Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Tamaño en euskera en menor tamaño que el texto en castellano en un cartel indicativo
Exp: 09/762/C
Nº: 259
Bilingüismo
2009ko azaroaren 5ean, [?]ko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Iruñeko Udalari buruzko kexa bat aurkezten zuen.
Azaltzen zuen udalak afixa handi batzuk jarriak zituela bidegorriei buruz, besteak beste Cuatrovientos biribilgunearen ondoan eta Marcelo Celayeta etorbideak eta Barkazio Gurutzea kaleak bat egiten duten tokian. Hala eta guztiz ere, euskaraz dagoen testu bakarra “Bidegorria Iruña” da, gaztelaniazkoa baino letrakera txikiagoan eta kolore argiagoan. Hori dela eta, urrutitik ez da ikusten.
2009ko abenduaren 14an, Herritarren Partaidetzako eta Teknologia Berrietako Alorreko zuzendariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Udalaren komunikazio kanpainak egiterakoan besteak beste honako irizpideak hartzen dira kontuan:
Hautaturiko letrakerak tamaina egokia eduki beharko du, erabiltzen den euskarriaren arabera (esku-orria, prentsa-iragarkia, mupia eta abar) irakurgarria izateko.
Bidegorriko lanei buruzko afixen kasuan, gure ustez irizpide horiek egoki betetzen dira. Testuetarako hautatutako koloreari dagokionez, irizpide estetikoaren araberako kontu bat da, sormen-lanaz arduratzen den enpresaren diseinu-lanaren zati bat, horrenbestez. Koloreak, beraz, kanpainarako diseinuaren arabera hautatzen dira.
Gure ustez, beraz, mezuak gaztelaniaz eta euskaraz zuzen konbinatuta daude euskarri horietan, betiere udaleko komunikazio-zerbitzuak ezarritako irizpideen arabera.”
Erakunde honen iritziz, udalak ez du urratu Iruñeko Udalaren esparruan euskara erabiltzeari eta sustatzeari buruzko ordenantzako 9.1 artikuluaren hitzez hitzeko edukia. Hain zuzen ere honakoa ezartzen du bertan: “Afixetako elementu guztiak elebikoak izanen dira”. Ordenantzak ez ditu alderaketarako terminoetan arautzen bi hizkuntzetako bakoitzean idatzitako testuei eman beharreko tokia edo haietan erabili beharreko tamaina.
Halaber, erakunde honek uste du Iruña bezalako udal baten afixak elebitan egotea, eskualde mistoan egonik, ez datorrela bat Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen edo hura garatzen duen foru dekretuaren aginduarekin, baizik eta udal ordezkarien borondatearekin berarekin. Izan ere, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzako zioen azalpenean adierazten den bezala, udal ordezkariek uste dute euskara hiriko bi hizkuntza berezkoetariko bat dela eta, euskararen egungo egoera dela-eta, udalak “konpromisoa hartzen du horren sustapenerako neurriak hartzeko, euskara hizkuntza gutxiagotua eta, zalantzarik gabe, ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena”.
Euskarazko testua txikiagoa baldin bada eta toki gutxiago hartzen baldin badu gaztelaniazko testuak baino, hizkuntza bati garrantzi gehiago eman zaio beste bati baino, alegia, gaztelania nabarmendu da euskararen gainetik. Bada, euskararen gutxiagotze hori ordenantzaren izpirituaren aurkakoa izan daiteke eta, horrenbestez, udal ordenantzaren aginduaren aurkakoa, bi hizkuntzak berezkotzat jo baitzituen, inongo bereizketarik egin gabe. Are gehiago, haien borondatea zen euskara sustatzea, hizkuntza gutxiagotua izateagatik.
Azken batean, erakunde honek uste du Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantza bere terminoen eta helburuen arabera interpretatu behar dela eta, horrenbestez, Nafarroak dituen bi hizkuntza berekien arteko berdintasunak erabatekoa izan behar duela. Horrenbestez, euskaraz inprimatutako afixaren tamaina eta tokia gaztelaniaz inprimatutakoaz desberdina izatea ez dator bat izpiritu horrekin, hau da, euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzaren hermeneutika zuzenarekin.
Horrenbestez, egokitzat jotzen dugu udalari iradokitzea azaldutakoaren ildotik interpreta dezan ordenantzaren aplikazio zuzena.
Aurreko guztia dela eta
Iruñeko Udalari iradokitzea Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzaren artikuluak interpreta ditzan Euskarari buruzko Foru Legea inspiratu zuten printzipioen arabera. Printzipio horiek, bestalde, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko ordenantzako zioen azalpenean bertan jasota daude. Zehazki, iradokitzen diogu euskarazko testuari gaztelaniazko testuaren tamaina bera ematea eta distantzia beretik ikusteko modukoa izatea.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia