkoa izan zen hori, zeren eta jakinarazi baitzioten une hartan ez zegoela arreta euskaraz eman ziezaiokeen inor.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Hezkuntza Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. Azaroaren 6an, departamentu horren txostena sartu zen erakunde honetan. Hartan, hemen ardura digunari dagokionez, honakoa esaten da:

    “Gaur egun, Hezkuntza Departamentuaren plantilla organikoan ez dago laguntzaile telefonistaren lanposturik; hori dela eta, Departamentuko telefono-zentralitaz, zeina Idazkaritza Tekniko Orokorraren Araubide Administratiboaren Atalaren menpekoa baita, administrari laguntzaile bat arduratzen da, baina hari ez zitzaion inongo hizkuntza-baldintzarik ezarri lanpostu horretan aritzeko hartara sartu zenean. Egiaz, administrari laguntzaile horrek ez du euskararen ezagupenik

    Dena den, haren konstituzio- eta lan-eskubideak errespetatuta, pertsona horrek aukera du, unitate horretako gainerako langileek bezala, urtero NAPIk antolatzen dituen euskaraz ikasteko ikastaroetara joateko.

    Hala eta guztiz ere, Nafarroako Arartekoari aurreko beste batzuetan jakinarazi diogun bezala, azpimarratu nahi dugu euskaraz egin nahi diren kontsultak berehala desbideratzen direla Informazio eta Dokumentazio Bulegora; izan ere, bertan, plantillan arreta euskaraz emateko gaitasuna duen pertsona bat egoteaz gainera –baldintza horrekin bete zen lanpostu batean ari baita–, beste pertsona batek ere euskaraz badaki, eta egiten zaizkion kontsultei euskaraz eta gaztelaniaz erantzuteko moduan dago. Logikoa den bezala, gerta daiteke zentralitatik deia Informazio eta Dokumentazio Bulegora pasatzea erantzuna euskaraz jasotzeko eta horretarako gaikuntza duten langileak une horretan okupatuta egotea, pertsonaren bati zuzenean nahiz telefonoz arreta ematen. Hori dela eta, arreta berehala jasotzeko eskatuz gero, gaztelaniaz erantzun beharko zaio.

    Hartara, bada, deskribatutakoa bezalako kasuetan edo gaikuntza duten langileak kanpoan daudenetan izan ezik, kontsultei eskatutako hizkuntzan erantzuten zaie eta, ahal bada, kontsulta egiten den une berean. Hala ez bada, Informazio eta Dokumentazio Bulegoko pertsonen baten zuzeneko telefonoa ematen zaio interesdunari, harengana jo ahal izateko. Horrekin, normalean, auzia aparteko arazorik gabe konpondu ohi da [...]. “

AZTERKETA

  1. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eremu mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz nahiz idatziz euskara erabiltzeko Hezkuntza Departamentuan, eta Administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.

    Arreta ematen duen funtzionarioak edo enplegatuak hizkuntza horretan ez baldin badaki, Administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, euskaraz hitz egitea erabaki badu, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.

  2. Foru Komunitateko Administrazioak, bere burua antolatzeko daukan ahalmenaz baliatuta, erabakitzeko tarte zabal bat dauka, aplikatu beharreko bideei eta baliabide osagarriei dagokienez, herritarrak eremu mistoan dauden zerbitzuetan hitzezko harremanetan euskara erabiltzeko duen eskubidea eraginkorra izan dadin. Baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea Administrazioak erabaki beharreko kontu bat da, baina, edonola ere, herritarrek nahi dutenean euskara erabiltzeko eskubidea eraginkorra izan dadin bermatzeko behar adinakoak eta egokiak izan beharko dute.

    Erantzuteko idazkian iragarritako bitartekoak egokiak izan badaitezke ere, egia da kasu honetan, herritarrak euskaraz hitz egin nahi izan duela Hezkuntza Departamentuarekin, eta komunikazio hori ezin izan zela hizkuntza horretan gauzatu. Horrenbestez, herritarraren eskubidea urratu zen. Urraketa hori gertaturik, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, bidezkoa baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogoraraztea legez eskualde mistoko bulego, zerbitzu eta zentroetan, herritarrek euskaraz hitz egiteko duten eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Udalari erakunde honi jakinaraz diezaion azaldutakoaren bidetik neurri egokiren bat hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia