Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 18ko 257/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 18

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de Respuesta a una instancia

Exp: 09/687/D

: 257

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 6an, [?] andreak izenpetutako kexa bat sartu zen erakunde honetan, Belosoko aldean bide gorriaren trazadurak oinezkoei eragiten dien segurtasun eza dela eta.

    Azaltzen du Belosoko Aldapatik oinez joateko ohitura zuela, lantokira joateko, baina orain jada oinez joateari utzi diola, txirrindulariak abiada handian joan ohi direlako bertatik, oinezkoen pasoa errespetatu gabe.

    Adierazten du idatziz jo duela Iruñeko Udalera, eta eskatu duela alde horretako bide gorriaren trazadura kentzeko, oinezkoek pairatzen duten segurtasun faltako egoera dela eta. Hala eta guztiz ere, dioenaren arabera, kexa aurkeztu zuen egunera arte, udala eskatutakoari batere kasurik egin gabe zegoen, eta erantzunik ere eman gabe jarraitzen zuen.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari.

    Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:
    “Txirrindulariak espaloietatik zirkulatzeari dagokiona Iruñeko hiriko trafikoari buruzko udal ordenantzan arautua dago. Ordenantza hori 2009ko maiatzaren 4ko 53. NAOn argitaratu zen.

    Belosoko Aldapan ez da bide gorririk egin, berez, espaloian. Trafikoari buruzko Ordenantzan ezarritakoari jarraituz, berriz, bidezkoa da bizikletekin bertatik zirkulatzea, betiere oinezkoei lehentasuna emanez.

    2009ko abuztuaren 20an, [?] andrearen idazkia sartu zen udal erregistroan. Idazki hori euskaraz aurkeztu zen eta itzultzera igorri zen. Behin itzulpena egin ondoren, idazkiaren erantzuna prestatu zen, eta berriz ere itzultzera bidali zen. [?] andrearentzako erantzuna urriaren 9an igorri zen.

    Agiri honekin batera, [?] andreari igorritako agiria dago, bai eta haren itzulpena ere”.

AZTERKETA

  1. Islaturik agertu den bezala, kexa-egileak salatu du bizikletek Belosoko Aldapako espaloian zirkulatzeak oinezkoei dakarkien segurtasun falta (zirkulazio hori baimenduta dago Iruñeko Udalak jarritako seinaleen bitartez). Halaber, eskatu du espaloi horretatik bizikletan ibiltzeko aukera hori ken dadin eta txirrindularientzako berariazko errei bat egin dadin. Horri dagokionez, kexa-egileak kexa-idazkian dio udalera jo zuela bere eskaria egiteko, baina erantzunik batere ez zuela jaso.

    Administrazio horren txostenean jakinarazitakoa ikusita, kexa aurkeztu eta egun gutxitara bidezko erantzuna eman zen. Hori dela eta, alderdi zehatz horri dagokionez (erantzunik ez ematea), ez da bidezkoa erakunde honek ezer esatea.

  2. Gaiaren sakoneko aldeari dagokionez, berriz, egiaz Iruñeko Trafikoari buruzko Udal Ordenantzak aurreikusten du aparteko kasuetan txirrindulariak espaloi jakin batzuetatik joan ahal izatea, arauan bertan ezarritako baldintzetan. Zehazki, ordenantzako 26. artikuluak hauxe dio:

    “26. artikulua. Bizikletak espaloietan barna.

    Debeku da bizikletak espaloietan barna ibiltzea.

    Salbuespenez, bizikletak espaloietan barna ibiltzen ahalko dira, soil-soilik behar bezala seinalaturik badaude eta baldintza hauekin:

    Bizikletekin zerrenda seinalatuetan ibili beharko da eta lehentasuna oinezkoak izanen du espaloi osoan; oinezkoak aitzinatu edo haiekin gurutatzean, txirrindulariek metro bateko tartea utzi beharko dute haiengandik. Oinezkoen kopuruak ez badu aukerarik ematen metro bateko tartea uzteko txirrindulariaren eta haien artean, txirrindulariak bizikletatik jaitsi eta oinez gurutzatu beharko du.

    Bizikletak oinezkoei egokituriko neurriko abiaduran joanen dira, betiere 10 km/h-tik beheiti, eta axolagabekeriaz edo ausarkeriaz oinezkoen segurtasunean eragiten duen maniobrarik egin gabe.

    Espaloi seinalatuetan eta bide gorrietan barna ibiltzen diten txirrindulariak, galtzadetara ailegatzen direlarik oinezkoendako pasabidea dagoen tokietan, gelditu beharko dute, zangoa lur gainean ezarri eta galtzadan barna dabiltzan ibilgailuetatik ikusi dituztela egiaztatuta, segitzen ahalko dute aitzina. Pasabide horietan txirrindulariek lehentasuna dute galtzadan barna ibiltzen diren ibilgailuen aitzinetik”.

    Arau xedapen hori da hemen aztergai dugun kasuan aplikatzen dena. Izan ere, Belosoko Aldapako espaloian lerro bat dago margotuta (Media Luna pasealekutik datorrena), eta hartatik zirkulatzeko baimena dute txirrindulariek.

  3. Erakunde honen xedea da Konstituzioan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan herritarrei aitortutako eskubideak defendatzea eta hobeki babestea, haiek Nafarroako administrazio publikoen balizko abusu eta akatsen aurrean babestuz (Nafarroako Arartekoari buruzko Foru Legeko 1. artikulua).

    Planteatutako kasuan ezin dugu ondorioztatu arauaren edukia –arauak, ikusi dugun bezala, aparteko kasuetan baimena ematen du txirrindulariek espaloi jakin batzuetatik zirkulatu ahal izateko, baldintza batzuekin– edo haren aplikazio zehatza antolamendu juridikoak herritarrei aitorturiko eskubideen urraketa bat direnik.

    Hala eta guztiz ere, erakunde honek ulertzen du arazoak sor daitezkeela oinezkoek eta txirrindulariek espazioak partekatu behar dituztenean (are gehiago, Belosoko Aldapako zenbait tartetan gertatzen den bezala, espaloia estu samarra denean). Hori dela eta, erakunde honek herritarren eskubideen defentsa ez ezik, haiei babes hobea emateko xedea ere esleituta daukanez, bidezkotzat jotzen dugu Iruñeko Udalari iradokitzea ezen, ahal den neurrian, dauden baliabide ekonomikoen arabera eta terrenoaren ezaugarriak kontuan hartuta, bizikleten zirkulaziorako gordetako erreiak zabal ditzan, haiek espaloietatik joan daitezela ekidenez.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari iradokitzea behar diren neurriak ezar ditzan bizikletekin zirkulatzeko berariazko errei gehiago egiteko, ahal den guztian ekidinez ziklistek eta oinezkoek espaloietako espazioa partekatu behar izatea.

  2. Iruñeko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko iradokizun hau onartzen duen edo hura ez onartzeko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia