Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

93/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoa, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 maiatza 30

Función Pública

Gaia: Retrasos en la percepción de complemento retributivo

Exp: 11/134/F

: 93

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2011ko otsailaren 22an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, aitortua duen lansari osagarri bat jasotzerakoan pairatu dituen atzerapenengatik.

    Azaltzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren ekainaren 5eko [?]/2009 Ebazpenaren bitartez, destinoko osagarri bat aitortu zitzaiola, atzeraeraginekin.

    Adierazten du ezen, kexa aurkezteko egunean, eta erreklamazio ugari aurkeztu dituen arren, oraindik ere ez dizkiotela atzerapen horiek ordaindu.

    Hori dela eta, eskatzen du zorra ahal den arinen ordain diezaiotela, iragan den denbora ikusita.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, 2011ko martxoaren 22an txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari. Emandako epea txostenik jaso gabe iragan zenez, 2011ko apirilaren 28an berriz ere eskatu zitzaion informazioa.

    2011ko maiatzaren 11n, eskatutako txostena sartu zen erakunde honetan. Bertan, honakoa esaten da:

    “Une hauetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin eta Ekonomia eta Aurrekontu Politikako Zuzendaritza Nagusiarekin batera, aztertzen ari dira aurrekontuetan funtsik ba ote dagoen arlo honetan ordaintzeke dauzkan likidazioak ordaindu ahal izateko.”

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak salatu du ekainaren 5eko [?]/2009 Ebazpenaren bitartez atzeraeraginarekin aitortu zitzaion lansari osagarri baten ordainketan gertaturiko atzerapenaren ondorioak pairatzen ari dela.

    Atzerapena ia bi urtekoa da, lansari osagarria aitortu zitzaionetik espediente honetarako txostena igorri denera; txostenean, izan ere, Osasun Departamentuak besterik gabe esaten du, oso modu laburrean, egin beharreko likidazioak nola egin aztertzen ari dela.

  2. Konstituzioko 103.1 artikuluaren arabera, administrazio publikoak eraginkortasuna du jarduera-printzipio gisa, eta printzipio hori jaso eta ahalbidetu zen Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 3.2.a) artikuluan. Arau juridiko horrek zeharo galarazten ditu administrazio publikoen jardunik eza eta luzamendu bidegabeak, bereziki herritarren interesak jokoan direnean edo kaltetuta atera daitezkeenean.

    Administrazio-eraginkortasunari buruzko arau juridikoaren aurrean, Administrazioaren jardunik eza edo pasibotasuna edo jardutean gertaturiko luzamendu bidegabea, Administrazioaren eraginkortasun ezaren adierazpide diren aldetik, arau juridiko horren urratze argia dira. Gainera, eraginkortasunaren printzipioa lotuta dago herritarrek administrazio egokirako duten eskubidearekin, hain zuzen ere abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluan berariaz aitortutakoarekin; izan ere, eskubide horrek eskatzen du gaiak arrazoizko epe batean aztertu eta ebatz daitezela.

    Azken finean, aplikatzekoa den ordenamendu juridikoak administrazio publiko guztiei ezartzen die administrazio-gaiak izapidetzeari zor zaizkion azkartasunez eta eraginkortasunez jarduteko betebeharra.

  3. Egiazki, aurrekontuan dirua egoteak ala ez egoteak Administrazioaren jarduna baldintza dezake, baina egia da, era berean, jardun horiek eraginkortasunaren printzipioaren menpean daudela, eta eraginkortasun horrek, prozeduraren planora aldatuta, eskatzen duela prozedurak luzamendu bidegaberik gabe ebaztea.

    Kasu honetan, funtzionario bati lansari osagarri bat atzeraeraginekin ordaintzea ez dirudi prozedura bereziki konplexua denik izapidetzeari eta izapidetze horri amaiera emateari dagokionez. Alabaina, adierazi beharra dago kexaren xedea den espedientearen izapidetzearen iraupena luzeegia izan dela nabarmen (2 urtez luzatu da).

  4. Erakunde honek badaki batzuetan zaila dela horrelako espedienteak kudeatzea, aurrekontuetan dauden baldintzen ondorioz, baina denbora gehiegi iragan izanak eta igorritako txostenean atzerapen horri buruzko justifikazio arrazoizkorik eta arrazoiturik ageri ez izanak berekin ekarri dute erakunde honek jotzea aurkeztutako kexak oinarririk baduela eta uste izatea ezen, prozedura honetan, Administrazioak ez duela behar zen diligentziarekin jokatu.

    Horren guztiaren emaitza izan da lansariaren ordainketa arrazoizkoa litzatekeena gainditzen duen aldi batez luzatu dela, eta inguruabar hori dela-eta ondorioztatu beharra daukagu kexa-egileak administrazio egokirako duen eskubidea urratu egin dela.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez arrazoizko epe batean izapidetu eta ebatzi behar dituela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen lansarien likidazioak, eta horretarako behar diren neurriak hartu behar dituela, esku hartzen dute organo administratiboei dagokienez.

     

  2. Osasun Departamentuari gomendatzea behar dena egin dezan [?] jaunari atzeratutako lansariak ordaintzeko, luzamendu gehiagorik gabe.

     

  3. Osasun Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutako norabidean neurriak hartzen dituen, edo, bestela, hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

     

  4. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia