Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 13ko 214/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abendua 13

Osasuna

Gaia: Atención médica inadecuada por parte de médico de cabecera

Exp: 10/804/S

: 214

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2010eko urriaren 27an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Arrotxapeako Osasun Etxean emandako osasun-laguntza desegokia izan zelako haren ustez.

    Azaltzen zuenez, gernuaren kultibo bat egin eta gero, interesdunak bere familia-medikuari adierazi zionean hilabete zela mina sentitzen zuela, hark adierazi zion ez zekiela zer gertatzen zitzaion, analisiak ez zuelako deus anormalik erakusten.

    Zioenez, sendagileari eskatu zion espezialista batengana bidal zezan, zehaztasunez ikasteko zerk eragiten zion ondoeza, eta hark erantzun zion ez zekiela zer espezialistarengana bidali, eta, hartara, ez zuen espezialistarengana bidali. Halere gomendatu zion min handia baldin bazeukan beste gernu-lagin bat eraman zezan kultiboa berriz ere egiteko, eta orobat esan zion, kexa-egileak dioenez, mina arina baldin bazen “horrela eutsi beharko ziola”.

    Kexa-egileak zioen medikuari adierazi ziola jasaten zuen minaren arrazoia ezagutu nahi zuela, eta hark ez zion inolako konponbiderik eskaini.

    Gauzak horrela, kexa-egilea mediku pribatu batengana joan zen; hark, proba bat egin ostean, minari buruzko diagnosia eman zion; hortaz, bere familia-medikuak emandako tratua ikusita, tratamendu pribatuarekin jarraitzea erabaki zuen, horrek berekin zekarren kostuarekin. Haren esanetan, ordea, ez zuen halako erabakirik hartu izanen baldin eta bere familia-medikuak behar bezala artatu izan balu.

    Horrenbestez, erreklamazio bat aurkeztu zuen Arrotxapeako Osasun Etxean 2010eko irailaren 30ean. Erreklamazioari Osasun Etxeko zuzendariak erantzun zion 2010eko urriaren 8an, bere familia-medikuaren idazki batekin batera.

    Sendagile horren idazkiari buruz interesdunak zioen ez zegoela ados idazkian esandakoarekin. Kexa-egileak dio, batetik, zitarik gabe hartu zutela, zitazioa egitean gertatutako akats bat zela medio, eta bigarren aldia zela Osasun Etxe horretan akats hori gertatzen zena, eta, bestetik, nahiz eta ez zuen ukatzen prozesua itxi zenik, haren ustez mediku espezialista batengana igorri behar zuten, luze gabe igorri ere, hilabetea zeramalako minez, eta horrek bere eguneroko bizitzari eragiten zion.

    Orobat zioen sendagileak bere erantzunean zioela gaixoak adierazi zuela hobeki zegoela larrialdietan jarritako tratamenduarekin, baina hori ez da guztiz egia, berak adierazi zuena izan baitzen bizpahiru egun zeramatzala min arinagoarekin. Zioenez, esana zion bere medikuari mina ez zela etengabea eta aldatu egiten zela intentsitatez.

    Azkenik, haren ustez ez zen garrantzitsua sendagileak esaten zuenez birritan bakarrik ikusi zuela eta ia-ia ezagutzen ez zuela, horrek ezin baitu eragotzi lehen bisitatik beretik arreta egokia ematea.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

2010eko azaroaren 18an, Osasun Departamentuaren txostena jaso genuen; hartan, ondokoa ageri da jasota:

“Artatu zuen medikuari informazioa eskatuta, uste dugu medikuak emandako laguntza zuzena izan zela, ondotik azaltzen diren arrazoiengatik hain zuzen ere:

Alderdi teknikoak auzitan jarri gabe, tratua adeitsua eta behar bezalakoa izan zen, haren arazo medikoarekiko interesa erakutsirik.

Bere kasuan garrantzitsua da nabarmentzea bere prozesu medikoaren episodio hori irekita zegoela oraindik, informazio gehiago jasotzeko asmoa baitzegoen, baldin eta halakorik bazegoen, eta ikertzen jarraitzeko eta diagnosi-proba gehiago eskatzekoa, baldin eta minak jarraitzen bazuen.

Ez zen baztertu probak berriz ere egin ostean espezialista batengana bidaltzeko aukera, eta lehenago bidali ez bazen izan zen hobekuntza txiki bat izan zuelako minari dagokionez.

Orobat adierazi beharra dago [?] doktoreak, zeinak haren erreklamazioari lehenago erantzun baitzion, barkamena eskatu ziola lehenik eta behin, gertakari horrek eragin ahal zizkion eragozpenengatik.”

AZTERKETA

  1. Kexaren arrazoia da, alde batetik, [?] andrea ez dagoela ados Arrotxapeako Osasun Etxean berak jarritako erreklamazioari oinarrizko osasun laguntzako bere medikuak emandako erantzunarekin. Beste alde batetik, emandako laguntza medikoa ez zen nahikoa izan haren ustez; izan ere, interesdunak azaltzen zuenez, bere osasun-arazoari ez zitzaion behar adinako garrantzia eman, eta horrenbestez mediku pribatu batengana joan behar izan zuen.

  2. Lehendabiziko gaiari dagokionez, erakunde honek egiaztatu du [?] doktoreak [?] andreari igorritako idazkian barkamena eskatu ziola espresuki, “eragindako eragozpenengatik”, eta barru-barrutik sentitzen zuela “arazoa hasieratik beretik behar bezala ez bideratzeak eragozpenak sortu izana”. Idazki horretatik orobat ondorioztatzen da bere jokabidea zuzentzen ari zela, eta erakunde honen ustez zuzenketa hori nahikoa da [?] andrea artatu zuten langile medikoen jokabideari buruzko kexa ixteko.

  3. Bigarren auziari dagokionez –alegia, emandako laguntza mediko eskasa–, ondoko hausnarketak egin beharra dago:

    Kexa-egileak salatutako laguntza-prozesua gertatu zen unean Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea zegoen indarrean, eta lege horretako 10. artikuluak zehazten du osasunaren babeserako eskubidea, Konstituzioaren 43. artikuluan aitortzen dena, Nafarroan bizi diren herritarrei aitortzen baitie gaixotasun fisiko nahiz psikiko guztien osasun estaldura orokorra edukitzeko eskubidearen titulartasuna, Osasun Zerbitzuen Zorroarekin bat (14. idatz-zatia), bai eta osasun-laguntza egokia izateko ere, banakako beharrei egokitua, dauden baliabideen arabera (16. idatz-zatia). Foru lege horretako 9.2 artikuluak, berriz, osasun-zentro eta -zerbitzu propio eta itunduetako gaixoei bigarren iritzia jasotzeko eskubidea aitortzen die. Osasun Zerbitzuen Zorroak ere osasun prestazioen kalitate-mailak eta fidagarritasun tekniko eta zientifikoa ziurtatzen ditu.

    Legez ezarritako eskubide eta berme horien baliagarritasunak osasun-administrazioari exijitzen dio praktika kliniko eta asistentzialari buruzko gidak eta praktikak edukitzea, erabaki klinikoen euskarri gisa erabilitako teknologiak eta prozedura klinikoak erabiltzeko prozedurak ezartzea, bigarren iritzi bat eskatzeko prozedurak zehaztea, eta abar. Osasun arloko profesionalek horiek denak bete behar dituzte, jakina, arrazoizko prestasunez jarduteko. Alegia, behartuta daude osasun arloan egin beharreko jarduketak egitera gaixoei kalitatezko laguntza emate aldera, baina ezin zaie exijitu emaitza asegarria lortzea lehen ekintza medikoa egiten den unetik beretik.

    Kexaren xede den kasu honetan ohartarazi behar dugu [?] andreak hilabetea zeramala minarekin, eta, bere oinarrizko osasun-laguntzako bere medikuak ezin izan zionez ondoezaren diagnosi eta tratamendu bat eman, espezialista batengana bideratzea eskatu zuen. Halere, ez zen haren eskaera onartu, eta gomendatu zitzaion berriz ere joan zedin proba berriz egitera baldin eta min handia bazeukan, mina arina baldin bazen “horrela eutsi beharko ziolako”.

    Osasun Departamentuak egindako txostenean aipatzen da interesdunaren prozesu medikoaren episodio hori irekita zegoela oraindik, informazio gehiago jasotzeko asmoa baitzegoen, baldin eta halakorik bazegoen, eta ikertzen jarraitzeko eta diagnosi-proba gehiago eskatzekoa, baldin eta minak jarraitzen bazuen. Orobat esaten da ez zela baztertu espezialista batengana bideratzeko aukera.

  4. Txostenean jasotako argudioak gorabehera eta prozesu medikoa irekita zegoen aldera batera utzita, ezin da arestian zerrendatutako eskubideen eta bermeen araberako osasun-jarduketatzat hartu espezialista batengana bidaltzeko aukerari muzin egitea, gaixoak hala eskatu baitzuen eta hilabete baitzeraman minarekin, halako moduan non, kexa-egileak dioenez gero, ondoezak bere eguneroko bizitzari eragiten baitzion. Unibertsitate Klinikan egindako azterketa medikoak gero erakutsi zuenez, gaixoak maskuriko polipoak zeuzkan.

    Osasunari buruzko Foru Legeko 10. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian jasotako eskubideek exijitzen dute osasun-laguntza ez ezik kalitatezko osasun-laguntza ematea; Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeko 18. artikuluak, orain dela gutxi onetsi baita, espresuki jaso eta berretsi du kalitatezko laguntza jasotzeko eskubidea. Halatan, osasun-laguntza publikoa jasotzeko eskubidearen barruan sartzen da kalitatezko osasun-laguntza jasotzeko eskubidea, eta horren baitakoak dira, besteak beste, laguntza espezializatua eta bigarren iritzi mediko bat jasotzeko eskubidea.

    Aztertzen ari garen kasuan, oinarrizko osasun-laguntzako medikuak bi aukera horietako edozein balia zezakeen kexa-egilearen eskaera asetzeko, eta, hartara, jarrera aktibo eta arduratsua hartuko zuen gaixoari diagnosi goiztiarra eta tratamendu egokia emate aldera.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela, gisa honetako kasuetan, oinarrizko osasun-laguntzako langileek gaixoei erraztu diezaieten laguntza mediko espezializatua jasotzeko eskubidea, edo, kasua bada, bigarren iritzi mediko bat jasotzeko eskubidea.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, gomendioa zergatik ez duen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen dituen moldeetan.

  3. Interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia