Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 11ko 249/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 11

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: Necesidad de modificación legislativa para posibilitar el cultivo y consumo de productos y alimentos no modificados transgenicamente

Exp: 09/606/M

: 249

Nekazaritza

AURREKARIAK

  1. 2009ko irailaren 17an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertu zuen Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurka, genetikoki eraldatutako organismoak landatzeko eta kontsumitzeko erabateko permisibitateak sortzen duen babesgabetasuna dela eta.

    Azaltzen zuen Espainian posible dela, laurogeita hamarreko hamarkadatik hona, genetikoki eraldatutako organismoak (GEO) landatzea eta jatea. Halako produktuak (transgenikoak) kontsumi daitezen interesatuta daudenek diote pertsonek askatasuna dutela produktuak hautatzeko eta kontsumitzeko. Baina gizabanakoaren askatasunaren defentsa hori ez da ez eraginkorra ez kongruentea ere, berekin dakarrelako beste pertsona batzuek eraldatu gabeko produktuak landatu eta kontsumitzeko duten eskubidea urratzea. Genetikoki eraldatutako laboreen eta eraldatu gabekoen arteko bateraezintasunari buruzko ebidentzia zientifikoak daude; izan ere, eraldatutako eta eraldatu gabeko produktuen arteko transferentzia genetikoak gertatzen dira polinizazioaren bidez, landare arrotzen bidez, agente naturalek haziak sakabanatzearen bidez, giza-kudeaketaren ondorioz informazio genetikoa oharkabean sakabanatzearen bidez... .

    Zioenez, legediaren arabera, abere-pentsuak eta gizakien elikagaiak, hala ohikoak nola ekologikoak, genetikoki eraldatutako organismoetatik “libre” daude, nahiz eta % 0,9raino izan GEOtik; hortaz, laborantzako edo kontsumoko produktuen etiketatuan sekula ez da azaltzen produktuaren % 0,9raino genetikoki eraldatutako organismoak direla, eta eraldaketa genetikoetatik “libretzat” jotzen ditu; alegia, horien presentzia “ustekabekoa” dela jotzen denez, are zailagoa egiten da eraldaketarik gabeko nekazaritza eta kontsumo ereduak defenditzea.

    Transgenikorik gabeko nekazaritzaren eta elikaduraren lege-babesgabetasunetik defenditze aldera, Europako 4.500 udal eta 260 eskualde baino gehiagok (Espainian, Asturiasek, Balearrek, Kanariek eta Euskal Autonomia Erkidegoak) deklaratu dituzte beren lurraldeak transgenikoetatik libre, baina deklarazio horrek ez du eragozten erkidego horietako nekazariek genetikoki eraldatutako barietateak landatzea, eta, praktikan, ezerezean gelditzea bai adierazpen instituzionalak bai beren laboreak eta uztak GEOekin kutsatu nahi ez dituzten nekazarien hautua. Izan ere, Espainiako Estatuaren eskumena da GEOak nahita liberatzea, eta, halatan, apirilaren 25eko 9/2003 Legearen bidez ezarri zuen genetikoki eraldatutako organismoen erabilera konfinatuaren, borondatezko liberazioaren eta merkaturatzearen araubide juridikoa.

    Idazkiaren amaieran eskatzen zuen irizpen bat eman dadila genetikoki eraldatutako organismoetatik % 100 libre dagoen nekazaritzaren eta elikaduraren lege-babesgabetasunari buruz, eta, kasua bada, GEOetatik % 100 libre dagoen nekazaritzaren eta elikaduraren lege-babesa ziurtatzeko lege-aldaketa bat.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

  3. Kontseilariak, joan den urriaren 6an, txosten bat igorri zuen. Hartan, ondokoa dio, hitzez hitz:
    1. Estatuaren eskumena da ohiko laboreen, ekologikoen eta GEOen koexistentzia arautzea. Estatuak urteak daramatza gai hori jorratzen, baina ez du horri buruzko araurik onetsi.
    2. Europar Batasunaren eskumena da zehaztea produktu bat GEO gisa etiketatu behar ez izateko zenbateraino onartzen den transgenikoen presentzia, eta hala egin du genetikoki eraldatutako elikagaiei eta pentsuei buruzko 1829/2003 eta 1830/2003 erregelamenduetan. Gaur egun % 0,9koa da ezarri den muga, eta muga horretarainoko presentzia halabeharrezkotzat edo saihestezintzat jotzen da.
    3. GEOrik gabeko eremu deklaratzeari dagokionez, autonomia erkidegook ez dugu eskumenik GEOdun hazi baten erabilera galarazteko, baldin eta laborerako baimendutako barietate bat bada.

AZTERKETA

  1. Europako herritarren sektore handi bat oso sentibera da ageri da genetikoki eraldatutako organismoen (aurrerantzean, GEO) laborantzaren edo/eta kontsumoaren ondorioez eta gorabeherez, hala ingurumenari nola gizakien nahiz beste espezie batzuen osasunari dagokienez, bai eta Europako konstituzio-arauek kontsumitzaileen defentsaz eta informazioaz denaz bezainbatean botere publikoei eskatzen dieten bermea egiaz baliatzeari dagokionez ere (besteak beste, Espainiako Konstituzioko 51. artikulua).
  2. Europar Batasunak irailaren 22ko 1829/2003/EE eta 1830/2003 erregelamenduen bidez arautu du CEOen merkaturatzea eta horietatik heldu diren elikagaien nahiz pentsuen trazabilitatea eta etiketatua. Erregelamendu horietako manu bat, estatu kideek nahitaez bete beharrekoa, da, hain zuzen ere, kexaren xedeetarik bat, ondokoa hain zuzen ere: % 0,9raino genetikoki eraldatutako organismodun elikagaiak eta pentsuak etiketatzetik salbuetsita egotea.

    Transgenikoen eta ohiko laboreen koexistentziaren erregulazioa Estatuaren eskumena da, eta Ikuskatze Plan Nazional baten bidez bideratu nahi da. Horrekin ekidin nahi da polinizazio transgenikoak labore guztiak kutsatzea, baina, antza denez, ukitutako sektorean ados jartzeko zailtasunak eragozten du oinarrizko arau bat onestea.

  3. Kontuan hartu behar da, orobat, kexa eragin duen auzia Nafarroako Gobernura iritsi dela, zenbait elkarteren eskabideen bidez nahiz Parlamentuaren bidez, eta horiei erantzun behar izan die Gobernuak, azkenekoz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak [?] foru parlamentariak genetikoki eraldatutako laboreen kontrol neurriei, azterlanei eta hedapenari buruz eginiko galderaren karietara (2009ko urriaren 20ko 104. NPAO).

  4. Arestian azaldutakoak mugatzen du Erakunde honek jarduteko duen aukeraren urria; izan ere, alde batetik, gure eskumenen esparrutik kanpo dago Europar Batasunaren Administrazioaren jarduna, bai eta Estatuko Administrazio Orokorrarena ere, eta, bestetik, ez da bidezkoa Nafarroako Gobernuari exijitzea bere eskumenetatik kanpo legokeen jarduketa publikorik egin dezan, herritarren eskubideen defentsari begira ez bailuke izanen inolako ondorio praktikorik.
  5. Hori guztia gorabehera, Erakunde honen iritziz, Nafarroako Gobernuak, politika soziala eta ekonomikoa gidatzen duten printzipioei jarraikiz, bere esku du ekintzak abiaraztea, beste organo eskudun batzuek (Estatuak eta Europar Batasunak) Foru Komunitateko herritarrei kontsumitzaile diren aldetik dagozkien eskubideen defentsa ziurtatze aldera, eta nekazari nahiz abeltzain nafarrei aukera emate aldera, hala eskatzen duten neurrian eta teknikoki posible den neurrian, euren laboreak ohiko biodibertsitateari arrotz zaizkion polinizazioetatik edo kutsaduretatik libre egonen direla.

    Hainbat bide dago jarduketa horietarako. Hor da, adibidez, Europako Erkidegoekin Lotutako Gaietarako Konferentzia arautzen duen martxoaren 13ko 2/1997 Legea. Konferentzia Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza organo gisa sortu zen, behar bezala zehazte aldera nola hartuko duten parte Europar Batasuneko gaietan, ziurtatuta autonomia erkidegoek egiaz parte hartzen dutela Europako erakundeetan Estatuaren borondatea taxutzeko fasean eta Europar Batasuneko zuzenbidearen exekuzioan. Hor dira, orobat, Autonomia Erkidegoetako Lehendakarien Konferentziak 2004ko abenduaren 9an hartutako erabakiak, besteak beste Europar Batasuneko Kontseiluaren borondatea taxutzean autonomien ordezkaritza sistemari buruzko erabakia, zeinaren osagai berritzaile nagusia baita Espainiaren ordezkaritzan kide bat, kontseilari mailakoa, sartu ahal izatea, Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluaren zenbait bileratan autonomia erkidegoen ordezkaritza izate aldera bere eskumenak ukitzen dituzten gaietan.

    Hori dela eta, erakunde honen iritziz, Nafarroako Gobernuari iradokitzen ahal zaio ekimenak abiaraz ditzan, proposatu eta defendatze aldera Europako arauek edo, kasua bada, estatukoek aitor dezaten herritarrek (besteak beste, nafarrek) eskubidea dutela informazio osoa izateko kontsumitzen, eraldatzen edo landatzen dituzten elikagaien osaerari buruz, informazioa emateko betebehar horretatik askatzeko inolako ehuneko-mugarik gabe, eta eskubidea dutela orobat labore ez-transgenikoen polinizazioa eta kutsadura genetikoa kontrolatu eta, kasua bada, eragotz daitezen.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari iradokitzea ekimenak abiaraz ditzan, Nafarroako Gobernuak proposatu eta defendatze aldera Europako arauek edo, kasua bada, estatukoek aitor dezaten herritarrek (besteak beste, nafarrek) eskubidea dutela informazio osoa izateko kontsumitzen, eraldatzen edo landatzen dituzten elikagaien osaerari buruz, informazioa emateko betebehar horretatik askatzeko inolako ehuneko-mugarik gabe, eta eskubidea dutela orobat labore ez-transgenikoen polinizazioa eta kutsadura genetikoa kontrolatu eta, kasua bada, eragotz daitezen.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari erakunde honi jakinarazi diezaion legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duen eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal diezazkion. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa sustatu duen [?] jaunari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia