Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

94/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 maiatza 30

Gizarte ongizatea

Gaia: Denegación de ayuda económica de pago periódico por excedencia porque uno de los menores no es hijo biológico suyo sino de su marido

Exp: 11/253/B

: 94

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. Aurtengo apirilaren 1ean, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, zeren eta ez baitzegoen ados Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak eszedentziarengatiko aldizkako ordainketaren laguntza ekonomikoa ukatzearekin; izan ere, langileek laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko eta jaiotza-tasa sustatzeko neurri osagarri bat da hori.

    Azaltzen du bere etxean lau pertsona bizi direla: bera, bere senarra, senarraren alaba eta bien semea. Azaltzen du otsailaren bukaeran, laguntza ekonomiko bat eskatu zutela, eszedentziarengatiko aldizkako ordainketari dagokiona hain zuzen ere, langileek laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko neurri osagarria baita. Alabaina, laguntza hori ukatu egin zitzaien, Familia zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko [?]/2011 Ebazpenaren bitartez.

    Bere iritziz, kontuan izanda laguntzaren xedeetako bat zela langileek laneko eta familiako eginbeharrak batera eramatea, senarrak alabaren zaintza bere gain duela eta, gainera, interesduna dela bi adingabeak zaintzen dituena, laguntza eman egin beharko litzaieke, alde batera utzita neskatoa bere alaba biologikoa den ala ez den.

    Amaieran eskatzen zuen laguntza ukatzen zuen ebazpena berraztertzeko eta eskatutako laguntza emateko.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.

    2011ko maiatzaren 17an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean.

AZTERKETA

  1. Espediente honetan argitu beharreko gaia da ea interesdunak behar diren baldintzak betetzen dituen langileek laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko eta jaiotza-tasak sustatzeko neurri osagarri gisa ezarritako eszedentziarengatiko aldizkako ordainketaren laguntza ekonomikoa lortzeko.

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak adierazi du interesdunak ez dituela baldintzak betetzen, zeren eta laguntza eskatu baitu bere ezkontidearen bigarren semea izan baina bere lehenengo semea dena jaio denean. Horrenbestez, ez dagokio laguntza eskuratzea.

    Bere aldetik, interesdunak defendatzen du bere senarra dela neskatoaren zaintza eta jagoletza duena, eta neskatoa beraiekin bizi dela beren etxebizitzan, eta interesduna dela bi adingabeak zaintzen dituena. Horrenbestez, bere iritziz, badagokien eskatutako laguntza eskuratzea.

  2. Zuzeneko laguntza ekonomikoak, langileek laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko eta jaiotza-tasak sustatzeko neurri osagarri gisa, ekainaren 27ko 242/2000 Foru Dekretuan araututa daude. Foru dekretu hori urtarrilaren 29ko 24/2001 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen. 1. artikuluak honakoa dio:

    “400,46 pezetako hileroko dirulaguntza ezartzea honako baldintza hauek betetzen dituzten familientzat: aita eta ama lanean aritzea, bigarren seme-alaba izatea (edo lehenengoa, % 25eko edo gehiago elbarritasuna baldin badu) eta aita edo amak seme-alaba hori zaintzeko lan eszendentzia eskatzea. Dirulaguntza hori haurrak urte bat bete arte emanen da”.

    Bestalde, aipatutako Foru Dekretuko 4. artikuluak honako baldintzak ezartzen ditu laguntzak jaso ahal izateko:

    1. Familiako kide guztiak, azkeneko bi urteotan bederen, Nafarroan bizi direla egiaztatzea.

      1 eta 2. artikuluetan ezarritako laguntzetarako gainera, honako hau eskatuko da:

    2. Aita eta ama lanean aritzea eta bietariko batek lanean eszendentzia eskatzea gutxienez ere hiru hilabetetarako.

    3. Eszedentzia egiaztatzen duen enpresa Gizarte Segurantzan erregistratua eta alta emana izatea, urte bat lehenagotik gutxienez.

    4. Dirulaguntza eskatzen duen langilea, eskabidea egin aurreko sei hilabeteetan, Gizarte Segurantzan alta emana izatea, seme-alabak zaintzeko eszendentzian egon ezik.

      Halaber, 5. artikuluak laguntzak eskuratu ahal izatek aurkeztu beharreko dokumentazioa aipatzen du:

    5. Erroldatze-agiria, 4.a) artikuluan eskatutakoa egiaztatzen duena.

    6. Famili liburuaren fotokopia.

    7. Bi gurasoen enpresetako ziurtagiriak, hantxe lanean ari direla egiaztatzen dutena.

    8. Semea edo alaba zaintzeko laneko eszedentzia lortu izanaren egiaztagiria.

    9. Laguntza eskatzen duen langilearen lan bizitzako ziurtagiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emanen duena.

      Aurrekotik ondorioztatzen da laguntzak bi ezkontideek lan egiten duten familientzat direla, horietako batek bere lantokian bigarren seme-alaba zaintzeko eszedentzia eskatzen duenean.

  3. Familia, Haurtzaro eta Kontsumoko Zuzendaritzak erabiltzen duen irizpidea da eszedentziarengatiko laguntza ematea soilik eskatzailearen bigarren, hirugarren edo ondorengo seme-alaba denean. Hala eta guztiz ere, erakunde honen irizpidearen arabera, laguntzak ez dira soilik gurasoentzat –kasu honetan, eskatzailearentzat–, baizik eta familientzat.

    Kode Zibilaren 3. artikulua ezartzen du arauak beraien hitzen zentzuaren arabera interpretatuko direla, testuinguruari, aurrekari historiko eta legegintzazkoei eta haiek aplikatu behar diren garaiaren errealitate sozialari begiratuta, funtsean haren izpirituari eta helburuari erreparatuta.

    Bestalde, “familia” kontzeptuari dagokionez, Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen arabera, familia ugaria da hiru edo seme-alaba gehiago dituen/dituzten guraso batek edo bi gurasok osatutakoa, seme-alaba horiek bienak izan nahiz ez izan.

    Horrenbestez, langileek familiako eta laneko eginbeharren osagarri izatea eta jaiotza-tasa sustatzea xede duten laguntza batzuk direnez, erakunde honen irizpidearen arabera, seme-alabak laguntza eskatzen duten pertsonen zaintzaren eta jagoletzaren menpe daudela kreditatzen den bitartean, Administrazioak laguntza eman beharko die, alde batera utzita seme-alabak bi gurasoenak diren. Laneko eta familiako eginbeharrak batera eramatearen ondorioetarako, garrantzia duena da ez etxebizitza jakin batean zaindu beharreko haurrak bi gurasoenak diren ala ez diren, baizik eta sortu den eta etxebizitza horretan bizi den familia-unitatea bera.

    Badirudi Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua ere ondorio horretara iritsi dela, zeren eta igorritako txostenean honakoa adierazten baita: “...artikulu horretan ezarritakoaren arabera, [?] eszedentziarengatiko laguntza eskatu duenaren lehenengo semea delako eta espedientean ez delako inongo dokumenturik ageri non egiaztatzen den aitak bere lehenengo alabaren zaintza duela”. Itxura batean, aurrekotik ondorioztatzen da ezen aitak bere alabaren zaintza duela kreditatzeko agiria aurkeztu izan balu, eskatutako laguntza emanen ziotela.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea ezen, [?] andreak aurkezten baldin badu senarrak bere lehenengo alabaren zaintza eta jagoletza duela kreditatzen duen agiririk, eskatutako laguntza eman diezaiela interesdunei.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  3. Ebazpen hau interesdunari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia