Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 11ko 247/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 11

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de respuesta a denuncias sobre deficiencias junto a sus viviendas (mal estado de árboles y terreno adyacente)

Exp: 09/695/D

: 247

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 7an idazki bat sartu zen erakunde honetan, [?] jaunak eta [?] andreak sinatua. Haren bidez, kexa bat azaldu dute, Eguesibarko Udalak ezer egiten ez duelako Olazko [?] kaleko [?] zenbakietako bizilagunen eskariak direla eta.

    Azaldu dutenez, bizilagunak orain dela urte batzuk hasi ziren Udalera jotzen, ondoko arazoen berri emateko:

    • Haien etxebizitzen kontra dauden arbolen egoera. Haien ustez, ez dira egokiak dauden tokian egoteko, eta hainbeste hazi dira non sarrera eta lorategia hartzen baitute, eta haien jabetzapekoa hostoz eta adarrez betetzen.
    • Haien etxebizitzen perimetroan dagoen zerrendaren egoera tamalgarria. Zerrenda, berez, belarra edo loreak jartzeko zen, baina gaur egun halakorik ez dago.
    • Perimetro hori bera, seguruena bertan behera utzita dagoelako, zakur-kakaz beteta dago eta toki zikin eta osasungaitz bihurtu da.
    • Urbanizazioko oinezkoen eremua ibilgailuen ohiko pasabidea izatea.

      Bizilagunek, adierazi digutenez, behin eta berriro aurkeztu dituzte idazkiak konponbide eske eta, are, konponbidea proposatuz. Udalak, aldiz, ez die haien idazkiei jaramonik egin, ez baititu erantzun ere egin.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Eguesibarko Udalari.

Udal horrek igorritako txostenean, honakoa ageri da:

”Azken bi urteotan, ez da jasota ageri [?] jaunak eta [?] andreak udal erregistroan kexaren edukiari buruzko eskaririk aurkeztu izana.

Posta elektroniko bidez jaso zen, [?] helbidetik, kexaren edukiaren zati bati buruzko mezu bat, eta mezu horri bide beretik erantzun zitzaion (2009-10-10ean eta 2009-09-24an). Honi erantsita doa mezu elektronikoaren kopia bat.

Zuhaitzen egoerari buruz, posta elektroniko bidez adierazi zenez, aztertzen ari gara zein izan daitekeenen, eragiten dituzten arazoak ikusita, konponbiderik onena, eta aurtengo neguan eginen dira egokien iritzitako jarduketak.

Berdegune-zerrenda baten egoera tamalgarriari buruz adierazi beharra dago bizilagunek berek eragiten dutela egoera hori; izan ere, euren jokabide gizalegegabearekin, zakur-kakaz betetzen dute zerrenda, eta horrek zail egiten ditu lorezaintza-lanak, zerrendaren mantentze-lan egokien kaltetan. Arazoa konpontze aldera, udaltzainei agindu zaie zakurren jabeei udal ordenantzak betearaz diezazkieten, besteak beste GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENARI ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESARI BURUZKOA, espresuki ezartzen duena arau-hauste gisa “lagun egiteko animalien eginkariekin eremu publikoak zikintzea eta eginkariak ez garbitzea”; hori, jakina, ez da oztopo izanen bizilagunek salaketak jarri ahal izateko euren bizilagunen jokabide gizalegegabeak direla eta, horrek lagundu eginen lukeelako eremua behar bezala mantentzen.

Urbanizazioko oinezkoen eremua ibilgailuen ohiko pasabidea izateari dagokionez, kexak ez duenez zehazten eremu hori zein den, ezin dugu deus ere esan horri buruz.”

AZTERKETA

  1. Erakunde honetan aurkeztutako kexak salatzen zuen Eguesibarko Udalak ez duela ezer egiten Olazko [?] kaleko [?] zenbakietako bizilagunek –besteak beste, kexaren egileek– aurkeztutako idazkiak eta eskariak ikusita. Bizilagunek haien etxebizitzen inguruan gertatzen diren zenbait arazoren berri ematen zuten haietan.

    Horri buruz adierazi beharra dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen duela: administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori, berriz, aplikatzekoa den araudian ezarritako gehieneko epean bete behar da (bestelako aurreikuspen zehatzagorik ezean, epe hori hiru hilekoa da, 30/1992 Legeko 42.3 artikuluan ezarritakoaren arabera).

    Horri berari buruz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.

    Udalaren txostenean adierazten da ”azken bi urteotan, ez dela jasota ageri [?] jaunak eta [?] andreak udal erregistroan kexaren edukiari buruzko eskaririk aurkeztu izana”.

    Interesdunek espedienteari gehitu dizkiote bai beraiek bai beste bizilagun batzuek udal erregistroan aurkeztutako zenbait eskabide, kexa eragin duen arazoari buruzkoak eta espresuki erantzun ez direnak, aipatutako pertsonek sinatutako batzuk besteak beste; egia da horien data bi urte horiek baino lehenagokoa dela, baina hori ez da aitzakia espresuki erantzun behar ez izateko.

    Hortaz, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, eta Eguesibarko Udalari adierazi behar diogu herritarrek aurkeztutako eskabide eta eskaerei erantzun espresa eman behar diela.

  2. Auziaren muinari dagokionez, kexan azaltzen da haien etxebizitzen perimetroan dagoen zerrendaren egoera tamalgarria dela, utzita, zakur-kakaz beteta eta gune osasungaitz bihurtuta dagoelako.

    Udalak, berriz, bizilagunen jokabidea gizalegegabea dela dio, jokabide horrek lorezaintzako lanak zail egiten dituela, eta udaltzainei agindu diela animalien jabeei araudi indarduna betearaz diezaieten. Aipatutako mezu elektronikoan ikusten dugunez, Udalak “erabaki du eremu horien mantentze-lanik ez egitea, hain baitira osasungaitzak udalaren lorezainek, bertan dagoen zakur-kaka ugariak direla kausa, lan egiteko dituzten baldintzak” ( sic).

    Erakunde honek ezin du ontzat eman Udalaren jarrera. Administrazio publikoen eskumenak (kasu honetan, gune publikoen garbiketa eta mantentze-lanak) ez dira aukeran betetzekoak, ezpada nahitaez betetzekoak. Halatan, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen abenduaren 26ko 30/1992 Legeko 12. artikuluak ezartzen du ezin zaiola eskumenari uko egin. Aipatutako lursailaren egoerak garbiketa eta mantentze-lanak egitea eskatzen baldin badu, Udala behartuta dago legez zerbitzu hori ematera, arazoa herritar jakin batzuen jarrerari zor bazaio ere.

    Gure iritziz, egoki da, baldin eta herritar jakin batzuen jokabidea gizalegegabea bada, jokabide horiei jazartzea eta zigortzea (Udalak badu horretarako ahalmena), baina ezin da juridikoki onartu garbiketa eta mantentze-lanak, zeinak eginkizun publikoak baitira, egin gabe uztea. Berriro diogu, Administrazioak nahitaez bete behar ditu eginkizun horiek.

  3. Kexan orobat aipatzen zen etxebizitzen kontra dauden zuhaitzen egoera. Horri dagokionez, Udalak dio heldu den neguan esku hartuko dutela. Hortaz, uste dugu auzi zehatz hori konponbidean dagoela eta orain ez dela bidezkoa horri buruzko inolako gomendiorik ematea, nahiz eta hori ez den oztopo izanen aurrerantzean horren jarraipena egiteko.

    Kexan, halaber, urbanizazioko oinezkoen eremua ibilgailuen ohiko pasabidea dela aipatzen zen. Horri buruz esan beharra dago ezen, jokabide desegokiak gertatzen badira eta horiek detektatzen badira, zigortu egin beharko direla, eta hori ez dela eragozpen, bidezko eta egoki iritziz gero, pasabidea eragozteko edo oztopatzeko bestelako neurri batzuk hartzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Eguesibarko Udalari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarren eskabideei eta eskariei espresuki erantzutera, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

  2. Eguesibarko Udalari gogoraraztea legez behartuta dagoela gune publikoen garbiketaren eta mantentze-lanen arloan dituen eskumenak betetzera.

  3. Eguesibarko Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen ala ez, eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan 2009ko urteko txostenean jasoko dudala.

  4. Ebazpen hau Eguesibarko Udalari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen kontrako inolako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia