Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de contestación a una instancia
Exp: 09/786/D
Nº: 256
Eskubideen sustapena
Aurtengo azaroaren 13an, [?] jaunak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Carcarko Udalean aurkeztutako idazki bati erantzuna eman ez zaiolako.
Azaltzen du 2009ko abuztuaren 7an, bere emazte Ana Gracia Ruiz Redondo andreak herri horretako udaletxean eskabide bat eta bere etxebizitzaren eskritura aurkeztu zituela, katastroan ageri den titulartasuna alda zedin. Horren arrazoia zen kontribuzioa ordaintzeko igorri zitzaien dokumentuan ez zela ageri [?] jauna etxebizitzaren % 50aren jabea zela, bere emaztea bezalaxe. Kexa aurkezteko datan, oraindik ere ez da erantzunik jaso.
Kexa-egileak dio eskabidea aurkeztu aurreko egunetan, emazteak eskaria egin zuenean, idazkariak eskritura mahai gainean uzteko esan ziola. Galdetu zion aldaketa zein datarekin eginen zuen, eta idazkariak erantzun zion abendurako eginen zela, zeren eta hori baita katastroko langileak udalera joaten diren hilabetea. Hala eta guztiz ere, Ogasunarekin hitz eginda, kexa-egileari jakinarazi zioten hain zuzen ere herritarrek itxaron behar ez izateko programa bat instalatu dutela eta programa horren bidez udal bakoitzak eskaria egiten den une berean egin dezakeela aldaketa.
Hori dela eta, kexa-egileak eskatzen du erantzuna eman dakiola aurkeztutako idazkiari eta bi ezkontideek % 50ean daukaten etxebizitzaren titulartasuna alda dadin.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Carcarko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
“Katastroko aldaketak une beran egiten dira, edo gehienez ere biharamunean, salerosketak, dohaintzak, herentziak (errazak badira) eta abar direnean. Nolabaiteko berezitasuna edo zailtasuna duten aldaketak, berriz, [?] enpresako talde teknikoaren bisitarako uzten dira. Bisita hori, berriz, abenduan edo urtarrilean izaten da, eta bisitaldia prestatzeko aparteko orri batean idazten dira argitu beharreko erreklamazio edo zalantzak, kontribuzio berria titular berriaren izenean egon dadin.
Aztertzen ari garen kasu zehatzean, ezin izan genuen aldaketa “Digit” sistemaren bidez egin, eta Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuarekin hitz egin ondoren, proposatu ziguten “ezarpeneko akats” gisa egitea aldaketa, eta horixe egin genuen. Dokumentu hori, halere, ez da “Digit” programakoa. Hori dela eta, [?] enpresakoak udalera datozenean, beraiek osatuko dute aldaketa-dokumentua, beste zalantza, kexa eta akats batzuei konponbidea ematearekin batera, eta haiek beste inork egin ezin ditzakeen beste lan batzuk egitearekin batera.
Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legeko 19. artikuluak udalei bi betebehar esleitzen dizkie, besteak beste: ondasun higiezinen gainean interesdunek aitortutako aldaketak jasotzea eta oinarrizko datuak aldatzeko proposamenak Nafarroako Zerga Ogasunak ezarritako agiri normalizatuetan formalizatzea eta Lurralde Aberastasunaren Erregistrora igortzea.
Igorritako txostenean, udalak dio kasu zehatz honetan ezin izan zutela eskatutako aldaketa Digit sistemaren bitartez egin. Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuarekin hitz egin ondoren, zerbitzu horrek udalari adierazi zion komeni zela “ezarpeneko akats” baten gisara egitea katastro-aldaketa. Bada, egiteko horren konplexutasuna zela eta, erabaki zen arazoari konponbidea ematea [?] enpresako talde teknikoak udalera egin ohi duen bisitan, abenduan edo urtarrilean.
Udalak igorritako azalpenak ikusita, erakunde honek ez du uste egokia denik horri buruz inongo iradokizun edo gomendio egitea.
Hala eta guztiz ere, besterik da kexa-egileak aurkeztutako idazkiari udalak erantzuteari dagokiona.
Arau klasiko eta funtsezko bat badago administrazio prozedura erkidean: administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar die interesdunek aurkeztutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu araudiak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideak ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna ez dela udalari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, udalak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Carcarko Udalak ez die inongo erantzunik eman kexa-egileak aurkeztutako bi eskabideei. Alabaina, kexa-egileak idatzizko erantzun bat, behar adina arrazoitutakoa, jasotzeko eskubidea dauka.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Carcarko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.
Carcarko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia