Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 21eko 258/2009 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?]ko zuzendari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 21

Euskara

Gaia: Texto en euskera en menor tamaño que el texto en castellano en los carteles informativos de una campaña institucional

Exp: 09/761/C

: 258

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko azaroaren 5ean, [?]ko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Iruñeko Udalari buruzko kexa bat aurkezten zuen.

    Azaltzen zuen Iruñeko Udalak hiri osoan honako testua zuten kartel batzuk jarri zituela: Iruña, tratu txarren kontra. Kartel horietan informazioaren zati bat baizik ez zegoen euskaraz, eta gaztelaniazko testukoa baino kolore argiagoko eta tamaina txikiagoko letrakerarekin. Hori dela eta, euskarazko testua urrutitik ez zen ikusten.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Iruñeko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko maiatzaren 11n, Merkataritza, Turismo eta Berdintasuneko zuzendariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

    “Udalaren komunikazio kanpainak egiterakoan besteak beste honako irizpideak hartzen dira kontuan:

    • Ahal den guztian ahaleginak egiten dira kanpainak euskarri bakarrean egiteko, eta euskarri bakar horretan gaztelaniazko eta euskarazko testuak jartzeko.
    • Gaztelaniazko testuak letra tamaina handiagoarekin jartzen dira, eta, horrenbestez, toki gehiago ematen zaio hizkuntza horri, herritarren % 100ek ulertzen eta menperatzen duten hizkuntza baita. Euskarazko testua, berriz, populazioaren zati txikiago bati zuzentzen zaio, eta, horrenbestez, letra tamaina txikiagoarekin egiten da (% 70). Beraz, toki txikiagoa eskaintzen zaio hizkuntza horri.
    • Hautaturiko letrakerak tamaina egokia eduki beharko du, erabiltzen den euskarriaren arabera (esku-orria, prentsa-iragarkia, mupia eta abar) irakurgarria izateko.

“Iruña, tratu txarren kontra” kanpainaren kasuan, gure ustez irizpide horiek egoki betetzen dira. Testuetarako hautatutako koloreari dagokionez, irizpide estetikoaren araberako kontu bat da, sormen-lanaz arduratzen den enpresaren diseinu-lanaren zati bat, horrenbestez. Koloreak, beraz, kanpainarako diseinuaren arabera hautatzen dira.

Gure ustez kanpainako euskarri desberdinetan ageri diren testuen irakurgarritasuna egokia dela, kontuan hartzen bada, gainera, erabilitako euskarriak, mupiak eta aparkalekuetako edikuluak, oinezkoentzako esparruetan daudela eta, horrenbestez, halako moduan daudela jarrita non oinezkoa behar den guztian hurbildu ahalko den, testuak bere ikusmen-graduaren arabera irakurri ahal izateko.

“Urrutitik” irakurtzeko egokitasuna nahiz zailtasuna, [?] jaunak adierazi bezala, gai zehaztu gabea eta subjektiboa da, eta mezuaren hartzailearen ikusmen onaren edo txarraren araberakoa.

Gure ustez, beraz, mezuak gaztelaniaz eta euskaraz zuzen konbinatuta daude, betiere udaleko komunikazio-zerbitzuak ezarritako irizpideen arabera.

AZTERKETA

  1. Aztergai dugun kasuan, Administrazio publikoak berak onartzen du afixako euskarazko testuak (Iruña, tratu txarren kontra) toki gutxiago hartzen duela eta txikiagoa dela gaztelaniaz idatzita dagoenak baino (Pamplona contra los malos tratos). Udalak uste du mezuak gaztelaniaz eta euskaraz zuzen konbinatuta daudela, betiere udaleko komunikazio-zerbitzuak ezarritako irizpideen arabera.
  2. Erakunde honen iritziz, udalak ez du urratu Iruñeko Udalaren esparruan euskara erabiltzeari eta sustatzeari buruzko ordenantzako 9.1 artikuluaren hitzez hitzeko edukia. Hain zuzen ere honakoa ezartzen du bertan: “Afixetako elementu guztiak elebikoak izanen dira”. Ordenantzak ez ditu alderaketarako terminoetan arautzen bi hizkuntzetako bakoitzean idatzitako testuei eman beharreko tokia edo haietan erabili beharreko tamaina.

    Halaber, erakunde honek uste du Iruña bezalako udal baten afixak elebitan egotea, eskualde mistoan egonik, ez datorrela bat Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen edo hura garatzen duen foru dekretuaren aginduarekin, baizik eta udal ordezkarien borondatearekin berarekin. Izan ere, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzako zioen azalpenean adierazten den bezala, udal ordezkariek uste dute euskara hiriko bi hizkuntza berezkoetariko bat dela eta, euskararen egungo egoera dela-eta, udalak “konpromisoa hartzen du horren sustapenerako neurriak hartzeko, euskara hizkuntza gutxiagotua eta, zalantzarik gabe, ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena”.

    Euskarazko testua txikiagoa baldin bada eta toki gutxiago hartzen baldin badu gaztelaniazko testuak baino, hizkuntza bati garrantzi gehiago eman zaio beste bati baino, alegia, gaztelania nabarmendu da euskararen gainetik. Bada, euskararen gutxiagotze hori ordenantzaren izpirituaren aurkakoa izan daiteke eta, horrenbestez, udal ordenantzaren aginduaren aurkakoa, bi hizkuntzak berezkotzat jo baitzituen, inongo bereizketarik egin gabe. Are gehiago, haien borondatea zen euskara sustatzea, hizkuntza gutxiagotua izateagatik.

    Azken batean, erakunde honek uste du Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantza bere terminoen eta helburuen arabera interpretatu behar dela eta, horrenbestez, Nafarroak dituen bi hizkuntza berekien arteko berdintasunak erabatekoa izan behar duela. Horrenbestez, euskaraz inprimatutako afixaren tamaina eta tokia gaztelaniaz inprimatutakoaz desberdina izatea ez dator bat izpiritu horrekin, hau da, euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzaren hermeneutika zuzenarekin.

    Horrenbestez, egokitzat jotzen dugu udalari iradokitzea azaldutakoaren ildotik interpreta dezan ordenantzaren aplikazio zuzena.

Aurreko guztia dela eta

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari iradokitzea Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzaren artikuluak interpreta ditzan Euskarari buruzko Foru Legea inspiratu zuten printzipioen arabera. Printzipio horiek, bestalde, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko ordenantzako zioen azalpenean bertan jasota daude. Zehazki, iradokitzen diogu euskarazko testuari gaztelaniazko testuaren tamaina bera ematea eta distantzia beretik ikusteko modukoa izatea.

  2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egile [?] jaunari ([?]ko zuzendaria) eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia