Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 13ko 215/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abendua 13

Función Pública

Gaia: Falta de abono de la ayuda familiar con carácter retroactivo

Exp: 10/775/F

: 215

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko urriaren 13an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen familia laguntzaren ordainsaria aitortzeari eta ordaintzeari buruz.

    Azaltzen zuenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa da eta hiru seme-alaba ditu, azken biak 2007ko urrian eta 2009ko irailean jaioak, baina ez du egoera hori dela-eta dagokion laguntza jaso. Zioenez, horren berri eman zion Nominen Atalari, eta zegokiona atzeraeraginez ordain ziezaiotela eskatu zuen, baina ez zioten aintzat hartu eskaria. Izan ere, hiru seme-alabengatik zegokion zenbatekoa ordaindu zioten iraileko nominan, baina ez zuten aintzat hartu aurreko zenbatekoak ere kobratzeko eskaria.

    Azaltzen zuenez, lehen seme-alaba jaio zenean, 2004ko apirilaren 22an, laguntza onartu zioten, eta hala ageri da jasota bere nominan.

    Bigarrena jaio zenean, 2007ko urriaren 11n, familia-liburuaren fotokopia aurkeztu zuen, zegokion aitatasun-baimena baliatu ahal izate aldera, eta ez zitzaion inolaz ere adierazi beste eskabide bat izapidetu behar zuenik familia-laguntza aldatzearen ondorioetarako. Zioenaren arabera, beste horrenbeste gertatu zitzaion hirugarren seme-alaba 2009ko irailaren 4an jaiotakoan.

    Orobat zioen ezen Nominen Atalak urtero eskatzen duela familia-unitatearen egoerari buruzko informazioa, soldatan egin beharreko atxikipena egitearen ondorioetarako, eta horrek kexa-egilea eraman zuen pentsatzera ordainsariak informazio horrekin bat egiten zirela. Haren ustez, nominan “Seme-alabengatiko familia-laguntza” kontzeptua azaltzeak ere nahasbidera eramaten du, pluralean ageri baita, eta horrek pentsarazi zion bat baino gehiago hartzen direla kontuan.

    Iragan irailean akats horretaz ohartu zenean adierazi zioten “eskabidea berriz egin beharra dagoela seme-alaba bakoitzaren kasuan”, eta ordainketa ezin dela atzeraeraginez egin, eta orobat adierazi zioten seme-alaba kopuruari buruz emandako informazioa, arestian aipatutakoa, ez dela horren ondorioetarako aintzat hartzen.

    Interesdunak zioenez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Ordainsariei buruzko behin-behineko Erregelamenduan familia-laguntza jasotze aldera ezarritako baldintzak betetzen ditu, eta, izan ere, lehen seme-alabarengatik eskubide hori onartu zitzaion, eta haren espediente pertsonalean jasota ageri denez, familia-unitatean izandako aldaketak frogatzeko dokumentazioa aurkeztu zuen.

    Interesdunak zioenez, familia-laguntzari buruzko arauak ez du exijitzen eskabide berri bat aurkeztu behar denik unitatearen osaera aldatzen den bakoitzean, eta hori horrela balitz ere, Administrazioak, 15/2004 Foru Legeak informazioa eman beharrari dagokionez ezartzen dizkion betebeharrei jarraikiz, horren berri eman beharko luke, dokumentazioa jaso edo eskatzerakoan. Orobat zioen ezen Foru Komunitateko Administrazioko langileen eskura jarritako intranetean, barne-erabilerako paper-gauzen atalean, zenbait eskabide ageri direla, horietako batzuk ordainsarien arlokoak, baina ez dela ageri familia-laguntzari buruzko eskabiderik.

    Hortaz, haren ustez, ordainsari hori atzeraeraginez jasotzeko eskubidea du, organo eskudunak eskubide hori aitortzeko beharrezkoa duen dokumentazio guztia baitauka bere esku.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txostena egiteko eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

Igorritako txostenean, honakoa ageri da:

“Kexaren xede den gaiari buruz ondokoa adierazi beharra dago:

  1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, 50. artikuluan honakoa ezartzen du: “familiako laguntzaren kontzeptuan funtzionarioei urtero kopuru bat ordainduko zaie dauzkaten inguruabar familiarren arabera; zenbateko hori kalkulatuko da E mailako hasierako soldatari kasuan kasuko ehunekoak aplikatuz.
  2. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordainsarien behin-behineko Erregelamendua onesten duen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuak, 30. artikulutik 38. artikulura bitarte, familia-laguntza arautzen du, eta besteak beste ezartzen ditu laguntza emateko bete beharreko baldintzak, prozedura eta ondorioak. Horri dagokionez, ondokoa nabarmendu beharra dago:

     

    1. Arestian aipatutako Langileen Estatutuko 50. artikuluan ezarritakoa berresten du 30. artikuluak.

       

    2. 33. artikuluak ezartzen duenez, interesdunak eskatuta hasten da prozedura, eta funtzionarioek kasuko administrazio publikoko organo eskudunari aurkeztu behar dizkiote familia-laguntza aitortze aldera edo familia-laguntza jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla egiaztatze aldera behar diren dokumentu guztiak.

       

    3. 34. artikuluak ezartzen duenez, berriz, familia-laguntza determinatzen duten inguruabar familiarren altak, bajak eta gainerako aldaketak hilero jakinaraziko zaizkie kasuko kudeatzaileei, haiek gertatu eta hurrengo hamar egunetan.
  3. Kexa aurkeztu duen funtzionarioak, [?] jaunak, 2010eko irailaren 2an aurkeztu zuen bere seme-alabetako biri –2007ko urrian eta 2009ko irailean jaiotakoei– zegokien familia-laguntza. Familia-laguntza hori 2010eko irailean hasi zen hari ordaintzen (eskabidea aurkeztu zuen hil berean, hain zuzen ere), baina ez zitzaion onartu, hark eskatu bezala, atzeraeraginez ordaintzea.

Familia-laguntzari buruzko arauditik ondorioztatzen denez, funtzionarioak eskatzen baldin badu soilik aitortzen eta ordaintzen da (laguntza jasotzea abalatzen duen dokumentazioarekin batera), eta funtzionarioa behartuta dago familia-inguruabarrak aldatuz gero aldaketa horiek jakinaraztera, aldaketa gertatu eta hamar eguneko epean hain zuzen ere, eta ez dago ordainketa atzeraeraginez egiteko inolako aukerarik.”

AZTERKETA

  1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 50. artikuluak jasotzen du funtzionarioek ordainsari bat jasoko dutela familia-laguntzaren kontzeptuarengatik, eta laguntzaren zenbatekoa familia-inguruabarren araberakoa izanen dela.

    Lege-araua uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuko 30. artikulutik 38. artikulura bitartekoetan xedatutakoak osatzen du; horietan, familia-laguntzaren zenbatekoa ezartzeko arauak eman ostean, ondokoa adierazten da prestazioaren kudeaketari buruz:

    • Familia-laguntza ezin izanen da aldatu hilean zehar, eta funtzionarioak hil naturalaren lehen egunean duen egoeraren arabera ezarriko da horren zenbatekoa (32. artikulua).

       

    • Funtzionarioek kasuko administrazio publikoko organo eskudunari aurkeztu behar dizkiote familia-laguntza aitortze aldera edo familia-laguntza jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla egiaztatze aldera behar diren dokumentu guztiak.

       

    • Familiako laguntza determinatzen duten inguruabar familiarren altak, bajak eta gainerako aldaketak hilero jakinaraziko zaizkie kasuko kudeatzaileei, haiek gertatu eta hurrengo hamar egunetan.

      Araubide horretatik ondorioztatzen da laguntza ezartzeko kontuan hartzen dela funtzionarioak hil naturalaren lehen egunean duen egoera, eta hari dagokiola ordainketa aitortze aldera familia-egoera kreditatzen duen dokumentazioa aurkeztea eta gertatzen diren aldaketak, laguntza emateko hasierako egintzan eragina dutenak, jakinaraztea.

      Halere, familia-laguntza aitortuta (kasu honetan 2004an egin zen aitorpena, kexa-egilearen lehen seme-alaba jaioa zenean), ez du ematen laguntza aldatzeari begira garrantzitsuena denik interesdunak beste eskabide bat aurkeztea, zeinetan espresuki eskatuko baitu zenbatekoa igotzea, baizik eta Administrazioari jakinaraztea laguntza ezartzeko inguruabarrak aldatu izana.

  2. Espedientetik ondorioztatzen denez, interesdunak, bere bigarren seme-alaba eta hirugarrena jaio zirenean (2007ko urriaren 11n eta 2009ko irailaren 4an, hurrenez hurren), jaiotzen berri eman zion Foru Komunitateko Administrazioari, eta familia-liburuaren kopia aurkeztuta, aitatasun-baimena baliatu zuen. Dokumentu horiek, bere garaian aurkeztu baitziren, frogatzen dute laguntza ezartzeko kontuan hartzen diren familia-inguruabarrak aldatu zirela. Familia-unitatea osatzen duten seme-alaben kopurua ere jakinarazi du urtero, kasuko atxikipena egin diezaioten.

    Familia-unitatearen inguruabarrei buruzko dokumentazio hori aurkeztu zenez eta jakinarazpen horiek egin zirenez, familia-laguntzari dagokion zenbatekoa aldatzeko formalki eskatu ez izanak ez du esan nahi, gure ustez, ordutik jaso behar ez zuenik.

    Edozein kasutan, Foru Komunitateko Administrazioak uste baldin bazuen familia-unitatea aldatu izana frogatzen duen dokumentazioa aurkeztea ez zela aski familia-laguntzaren kontzeptuarengatiko laguntza aldatzeko –berariaz aurkeztu behar delako horri buruzko eskabide bat–, bidezkoena izanen zen funtzionarioari hori jakinaraztea, hartara hobeki babestuko baitzen Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35. artikuluko g) letran ezarritako eskubidea; ondokoa, alegia: herritarrek argibideak eta aholkuak lor ditzakete, hain zuzen ere, indarrean dauden xedapenen arabera, proiektuak, jarduna edo eskabideak egiterakoan zein baldintza juridiko eta tekniko bete behar dituzten jakiteko.

  3. Erakunde honen iritziz, interesdunak familia-laguntza jasotzen baldin bazuen lehen seme-alaba jaio zenez geroztik, eta bigarren eta hirugarren seme-alabak jaio izana frogatzen zuen dokumentazioa aurkeztu baldin bazion Administrazioari, ez dago arrazoi materialik laguntzaren zenbatekoa data horietatik aitzina igotzea ukatzeko.

    Halatan, jaiotza bakoitzarekin batera laguntzaren zenbatekoa formalki aldatzeko eskabide osagarri bat aurkezteko betekizuna gehiegizko zorrozkeria da, aplikatzekoa den araudiak hitzez hitz dioenaren irakurketa bakarra ez izateaz gain.

    Areago, Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan familia-laguntza atzeraeraginez ordaintzea jasotzen ez den arren, aukera hori espresuki jasotzen da –salbuespenez bada ere– antolamendu juridiko administratiboan, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.3 artikuluan, zeinak ezartzen baitu salbuespen gisa, atzeraeragina eman dakiekeela egintzei, deuseztatutako egintzen ordezkoak direnean, eta interesdunari ondorio mesedegarriak dakarzkiotenean ere bai; beti ere, batetik, egintzak eraginkortasuna izateko jarri den data berrian egitatezko baldintzak jadanik existitzen baziren, eta, bestetik, eraginkortasunak kalterik ekartzen ez badie beste inoren eskubideei edo bidezko interesei .

    Erakunde honen iritziz, emandako arrazoiengatik, kasu honetan bidezkoa da kexa-egileari eskatzen duen familia-laguntza aitortzea, bigarren seme-alaba eta hirugarrena jaio ziren hilabeteen hurrengotik hasitako ondorioekin.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea kexa-egilearen eskaria aintzat har dezan eta bigarren seme-alaba eta hirugarrena jaio ondoko hilabetetik aitzina jaso gabeko zenbatekoak aitor diezazkion.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren idatz-zatian ezarritako moduan.

     

  3. Interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia