Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Déficits de atención en salud mental.
Exp: 11/299/S
Nº: 97
Osasuna
2011ko apirilaren 18an, [?] andreak eta [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten dute Osasun Departamentuaren aurka, Nafarroako osasun zentroetan –eta bereziki, [?] zentroan– osasun mentalaren arretaren arloan dauden gabeziak direla eta.
Kexa-idazkian azaltzen dute ez dela ez onargarria, ez ulergarria buru-gaixo batek batez beste bi hilabete itxaron behar izatea sendagile psikiatra baten laguntza hartu ahal izateko. Jotzen dute laguntzaren ikuspuntutik hori ez dela zuzena, eta gaixoak osasun laguntzarako duten eskubidea urratzen duela gaixotasun mental batek larriki ukituta dagoen pertsona batek bere egoerak eskatzen duen moduko arretarik ez jasotzeak.
Kexa aurkeztuta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean ezarritakoaren arabera, haren edukiaren berri eman nion Osasun Departamentuari, eta azaldutako gaiei buruzko txosten bat egin zezan eskatu nion.
2011ko maiatzaren 17an, Osasun Departamentuaren txostena jaso genuen erakunde honetan.
Nabarmena da gaixotasun mentalen bat duten gaixoei kontsultetan arreta emateko eta haiek jarraitzeko maiztasuna –kontsultatik kontsultara bi hilabete inguru, batez beste– gehiegizkoa dela askotan, eta tarte hori osasun mentalaren arlo zehatz horretan kalitatezko harreman kliniko bat edukitzeko deseatzekoa litzatekeena baino luzeagoa dela. Izan ere, Nafarroako buru osasuneko sistemaren arazo nagusienetako bat da osasun arreta jasotzeko dauden itxaronaldiak luzeegiak direla, arreta hori larrialdikoa izan nahiz ez izan, buru gaixotasun larriko koadro klinikoak dauzkaten edo krisi edo larritze aldiak pairatzen dituzten gaixoen kasuan. Halakoetan, izan ere, berehalako arreta psikiatrikoa behar da, edo, gehienez ere, egun gutxi batzuen buruan ematekoa, eta egiazki, arreta psikiatrikoa bi hilabeteko epean ematea ez da ongi ezkontzen kalitatezko osasun laguntzarekin, hain zuzen ere osasun publikoaren erabiltzaile orok edukitzeko eskubidea duen horrekin; eskubide hori, izan ere, osasun arloko eskubide eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeko 18. artikuluan ezarrita dago. Eta, argi dago, buru-gaixoen arreta denboran hainbeste geroratzeak ondorio nabarmen eta larriak ekar diezaieke gaixoei eta haien senideei.
Arestian aipatutako azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeko 13. artikuluak, behin osasun laguntza berandutzako gehieneko epe batean jasotzeko eskubidea
berretsita, ezartzen du Nafarroako osasun sisteman, pertsona orok duela eskubidea osasun laguntza behar den denboran jasotzeko, eta eskubidea duela, halaber, Osasun Laguntza Espezializatuko Bermeei buruzko uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legean eta hori garatzeko araudian ezarrita dauden erantzuteko gehieneko epeak ziurtatuak izateko. Bada, uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legeko 3. artikuluak ezartzen du Nafarroako osasun sistema publikoan laguntza espezializatu programatu eta larrialdietatik kanpokoa behar duten gaixoei 30 eguneko gehieneko epean emanen zaiela laguntza, eta 10 eguneko gehieneko epean, berriz, kontsulta lehentasunezkoa bada.
Bestalde, Nafarroako Osasun Mentalari buruzko abenduaren 13ko 21/2010 Foru Legeak, lehenengo artikuluan ezartzen du haren xedea dela kalitate sistema bat ezartzea zentro berekietarako zein itunduetarako, laguntza etengabe hobetzea ahalbidetzeko, eta xedea dela, baita ere, mekanismo, erakunde eta sareak sortzea eta bultzatzea, bai laguntza erakoak bai herritarrei zuzendutakoak, Osasun Mentaleko Estrategian deskribaturiko printzipioak abian jartzeko, ezartzeko eta garatzeko baldintzak ezarri ahal izateko; esate baterako, hemen interesatzen zaigunari begira: laguntzaren irisgarritasuna eta jarraitutasuna, eta laguntzaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia; horretarako, herritarrei behar diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak eskainiko zaizkio diagnosirako, tratamendurako eta errehabilitaziorako, eta kalitatezko osasun laguntza emanen da esleitutako populazioaren osasun mentaleko premiak asetzera bideratutako programen bitartez.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Osasun Departamentuari gogoraraztea legez buru-gaixoei osasun laguntza emateko betebeharra duela, aplikatzekoa den legedian ezarritako gehieneko itxaron denboretan.
Osasun Departamentuari gomendatzea ahal den guztian arindu dezala Osasun Mentaleko Estrategiaren garapena, buru-gaixoei kalitatezko laguntza psikiatrikoa ziurtatze aldera.
Osasun Departamentuari gomendatzea azter ditzala Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak osasun mentalari arreta emateko egiturak dauzkan aurrekontu-prestazioak eta baliabide pertsonal eta materialak, eskariari erantzute aldera, bai anbulatorioetan, bai ospitaleetan, nolanahi ere haiek indartzeko beharrezkoak diren neurriak bultzatuz.
Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio hauen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia