Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 16ko 255/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 16

Osasuna

Gaia: Problemas para percibir reintegro de gastos por estancia hospitalaria fuera de Navarra

Exp: 09/699/S

: 255

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 8an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Osasun Departamentuaren jokabidearengatik.

    Azaltzen du bere alaba abuztuaren 10ean jaio zela Bideko Ama Birjina Ospitalean. Umeak bihotzeko arazoak zeuzkanez gero –jada jaio aurretik jakinaren gainean zeuden–, Bilboko osasun zentro batera eramatea erabaki zen, eta han 48 egunez egon zen ingresatuta.

    Interesdunak dioenaren arabera, amak borondatezko senda-agiria eskatu behar izan zuen alabarekin egon ahal izateko, zeren eta Osasun Departamentuak baimena eman baitzuen anbulantziaz soilik umea (ez ama) eramateko. Interesdunak dio arrazoizkoena izanen zela biak batera eramatea, biei batera tratamendua Bilboko zentroan emateko eta banandu behar ez izateko.

    Behin Bilbotik itzuli zirenean, interesdunek Osasun Departamentura jo zuten, otorduek eta ostatuak eragindako gastuengatiko prestazioak eskatzeko. Alabaina, kexa-egileak dioenaren arabera, zenbait oztopo topatu dituzte.

    • Alde batetik, eskaintzen zaien gehieneko kopurua eguneko 30 eurokoa da (eta soilik umearentzako laguntzaile batentzat). Bada, diru horrekin ezin da inolaz ere ordaindu bi gurasoek egin behar izan zuten gastua (ume bat zenez, bai aita, bai ama joan ziren Bilbora).

    • Bestalde, eskatzen zaie gastu-kontzeptu guztiei buruzko fakturak aurkezteko; alabaina, kexa-egileak guzti-guztiak ez dauzka. Kexa-egileak uste du sistema hori guztiz deserosoa dela eta ez dela beharrezkoa planteatutakoa bezalako kasuetan. Gainera, adierazten du Bideko Ama Birjina Ospitaleko gizarte laguntzaileen zerbitzuek ez zietela gurasoei horri buruzko inolako informaziorik eman ospitale-aldaketa egin aurretik.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Osasun Departamentuari.

Eskatutako txostena jaso ondoren, honakoa ageri dela atzeman dugu:

“Ez dakigu gaixoaren izena zein den, baina Bideko Ama Birjina Ospitalearekin harremanetan jarri ondoren, eta erreklamazioan azaltzen diren aurrekariei erreparatuta, uste dugu [?] gaixoari buruz ari garela. Izan ere, gaixo hori 2009ko abuztuaren 10ean Bilboko Gurutzetako Ospitale Orokorrera eraman zen larrialdiz LAMZ-ZIU gisako anbulantzia batean, aortaren hertsadura zeukalako. Izan ere, kasuaren larritasuna ikusita, beharrezkotzat jo zen haurren bihotzen esparruko patologietan esperientzia handia duen zentro batera eramatea, larrialdiko ebakuntza egiteko.

Gaixoa LAMZ-ZIU gisako anbulantzia batean eraman zuten. Horrelakoetan, larrialdi batean arreta emateko behar diren langile sanitarioak (sendagilea, OLTa eta gidaria) baizik ezin dira joan. Hori dela eta, ezin izan zen ama ibilgailu berean eraman.

2009ko urrian, gurasoek joan-etorriengatiko, ostatu gastuengatiko eta otorduetako gastuengatiko dietak eskatu zituzten, honako dokumentazioa aurkeztuta:

  • Gurutzetako Ospitalearen txostena, non jasotzen baita gaixoa 2009ko abuztuaren 10etik irailaren 28ra arte ingresatuta egon zela. Egun horretan hil egin zen.
  • Bideko Ama Birjina Ospitaleko Pediatria Zerbitzuko [?] jaunaren txostena, 2009ko abuztuaren 10ekoa.
  • [?] Hotelaren 404 zenbakia daraman faktura, abuztuaren 17koa. 385,00 euroko gastua jasotzen du: 7 eguneko logela (11tik 17ra) eta 7 eguneko garajea.
  • [?] Hotelaren 420 zenbakia daraman faktura, abuztuaren 24koa. 385,00 euroko gastua jasotzen du: 7 eguneko logela (18tik 24ra) eta 7 eguneko garajea.
  • [?] Hotelaren 428 zenbakia daraman faktura, abuztuaren 29koa. 275,00 euroko gastua jasotzen du: 5 eguneko logela (25etik 29ra) eta 5 eguneko garajea.

Umea Bideko Ama Birjina Ospitaletik Bilboko Gurutzetako Ospitalera oso azkar deribatu zenez, uste izatekoa da une hartan ez zitzaiela gurasoei informaziorik eman joan-etorrietako gastuak eta otorduetako gastuak ordaintzeko eskubide eta baldintzei buruz. Hala eta guztiz ere, [?] gaixoaren amak jada eskubide eta baldintza horiek ezagutzen zituen, zeren eta haurdunaldiaren kontrolerako Basurtoko Ospitalera deribatu baitzuten. Orduan, Prestazio eta Itunen Zerbitzuak horrelako dietak ordaintzeko eskubideari eta baldintzei buruzko informazioa eman zion.

2009ko urriaren 8an, espedientea ebatzi zen eta honako kopuruak ordaindu ziren:

Joan-etorriei dagozkien gastuengatik, Iruñetik Bilbora joateko autobus txartel bati dagokiona, joateko eta etortzeko, pertsona batentzat: 26,80 euro.

Otorduetako gastuengatik: 570 euro; kopuru hori abuztuaren 11tik 29ra bitarteko aldiari buruz aurkeztutako fakturei dagokie, eguneko 30 euroko gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta.

Beste autonomia erkidego batzuetara osasun laguntza jasotzera bidalitako Osasunbideko gaixoentzako bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak arautzen dituen ekainaren 30eko 212/2001 Foru Dekretuak, apirilaren 21eko 37/2008 Foru Dekretuaz aldatuak, hain zuzen ere 2. artikuluari buruz eginiko aldaketan, honakoa ezarri zuen: “Osasun laguntza hartzera Foru Komunitatetik kanpora bidali eta aurreko artikuluan ezarritako baldintzak biltzen dituzten gaixoek eskubidea izanen dute laguntzaile baten ostaturako eta otorduetarako dietak jasotzeko, betiere foru dekretu honetan ezarritako mugekin”.

Bestalde, 3.2 artikuluaren aldaketan honakoa ezarri zen: “Osasun laguntza gaixoa ingresaturik dagoela ematen bazaio, dietak baimendutako laguntzaileari ordainduko zaizkio; dieten gehieneko zenbatekoa, eguneko, ez da 30 eurotik gorakoa izanen”.

5. artikuluak honakoa ezarri zuen: “...Eskabide horrekin batera ostatuko eta otorduetako gastuaren jatorrizko fakturak aurkeztuko dira”.

Aurreko guztia dela eta, uste dugu Prestazioen eta Itunen Zerbitzuak lege indardunetan ezarritakoaren arabera jokatu duela”.

AZTERKETA

  1. Aurkeztutako kexa, funtsean, lotuta dago Beste autonomia erkidego batzuetara osasun laguntza jasotzera bidalitako Osasunbideko gaixoentzako bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak arautzen dituen ekainaren 30eko 212/2001 Foru Dekretuaren edukiarekin eta aplikazioarekin (foru dekretu hori apirilaren 21eko 37/2008 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen).

    Arau horren bidez, zioen azalpenean adierazten den bezala, gaixo horiek eta, beharrezkoa denean, gaixo horien laguntzaileek osasun laguntza hartzera Foru Komunitatetik kanpora joateko premia izateagatik egin behar izaten dituzten gastuak arindu nahi dira.

    Foru dekretuak, 1. artikuluan, Foru Komunitatetik kanpora eraman beharreko gaixoei aitortzen die ostatu gastuengatik eta otorduetako gastuengatik dietak jasotzeko eskubidea, hain zuzen ere arauan bertan ezarritako kopuruen arabera.

    Kopuru horiek, foru dekretuko 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, eguneko 30 eurokoak izanen dira, eta osasun-laguntza gaixoa ingresaturik dagoela ematen bada baimendutako laguntzaileari ordainduko zaizkio (aurretik, 2. artikuluan, laguntzaile baten dietak kobratzeko eskubidea aitortzen da).

    Arauaren 4. artikuluak joan-etorriengatiko gastuak arautzen ditu eta, azkenik, 5. artikuluak gastuak ordaintzeko eta justifikatzeko sistema ezartzen du; izan ere, haren arabera, ostatuko gastuei eta otorduetako gastuei buruzko jatorrizko fakturak aurkeztu behar dira, bai eta osasun-zentroaren ziurtagiri bat ere, non gaixoa ingresaturik egon den aldia azalduko baita.

    Aurreikuspen horien arabera eta kexaren edukia eta Administrazioak emaniko txostena ikusita, atzeman dugu egiazki Prestazio eta Itunen Zerbitzuak foru dekretuan ezarritakoa aplikatu duela: hau da, laguntzaile baten dietak onartu dira, aurreikusitako gehienezko kopuruaren arabera, bai eta espedienterako aurkeztu ziren fakturak ere.

    Aipatutako arauaren aplikazioaren ikuspuntutik, beraz, ez dugu inongo irregulartasunik atzeman Osasun Departamentuaren jokabidean.

  2. Hala eta guztiz ere, bai jotzen dugu bidezkotzat zenbait gogoeta egitea arauaren edukiari berari buruz, bai eta hartan exijitzen diren baldintzen gaineko informazio faltari buruz ere; azken alderdi hori bera kexan ere aipatzen zen.

    Lehenbizi, interesdunek kexa egiten dute eguneko 30 euroko zenbatekoa dela eta (otorduetarako eta ostatu gastuetarako), nabarmen eskasa baita egin beharreko gastuak ordaintzeko.

    Erakunde honen ustez, gainera, gaixoak beste autonomia erkidego batzuetara eraman behar direnean osasun laguntza hartzera, arauak bilatu beharko du ukitutakoek ekonomikoki kalterik ez izatea, deribazioak berak berekin dakarren zamari bestelako zamarik gehitu gabe.

    Ikuspegi horretatik, eta ahaztu gabe arauaren xedeak izan behar duela kontzeptu horiek suposatzen duten emendiozko ahaleginarengatik konpentsazio bat ezartzea, pertsonek beste toki batera joateko beharra daukatenean (noski, horrelako gastuak edo antzekoak ere izaten dira norberaren etxetik mugitu behar ez denean, baina askoz neurri txikiagoan), adierazi beharra daukagu adierazitako zenbatekoa, merkatuko prezio arrunten arabera, nabarmen eskasa dela; hori dela eta, berrazter dadin iradokitzen dugu, eta gutxienez ere 50 euroko kopururaino igo dadila, gure ustez kopuru hori errealitateari hobeki egokitzen zaiolako.

  3. Halaber, gomendagarri iruditzen zaigu arauan gastuak justifikatzeko ezartzen den sistema berrikus dadila (egiten diren gastu guztien fakturak aurkez daitezela eskatzen baitu); izan ere, gure iritziz, administratuentzat ederki ken litekeen zama bat ezartzen baitu, prestazioaren izaera kontuan izanda.

    Administrazio publikoen egiteko orokorra da administratuekiko harreman juridikoak ahal den guztian erraztea, eta haiei ez ezartzea saihesteko modukoak diren betebehar edo zamak. Eta printzipio hori jarduera administratibo osoari buruz esan baldin badaiteke, bereziki hartu behar da aintzat hemen aztergai dugunaren antzeko ingurune materialean, zeren eta berez, osasun arrazoiengatik beste autonomia erkidego batera joan behar izatea zama baten gisara hartu baitaiteke.

    Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, 27. artikuluan, dirulaguntza publikoen justifikazioa aipatzen du. Oro har, arauak aurreikusten duen arren gastuak frogatzeko fakturak eta gainerako egiaztagiri baliokideak aurkeztuko direla (hirugarren atala), aldi berean ezartzen du dirulaguntzak hartzailearen egoera jakin bat aintzat harturik ematen direnean, dirulaguntza eman baino lehen hartzailea egoera horretan aurkitzen dela frogatu beharko dela besterik gabe, zuzenbidean onargarria den edozein frogabide erabiliz, eta ez dela bestelako justifikaziorik eskatuko, baina egoera hori egiaztatzeko kontrolak ezarri ahalko direla.

    Aipatutako arauak lotura dauka foru lege bereko 2. artikuluan (dirulaguntzaren kontzeptua) ezarritakoarekin; izan ere, azken horretan ezartzen du diru emateak honako helburua duela: “xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezia har dadila edo inguruabar jakin batzuk gertatzea”.

    Orain aztertzen ari garen laguntzen kasuan, dietak ordaintzen dira, hain zuzen ere, onuradunarengan egoera jakin bat gertatzen delako: hain zuzen ere osasun laguntza Foru Komunitatetik kanpo hartu behar izatetik heldutakoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak gaixoa deribatzea erabaki duelako.

    Hori dela eta, foru legearen arabera, ederki ezar daiteke justifikazio-sistema bat fakturak eta gastuen gainerako egiaztagiriak aurkeztu behar ez izateko, eta egun bakoitzerako zenbateko bat ezartzea eta ez exijitzea gaixoari laguntza eman zaion osasun zentroaren egiaztagiria besterik.

    Azaldutakoa dela eta, kontuan izanda aipagai dugun prestazioaren izaera, iruditzen zaigu gastuak egiaztatzeko exijitzen den sistema, zeinak gaixoak edo laguntzaileak behartzen baititu finantzatuko diren kontzeptuei buruzko fakturak metatzera, ez dela proportzionatua laguntzaren xederako. Hori dela eta, gomendatzen dugu araua, alderdi zehatz horri dagokionez, alda dadila.

  4. Halaber, jotzen dugu dietak laguntzaile bakarrari ordaintzeak, kexan azaldutakoa bezalako kasuetan, egoera zuzengabe bat sortzen duela, eta ez diola egoki erantzuten arauaren xedeari, zeina baita deribazioak ukitutakoak arrazoiz konpentsatzea, deribazio horrek sortzen dituen gastu ekonomiko handiagoak direla eta.

    Arau orokor gisa, foru dekretuak horri buruz egiten duen aurreikuspena egokia da, baina uste dugu salbuespen moduren bat aurreikusi beharko litzatekeela, bereziki gaixoa adingabea denean (are gehiago, oraingo kasuan bezala, jaio eta berehala gertatzen den deribazio bat baldin bada).

    Horrenbestez, uste dugu, dietak ordaintzeari dagokionez, bi pertsonen laguntza baimendu beharko litzatekeela (normalean, aita eta ama), zeren eta horixe izanen baita normalean gertatuko dena; eta, noski, ez zaigu zuzena iruditzen familiak bigarren laguntzailearen gastu guzti-guztiak bere gain hartu behar izatea.

  5. Halaber, kexan salatzen da familiak ez zuela informaziorik jaso otorduetarako eta lojamendurako dietak jasotzeko baldintzei buruz. Horri dagokionez, Osasun Departamentuak dio egoeraren larritasuna zela-eta ez zitzaiela interesdunei deribazioaren unean baldintza horiei buruzko informaziorik eman, eta litekeena da hori egia izatea; halaber, departamentuak dio amak dieta horiek ordaintzeko baldintzak ongi ezagutzen zituela, zeren eta lehenago ere deribatua izan baitzen haurdunaldiaren kontrola egiteko.

    Horri dagokionez, bai kexa-egilearen bai Osasun Departamentuaren arrazoibideak ulertzen ditugun arren, bidezkotzat jotzen dugu departamentuari gomendatzea ezen indar handiagoa eman diezaiela interesdunei informazioa emateko tresnei.

    Gaixoa deribatzeko erabakia, logikoa denez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagokionez, eta erabaki hori zerbitzu horri edo/eta senideei adierazi behar zaienez, uste dugu arrazoizkoa dela komunikazio hori gertatzen den une berean dokumentu bat eman dakiola interesdunari, non aztertzen ari garen dietak jasotzeko kontuan hartu behar diren beharkizun eta baldintzak zehaztuko baitira, ahal dela salatutako informazio falta ekiditeko edo hura ahal den guztian gutxitzeko.

  6. Azkenik, kexan aipatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ezezkoa eman diola jaioberria eta ama anbulantzia zerbitzuaren bitartez batera garraiatzeari.

    Horri dagokionez Osasun Departamentuak honakoa dio: “Gaixoa LAMZ-ZIU gisako anbulantzia batean eraman zuten. Horrelakoetan, larrialdi batean arreta emateko behar diren langile sanitarioak (sendagilea, OLTa eta gidaria) baizik ezin dira joan. Hori dela eta, ezin izan zen ama ibilgailu berean eraman”.
    Horrelako egoera mingarrian kexa egitea ederki ulertzen dugun arren, ez dugu uste Osasun Departamentuaren erabakia, alderdi horretan, arrazoigabea edo arbitrarioa denik; horrenbestez, ez dugu inongo elementurik atzeman alderdi horri buruzko inolako gomendiorik egiteko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari iradokitzea behar diren neurriak har ditzan Kanpora osasun laguntza jasotzera bidalitako gaixoentzako bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak arautzen dituen Foru Dekretua aldatzeko, zenbatekoari, gastuak justifikatzeko sistemari eta laguntzaileentzako baimenari dagokienez, hain zuzen ere ebazpen honetako bigarren, hirugarren eta laugarren ataletan adierazitakoaren bidetik.

  2. Osasun Departamentuari gomendatzea gaixoentzako eta senideentzako informazioa hobetu dezan, dietak jasotzeko exijitzen diren betekizunei eta baldintzei dagokienez.

  3. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen ala ez, eta azaldutako zentzuan behar diren neurriak hartu dituen ala ez, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa Nafarroako Parlamentuan 2009ko ekitaldiari buruz aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  4. Erabaki hau jakinaraztea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eta kexa-egileari, eta haiei aditzera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen aurkako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia