Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

85/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 maiatza 20

Osasuna

Gaia: Denegación de petición de derivación de menor a centro privado para continuación de atención especializada

Exp: 11/274/S

: 85

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2011ko apirilaren 11n, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundera. Haren bidez, kexa bat agertzen du Osasun Departamentuaren aurka, bere semea zentro pribatu batera, behar duen laguntza espezializatuarekin jarraitu ahal izateko, deribatzeko eskariari ezezkoa eman diolako.

    Kexa-idazkian, honakoa azaltzen du:

    Bere seme [?]-i, hiru hilabete zituenean, “arrarotzat” jotzen den gaixotasun bat diagnostikatu zioten, eta afekzio konplexua eta orain arte Nafarroan sekula tratatu gabea zenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ospitale pribatu batera deribatu zuen.

    2011ko otsailean, Ospitalearen gutun bat jaso zuen, non jakitera ematen zioten ezen, semea adinduna izatera iristekotan zegoenez, jada ez zutela ospitale pediatrikoan artatuko; halaber, gomendatzen zioten sendagile berarekin jarraitzeko, [?] klinika pribatuan.

    Berehala Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Zerbitzura joan zen, bere semea zentro horretara deriba zezaten eskatzeko. Zerbitzu horretan erantzun zioten hori ezinezkoa zela. Ezezko horren aurrean, kontsulta bat eskatu zuen Nafarroako Ospitaleko aditu batekin. Hark, izan ere, txosten bat egin zuen, non gomendatzen baitzuen adingabea zentro pribatura deriba zezatela, bere ohiko sendagileak, kasua ezagutzen zuenak, arta zezan.

    Kexa-egileak adierazi bezala, 2011ko apirilaren 11n, Prestazio eta Itunen Zerbitzura jo du berriz ere, eta beste behin ezezkoa eman diote eskatutakoari.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.

    2011ko maiatzaren 16an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean.

AZTERKETA

  1. Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 30eko 16/2003 Legeak, 7.1 artikuluan, ezartzen du Osasun Sistema Nazionaleko prestazioen katalogoaren helburua dela arreta maila egokiarekin arreta integrala eta jarraitua emateko oinarrizko baldintzak eta baldintza arruntak bermatzea; ondoren, katalogoak hartuko dituen prestazioak finkatzen ditu.

    Bere aldetik, aipatutako legeko 4. artikuluak determinatzen du herritarrek eskubidea izanen dutela bizi direneko autonomia erkidegoko osasun zerbitzuaren eskutik Osasun Sistema Nazionaleko prestazioen katalogotik behar dezaketen laguntza jasotzeko. Halaber, ezartzen du Zerbitzu Komunen Zorroa soilik Osasun Sistema Nazionaleko zentro, establezimendu eta zerbitzuen bitartez –berekiak nahiz itunduak izan– eskainiko dela, salbu eta bizi-arriskuko egoeretan, haren bitartekoak erabiltzerik ez zela izan justifikatzen denean. Gehitzen du ezen, larrialdiko osasun laguntzako kasuetan, laguntza hori berehalakoa eta hil ala bizikoa denean, gaixoak Osasun Sistema Nazionaletik kanpo laguntza jasotzea. Kasu horretan, gastu horiek itzuliko dira, baldin eta behar den moduan egiaztatzen bada Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzuak erabiltzeko modurik ez dela izan, eta ez dela salbuespena modu desegokian edo gehiegikeriaz erabili.

    Lege horren garatzeko, Osasun Sistema Nazionaleko Zerbitzu Komunen Zorroa ezartzen duen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretu indarduneko 4.3 artikuluak gastuen itzulketa modu berberean arautzen du.

    Lehen ere, gastuen itzulketa antzeko modu batez araututa egon zen Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko osasun laguntzari eta zerbitzu medikoen antolamenduari buruzko arauak eman zituen azaroaren 16ko 2766/1967 Dekretuan. Gero, dekretu horren ordez, Osasun Sistema Nazionaleko osasun prestazioak antolatzeko urtarrilaren 20ko 63/1995 Errege Dekretua onetsi zen.

    Nolanahi ere, gastuen itzulketaren kontu horrek, edo, bestela esanda, osasun sistema publikoak finantzatuta zentro pribatu baten osasun laguntza jasotzeko eskubideak, zeinak aipatutako Estatuko arauetan beti araupetze murriztailea eta ez-nahikoa izan baitu, berarekin ekarri du gatazka-iturri bat egotea, halako moduz non epaitegiak izaten ari baitira osasun laguntza baten finantziazio publikorako eskubidearen edukia zehazten ari direnak, eragindako gastu sanitarioak itzultzeko teknikaren bitartez. Doktrina hori sortzeko, oinarri edo abiapuntu gisa, osasuna babesteko eskubidea konstituzioan jasota egotea hartu izan da, bai eta beste kontsiderazio bat ere, alegia, haren konstituzio-izaerak ez duela biderik ematen hari buruzko interpretazio zikoitza egiteko (Auzitegi Gorenaren 2003ko urriaren 20ko epaia –RJ 2004/502–). Hori dela eta, “bizi-arriskua” kontzeptu juridiko zehaztu gabearen interpretazio gero eta zabalagoa egiten ari da.

  2. Bizi-arriskuari dagokionez, jurisprudentziak jada adierazia du zer den arrisku-egoera objektiboa egotea, alegia, osasun sistema publikoak ezin erabiltzea, zerbitzu horietan laguntza lortzen gehiegi geroratzea edo osasun zerbitzu horiek laguntza eskatutako moduan ezin ematea eta gaixoaren bizitza edo sendatzea arriskuan jartzea (Auzitegi Gorenaren 1987ko urriaren 22ko epaia –RJ/1987/7186–).

    Bestalde, Auzitegi Gorenaren 2007ko uztailaren 4ko epaian –RJ/2008/698– baieztatzen da “bizi-larritasuna” kontzeptuari buruz, sala horrek jada adierazia duela “bizi” terminoak bi esanahi dituela DRAEren arabera (“bizitzari dagokiona edo hari buruzkoa” eta “garrantzi edo transzendentzia handikoa”), eta horregatik 63/1995 Errege Dekretuko 5. artikuluak daukan interpretazio-arazoa dela zehaztea ea bizi-larritasuna soilik berehalako heriotza-arriskuari dagokion edo horren barrenean sartu behar ote den, baita ere, pertsonaren bizimodurako garrantzi handikoak diren organoen funtzionaltasunaren galera. Azken ondorio horixe da gailentzen dena, zeren eta erregelamenduzko arauaren egileak kasuak lehenengo esanahiaren arabera murriztu nahi izan balitu, hala adieraziko zukeen [esate baterako, “heriotzako berehalako arriskua” adierazpidea erabiliz], halako moduz non interpretaziorako aukera zabalagoa ematen duen formula bat erabiltzea interpretatu behar baita bigarren esanahiaren arabera [“garrantzi edo transzendentzia handikoa”], zeinak, zalantzarik gabe, bere baitan hartzen baititu organo garrantzitsuen funtzionaltasunarekin lotutako arriskuak [besteak beste begiak]; are gehiago kontuan hartzen bada Konstituzioak emandako agindua, osasunari babesteari buruzkoa, hain zuzen ere 43.1 artikuluan ezarritakoa, zeinak “ez baitu biderik ematen hari buruzko interpretazio zikoitza egiteko” (Auzitegi Gorenaren 2003ko urriaren 20ko epaia).

    Aldi berean, Auzitegi Gorenaren 2007ko uztailaren 17ko epaiak –RJ/2007/8301– baieztatzen du “presako osasun laguntza eta bizi-arriskukoa jaso behar dela laguntza hori biziari edo giza gorputzeko aparatu eta organoei edo haien funtzionaltasunari eutsi nahi zaionean, edo bizi-kalitate hobea lortzeko eta min eta sufrimendu gutxiago lortzeko.”

    Autonomia erkidegoetako auzitegi nagusiek, gastuen itzulketa bidezkoa den ala ez aitortzeari begira, guztiz bere egin dute “bizi” hitzaren beste esanahia, “garrantzi edo transzendentzia handikoa” adierazi nahi duena, “osasun zerbitzu publikoek laguntza eskatutako moduan ezin ematea eta gaixoaren bizitza edo sendatzea arriskuan jartzea” zentzuan nahiz “bizi-kalitate hobea lortzeko eta min eta sufrimendu gutxiago lortzeko” zentzuan, hau da, Auzitegi Gorenaren epaietan adierazitako norainokoarekin. Hona epai horietako batzuk: Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren 2005eko martxoaren 22ko epaia –AS/2005/611–; Madrilgo Auzitegi Nagusiaren 2006ko urriaren 5eko epaia –AS/2006/3127–; Kanariar Uharteetako Auzitegi Nagusiaren 2008ko urriaren 26ko epaia –AS/2008/485–; Kataluniako Auzitegi Nagusiaren 2010eko irailaren 23ko epaia –AS/2010/2439–.

    Berriki Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak eman duen 2010eko martxoaren 9ko epaiak –AS/2010/2479– hori bera nabarmentzen du, hauxe baieztatzen baitu: “Egungo araudiaren arabera gastu medikoak itzultzeko bidea ematen duen salbuespen bakarrak, bizi-arriskuarenak, beharrezko egiten du zehaztea zein ez den haren norainoko zehatzaren oinarria, alegia, behin gisa horretako egoera bat gertatuta, ez dagoela ahalmenik hautatzeko izendatutako bitartekoetara jo ala beste batzuetan laguntza hartu. Arauaren izateko arrazoiak ez du justifikatzen arauari buruz irakurketa hori egitea, halako moduz non itzulketarako eskubidea soilik sortzen den bizitzari eusteko edo osasunaren kalte konponezina saihesteko kanpoko bitartekoetara jotzen denean bitarteko berekietara jotzeak daukan arriskuarengatik, eta hori ez edozein arrazoirengatik, baizik eta tratamendua jasotzeko premia larriarengatik. Termino berak erabiltzen dira Kataluniako Auzitegi Nagusiaren 2010eko ekainaren 16ko epaian –JUR/2010/312661–.

    Testuinguru horretan, garrantzitsua da, halaber, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren 2009ko otsailaren 3ko epaia –JUR/2009/347811–, non honako arrazoibideak erabiltzen baitira: “hori dela eta, nabarmena da interpreta daitekeen aparteko kasu bakarra bizi-arriskuarena dela, larrialdikoa eta berehalakoa –eta interpretazio hori beti mugatua izanen da eta ez zabalgarria, zentro pribatuetan eta osasun sistema publikotik kanpoko zentroetan emandako osasun laguntzak eragindako gastu medikoak itzultzeari buruzkoa–; bada, esan behar da kontzeptu hori, jurisprudentzian egin diren interpretazioak direla-eta, hauxe dela: gaixoaren osotasun fisiologikoa ustez arriskuan jartzen duten eta ekintza terapeutiko bat exijitzen duten egoera patologikoen suposizio bat, Auzitegi Gorenaren 96-06-04ko, 87-10-10eko eta 98-12-21eko epaietan adierazi bezala. Izan ere, berehalako bizi-arriskua edo bizitzaren garapen normalerako funtsezkoak diren organo edo atalak galtzeko arriskua bizi-arriskuko larrialdi horrek exijitzen dituen baldintzak metatzearen ondorioa edo konkurrentzia baita, hain zuzen ere Gizarte Segurantzaren osasun zerbitzu berekietara joatea oso zaila edo medikoki ez-gomendagarria denean (Auzitegi Gorenaren 22.10.87-10-22ko eta 95.03.06ko epaiak) Arriskuko egoera objektiboak dira beraz, zeinek beraiekin ekartzen baitute Gizarte Segurantzaren osasun zerbitzuak erabiltzeko ezintasuna, dela laguntza lortzeko berandutzeagatik, dela eskatutako moduan ezin eman direlako edo gaixoaren bizitza edo sendatzea arriskuan jartzen dutelako. Ulertuta osasuna larriki eta modu konponezinean galtzeko arriskua dagoela.”

    Azken batean osasun publikoak honako baldintzak betetzen dituen laguntza sanitarioa ematera behartuta dago: behar adinako ebidentzia zientifikoa egon dadila laguntza horren segurtasun klinikoari buruz, eta behar adina frogatuta egon dadila modu eraginkorrean laguntzen duela gaixotasunen prebentzioan, tratamenduan edo sendaketan, bizi-itxaropenari eustean edo hobetzean, nork bere buruaz baliatzean eta minaren eta sufrimenduaren deuseztatzean. Eta gastuak itzultzearen ondorioetarako, larritasunak edo arriskuak “bizi-larritasuntzat” edo “bizi-arriskutzat” hartzen dira ukituaren bizitza arriskuan dagoenean edo haren behin betiko sendatzea zailtzen duen arriskua dagoenean, bai eta laguntza-zerbitzu publikoak erabiltzeko ezintasuna dagoenean edo hori komeni ez denean, ikuspegi medikotik gomendagarria ez delako.

  3. Kexaren xedea den kasuan, batera biltzen dira jurisprudentziak aipatutako inguruabarrak, bizi-arriskua dagoela jotzeko, hain zuzen ere garrantzi edo transzendentzia handiko egoera bat gertatzearen esanahiaren arabera, zeren eta gaixoari tratamendu medikoa emateko beharra premiazkoa eta ezinbestekoa baita, gaixoaren sendatzea eta, horrenbestez, haren bizitza arriskuan daudelako, eta osasun zerbitzu publikoak ez daudelako laguntza behar den moduan emateko baldintzetan.

    Gaixoak gaur egun gaixotasun arraro bat dauka. Hori dela eta, tratamendua, kontrol endoskopikoa eta balizko tratamendu kirurgikoa behar ditu, halako moduz non haren sendatzea, edo konponezinezko galerak ez gertatzea, eta biziraupena bera ere, behar den laguntza espezializatua ematearen menpe baitaude. Horrenbestez, bizi-arriskua badago, zeren eta esku-hartze hori garrantzi eta transzendentzia handikoak baitira haren sendatzerako eta haren bizirako.

    Bideko Ama Birjina Ospitaleak berak aholkatu eta gomendatu zuen gaixoa [?] ospitale pribatura eramatea, horrelako gaixotasunetan aditua den [?] doktoreak arta zezan. Eta gaur egun, [?] zerbitzuak emandako txostenean gomendatzen du tratamendua [?] klinika pribatuan jarrai dadila.

    Zentro pribatu horren hautapena ez da, horrenbestez, gaixoaren gurasoen apeta bat, zeren eta hasieratik osasun publikora jo baitzuten, eta semea [?] jaunarengana eramaten baitute soilik Nafarroako Ospitaleguneko espezialistek hori gomendatu dutelako.

  4. Azken batean, bizi-arriskua kasu zehatzaren ikuspegitik baloratu beharra dago (Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren 2006ko otsailaren 14ko epaia –AS/2006/1658–), eta, zalantzarik gabe, oso kasu berezi baten aurrean gaude, eta bere berezitasunari egokitutako erantzuna eman beharra zaio. [?] gaixoak saihestezinezko tratamendua eskatzen duen gaixotasun arraro bat badauka, eta osasun publikoak honako baldintzak betetzen dituen laguntza sanitarioa ematera behartuta dago: behar adinako nabaritasun zientifikoa egon dadila laguntza horren segurtasun klinikoari buruz, eta behar adina frogatuta egon dadila modu eraginkorrean laguntzen dutela gaixotasunen prebentzioan, tratamenduan edo sendaketan, bizi-itxaropenari eustean edo hobetzean, nork bere buruaz baliatzean eta minaren eta sufrimenduaren deuseztatzean. Honakoa bezalako kasuetan, tratamenduaren berezitasun eta berariazkotasunarengatik, osasun laguntza zentro publiko edo itundu batean ezin eman denean, baina laguntza hori itundu gabek zentro pribatu batean eman daitekeenean, eta zerbitzu publikoko sendagile espezialistak gaixoa hartara bidaltzen duenean, gaixoak eskubidea dauka osasun laguntza hori zentro pribatuan jasotzeko; eta laguntza hori osasun publikoak finantzatu beharra dauka, kasu honetan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatzea baimena eman dezala [?] jaunari [?] klinika pribatuan tratamendua eman diezaioten, eta zuzenean bere gain har dezala osasun laguntza horrek eskatzen duen finantziazio osoa, edo, azkeneko kasuan, interesdunei eragindako gastuak itzul diezazkiela.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendio honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen uztailaren 3ko Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

  3. Ebazpen hau interesdunari eta Osasun Departamentuari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia