Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Leyenda con información turística en la Plaza Consistorial se anunciaba en castellano e inglés. No figuraba el texto en euskera
Exp: 09/610/C
Nº: 254
Elebitasuna
2009ko irailaren 17an [?]-ko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu da erakunde honetan. Haren bidez, Iruñeko Udalari buruzko kexa bat aurkezten du.
Azaltzen du uztailean, Iruñeko Udal Plazan, turismo-informaziorako postu bat ezarri zela. Hartan, “Iruña 2016. Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaia” iragarkia ageri zen, gaztelaniaz eta ingelesez. Euskara ez zen inongo testutan ageri.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Iruñeko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
“Iruña 2016 logoarekin “Iruña 2016. Europako Kultur Hiriburua izateko hautagaia” testua emateko aukeren artean, logotipoaren egokientzat jo genuen aplikazioa aukeratu genuen (gaztelaniaz eta ingelesez), kontuan izanda turismo-informazioko gunea non zegoen eta erabiltzaile mota desberdinek zerbitzu horiek erabiltzeko maiztasunak.
Turismo-informazioko gunean ematen den zerbitzua bisitariei zuzenduta dago, horrenbestez Iruñean bizi ez diren pertsonei, izenak berak adierazten duen bezala. Herritarrentzako udal informazioa beste bide batzuetatik ematen da (Herritarren Partaidetzako Alorreko Herritarrarendako Laguntza Zerbitzua). Turismo-informazioko gunean laguntza eskatzen duten pertsonetatik (43.331 2009ko udako kanpainan) % 35,2 atzerritarrak dira eta % 64,8 nazionalitate espainiarrekoak. Nazionalitate espainiarreko erabiltzaileetatik ama-hizkuntza euskara dutenak oso gutxi dira guztizkoaren aldean, eta ezinezkoa da zehaztea zenbat diren, zeren eta euskara koofiziala den herrietakoak izanda ere ez baitute adierazten euskara beren ama-hizkuntza denik, eta, gainera, gaztelania ere ofiziala da herri horietan.
Azaldutako datuak ikusita, jo genuen egokiena zela logotipoa gaztelaniaz eta ingelesez jartzea. Gainera, hura zen hobekien irakurtzen zen logotipoaren bertsioa eta bidea ematen zuen testuak letra tamaina handiagokoak izateko, hizkuntza gehiago (tartean, euskara) hartzen zituen logotipoan erabili behar zenean ez bezala; izan ere, azken logotipo horrek, ongi irakurgarria izateko, tamaina handiagoa behar zuen. Jo genuen zerbitzu horretako erabiltzaile gehienak –berriz diogu turistei zuzenduta dagoela– gauza izanen zirela mezuak gaztelaniaz edo ingelesez irakurtzeko.
Berriz diogu hau ez dela Iruñeko biztanleei zuzendutako kanpaina bat, ezta Nafarroako biztanleei zuzendutakoa ere, zeren eta San Fermin jaiek nazioan eta nazioartean (Amerika Latinoa barne, zeinak gaztelania duen hizkuntza gisa) eragin izugarria baitute; horrenbestez, kanpaina gisa, zenbait berezitasun ditu.
Erakunde honen iritziz, udalak ez du bete Iruñeko Udalaren esparruan euskara erabiltzeari eta sustatzeari buruzko ordenantzako 9.1 artikuluaren hitzez hitzeko edukia. Hain zuzen ere honakoa ezartzen du bertan: “Afixetako elementu guztiak elebikoak izanen dira”.
Halaber, erakunde honek uste du Iruña bezalako udal baten afixak elebitan egotea, eskualde mistoan egonik, ez datorrela bat udal ordezkarien borondatearekin; izan ere, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzako zioen azalpenean adierazten den bezala, udal ordezkariek uste dute euskara hiriko bi hizkuntza berezkoetariko bat dela eta, euskararen egungo egoera dela-eta, udalak “konpromisoa hartzen du horren sustapenerako neurriak hartzeko, euskara hizkuntza gutxiagotua eta, zalantzarik gabe, ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena”.
Azken batean, erakunde honek uste du Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantza bere terminoen eta helburuen arabera interpretatu behar dela eta, horrenbestez, Nafarroak dituen bi hizkuntza berekien arteko berdintasunak erabatekoa izan behar duela Iruñean. Hori dela eta, euskarazko testurik ez egotea edo tamaina txikiagoa izatea ez dator bat euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzak hitzez hitz esaten duenarekin, ez eta haren hermeneutika zuzenaren ere. Horrenbestez, egokitzat jotzen dugu udalari gogoratzea ordenantza azaldutakoaren ildotik zuzen aplikatu behar duela.
Aurreko guztia dela eta
Iruñeko Udalari gogoraraztea Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantzako 9.1 artikuluak dioena hitzez hitz aplikatzeko legezko betebeharra duela.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia