Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 11ko 248/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 11

Gizarte ongizatea

Gaia: Disconformidad con el establecimiento del límite de rentas para la concesión de ayudas a madres trabajadoras

Exp: Expediente 09/288/B

: 248

Gizarte Ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2009ko apirilaren 7an, [...] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez kexa bat aurkeztu zuen Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka, “Lanean ari diren amentzako laguntzak” lortzeko baldintzetan aurten izandako aldaketa dela eta.

    Azaltzen zuenez, 2009ko deialdian ezartzen zen familia unitatearen gehieneko dirusarrerak 28.000 eurokoak izanen direla laguntza jasotzeko eskubidea izateko. Deialdia Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren martxoaren 11ko 100/2009 Foru Aginduaren bidez onetsi zen. 2008ko deialdian, aldiz, laguntza jasotzeko eskubidea zuten urtean 26.000 eurotik 40.000 eurora bitarteko diru-sarrerak zituzten familia unitateek.

    [?] andreak zioen laguntza hori lehentasunezkoa dela familia askorentzat. Bere kasuan, adibidez, haurtzaindegiaren kostuaren ia % 50 ordaintzeko balio zionez, sustatu egiten da 3 urtetik beheitiko haurrak haurtzaindegira eramatea, eta, hartara, erraztu egiten da emakumea lan munduan sartzea.

    Nafarroako Gobernuan foru aginduaren aurkako errekurtsoa jarri duela zioen, eta, amaitzeko, familia unitatearen errentaren muga urteko 40.000 euroan jartzeko eskatzen zuen.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri genion 2009ko apirilaren 29an Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari, kexan planteaturiko gaiari buruzko informazioa eman zezan.
  3. Ez genuenez Departamentuaren erantzunik jaso, Erakunde honek birritan errepikatu zuen eskaria, 2009ko uztailaren 17an eta irailaren 11n hain zuzen ere, eta kontseilariari gogorarazi genion agintariek eta funtzionarioek, lehentasunez eta presaz, lankidetza eta laguntza eman behar diotela erakunde honi, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 4. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, Nafarroako administrazio publikoen jardunaren aurrean herritarren eskubideak bermatzeko eginkizuna bete ahal izan dezan.
  4. Departamentuaren lankidetza ezaren aurrean, bidezkoa da, kexaren sustatzaileak emandako dokumentazioa oinarri, ondoko ebazpena ematea.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.

    Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

    Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidaltzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak berekin dakarte parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

    Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”

  2. Kexaren edukia bat dator, edukiari eta xedeari dagokienez, kexaren sustatzaileak Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariaren martxoaren 11ko 100/2009 Foru Aginduaren aurka jarri zuen gora jotzeko errekurtsoarekin. Nafarroako Gobernuak 2009ko abuztuaren 10ean ezetsi zuen errekurtso hori.

    Erakunde honen iritziz, bai martxoaren 11ko 100/2009 Foru Agindua bai Gobernuaren abuztuaren 10eko Erabakia, araudi indardunaren araberakoak dira.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari berriz ere gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.

  2. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  3. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ohartaraztea ezen eskatutako hasierako txostena ez bidaltzeak berekin ekar dezakeela erakunde honen jarduera oztopatzen duen entitate gisa kalifikatzea, Nafarroako Parlamentuan azaldu beharreko 2009ko urteko txostenean sartzearen ondorioetarako.

  4. Erabaki hau Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eta kexa aurkeztu duen [?] andreari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia