Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Deficiente funcionamiento de la Agencia Navarra para la Dependencia en la gestión de las subvenciones y ayudas
Exp: Expediente 09/441/B
Nº: 241
Gizarte ongizatea
2009ko ekainaren 25ean, [?] elkarteko lehendakari [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez kexa bat agertzen du Nafarroako Mendekotasun Agentziaren funtzionamendu okerrarengatik, diru-laguntzak eta laguntzak kudeatzeari dagokionez.
Laburbilduz, honakoa azaltzen du:
2009rako aurrekontuetan, laguntza ekonomikoetarako kontusail bat dago, “Elbarri fiskoen mugikortasunerako laguntzak” izenekoa, 300.000 euro dauzkana. Ekainean laguntza horretarako deialdiaren datari buruz galdetu ondoren, erantzun diote ez dela deialdirik eginen aurrekonturik ez dagoelako. Interesdunek ez dute erantzun hori ulertu zeren eta aurrekontua egon bai baitago.
Ekainaren 25ean, elkarteak eta programen garapena sustatzeko laguntzetarako deia egin zen, baina 2009ko apirilaren 8rako soilik elkarteak sustatzekoak ebatzita zeuden, eta bi ordainketa baizik ez ziren eginak, bakoitza laguntza gisa onetsitako kopuruaren ehuneko 25ekoa. Hala eta guztiz ere, aurreko ekitaldietan onetsitako kopuruaren % 60 ordaintzen zen. Jakinarazi diete aurten % 25eko ordainketak eginen direla eta behin egiaztagiriak bidali ondoren beste % 25 ordainduko dela, eta gainerakoarekin berdin. Ordaintzeko beste modu hori justifikatzeko arrazoia da Ogasunak hori ezarri duela. Alabaina, beste departamentu batzuetako deialdietan (Osasun Departamentua eta Nafarroako Osasun Zerbitzua) laguntzek aurreko urteetan bezala jarraitzen dute, horrelako murriztapenik gabe.
Programak garatzeko laguntzen deialdia maiatzaren 4an argitaratu zen, baina ekainaren 25ean ezer ere ez da jakin haien ebazpenari buruz. Hori dela eta, onura hori atera behar zuten elkarteek urte erdia daramate programaren kostua beren gain hartzen.
Oporretarako Programarako laguntzen deialdia, jada ekainaren lehenengo hamabostaldia iraganda, oraindik ere ez da egin.
Horrek esan nahi du elkartea bere gain hartzen ari dela entitateak dauzkan gastu gehienak, horrek ekartzen dituen likidezia arazo handiekin, laguntza publikoak ez jasotzearen ondorioz. Horrek guztiak larriki kaltetzen du entitatearen funtzionamendua.
Aurreko guztia Nafarroako Mendekotasunaren Agentziaren funtzionamendu eskasari egozten dio kexa-egileak.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.
Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.
Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Ulertzea [?] Elkarteak administrazio zuzena izateko zeukan eskubidea urratu dela, ukitutako Administrazioak ez baitu kontrakoa egiaztatu.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea diru-laguntzetarako deialdiak eta kexa-egilearen elkarteak eskura ditzakeen laguntza ekonomikoen espedienteak behar den arintasunaz kudea ditzala, justifikaziorik gabeko atzerapenek ez dezaten entitatearen funtzionamendu egokia zaildu.
Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2008ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nabarmentzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak erakunde honi laguntzarik ez emateko jarrera erakutsi duela, 2009ko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako; halaber, udal hori Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartzea, eta sartze horren berri ematea erakundearen webgunean, arduradunen izenak berariaz aipatuz, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia